230. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Zergen kontrolerako 2020tik 2022ra bitarteko plana

Noain Elortzibarko Udalak, 2019ko azaroaren 12an egindako osoko bilkuran, aho batez onetsi zuen Zerga Kontrolerako Udal Plana 2020tik 2022ra arteko ekitaldietarako, eta haien irismena eta edukia zehazten dira Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan, zeina onetsi baitzen 152/2001 Foru Dekretuaren bidez.

Argitara ematen da aipatutako planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluarekin.

Noain Elortzibarren, 2019ko azaroaren 13an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

HITZAURREA

Lehenbizikoa.

Noain Elortzibarko Udaleko zerga kudeaketa eta ikuskapeneko zerbitzuentzat beharrezkoa da Zerga Kontrolerako Udal Plana egitea 2020etik 2022ra arteko ekitaldietarako.

Zerga kontrolerako udal plana funtsezko tresna da udal administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, ahalbidetuko dutenak ekitaldian ezarritako helburuak lortzea.

Bigarrena.

Zerga kontrolerako udal planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duenarekin bat, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango.”

Bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen askitasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua:

“Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izanen dituzte; eta horien hornidura nagusiak izanen dira udal zergak, eta Estatuko eta autonomia erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea.”

Hortaz, beharrezkoa da koordinatuki planifikatzea zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga-iruzurrak atzematera eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Xede nagusia da aplikatzea Nafarroako Toki Ogasunek berea duten zerga sistema, ez besterik, helburu izanik zerbitzu publikoak emateko adinako baliabide publikoak lortzea, bultzatuz zergadun guztiek borondatez bete ditzatela beren betebeharrak, eta horren aurka doazen jokabide guztiak zigortuz.

Horretarako, Noaingo Udalak planifikatu behar ditu zerga kontrolatzeko jarduketak; izan ere, ardatz horren inguruan ezartzen eta koordinatzen ahal dira hura osatzen duten administrazio organoen lehentasunak, esleitzen ahal dira helburuak, eta ezartzen ahal dira lortutako emaitzak neurtzeko adierazleak.

Prozesu planifikatzaile horretan funtsezkoa da zergen kontrolerako plana; izan ere, zehazten eta ezartzen ditu aurtengo ildo nagusiak Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduketarako.

Hirugarrena.

Helburu horiek lortzearren, irizpide orokorrak ezarri dira, oinarri izan daitezen Noaingo Udalaren Zerga Kontrolerako Plana egiteko. Ebazpen honen bidez, ezagutzera ematen dira Zerga Kontrolerako 2020-2022 urteko Planean jarduteko ildo eta irizpideak, eta ematen da kontrol horren plangintzaren ikuspegi orokor eta integrala, eta, hala, betetzen da Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritakoa, baita ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa ere (foru dekretu horren bidez onetsi zen Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua), hartan xedatzen baita, berariaz, argitaratu egin behar direla urteko Ikuskapen Plana gidatzen duten jarduketa ildoak eta irizpideak.

Horiek horrela, eta xedapen horietan ezarritako obligazioak betetzeko asmoz, argitaratzen dira zergen kontrolerako arlo bakoitza gidatuko duten irizpideak eta jarduketa ildoak.

Horrenbestez,

ERABAKITZEN DA:

Lehenbizikoa.–Honako irizpide orokor hauek onestea Zerga Kontrolerako 2020-2022 urteko Planerako.

1. Jarduketarako irizpide orokorrak.

1.1. Indartzea Nafarroako Toki Ogasunen jarduketaren oinarri den informazioa tratatzeko sistema, areagotuz zerga ondorioa duen informazioa lortzeko jarduketak; alde batetik, sinatuz informazioa trukatzeko akordio berriak eta garatuz jadanik hitzartuta daudenak beste zerga administrazio batzuekin eta Nafarroako Gobernuko departamentuekin, eta, beste alde batetik, aurrera eramanez informazioa lortzeko jarduketa selektiboak.

1.2. Kontrolaren xede izan behar duten zergadunen hautaketa efizientea, indartuz hautaketa jarduketa koordinatuak, Nafarroako Zerga Ogasuneko diru-bilketaren eta zergen kontrolerako organoen artean; horretarako, analizatuko da arrisku fiskalak behar bezala identifikatuko eta ponderatuko dituen informazioa.

1.3. Ezkutuko ekonomiako iruzurraren aurkako borroka indartzea, jarduketak eginez tokian bertan, jarduera ekonomikoak kontrolatzeko eta haiei buruzko informazioa biltzeko, bai eta egiaztatzea ere zerga betebehar formalak betetzen direla.

1.4. Lankidetza aktiboan jarraitzea jurisdikzio organoekin, Tokiko Ogasunaren aurkako delituengatiko prozesu judizialetan eta zerga arloari loturiko beste batzuetan. Lankidetza hori hainbat arlotakoa da, hala nola, informazioa ematea epaitegi eta auzitegiei eta Fiskaltzari, eta peritu lana egitea eta laguntza judiziala ematea prozesu penaletan.

1.5. Zergadunek zerga betebeharrak borondatez bete ditzaten, haien kontzientzia fiskala indar dadin eta gizarteak zerga iruzurra gaitzets dezan bultzatuko duten estrategiekin eta jarduketekin jarraitzea.

2. Zerga-iruzurra egiaztatu eta ikertzeko berariazko jarduketa ildoak.

2.1. Ezkutuko ekonomiaren iruzurraren aurkako borroka indartuko da, aurreikusteko, kontrolatzeko eta informazioa atzemateko jarduketa hauek eginez:

–Jarduketetan agertzea, egiaztatzeko ea betebehar formalak betetzen ote diren, datuak hartzeko ikuskatutako jardueraz eta atzemateko aitortu gabeko jarduerak.

–Zerga aitorpenen edukiarekin bat heldu ez diren ondare egoeren gaineko informazioa atzeman eta ustiatzen duten jarduketak, baita beste administrazio publiko batzuen informazioa ere jarduera ekonomikoei buruz.

–Egiaztatzea aitortutako errenta edo ondarearekin bat heldu ez diren kanpoko zeinu adierazgarriak dituzten zergadunen tributazioa.

2.2. Gainera, Zerga Kontrolerako 2020-2022 Planaren barreneko jarduketen artean daude eratortzen direnak Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuari komunikatu izanaz tributu arloko okerreko egoerak, hala eskatuz gero organo publikoek edo Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek, Estatuko eta autonomia erkidegoetako ogasun administrazioek, Nafarroako toki entitateek eta gainerako erakunde publikoek.

Horien artean salaketak ere sartzen dira, haietarako arrazoiak emanda eta aztertu ondotik.

Iragarkiaren kodea: L1914548