230. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 21a

6. BESTELAKO IRAGARKIAK

6.2. PARTIKULARREN IRAGARKIAK

GIZARTE ZERBITZU PUBLIKOAK KUDEATZEKO NAFARROAKO FUNDAZIOA

Deialdia, Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko
Nafarroako Fundazioaren zerbitzuko zuzendari teknikoaren
lanpostu bat betetzeko

1.–Deialdiaren xedea.

deialdi honen xedea da Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioan zuzendari tekniko izateko lanpostu bat betetzea.

Diploma edo lizentzia/gradua da beharrezko prestakuntza deialdian parte hartzeko.

Deialdi honen ondorioz aukeratzen den pertsonari lan araubideko kontratu mugagabea eginen zaio, behin probaldia gainditutakoan, gehienez ezartzen duena Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 14. artikuluak.

Fundazioaren Patronatuak onetsitako ordainsariak izanen ditu lanpostuak, hots, 48.383,02 euro gordin urteko.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Probetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

1.–Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

2.–Adinez nagusia izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

3.–Gutxienez diplomadun edo lizentziadun/gradudun titulua edukitzea.

4.–B motako gidabaimena edukitzea.

5.–Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

6.–Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

Lanerako proposatzen diren izangaiek baldintzak frogatu beharko dituzte, deialdiaren 7. oinarrian aurreikusitako epe eta moduan.

3.–Eskabideak.

3.1. Hautapen prozeduran parte hartu nahi dutenek deialdiaren I. eranskinean jasotzen den eskabidearen bidez eginen dute eskaera.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edota nortasun agiri baliokidearena. Horrez gain, Curriculum Vitaea ere aurkeztu beharko da, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioarekin, nahitaez.

Eskabideak deialdiko eranskinean jasotako ereduaren araberakoak izanen dira, eta hartan, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela.

Eskabide eredua Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioko bulegoetan eskuratuko da, edo bestela, Internet bidez, www.fundaciongizain.es helbidean.

3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dute, organo eskudunak emana.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Deialdian parte hartzeko eskabideak 20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Gizarte Eskubideetarako Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 7, Iruña), edo bestela, postaz igorriko. Horrelakoetan, posta elektroniko bat bidali beharko da gizain@fundaciongizain.es helbide elektronikora, eskabidea postaz igorriko dela jakinarazteko.

Eskabidea posta-bulego batean aurkezten bada, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu eta Gizarte Eskubideetarako Departamentuko Erregistrora igorri aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideari, behar bezala bete ondotik, honako agiri hauek gehituko zaizkio:

Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako, 25 euro ordaindu izanaren frogagiria.

Azterketa eskubideak ordaintzen ez badira eta eskabidea aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideak eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduko dira, ES20 2100 8988 8102 0001 7621 kontuan; ordainagirian, datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

–Kontzeptua: izangaiaren izen-abizenak.

–NAN/IFZ.

–Zer banku-kontutan ordaintzen den.

Azterketa eskubideak ordaintzetik salbuetsiak egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratu baino hilabete lehenagotik gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko, beharrezkoa izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik. Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik.

Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioan eskuragai egonen da adierazpena egiteko eredua, eta Internet bidez ere eskura daiteke, arestian adierazitako helbidean, hain zuzen.

3.4. Lanpostuaren ezaugarriak.

Deialdia honen xedea da Fundazioko zuzendari tekniko izateko lanpostua betetzea.

Fundazioak kudeatu beharreko zentro eta zerbitzu guztien zuzendaritza eta koordinazio teknikoa izanen ditu lanpostuak eginkizun:

–Gizarte zerbitzuetako zentroak.

–Babesik gabe eta gatazka egoeran dauden Adingabeendako Behaketa eta Harrera Zerbitzuak.

–Eguneko zentroa, neurri judizialak ingurune irekian betetzeko zerbitzuaren baitan.

–Fundazioari ematen ahal zaizkion bestelako jarduera edo zerbitzuak.

Era berean, oinarrizko gizarte zerbitzuekiko eta Nafarroako Gobernuarekiko harremanez arduratuko da, eta era berean, Fundazioak kudeatzen dituen zerbitzuetan aplikatu beharreko protokolo eta prozedurak zehazteaz.

Bestalde, kalitate-politikaren arduraduna izanen da, eta plan estrategikoa entitatean garatu eta ezartzearena.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, kalifikazio epaimahaiburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Fundazioko web-orrian eta bulegoetako iragarki-oholetan argitaratzeko aginduko. Izangaiek 10 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, kalifikazio epaimahaiburuak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta zerrenda hori Fundazioaren www.fundaciongizain.es webean eta iragarki-taulan argitaratzeko aginduko du. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko izangaiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik baztertuak gelditzen direnean.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Andrés Carbonero Martínez jauna, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusia.

Ordezkoa: Inés Francés Román andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendaria.

Mahaikide-idazkaria: Pedro Ardaiz Labairu jauna, Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioko zuzendari kudeatzailea.

Ordezkoa: Cristina Iribarren andrea, Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioko zuzendari kudeatzailea.

Epaimahaikidea: Ignacio Iriarte Aristu jauna, Eskubide Sozialetako Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

Ordezkoa: María Alba Fernández García andrea, Gizarteratze-lanaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Epaimahaikidea: María Dolores Gutiérrez Urrestarazu andrea, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: María Carmen Urra Urriza andrea, Oinarrizko Laguntzaren eta Laguntza Komunitarioaren Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Miguel Angel Gurbindo Marín jauna, Familiaren eta Adingabeen zuzendariordea.

Ordezkoa: Ana Isabel García López andrea, Babesgabetasun Egoeren Balorazio Bulegoko burua.

Kalifikazio epaimahaia hautapen-probak baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean abstenitzeari buruz aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Epaimahaiak gehiengo soilaz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatu edo aplikatzean izan daitezkeen gai guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Proben garapena.

6.1. Probak 2019ko abendutik aurrera hasiko dira. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren.

6.2. Proben nondik norakoa:

Lehen zatia: merezimenduen balorazioa. Izangaien lanbide esperientzia baloratuko da, bai eta haiek lanpostuaren profilari dagokionez aurkeztutako merezimenduak ere. Bereziki baloratuko da izangaiek taldeen koordinazioan eta zuzendaritzan duten esperientzia eta/edo gizarte zerbitzuen nahiz adingabeen babesaren esparruko ardura-karguetan dutena.

Lanbide esperientziaz gain, lanpostuaren profilari dagokionez duten prestakuntza akademikoa eta prestakuntza espezializatua baloratuko dira.

Gutxienez 3 urteko esperientzia beharko da lanbide esperientzia baloratzeko, eta gehienez puntu bat emanen da urte bakoitzeko, zer lanpostu bete den. Atal honetan gehienez 15 puntu eskuratuko dira.

Prestakuntza akademikoa baloratzeko, Gizarte Zientzietako, Hezkuntzako edota Psikologiako titulazioak eta espezializazio-ikastaroak baloratuko dira batez ere, eta gehienez, 15 puntu emanen dira.

Lehen zatian gehienez 30 puntu emanen dira eta baztergarria izanen da; gutxienez, 15 puntu eskuratu beharko dira.

Bigarren zatia: lanpostua betetzeari eta legealdi honetan egin beharreko estrategia korporatiboari buruzko proiektu/txosten bat aurkeztu eta defenditu beharko da epaimahaiaren aitzinean, helburu eta ildo estrategikoak zehaztuta, lanpostuaren ezaugarriekin bat, 4. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Proiektu/txostenak, gehienez, 25.000 karaktere izanen ditu (tarteak barne) eta egokitzat jotzen den dokumentazio gehigarria eransten ahalko zaio.

Bigarren zatian, gehienez, 70 puntu emanen dira, eta baztertuak geldituko dira ezarritako gehieneko puntuazioaren 35 puntu gutxienez eskuratzen ez duten pertsonak

Hautapen-prozesuaren azken puntuazioa 100 punturekin baloratuko da gehienez.

6.3. Zati bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioko iragarki-oholean argitaratuko du izangai onartuen zerrenda, bakoitzak izaniko kalifikazioak barne. Aipatu zerrenda Interneten egonen da ikusgai www.fundaciongizain.es helbidean.

6.4. Dei bakarra eginen da bigarren probarako. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agiri horien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

6.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

Probak bukatutakoan, epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda argitaratuko du Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioko iragarki-oholean eta web-orrian, bakoitzak prozesuan izaniko kalifikazioak barne, eta zerrenda hori Fundazioaren Gerentziara igorriko du, espediente osoarekin batera, bai eta puntuaziorik altuena eskuratu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena ere. Aipatu proposamena Fundazioaren web-orrian eta iragarki-oholean argitaratuko da.

Berdinketarik izanez gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde joko da.

Proposatutako izangaiak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioan, proposamena argitaratu eta 20 egun naturaleko epean:

1.–Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

2.–Diplomadun, lizentziadun edo gradudun tituluaren fotokopia konpultsatua.

3.–Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

4.–Gizarte Segurantzako zenbakia.

5.–Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

8.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

Izendapenak eta kontratua sinatzeak nomina eta plantillako langile bilakatuko dute izangaia, aplikatu beharreko araubide juridikoak ezartzen dituen eskubide eta betebehar guztiak dituela.

Lantokiaren herri berean bizi ez bada ere, ez zaio inolako ordainik emanen lantokirako joan-etorriengatik.

Aukeratutako izangaiak ez badu probaldia gainditzen, puntuazioaren araberako hurrengo izangaiari dei eginen zaio.

Kontratua izenpetzen ez duen izangaiak eskubide guztiak galduko ditu lan araubideko langile finko bihurtzeko, eta horrelakoetan, puntuazioaren araberako hurrengo izangaiari dei eginen zaio.

9.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, hautapen prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

Zerrenda hori Fundazio barneko arduradun edo koordinatzaile lanpostu jakin batzuen ordezkapenetarako edo lanpostu huts horiek betetzeko erabiltzen ahalko da.

Prozesuan lortutako puntuaziorik altuenak erabakiko du zein den hurrenkera aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

Berdinketarik gertatuz gero, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

Kontrataziorako izangaien zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honen 2. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Baldintzak oinarri horrekin bat frogatu beharko dira. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte agiri bidez frogatu beharko baldintzak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Zerrendak 5 urterako balioko du, salbu eta epe hori bukatu baino lehen beste zerrenda bat prestatzen bada.

Iruñean, 2019ko azaroaren 12an.–Zuzendari kudeatzailea, Pedro Maria Ardaiz Labairu.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Errenta jasotzeari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: P1914476