228. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2338/2019 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez agintzen baita argitaratzeko 2019ko azaroaren 12ko Gobernu Kontseiluak onetsi zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan jakintza-arloaren atxikipena aldatzeari buruzko araudia onesten duena.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onesten dituen Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko 2019ko azaroaren 12ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Unibertsitate Publikoan jakintza-arloaren atxikipena aldatzeari buruzko araudia onesten duen erabakia.

“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN JAKINTZA-ARLOAREN ATXIKIPENA ALDATZEARI BURUZKO ARAUDIA ONESTEN DUENA

Urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretuak uztailaren 26ko 774/2002 Errege Dekretua indargabetu du, zeinak bigarren xedapen gehigarrian adierazten baitu unibertsitateko irakasle funtzionarioek zilegi dutela eskaera egitea beren lanpostuaren izendapena aldatzeko eta jakintza-arloen katalogoko beste izendapen bat jartzeko. Jakintza-arloa aldatzeari buruzko ebazpena Unibertsitateen Koordinazio Kontseiluaren Batzorde Akademikoak eman behar zuen, Gobernu Kontseiluak eta Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak txostena egin ondoren. 2007ko erreformak, ordea, unibertsitateen esku utzi du lanpostuen izendapena aldatzeko prozedura arautzeko aukera.

Horren ondorioz, irakasleek atxikita duten jakintza-arloa aldatzeko, dagoeneko ez da beharrezkoa Unibertsitateen Koordinazio Kontseiluak ebazpena ematea, eta, beraz, bidezkoa da barne prozedura bat antolatzea irakasleek jakintza-arloz aldatzeko eskaerak egin diezazkioten NUPeko Gobernu Kontseiluari, eta, hala, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sailen antolamendua errazteko.

Hori horrela, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposatuta, 2019ko azaroaren 12an egindako bileran hartu duen:

ERABAKIA:

Lehena.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan jakintza-arloaren atxikipena aldatzeari buruzko araudia, eranskinean jaso dena.

Bigarrena.–Erabaki hau Irakasleen Gaietarako errektoreordeari, Irakaskuntzako errektoreordeari eta sailei aditzera ematea.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Araudiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.”

Iruñean, 2019ko azaroaren 12an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoan Jakintza-arloaren
atxikipena aldatzeari buruzko araudia

1. artikulua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura finkoa duten irakasleek zilegi dute jakintza-arloz alda ditzaten eskatzea. Horretarako, eskaera arrazoitu bat egin behar diote Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari, eta curriculum vitaea erantsi.

Eskaera egin ahal izateko, gutxienez bi urteko antzinatasuna izan behar du irakasleak NUPeko sail bateko jakintza-arlo bati atxikia. Halaber, destinoko jakintza-arloak sartuta egon behar du, eskatzaileak zer jakintza-adarretarako duen egiaztapena, horretan edo horietan, maiatzaren 29ko 415/2015 Errege Dekretuarekin bat.

Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzak eskaera aztertuko du, Irakaskuntzako Errektoreordetzari entzun eta gero. Aldaketa horren ondorioz irakasleen artean desoreka sortzen bada, Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzak zilegi izanen du erabakitzea eskaera tramitera ez onartzea, eta, orduan, eskaera ez onartzeko proposatuko dio Gobernu Kontseiluari.

2. artikulua.

Irakaslearen jakintza-arloa aldatzeko eskaera tramitera onartzen bada, Irakasleen Gaietarako errektoreordeak eskaera tramitatzea onartuko du, eta gero, irakaslearen jakintza-arloa aldatzeak zein saili eragiten dien, sail horietara bidaliko ditu irakaslearen eskaera eta CVa, txostena egin dezaten. Txosten hori ez da loteslea izanen.

Era berean, atxikipena zer jakintza-arlotan eskatzen den, horko bi katedradun NUPetik kanpokori bidaliko die eskatzailearen CVa. Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzak aukeratuko ditu kanpoko bi katedradun horiek. Kanpoko katedradunen txostenak ez dira lotesleak izanen.

3. artikulua.

Aldaketan inplikatutako sailek txosten bat eginen dute eskaera onargarria den edo ez arrazoitzeko, eskaera jaso eta 30 egun naturaleko epean. Txostena egiteko, sailek kontuan hartuko dituzte behar akademikoak, aldaketa onartuz gero zer-nolako eragina izanen lukeen irakastorduei eta plantillaren orekari dagokienez, eta irakaskuntzaren antolamenduarekin lotuta beharrezkoak iruditzen zaizkien beste alderdi batzuk.

Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari bidaliko diote txostena.

4. artikulua.

Kanpoko adituek ere txosten bana eginen dute eskaera onargarria den edo ez arrazoitzeko. Horretarako, eskatzaileak irakasle eta ikertzaile gisa egindako ibilbidea baloratuko dute.

1) Irakaskuntzako ibilbidea baloratzeko, kontuan hartuko dute eskatzaileak irakasle lanetan izandako esperientzia eta zenbateraino den egokia esperientzia hori eskatu duen jakintza-arlorako. Zehazki, aintzat hartuko dute eskatzaileak zer jakintzagaitan eta irakasgaitan aritu den eta zer eduki irakatsi dituen, zer liburu, material didaktiko eta argitalpen pedagogiko prestatu dituen, eta irakaskuntzako merituekin lotuta beharrezkoak diren beste alderdi batzuk.

2) Ikerketako ibilbidea baloratzeko, kontuan hartuko dute irakasleak egindako ikerketa lana zenbateraino datorren bat eskatu duen jakintza-arloarekin. Zehazki, aintzat hartuko dute ikerlanek zer gai landu duten, nolako emaitzak lortu dituzten, ikertzaileak zer proiektu zuzendu dituen eta/edo zeinetan hartu duen parte, egonaldirik egin ote duen zentro prestigiodunetan eta zein helburu zuten, nolakoa izan den jakintzaren transferentzia, zer hitzaldi eman dituen ikertzaile gonbidatu gisa, zer doktoretza-tesi zuzendu dituen, eta ikerketako merituekin lotuta beharrezkoak diren beste alderdi batzuk.

Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari bidaliko dizkiote txostenak.

5. artikulua.

Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzak eskaerari buruzko ebazpena proposatuko dio Gobernu Kontseiluaren Batzorde Akademikoari, gero organo kolegiatu horren osoko bilkurara bidaltzeko. Azkenik, irakasleak jakintza-arloz aldatzeko egindako eskaera onartu edo ez erabakiko du Gobernu Kontseiluak.

6. artikulua.

Jakintza-arloz aldatzeko eskaerari baiezkoa ematen bazaio, hurrengo ikasturtearen hasieran hartuko du indarra, betiere otsailaren 28a baino lehen egin bada. Otsailaren 28tik aurrera egin bada, berriz, irakasleen antolamendu beharren arabera komeni den unean hartuko du indarra.

Nolanahi ere, irakasleen antolamendu beharrak zein diren, beste data bat adierazten ahalko da Gobernu Kontseiluaren erabakian.

Behin aldaketari baiezkoa emandakoan, irakasleak ezin izanen du berriz eskatu beste jakintza-arlo bati atxikitzeko, baimena eman denetik bost urte pasatzen diren arte.

Gobernu Kontseiluaren erabakiak ezezkoa ematen badio eskaerari, irakasleak ezin izanen du berriz eskaera egin ezezkoa eman zaionetik bi urte pasatzen diren arte.

7. artikulua.

Gobernu Kontseiluaren erabakiak baiezkoa ematen badio eskaerari, NUPeko langileen erregistro nagusira eta Unibertsitateen Koordinazio Kontseilura bidaliko da erabakia.

Dena dela, erabakiaren berri emanen zaie eskatzaileari, Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari, Irakaskuntzako Errektoreordetzari, inplikatutako sailei eta informazio hori behar duten Unibertsitateko zerbitzuei. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere argitaratuko da.

Iragarkiaren kodea: F1914497