230. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDABIA

Aldaketa, Lurzoru urbanizaezinean etxolak, nekazaritzako
biltegiak eta finken hesiak eraikitzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Mendabiako Udalak, 2019ko martxoaren 28an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Lurzoru urbanizaezinean etxolak, nekazaritzako biltegiak eta finken hesiak eraikitzea arautzen duen ordenantzan; aldaketak eraikuntzaz besteko eta eraikuntzazko itxituren baldintzei eragiten die, lurzoru urbanizaezinean finketako hesitzeari dagokionez, eta 2019ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 23an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, espedientea jendaurrean egon zen bitartean oharren idazki bat aurkeztu zen. Hirigintzako lantaldeak idazki horren aldeko irizpena eman zuen 2019ko urriaren 28an, eta Udalaren osoko bilkurak, gero, ordenantzaren testu berria behin betiko onetsi zuen 2019ko urriaren 31n. Iragarki honen bidez, bada, haren testu osoa argitara ematen da, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Mendabian, 2019ko azaroaren 11n.–Alkate udalburua, María Josefa Verano Elvira.

UDAL ORDENANTZA, LURZORU URBANIZAEZINEAN ETXOLAK, NEKAZARITZAKO BILTEGIAK ETA FINKEN HESIAK
ERAIKITZEA ARAUTZEN DUENA

LURZORU URBANIZAEZINEAN ERAIKITZEKO ARAUDIA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1.–Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Lurzoru urbanizaezinean etxolen, nekazaritzako biltegien eta finken hesien eraikuntza arautzea.

2.–Aplikazio eremua.

Mendabiako udal-mugarte osoa hartzen da aplikazio eremutzat.

3.–Ohar orokorra.

Lurzoru urbanizaezineko kategoria batzuetan onarturik edo baimendurik dago eraikitzea edo eraikuntzako bestelako jarduerak egitea. Eraikuntza horiek egiten ahalko dira ordenantza honetan ezartzen diren baldintzak eta motak betez.

II. KAPITULUA

Baratzezaintzari laguntza emateko etxolak eta txabolak

4.–Definizioa.

Nekazaritzarako beharrezkoak diren lanabes eta erremintak gordetzen dituzten eraikinak dira. Tradizioz biltzeko eta aisialdirako lekuak izan dira eta aisialdirako eremuak izaten ahal dituzte.

5.–Baimena.

5.1. Udalak baimentzen ahal ditu baratzezaintzarako etxolak, edo bestelako txabola nahiz etxolak, artikulu honetan ezarritako baldintzak betez gero.

5.2. Baimentze eskaerarekin batera, honako determinazio hauek betetzen direla frogatuko duen dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Birmoldatzea edo lurzatiak berrantolatzea egin den eremuetan, etxola bat eraikitzeko baino ez zaio baimena emanen prozesuaren ondorioz jabe suertatu den bakoitzari.

b) Gutxieneko lurzatia: 1.000 m².

c) Solairu kopurua, gehienez: beheko solairu bat, gailurraren gehieneko garaiera 3,5 metrokoa dela.

d) Gehieneko azalera eraikia: guztira, 40 m², eta horietatik gehienez ere 25 m² ixten ahal dira. Ataripea eraikitzea onartzen da, eta azalera gehienez ere 15 m²-koa izanen da.

e) Debekatuta daude eraikinaren xederako beharrezkoak ez diren eraikuntzako elementu guztiak. Debekaturik dago etxolak urez nahiz argindarrez hornitzea.

f) Estalkiak teilaz edo sandwich motako panelekin eginen dira, kolore arreak edo antzekoak erabiliz. Isurialdeen malda %20 eta %40 bitartekoa izanen da. (2)

g) Berariaz debeku da zero kotaren azpian eraikitzea, baita solairuarteak egitea ere.

h) Teilatu-hegala, gehienez: 30 cm.

i) Fatxadak modulazio eta simetria irizpideei jarraikiz osatuko dira. Mortero zarpiatua erabiltzen ahal da fatxadarako, kolore okre lurkaretan pintatua, edo kolore erreko bistako blokeak edo bistako adreilu arreak, harria edo zura.

j) Eraikinak sarbide nagusien ondoan egonen dira beti, eta inola ere ez lurzatien erdian. Salbuespenez eta modu arrazoituan, lurzatien hondoan ere baimentzen ahalko dira.

k) Etxolen gutxieneko atzeraemangunea, muga guztietara: 3 metro. Bideen aldeko atzeraemangunea 5 metrokoa izanen da.

III. KAPITULUA

Baratzezaintzan laguntzeko modulu prefabrikatuak

6.–Definizioa eta baimena emateko baldintzak.

6.1. Halakotzat jotzen dira baratzezaintzan laguntzeko beharrezkoak diren instalazio txikiak, nekazaritzako lanabesak gorde eta biltzeko erabilera esklusiboa izan eta lursailera ainguratuta ez daudenak. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Modulu bat lurjabeko, ureztatze tradizionaleko eremuan.

–Lurzatiaren gutxieneko azalera: 1.000 m².

–Ezin izanen da atariperik edo eraikin atxikirik paratu.

–Moduluak 2,40 metro zabal eta 6,00 metro luze izanen dira gehienez.

–Fatxadaren perimetroaren barruko altuera librea 2,20 metrokoa izanen da gehienez.

–Parametroen koloreak, arreak, lurkarak edo antzekoak.

–Eraikinak sarbide nagusien ondoan egonen dira beti, eta inola ere ez lurzatien erdian. Salbuespenez eta modu arrazoituan, lurzatien hondoan ere baimentzen ahalko dira.

–Etxolen gutxieneko atzeraemangunea, muga guztietara: 3 metro. Bideen aldeko atzeraemangunea 5 metrokoa izanen da.

6.2. Honelako instalazioetarako baimena eskatzeko, aski izanen da enpresa fabrikatzaileak emandako dokumentazio teknikoa aurkeztea, Udalak aski dela uste badu.

IV. KAPITULUA

Nekazaritzako biltegiak

7.–Definizioa.

7.1. Gehienbat nekazaritzako nahiz abeltzaintzako ekoizpena edo makineria biltegiratzeko erabiltzen diren eraikinak dira.

8. Baimena.

8.1. Udalak baimena ematen ahalko du nekazaritzako biltegiak eraikitzeko, artikulu honetan ezarritako baldintzak betez gero.

8.2. Baimentze eskaerarekin batera, honako determinazio hauek betetzen direla frogatuko duen dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Instalazio horien tartea hiri lurzoru edo lurzoru urbanizagarriko mugarekiko edo lurzoru urbanizaezinean dauden beste eraikuntzekiko 150 metrotik gorakoa izanen da.

b) Errepiderainoko gutxieneko tartea izanen da Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeak arautzen duena.

c) Paisaiaren ezaugarriak gordetzen direla begiratuko da kokalekua finkatzerakoan, eta ezin da biltegirik eraiki oso nabarmen agertuko liratekeen tokietan.

d) Fatxadatik lurzatiaren mugara gutxienez 6 m-ko tartea utziko da. Instalazioaren aurrealdeak bidera ematen duenean, distantzia jabetzaren mugatik neurtuko da eta ez lurzatiaren hesitik.

e) Lurzatien azalera 2.000 m²-koa izanen da, gutxienez ere, eta biltegi bakarra baimenduko da ustiategi edo jabe bakoitzeko.

f) Azalera eraikia, gehienez: lurzatiaren azaleraren %20, eta gehienez ere 800 m². Azalera eraikia, gutxienez: 200 m². Behar bezala justifikatu beharko da proposatutako biltegiaren dimentsioaren beharra.

g) Solairuen gehieneko kopurua: bat (beheko solairua). Ezin da solairuarterik eraiki.

h) Gehieneko garaiera, erlaitzeraino: 9 metro.

i) Gehieneko garaiera, gailurreraino: 12 metro.

j) Oinplanoa angeluzuzena izanen da, eta alderik luzeena gehienez ere 40 metrokoa.

k) Estalkiak bi isurkikoak izanen dira, malda %20etik %40ra bitarte dutela, eta arre edo berde ilun kolorez margotuak. Estalki gangatuak ere onartuko dira, betiere ordezkatzen duten bi isurialdeko inguratzailean sartzen badira.

l) Itxiak izan ahal dira edo zati batean irekiak; aurpegiren bat itxi gabe egon daiteke. Bidera ematen duten aurrealdeak nahitaez itxi beharko dira fatxada bidez.

m) Fatxadak simetria irizpideei jarraikiz osatuko dira, eta honako material hauek erabiltzen ahalko dira: bistako adreilu okre edo arrea; fabrika, kolore okre lurkaretan zarpiatua; bistako blokea, kolore errea; edo harria nahiz hormigoia, aipatu kolore berberetan.

n) Fatxadako baoak 1,30 x 1,30 metrokoak izanen dira gehienez, eta lur sestraren gainetik 1,50 metrotik gora jarriko dira.

o) Udalak, kasu berezietan, zuhaitz hesiak paratzeko eskatzen ahalko du paisaia gordetzearren.

V. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinean finkak hesitzeko baldintza orokorrak

9.–Xedea eta eskaerak.

9.1. Lurzoru urbanizaezinean finketako itxiturek bete behar dituzten baldintzak arautzea.

Arauketa honen edukiak ez du salbuesten aplikatzekoa den beste edozein arau tekniko edo legezko betetzetik, bereziki udal lizentziaren aurrean beste baimen batzuk lortu behar diren kasuetan.

9.2. Lurzoru urbanizaezineko finketan edozein itxitura egin ahal izateko, Mendabiako Udalari behar den lizentzia eskatu beharko zaio. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko da egin asmo den itxitura mota, altxaerak, finkaren oinplanoa eta itxitura, sekzioak eta abar azalduko dituen txostena, dagokion aurrekontu zehatzarekin batera.

9.3. Itxiturak, zer motatakoak diren gorabehera, bide publikoen kanpoko ertzetatik gutxienez 3 metro atzerago kokatuko dira.

10.–Itxitura motak.

10.1. Heskaia.

Baimendua finkaren inguru osoan. Mugetatik 0,50 m-ra landatuko da gutxienez, legeria zibilak arautzen dituen zortasunak errespetatzeko.

10.2. Eraikuntzaz bestekoa.

Itxitura lurrean zuzenean landaturiko zurezko edo metalezko eskora (mahastietako zutoinen antzekoa) zimendu gabeek eta burdin hariek edo lerro metalikoek osatzen dute (abeltzaintzarako erabiltzen dena, bihurdura bakunekoa edo antzekoa).

Finkaren inguru osorako dago baimenduta, 1,60 m-ko garaiera bitarte. Justifikatuz gero, 2 metrora artekoa izanen ahalko da.

10.3. Eraikuntzakoa.

Obrako itxitura; haren zati opakua ez da metro bat garai baino handiagoa izanen, bistara uzteko material egokian egitekoa; gainerakoa, berriz, metalezko itxituraren bidez eginen da burdin sarea osotara 2,00 m-ko garaieraraino.

Bakar-bakarrik baimenduko da lurzoru urbanizaezinean onartutako edo baimendutako jarduera ekonomikoei lotutako itxitura gisa. Bakar-bakarrik baimenduko da jarduerari zuzenean lotutako azalera hesitzea:

Nekazaritzako biltegia: 2.000 m², gehienez ere.

Etxola: 500 m², gehienez ere.

Bestelakoak (abeletxeak, industria,...): justifikatu beharrekoa.

11.–Kokalekuaren baldintza sektorialak.

Nafarroako Errepideak Babesteko Legeak ezarritako baldintzak beteko dira kasu guztietan.

12.–Salbuespenak.

Salbuespenez, eraikuntzazko itxiturak baimentzen ahalko dira lurzoru urbanizaezinean, haren kategoria ez denean oihanekoa edo nekazaritzako ekoizpen handikoa, baldin eta lotetsirik badago lurzoru horren barnean baimentzen diren eraikuntzaz besteko jarduerei.

VI. KAPITULUA

Izapideak

13.–Ordenantza honek arautzen duen eraikuntza paratu, handitu edo legeztatzeko, Mendabiako Udalari eskatuko zaio obretarako udal lizentzia. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

14.–Mendabiako Udal Planean ezarritako baldintzak bete beharko dira kasu guztietan.

15.–Lizentziak, betiere, jabetza eskubideari eta hirugarrenei kalterik eragin gabe emanen dira. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoaren arabera, ordenantza hau, lege horren 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsirik, indarrean sartuko da eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitara ematen denetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L1914466