229. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3050E/2019 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2019an elkarrizketa sozialaren eta negoziazio kolektiboaren arloko prestakuntza planak egiteko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 481340.

Enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen bidez sistema horren erreforma integral bati ekin zitzaion, interes orokorra eta sistemak behar dituen egonkortasuna eta koherentzia bermatzeko.

Enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema zuzentzen duten printzipioak, besteak beste, negoziazio kolektiboa eta elkarrizketa soziala dira, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema lan arloan garatzeko tresna moduan hartuta.

Nafarroako Gobernuak borondate argia azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko, praktika egokiak bultzatuz elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta. Horrela langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zainduko da, horixe baita enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren azken helburua. Testuinguru horretan, garrantzitsua da enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek betetzen duten zeregina, lanpostuak sortu eta mantentzeko estrategiak garatzekoa, bai negoziazio kolektiboaren esparruan bai ekintza sozialaren esparruan oro har.

Horregatik guztiagatik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen hau eman du, dirulaguntzen deialdi bat onesteko, haien bidez finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2019an egiten diren prestakuntza planak, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunetan trebatzeko helburua dutenak.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, haien bidez finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2019an egiten diren prestakuntza planak, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunetan trebatzeko helburua dutenak.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Guztira, 5.000 euroko gastua baimentzea 2019ko gastuen aurrekontuko “Elkarrizketa sozialean eta negoziazio kolektiboan trebatzeko prestakuntza ekintzak” izeneko 950002 96200 4819 242113 partidaren kargura. DDBN: 481340.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2019ko azaroaren 8an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, haien bidez finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2019an egiten diren prestakuntza planak, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunak betetzen trebatzeko helburua dutenak.

2. Prestakuntza plan diruz lagungarriak.

2.1. Deialdi honen babesean finantzatzen diren jarduketen helburua prestakuntza planak egitea da, eta, horien barnean, sindikatuekin eta enpresaburuen elkarteekin lotutako pertsonentzako prestakuntza jarduerak, elkarrizketa sozialaren eta negoziazio kolektiboaren arloko eginkizunak betetzen trebatzeko; plan eta jarduera horiek ezin dira berariaz zuzenduta egon Administrazio Publikoaren esparruari.

2.2. Prestakuntza planetan sartutako ekintza mota hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako edukia duten prestakuntza ekintzak.

b) Jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, foroak, adituen tailerrak eta antzekoak, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunei eta jardunbide egokiei buruzko edukia dutenak.

2.3. Prestakuntza programak dirulaguntza ematen den egunetik 2020ko ekainaren 30era arte egiten ahalko dira.

3. Entitate onuradunak.

3.1. Honakoek jasotzen ahalko dituzte oinarri hauetan araututako dirulaguntzak:

a) Sektore arteko enpresaburuen elkarteak, legez eratutakoak, ordezkaritza dutenak Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Sindikatuak, legez eratutakoak (sindikatuak edo fundazioak, haiek sortutakoak prestakuntza proiektuak egiteko), ordezkaritza dutenak Nafarroako foru Komunitatean.

3.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoeraren batean dauden entitateak.

4. Diruz lagungarriak diren aurrekontua eta gastuak.

4.1. Deialdi honetarako aurrekontua 5.000 eurokoa da.

4.2. Emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, programa bakoitzean jasotzen den jarduketa mota hartuko da kontuan, honela:

–Prestakuntza ekintzak: modulu ekonomiko zehatz bat ezartzen da parte-hartzaileko eta orduko, 8 eurokoa.

–Jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, foroak, adituen tailerrak eta antzekoak: 1.500 euro jarduketa bakoitzeko

5. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenak.

Azken hartzaileak eta prestakuntza planetako parte-hartzaileak izaten ahalko dira honakoak: sindikatuekin eta enpresaburuen elkarteekin lotura duten pertsonak, erakunde horien funtzionamenduan eta egituran zuzeneko dedikazioa dutenak eta erakunde horietako kideak eta delegatuak, elkartuak, afiliatuak edo haiekin lotura zuzena dutenak.

6. Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

6.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

6.2. Aurkezten den eskaera bakoitzak prestakuntza programa bakar bat izan beharko du.

6.3. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo harturiko dirulaguntzen adierazpena.

c) Nafarroako Gobernuak edo haren erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo dirulaguntzen karietara abian jarri diren eta oraindik ere tramitatzen ari diren itzulketa edo zehapen prozedurei buruzko adierazpena.

d) Erakunde eskatzaileak bere lurralde eta sektorearen esparruan duen ordezkagarritasunari buruzko adierazpena.

6.4. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Programa bakoitzaren justifikazio memoria, gutxienez informazio hau jasotzen duena:

1.–Garatu beharreko proiektu mota.

2.–Justifikazioa: inguruaren ezaugarriak, abiapuntua, lan merkatuaren beharrak, etab.

3.–Helburuak.

4.–Aurreikusitako jarduketak eta onuradunak.

5.–Ekintza plana.

6.–Aurreikusitako giza taldea eta baliabide materialak.

7.–Jarraipena, ebaluazioa eta kontrola egiteko mekanismoak.

c) Programaren aurrekontua, gastu kontzeptuen arabera zehaztua, 4.1 oinarrian adierazitako moduan.

d) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, “transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren” inprimakia aurkeztu beharko da.

e) Aurrekoaz gain, NL-NEZek aurkezten zaizkion eskaeren gainean behar bezala ebazteko behar dituen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

6.5. Eskabidea aurkeztearekin batera, NL-NEZari baimena ematen zaio zerga betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei buruzko ziurtagiriak edo informazioa eskatzeko, bai eta eskatzailearen eta ordezkariaren IFZ eta NANa kontsultatzeko ere. Ez da beharrezkoa izanen 6.4 oinarriaren a) letran adierazitako agiria aurkeztea, baldin eta Nafarroako Gobernuan edo bestelako administrazio batean aurkeztu bada. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta NL-NEZek elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez. Entitateak ez badu baimenik ematen kontsulta hori egiteko, dagozkion frogagiriak aurkeztu beharko ditu eskaera hau tramitatze aldera.

6.6. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

7.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, eskabideak deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei eskatuko zaie akatsak zuzen ditzatela, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

7.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

8. Balorazio irizpideak.

Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) 5 puntu emanen zaizkie honako entitate hauei: estatutu edo helburu sozialetan berdintasuna sustatzea dutenak; berdintasun plan bat dutenak; zuzendaritza batzordean sexuen arteko oreka dutenak; berdintasunaren arloko langile delegatuak dituztenak edo gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko entitate gisa ofizialki aitortuta daudenak.

B) Parte-hartzaile kopurua: 10 puntu gehienez. Programan aurreikusitako parte-hartzaile kopurua baloratuko da.

Puntuazioa proportzionalki emanen da, eta gehieneko puntuazioa emanen da parte-hartzaileak 100 direnean.

C) Entitatearen ordezkagarritasuna, 10 puntu gehienez.

Puntuazioa proportzionalki emanen da, eta gehieneko puntuazioa emanen da ordezkagarritasuna %100ekoa denean.

E) Efizientzia ekonomikoa: 5 puntu gehienez:

0,5 puntu emanen dira prezioa merkatzen den ehuneko puntu bakoitzeko, programen eskaeren batezbestekoa kontuan hartuta. Ehunekoak osoak ez badira, egoki den zati proportzionala emanen da.

9. Laguntzak emateko irizpideak.

9.1. Dirulaguntzak balorazioaren puntuazio hurrenkeraren arabera emanen dira, 4.1 puntuan ezarritako kreditu erabilgarria agortu arte.

9.2. Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, berdinketa hausteko irizpidetzat hartuko da parte-hartzaile emakumezkoen kopuru handiena zeinek duen.

10. Dirulaguntzak emateko prozedura eta organo eskudunak.

10.1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako moduan.

10.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

10.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

10.4. Eskaeren Ebaluazio Batzordea eratuko da, ondoko kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

10.5. Ebaluazio Batzordearen txostenean aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaerakoa baino txikiagoa denean, 10 eguneko epea emanen da programa berriz formula dezaten. Epe horretan programa berriz formulatzen ez bada, aurreikusitako dirulaguntza mantenduko da. Edonola ere, formulazio berria egingo da balorazio-aldian lortutako puntuazioa mantenduz.

10.6. Instrukzio organoak, ebaluazioaren eta, halakorik balego, ondorengo alegazioen emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio.

10.7. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

11. Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Deialdi honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako doakotasuna errespetatzea.

b) Dirulaguntza zer jardueratarako eskatu den, hura egitea deialdi honen baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz, baita programa baloratzeko eta dirulaguntza emateko oinarri hartutako baldintzekin bat ere.

c) Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta likidatzeko faseetan NL-NEZek eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea.

d) Dirulaguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztea, baita dirulaguntza emateko arrazoi izan den jarduera eta kostuak gauzatu direla frogatzen dutenak ere.

e) Ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko NL-NEZek eta kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak noiznahi emanez.

Horretarako, ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko argibideak eta agiriak entitate onuradunean gorde beharko dira, kontrol eta auditoriaren esku, gutxienez lau urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

f) Eskabidean edo eskaerak tramitatzeko eta dirulaguntzak emateko organo eskudunei aurkeztutako agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.

11.2. Ekintzak edo proiektuak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

11.3. Gardentasun betebeharrak:

11.3.1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11.3.2. Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, erabakitzen ahalko da arau horretan xedatutako isunak eta zehapenak ezartzea, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.

12. Ekintzak gauzatzea eta haien hasiera jakinaraztea.

12.1. Deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarritakoa kontuan hartuta gauzatuko dira ekintzak.

12.2. Entitate onuradunak NL-NEZari jakinaraziko dio, gutxienez 2 egun natural lehenago, noiz hasten diren prestakuntza jarduerak, jardunaldiak eta antzeko beste jarduketak. Horretarako, Nafarroako Atariko tramiteen atalean eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko dute (www.nafarroa.eus).

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

12.3. Ezarritako epeetan jakinarazi ezik, jarduera “ez egintzat” joko da, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

13. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

13.1. Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera burutu duela frogatu beharko du, eta jarduera horrek sortutako gastuak ere bai. Kostuak frogatzeko eta dirulaguntzak likidatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

13.2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egin baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Aurrerakina ez da inoiz izanen guztira emandako zenbatekoaren %25etik gorakoa.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta ordainketa partzialen baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40 diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

13.3. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

b) Justifikatzeko memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek bilduko dituena:

–Prestakuntza ekintzen kasuan: onuradunaren adierazpena modulutzat hartutako unitate kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

–Gainerako jardueren kasuan: egindako jardueren xehetasuna, exekuzio arduradunak, emandako orduak, kostua eta tokia. Xehetasun hori justifikatzeko, aurkeztu beharko dira egindako gastuaren fakturak eta dagokion ordainagiria (Fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren araberakoak), merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa duten balio bereko agiriak, laneko parteak edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuk.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

13.4. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da, programa bukatu eta biharamunetik hasita. Edonola ere, justifikazioa 2020ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da.

Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik ordaindutakora edo ordainketa partzialen zenbateko osora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela NL-NEZen alde, aldez aurretik edo partzialki ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio dirulaguntza zati horri.

13.5. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak. Kasu horretan, berandutze-interesa ordaintzeko eskatuko da, egindako azken ordainketatik hasi eta itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko aldiari dagokiona.

13.6. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

14. Ekintzen ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

14.1. NL-NEZek jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da jarduerak iraun bitartean haren jarraipena egitea, froga fisikoak eta testigantzak erabiliz, enpresako arduradunei, parte-hartzaileei eta koordinatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko asmoz jarduketak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.

b) “Ex post” jarduketak. Ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunetako eta enpresetako arduradunei eta parte-hartzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, besteak beste, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko:

–Ekintzen exekuzioa.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei bertaratze edo parte-hartze diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren ikurra agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, NL-NEZaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak antzematen badira, NL-NEZek entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

14.2. NL-NEZek aldaketak baimentzen ahalko ditu ekintzetan, betiere horien ondorioz balorazio fasean lortutako puntuazioa gutxitzen ez bada eta hasieran emandako dirulaguntza handitzen ez bada. Horretarako, entitate onuradunak eskaera aurkeztu beharko du Erregistro Orokor Elektronikoan, aldaketa justifikatuz eta, hala bada, dagokion ekintzaren fitxa erantsiz. Jarraipen Batzorde bat eratzen ahalko da, entitate onuraduneko eta NL-NEZeko ordezkariek osatua, proposatutako aldaketak aztertzeko.

15. Dirulaguntzen itzulketa.

15.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta kontzesio ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren egoerak gertatzen badira, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

15.2. Dirua itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da aurreko ataletan dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatzean, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat tramitatuko da.

15.3. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

15.4. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo emandako dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik askatzen den dirua erabil daiteke hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten programa horiei laguntzak emateko, deialdi berri bat egiteko beharrik gabe eta balorazioaren puntuazio-ordenari jarraikiz.

16. Azpikontratazioa.

16.1. Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera azpikontratatzen ahalko du, eta edozein kasutan ere, bere gain hartuko du gauzatzearen erantzukizuna administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

16.2. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotzen diren mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.

17. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

17.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira programak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide propio batzuekin. Dena dela, haien zenbatekoak ezin izanen du gainditu, inola ere, ez bakarrik ez beste batzuekin batera, egin gogo den jardueraren kostua.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, entitate onuradunek horren berri eman beharko diote NL-NEZari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

18. Datuen babesa.

18.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek eskaeretan eta jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

18.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta programetan parte hartzen dutenen identifikazio datuak tratamendu jardueran sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB) eta Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta programetan parte hartzen dutenen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB) eta Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

19. Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen guztian arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen araudia.

20. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

20.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZek jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

20.2. Entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren finantzabidearen berri eman beharko dute informazio, argitalpen, material eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta programak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Betiere, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatu beharko dira (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen foru dekretua da hori).

21. Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Aurkaturiko ekintza espresua ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1914426