228. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

10E/2019 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abenduaren 11ko 633/2007 Ebazpena.

Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abenduaren 11ko 633/2007 Ebazpenaren bidez, Erriberriko eta Tafallako udalei baimena eman zitzaien zenbait determinazio xehatu tramitatzeko eta onesteko. Erriberri eta Tafallako “La Nava industrialdea handitzea” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren esparruan egin daitezkeen kudeaketa- eta urbanizazio-proiektuetan eta garapenerako plangintzan sartuta daude determinazio horiek.

2019ko urriaren 25ean, Tafallako Udalak eskatu zuen argitzeko zenbateraino duen udalak eskumena Udalez gaindiko Plan Sektorial horretako determinazio xehatuen aldaketak tramitatzeko, aipatu ebazpena aplikatuz.

2007an, ebazpen hori eman zenean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeak (43. artikulua) udalei ahalmena ematen zien honako hauek onesteko: plan partzialak, plan bereziak eta xehetasun-azterketak, urbanizazio-proiektuak eta udalez gaindiko plan sektorialei dagozkien hirigintza-kudeaketarako tresnak. Horretarako, beharrezkoa zen lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen departamentuak aldez aurretik baimena ematea, baita baimen horretan emandako jarraibideei men egitea ere.

Ondoren, Hirigintza eta etxebizitzaren arloan urgentziazko neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legeak apartatu hau erantsi zion Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 45. artikuluari: “Udalez gaindiko plan sektorialen zehaztapen xehakatuen aldaketak egiteko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak onetsi beharko ditu, jendaurrean hilabetez egon eta ukitutako udalei entzutea eman ondoren, edo kasuan kasuko udalak, departamentu horrek baimentzen badu eta hark emandako jarraibideekin bat”.

Agindu horren harira, eztabaidarik ez egoteko eta segurtasun juridikoa egon dadin, proposatzen da abenduaren 11ko 633/2007 Ebazpena aldatzea, eta Erriberriko eta Tafallako udalei emandako baimenean ahalmen bat sartzea “La Nava industrialdea handitzea” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren determinazio xehatuen aldaketak tramitatzeko eta onesteko, kudeaketa- eta urbanizazio-proiektuetan eta garapenerako plangintzan sartutako determinazio xehatuak onesteko eta tramitatzeko duten baimenaz gain.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2019ko azaroaren 4ko txostena, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 94. artikuluan xedatutakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abenduaren 11ko 633/2007 Ebazpena aldatzea, eta hartan baimena ematea Erriberriko eta Tafallako udalei “La Nava industrialdea handitzea” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren determinazio xehatuen aldaketak tramitatzeko eta onesteko, kudeaketa- eta urbanizazio-proiektuetan eta garapenerako plangintzan sartutako determinazio xehatuak onesteko eta tramitatzeko duten baimenaz gain.

2. Tramitatu beharreko determinazioek bi udal-mugarteak ukitzen badituzte, udalek elkarren artean koordinatu beharko dute, lankidetzako, delegazioko edo bestelako teknikak erabiliz, onetsi beharreko determinazioak koherenteak izan daitezen kasuan kasuko esparruan.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da haren aurka, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik edo, hala bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epe horiek.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Erriberriko eta Tafallako udaletara igortzea, jakinaren gainean izan daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 7an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F1914332