228. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

107/2019 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita zenbait eskumen eskuordetzea Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko eta Biodibertsitatearen Zerbitzuko titularrei.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak ezartzen du lege horren aurretiko foru araudiak kontseilariei esleitzen zizkien ebazteko eskumenak zuzendari nagusiei dagozkiela, salbuespen batzuk gorabehera.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren. Foru dekretu hori 2019ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 7koan.

Era berean, abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, geroko garapena galarazi gabe. Dekretu hori 2019ko abuztuaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Foru dekretu horren xedapen gehigarri bakarrean, 3. apartatuan, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: dirulaguntzak, kontratazioa, ondare erantzukizuna eta zehapen espedienteen gainekoa, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

Era berean, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: ingurumenaren babeserako esku-hartzea, ehiza eta arrantza, bai eta gaur egun arlo horretan besteren esku dauden guztiak ere.

Urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren bidez, onetsi zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa; laugarren xedapen gehigarrian aurreikusirik dago zenbait eskumen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren esku uztea, 96/2019 Foru Dekretuan ezarrita zegoen modu berean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituta dituzten eskumenen erabilera kasuko administrazioko maila bereko edo txikiagoko beste organo batzuei eskuordetzea, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Artikulu horrek ezartzen duenez, halaber, eskumenak noiznahi eskuordetu eta errebokatu daitezke, eskuordetzea egiten duen organoak onetsiko ditu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira. Ezartzen du, halaber, eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, eskuordetzea egiten duen organoak emanak balira bezala hartuko direla.

Beharrezkoa da departamentuko jarduerak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, eta, horretarako, bidezkotzat jo da Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren mendeko zerbitzuetako zuzendarien esku uztea indarreko araudiak zuzendaritza nagusi horretako titularrari esleitzen dizkion eskumen batzuk.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. eta 32. artikuluek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko titularraren esku uzten dira eskumen administratibo hauek, indarreko araudiaren arabera Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkionak:

a) Ingurumen baimen integratuen aldaketa nabarmenen, ofizioz egindako aldaketen, berrikuspen, iraungipenen eta amaieren gaineko ebazpena ematea.

b) Etiketa ekologikoaren arloko ebazpenak ematea.

c) Berotegi efektuko gasen emisioak baimentzearen arloko ebazpenak ematea.

2. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko titularraren esku uzten dira administrazio eskumen hauek, indarreko araudiaren arabera Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkionak:

d) Ehiza antolatzeko planak eta horien aldaketak onestea.

e) Mendien edo baso lurren erabilera aldatzeko baimenak ematea.

f) Mendi katalogatuetan eta ez-katalogatuetan basoberritze proiektuak onestea, baso-berritu beharreko lurrak 10 hektareatik gorakoak direnean.

g) Mendi katalogatuak ustiatzeko eta hobetzeko urteko planak onetsi eta/edo ezestea.

h) Mendi ez-katalogatuetan baso aprobetxamenduak egiteko baimenak ematea, 100 metro kubiko zur edo egur baino gehiagoko aprobetxamenduak direnean.

i) Baso azpiegiturak hobetu eta eraikitzeko baimenak ematea.

j) Herritarrek egindako informazio eskaerei lotutako ebazpenak ematea.

3. Biodibertsitatearen Zerbitzuko titularraren esku uzten dira ingurumen ukipenetarako baimenak emateko administrazio eskumenak, indarreko araudiaren arabera Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkionak.

4. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan, horren berri eman beharko da espresuki. Ebazpen horiek Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko titularrak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.

5. Ebazpen hau interesdunei, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu guztiei eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1914413