230. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

22/2019 FORU AGINDUA, azaroaren 13koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean errepidez egiten den bidaiari-garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2019ko azaroaren 21erako, 9:30etik 11:30 arte, egindako greba deialdia dela eta.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da komunitatearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiari-garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etorrietarako aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da funtsezko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, greba deialdia dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko bidaiari-garraio erregularraren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Horregatik, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek 2019ko azaroaren 21erako, 9:30etik 11:30 arte, egindako greba deialdia dela eta, proposatzen da behar den foru aginduaren bidez ezar daitezela Nafarroako Foru Komunitatean errepidez egiten den bidaiari-garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak.

Deialdi honetako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu da honako hau lanuzte partzial bat dela eta, deialdiaren ordutegiagatik, ez direla ukituko eskola-umeentzat egiten diren erabilera mugatuko garraio erregularreko zerbitzuak. Hortaz, erabiltzaile guztientzako garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak baizik ez dira zehaztu behar.

Erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio publiko erregularrari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa 38 zerbitzuren titularra da.

Kontzesio horien ustiapen datuen arabera, kalkulatzen da urtean zehar 153.625 espedizio egiten direla, 2.560.680 bidaiari garraiatuz. Beraz, lanegunetan, gutxi gorabehera 9.000 pertsonak erabiltzen dituzte erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren zerbitzuak beren joan-etorrietan.

Joan-etorri horien arrazoiak ezberdinak dira (batez ere interes orokorreko zerbitzuetara joateko izaten dira: osasun etxeetara, ikastetxeetara, lantokietara, administrazio zentroetara eta abarretara); hortaz, hiriarteko garraio publiko erregularrik ez izateak kalte handiak eraginen lizkieke erabiltzaileei.

Nafarroako Foru Komunitatean, joan-etorri horietako gehienak errepidez egiten dira, eta hori kontuan hartu behar da erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, garraio publikoko bestelako aukerak eskasak direlako joan-etorri horien beharrak betetzeko.

Deialdi honetarako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu da grebak errepideko bidaiari-garraioaren zerbitzuan izanen duela eragina bakarrik. Greba horrek garraio zerbitzu horretan bakarrik izanen du eragina; hortaz, zerbitzu horien eskaera ez da batere gutxituko; izan ere, garraio publikoan joan-etorriak egiteko arrazoiek bere horretan segituko dute greban ere, greba orokor batean ez bezala.

Gainera, kontuan hartu da greba deialdia ostegun baterako dela, laneguna eta eskola-eguna baita, non joan-etorriak hainbat arrazoirengatik gertatzen diren, hala nola osasun zentroetara, ikastetxeetara, lantokietara, administrazio zentroetara eta abarretara joateko, eta, hortaz, garraio faltak kalte larriak ekarriko lizkiekeela erabiltzaileei eta, bereziki, ibilgailu partikularrik gabeko jendeari, adinekoei, mugikortasun murriztuko jendeari eta landa eremuetako erabiltzaileei, batez ere horiek baitaude errepideko garraio kolektiboaren menpe.

Lanegun eta eskola-egun den ostegun arrunt batean, 647 espedizio egiten dira. Horietatik 78, hots, %12,48, 9:30etik 11:30 bitarte egiten dira, deialdiaren barruko orduetan hain zuzen.

Horregatik, egoki ikusi da gutxieneko zerbitzu gisa ezartzea egun horretan eta ordu horietan baizik egiten ez diren espedizioak eta, orobat, goiz horretan (8.00etatik 14:00ak arte) beste ordu batzuetan eskaintzen ez direnak.

Aurreikusitako ordutegiaren arabera, greba hasteko finkatutako ordua baino lehen hasten diren espedizioak oso-osorik eginen dira.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49.f) eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. ELA, CCOO eta UGT sindikatuek 2019ko azaroaren 21erako, 9:30etik 11:30 arte, Nafarroako errepideko bidaiari-garraioaren sektorerako egin duten greba deialdia dela-eta, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira:

a) Erabiltzaile guztientzako garraio erregularra:

–Erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuak: egun horretan baizik egiten ez diren espedizioak eta, orobat, goiz horretan (8.00etatik 14:00ak arte) beste ordutegi batzuetan eskaintzen ez direnak.

Aurreikusitako ordutegiaren arabera, greba hasteko finkatutako ordua baino lehen hasten diren espedizioak oso-osorik eginen dira.

b) Autobus geltokiak: goian aipatutako gutxieneko zerbitzuak betetzeko nahitaezkoak diren jarduerak mantenduko dira.

2. Aipatutako zerbitzuak eginen direla bermatzeko behar beste langilek egon beharko dute jardunean; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko puntuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die foru agindu honen eraginpeko enpresa kontzesio-hartzaileei.

5. Foru agindu hau ELA, CCOO eta UGT sindikatuei, Asociación Navarra de Empresarios de Transporte por Carretera y Logística (ANET) elkarteari eta Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2019ko azaroaren 13an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F1914560