228. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

214E/2019 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Eslabako udal-mugartean neurketa anemometrikorako dorre bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea Joluga Energy SL da.

2019ko ekainaren 6an ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zen goian aipatutako espedienterako. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Neurketa anemometrikorako 99 metroko dorre bat jarri nahi da Eslabako udalerriko 2. poligonoko 694. lurzatian (X: 627.711, Y: 4.715.490).

Dorrea sekzio triangeluarreko saretazko egitura bat da, altzairuzko tiranteen bidez txarrantxatua. Tiranteak lurrean tinkatzen dira lurpeko xafla erako ainguren bidez. Xaflak altzairuzkoak dira, 100 cm x 100 cm x 5 cm tamainakoak. Tiranteak 120º-ko angeluez bereizitako orientazio erradialeko hiru ardatzetan paratuko dira. Dorrea lurrean finkatuko da bernoen bidez ainguratzen den xafla metalikoa duen burdineria baskulatzaile baten gainean.

Espedientean Eslabako Udalak eman duen aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedienteko txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua betez eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Eslabako udal-mugartean neurketa anemometrikorako dorre bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea Joluga Energy SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Lanak hasi aurretik, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak zehaztuko dira. Ahalik eta gutxien ukituko da berezko landaredia, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita.
  • Hondeaketa lanetan landare lurraren geruza bereiztuko da; lur hori gainerako hondeaketa lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da dorrearen muntaia amaitzen denean. Bertako belar hazi nahastuez ereinen dira azalera horiek.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira, batez ere topografiari eta landarediari dagozkien alderdietan. Soberako lurren eta obra-materialen hondakinak kudeatzailearen esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendura eraman beharko dira, izaeraren arabera.
  • Dorrearen tentsore-soka guztietan hegaztiak babesteko balizak jarriko dira, tentsoreak hobeto ikus ditzaten eta horien kontra jo ez dezaten. Tentsore bakoitzean, balizak elkarrengandik 5 metrora jarriko dira gehienez ere, eta, ahal dela, ainguratze berera doazen tentsoreetan balizak ez dira lerro-lerro joanen, gurutzetara baizik.
  • Joluga haize-parkea martxan jarri arte, edo dorrea altxatuta dagoen bitartean, azkenean parke hori ezartzen ez bada, hegazti-faunaren eta kiropteroen gaineko gorabeheren erregistroa eginen da, metodologia honen arabera:
  • Hileroko bisitak dorrearen kokalekura, arrastoak edo gorpuak aurkitzeko, eta hegaztiak babesteko balizak berriz jartzeko edo proiektatutako seinaleztapen-sistemak berriz jartzeko.
  • Hiru hilean behingo txostenak lehenengo 6 hilabeteetan eta sei hilean behin hurrengo hilabeteetan, abifaunarekin izandako gorabeheren erregistroa jasoko dutenak, espeziearen kategorizazioa eta, hala badagokio, istripuak egiaztatuz gero hartu nahi diren neurriak barne.
  • Hala badagokio, parkea martxan jarri ondoren eta gorabeheren jarraipenaren emaitzaren arabera, parkearen jarraipen- eta zaintza-planean sartzea balioetsiko da.
  • Ebazpen hau eman ondoko 5 urteko epea igarota, gehienez, desmuntatuko da dorrea. Eremua garbi geldituko da, eta lurrak lehengoratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokion araudia betez.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko dorre bat eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.
  • Herri-lurren Atalaren 2019ko abuztuaren 20ko txostenarekin bat etorriz, obra-lizentzia eman aurretik, Udalak lurraren desafektazioaren onarpena lortuko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoaren arabera, katastroko 2. poligonoko 694. lurzatiaren afekzioari dagokionez, Eslabako Udaleko herri-ondasuna baita.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioko edo azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzaketen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Eslabako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitateari) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 11n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1914434