229. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

326E/2019 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Oltza Zendeako udal-mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzeko instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko baimena ematen duena. Jardueraren titularra Graftech Ibérica SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 428/07 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 164E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zerbitzuko zuzendariaren irailaren 21eko 332E/2018 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2019ko irailaren 25ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, 38. zenbakiko fokoan dagoen mahuka-iragazkia kendu eta beste bat jartzeko, berria. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2019ko irailaren 30ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez-funtsezkoa da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena dela zioen, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2019ko irailaren 30ean prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, 38. fokuan dagoen mahuka-iragazkia kendu eta beste bat jartzeko, berria, eta Batzordearen ekainaren 13ko 2016/1032 (EB) Betearazpen Erabakiak ezartzen dituen NEA-MTD (5 mg/Nm³) direlakoak betetzeko gauza dena. Iragazki berria efizienteagoa izanen da energiaren aldetik, eta harpena hobetuko da, eta horren ondorioz emisio lausoak murriztuko ditu.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea Oltza Zendeako udal-mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste zenbait produktu fabrikatzen dituen instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko. Graftech Iberica SL da instalazioaren titularra, eta honako hau da aldaketaren xedea: mekanizatu-fokuko mahuka-iragazkia kendu eta beste bat jartzea (38. fokua, MEKANIZATUA), berria. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hirugarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta jarduera martxan jartzeko epeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan ezarritakoak izanen dira. Bestela, aldaketa nabarmenaren baimena iraungitzat emanen da, eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan bete ez diren aldaketaren zatiak gauzatzeko eta martxan jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Graftech Iberica SLra eta Oltza Zendeako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 5ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9 behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1914432