229. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERASO

Ordenantza, arautzen dituena herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Erasoko Kontzejuak, 2019ko azaroaren 4an egindako batzarrean, behin betiko onetsi zuen Erasoko Kontzejuko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, behin hasiera batez onetsi ondoren, irailaren 12an egindako batzarrean, eta testuaren kontrako alegaziorik jaso gabe. Agintzen da argitara daitezela erabaki hau eta ordenantzaren testu osoa.

Erason, 2019ko azaroaren 7an.–Alkatea, Javier Beaumont Caminos.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA ERASOKO (IMOTZ) KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arautzea Erasoko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Erasoko Kontzejuari dagozkio herri-ondasunak erabiltzeko, administratzeko, aprobetxatzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen arloan Erasoko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri-ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Erasoko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula jasoko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Erasoko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Jarraituko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluko prozedurari.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Erasoko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Erasoko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Erasoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Kontzejuko Batzordeak hartu beharko du jakinarazpen horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Erasoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, baldin transakziorik egin nahi badu ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzeko.

11. artikulua. Baimen, kontzesio edo beste edozein titulu dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Erasoko Kontzejuak beti erabiliko du administrazio bidea, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duena.

12. artikulua. Erasoko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Erasoko Kontzejuak ez dituenean behar diren ekintzak sustatzen herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarren ekimena, zehaztuko den moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Erasoko Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

b) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

c) Herri-lurren bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Oro har, familia-unitateak edo norbanakoak izanen dira herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunak, baldin eta beren aziendak inskribaturik badituzte Erasoko Kontzejuko Azienden Erregistroan, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

Familia-unitateak:

a) Adinduna izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Bizilagun gisa inskribaturik egotea Erasoko Udaleko Biztanleen Erroldan.

c) Erason urtean sei hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Erasoko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

Pertsona partikularrak:

Abeltzaintzan edo nekazaritzan beren familia-unitatetik kanpora aritu nahi dutenak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Udal erroldan izena emana izatea eta herrian segidan bizitzea.

b) Haien bizimodua abeltzaintza edo nekazaritza izateko asmoa izatea.

c) Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren Araubidean inskribaturik egotea.

16. artikulua. Norbanakoak baldin badira nekazaritzan urte anitzeko laboreetan jardun nahi dutenak, eskaera egin beharko diote Kontzejuari eta kasu bakoitza aztertu ondoren baimena emanen du, hala uste badu.

II. KAPITULUA

Herri-lurretako larreen aprobetxamendua

17. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak alta emanda eduki behar dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

18. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

19. artikulua. Kontzejuak ezarriko du adjudikatzeko epea.

20. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, egiaztatzeko betetzen direla baldintzak, hain zuzen ere ezartzen direnak Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan, eta bete beharko ditu Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako gainerako baldintza guztiak.

21. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Erasoko Kontzejuak urtero ezarriko ditu aziendak larreetara sartzeko eta haietatik ateratzeko epeak.

22. artikulua. Prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua agertuta, 30 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek eska dezaten larreen adjudikazioa.

23. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

24. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 5 urterako, jarraikiz egungo arautegiari eta ordenantza honetan aurreikusitakoari, aplikatzekoa den horretan.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

25. artikulua. Mendian aski izanik, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Erasoko Kontzejuak etxerako egur epaitzak banatuko ditu familia-unitateen artean, baldin herrian bertan erabiltzekoak badira.

26. artikulua. Erasoko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko egur epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

27. artikulua. Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

28. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie Mendi Zerbitzuko arduradunak ematen dituen jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

29. artikulua. Erasoko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, 15 egunean gutxienez jarri beharko da jendaurrean eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

30. artikulua. 1. Erasoko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurretako ondasuna hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, laguntza eman dakien inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela frogatzen duten herritarrei.

2. Proiektu hauek Udalak nahiz herritar interesdunek berek sustatzen ahal dituzte.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta aurkeztutako alegazioei buruzko Kontzejuaren erabakia.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie, baldin zuzenbidez hala egokitzen bazaie, eragiten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere.

31. artikulua. Kontzejuak baino ez ditu onetsiko aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak. Horretarako, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean edukiko dira, eta aurkezten diren alegazioak ebatziko.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

32. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen lur-sariak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herri-lurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, larre utziak.

f) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

g) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Herri-lurretako zuhaitzak botatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

m) Herri-lurretako aprobetxamendua bukatzen denean finkak behar bezala zainduak ez egotea.

33. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, ukatu gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.

Aipatu g) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzaile izateko eskubidea.

Gainerako arau-hausteengatik, zehapena izanen da egindako kaltearen balioa halako bost eta hamar artean ordaintzea. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L1914139