228. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MENDABIA

Deialdia, oposizio bidez bete dadin Udal Zerbitzuen eta Obren Zerbitzuko arduradunaren lanpostu bat (zerbitzu anitzak), Mendabiako Udalaren zerbitzura

Alkatetzaren 2019ko azaroaren 4ko Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da bete dadin, oposizio bidez, zerbitzu anitzetako arduradunaren lanpostu bat. Horrenbestez, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikuluarekin, zeinera 36. artikuluak igortzen baitu, honako oinarri hauek argitaratzen dira (aipatutako foru dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua):

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi publiko honen xedea da oposizio bidez betetzea Udal Zerbitzuen eta Obren Zerbitzuko arduradunaren lanpostu bat (zerbitzu anitzak), C mailakoa, lan-kontratu finkoduna, Mendabiako Udalaren zerbitzura. Mendabiako Udalaren plantilla organikoan jaso da lanpostu hutsa, eta badu aurrekontuko zuzkidura.

Orobat, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42.2.b) artikuluarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua), deialdiko 100 puntuetatik gutxienez 50 puntu lortu dituzten izangaiekin zerrenda bat eratuko da aldi baterako kontratatzeko Udal Zerbitzuen eta Obren Zerbitzuko arduraduna, puntuazio-ordenaren arabera, Mendabiako Udaleko behin-behineko beharrei erantzuteko.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hau subsidiarioa izanen da, araudian xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean, eta lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik. Zerrenda onesteko ebazpenetik gehienez bost urteko indarraldia izanen du.

Deialdi honetako apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ezartzen da probaldi bat, 4. puntuan aipatzen dena; epe horretan, edozein aldek deuseztatzen ahalko du kontratua.

1.2. Deialdi honen arabera izendatzen den izangaia kontratatuko da lan-araubidean, kontratu mugagabearekin, jasoko ditu oro har C mailarako ezarritako ordainsariak, hain zuzen ere Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoak (erregelamendu hori onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez), gehi Mendabiako Udalaren plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako ordainsari osagarriak. Era berean, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta bertan alta emanen zaio.

1.3. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldi mota eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro; organo administratibo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.4. Hiru hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Mendabiako Udalak kontratua deuseztatu edo desegiten ahalko du, Udalari iruditzen baldin bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

2.–Eginkizunak.

Lanpostuaren eginkizun edo ardura nagusiak dira antolatzea eta kontrolatzea Udalaren obren, lorategien eta bide garbiketaren zerbitzuak, kudeatzea Udalaren legartegia eta hilerria eta zerbitzu horiei atxikitako langileria, eta betetzea bere alorreko lanpostuetan aplikatzen diren laneko segurtasun eta osasun arloko arauak. Besteak beste honako hauek, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Langileen zuzeneko arduraduna izanen da, bai finkoena bai behin-behinekoena eta azpikontratatuena, honako lan hauei atxikirik daudenean: zerbitzu anitzak, Enpleguko Institutu Nazionaleko/Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langileak, enplegu sozial babestua edo bergizarteratzekoa, komunitatearen onerako lan planak, etab.

–Lan guztiak antolatuko eta kontrolatuko ditu, eta banatuko ditu bere kargura dituen langile guztien artean. Langileen errendimendua ere gainbegiratuko du. Egin beharreko lanen artean lehentasunak finkatuko ditu, ados jarrita alkatearekin edo hark delegatzen duenarekin eta udal arkitektoarekin/aparejadorearekin.

–Planifikatzea eta gainbegiratzea hiri eta landa eremuetako lanak eta lan horiek gauzatzeko zereginak, hala behar denean: igeltserotza oro har, mantentze-lanak egitea udal bulegoetan, udal igerilekuetan, udal hilerrian, udal instalazio eta biltegietan, lorezaintza eta hiriko zuhaitzak, garbiketa publikoa, hiriko altzariak instalatzea eta haien mantentze-lanak egitea, herri-lurrak, bideak, pistak, zubiak, ureztaketako erretenak, iturgintza lanak, elektrizitatea, pintura eta zurgin lanak.

–Gainerako udal zerbitzuekin koordinatzea (Kirolak, Kultura, Jaiak, Hirigintza Zerbitzua, etab.).

–Zaindu eta kontrolatu behar ditu bere zerbitzuko makineria guztiak, erremintak, ibilgailuak, lanabesak eta abar.

–Planifikatzea eta kudeatzea udal hilerriaren mantentze-lanak, ongi egin daitezen (igeltserotza lanak, lorezaintza, hondakin garbiketa, etab.).

–Bere zerbitzuaren instalazioetan gertatzen diren goiti-beheiti tekniko guztien berri emanen du, eta behar diren aldaketa eta hobekuntzak proposatuko.

–Zerbitzu anitzetako langile guztien lanak gainbegiratzea, behar dituzten laguntzak ematea eta haien prestakuntza eta garapena bultzatzea, bat etorriz Mendabiako Udalaren eskakizunekin, eta lanak nola egiten diren kontrolatzea.

–Gainbegiratzea behar diren segurtasun neurri guztiak betetzen direla antolatutako zeregin bakoitzean.

–Kudeatzea langileak (oporrak) eta gidatzea Zerbitzu Anitzetako Lantaldea. Lan eta zeregin guztiak antolatuko eta kontrolatuko ditu, eta bere kargura dituen langile guztien artean banatuko. Langileen errendimendua ere gainbegiratuko du.

–Alkatetzak edo beste organo delegatu batzuek agintzen dioten beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barrenean.

3.–Erantzukizunak.

Besteak beste honako erantzukizun hauek, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Une oro betetzea laneko arriskuen prebentziorako arauak.

–Sustatzea zerbitzu anitzak hobetu daitezela, eta horretan laguntzea, eta, horretarako, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak proposatzea.

–Lana antolatzea, Alkatetzak nahiz organo delegatuek ezarritako xedeak beteko direla bermatu beharrez.

–Dagokion lan esparruko ordena zehatza mantentzea eta, hartara, eskura jarritako baliabideak egoera onean eta erabiltzeko maneran edukitzen ahalegintzea.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Aldiro eta garaiz komunikatzea Alkatetzari/Idazkaritzari eta zinegotzi arduradunari Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak ezagutu eta aplikatzea.

4.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

4.1. Izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta izendapen egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin ez badaude zuzenbidez bereizita; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin ez badaude zuzenbidez bereizita, baldin badira 21 urtetik beherakoak edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako titulu hauetakoren bat izatea: batxilergoa, bigarren mailako lanbide heziketa (adar teknikoa, elektrikoa, elektronikoa, lorezaintza, eraikuntza eta antzekoak) edo horien baliokidea; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Ez egotea dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik, eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

4.2. Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

4.3. Aurreko baldintzak deialdi honetan jasotako epean eta moduan frogatu beharko ditu gainditu ondoren lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean bete beharko dira, baita hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte ere.

5.–Eskaerak.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztuko dira Mendabiako Udaleko Erregistro Orokorrean (Udaletxeko plaza 1, 31587, Mendabia), hogeita hamar egun naturalean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, eta I. eranskineko ereduari lotuko zaizkio; haietan adieraziko da eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen direla.

5.2. Eskabidea deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa izanen da, eta agiri hauek erantsi behar zaizkio:

–NANaren fotokopia.

–Eskatutako tituluaren frogagiria.

5.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Baldin agiriak aurkezten badira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak baimendutako beste bide baten bidez, izangaiak posta elektronikoz jakinarazi beharko dio Udalari, eskabideak aurkezteko epean, helbide honen bidez: ayuntamiento@mendavia.es.

6.–Hautagaitzak onartzea.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Mendabiako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Halaber, aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta www.mendavia.es Udalaren web-orrialdean, eta izangaiei hamar egun balioduneko epea emanen die erreklamazioak egin ahal izateko eta, halakorik bada, egin dituzten akatsak zuzentzeko.

Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

6.2. Erreklamazioetarako epea amaituta eta aurkeztutakoak ebatzita, alkateak onetsiko du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du zerrenda hori argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta webgunean: www.mendavia.es.

Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

6.3. Behin hautaprobak hasita, gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira.

6.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Azterturik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana, ohartuz gero ez dutela betetzen eskatutako baldintzaren bat, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

6.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluaren ondorioetarako; aipatutako lege hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa da.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:

Mahaiburua: Mendabiako Udaleko alkatea, María Josefa Verano Elvira. Ordezkoa: Mendabiako Udaleko bigarren alkateordea, Blas Verano Salcedo.

Mahaikide-idazkaria: Mendabiako Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Mendabiako Udaleko kontu-hartzailea.

Mahaikidea: Hirigintza eta Industriako Lantaldeko burua, Rafael Felones Morrás. Ordezkoa: lantalde horretako kide bat.

Mahaikidea: Jurramendiko Mankomunitateko Zerbitzu Juridikoetako zuzendaria, Fernando Remírez Gorría. Ordezkoa: Jurramendiko Mankomunitateko Zerbitzu Juridikoetako legelaria.

Mahaikidea: udal arkitekto aholkularia, Silvia Barbarin Gómez. Ordezkoa: Jurramendiko Mankomunitateko Uren Zerbitzuko Mantentze-lanetako burua.

7.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta horren berri emanen diote Alkatetzari, baldin badaude urriaren 2ko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (urriaren 2ko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako kausak direla eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa, gutxienez, bertan izan gabe. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake. kide anitzeko organo horren osaerak balio dezan, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

7.4. Epaimahaiak aholkulari adituak har ditzake proba guztietarako edo batzuetarako. Beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Proben nondik norakoa.

Probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Baztertua geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak. Oposizioan gehienez ere 100 puntu lor daitezke.

Hautapena honako proba hauen bidez eginen da:

–1. proba, teorikoa: proba honetan aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, idatziz, gehienez ere ordubetez, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Galderak deialdiko II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira.

Ariketa horretan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez. Baztertu eginen dira 15 puntu gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Erantzun okerrak penalizatu eginen dira, galderaren puntuazioaren %33rekin edo %25ekin, segun erantzun posibleak hiru edo lau diren.

–2. proba, praktikoa: bi kasu praktiko edo gehiago ebaztea, gai-zerrendako arloei buruzkoak. Horretarako, behar diren txosten edo memoria baloratuak idatziko dira, eta, haietan, tratatuko eta ebatziko dira epaimahaiak planteatzean dituen auziak edo problemak, aipatutako gai-zerrendarekin loturik, ezartzen den denbora epean.

Ariketa honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Bigarren proba zuzentzeko pliken sistema erabiliko da, eta baztertu eginen dira gutxienez 20 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

–3. proba, informatikoa: ariketa praktiko bat edo zenbait eginen dira ordenagailua maneiatzeaz eta honako hauen ezagupenaz: Microsoft Excel kalkulu orria eta Microsoft Word.

Ariketa horretan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez, eta ez da baztergarria izanen.

Proba bukatutakoan, zuzendu eta berehala argitaratuko dira emaitzak.

–4. proba: nortasuna ebaluatzea.

Proba psikoteknikoak eginen dira, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalaren laguntzaz, edo erakunde horrek izendatzen duen langileen laguntzaz. Proba horietan, baloratuko da zer gaitasun pertsonal dituzten izangaiek, ezaugarri psikoteknikoei dagokienez, lanpostuaren profilerako eta lanpostuak dituen zereginetara egokitzeko.

Proba honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez. Gehieneko puntuazioaren %50 baino gutxiago lortzen dutenak baztertu eginen dira besterik gabe.

–5. proba: elkarrizketa epaimahaikoekin. Elkarrizketa pertsonala eginen zaie izangaiei, betiere tratu berdintasunaren printzipioa errespetatuz. Honako hauek landuko dira: izangaien ezagutza orokorrak edo berariazkoak eta haien gaitasunak eta nola egokitzen zaizkion lanpostua betetzeko profil egokienari.

Proba honen balioa 10 puntuko da, eta ez da baztertzailea.

Mahaikideek nork bere aldetik jarriko dituzte puntuazioak, eta horiekin batez besteko aritmetikoa eginen da izangai bakoitzari puntuazioa emateko.

9.–Gainditu dutenen zerrenda, izendapena eta jabetza hartzea.

Oposizioko ariketak baloratu ondoren, behin-behineko emaitzak argitaratuko dira Mendabiako Udaleko web-orrian eta iragarki-taulan, eta 3 egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko.

Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik bigarren proban, praktikoan, zein den puntuaziorik handiena. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar baten bidez erabakiko da, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, beheranzko hurrenkeran, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Zozketaren emaitzak web-orrian (deialdiaren aipuan) eta iragarki-taulan argitaratuko dira.

Alegazioen epea iraganik, epaimahaiak iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazio-ordenaren arabera, eta alkateari igorriko dio. Hark, proposatuko du izenda dadila puntuazio handienarekin gainditu duen izangaia. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Oposizioa gainditu dutenekin (50 puntu edo gehiago) eratuko da aldi baterako kontrataziorako zerrenda bat, deialdi honen xede den lanposturako, gerta daitezkeen beharretarako.

Orobat, Udalak aldi baterako kontratua eskaini diezaieke gainditu duten izangaiei, zerrendan daudenei, deialdi berririk egin behar izan gabe (zerrendak indarrean dirauen bitartean, hots, bost urteko epean, oinarri hauetako 1.1 puntuaren arabera), baldin kontratazio premiarik badago Zerbitzu Anitzetako lanposturako, baldin hautaketa prozesu honen xede diren trebetasun eta abilezia antzekoak behar badira, edo apalagoak.

Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Mendabiako Udalaren bulegoetan:

–Eskatutako tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia behar bezala konpultsatua, edo hura jasotzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekina.

–Interesdunak dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun psikiko edo fisikoa duela frogatzen duen medikuaren agiria edo txostena.

–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

–Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko eta defendatuko dituela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Epe horretan, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak indarrik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna. Aurreko apartatuan jasotakoa gertatuz gero, puntuazioen zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko da lanpostua.

10.–Izendapena.

10.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, eta izangaiak 9. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko alkateak izendatuko du Mendabiako Udaleko lan-kontratudun finkoa, C mailakoa. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean. Epe horretan, eta ezinbestekoa izan ezik, izendatuak ez badu lanpostuaren jabetza hartzen, galduko ditu Mendabiako Udaleko C mailako lan-kontratudun finkoa bilakatzeko eskubide guztiak.

10.3. Izangai hautatua kontratatuko da lan-araubidean, kontratu mugagabearekin. Kontratuak sei hilabeteko epea izanen du, eta, hartan, bi alderdietako edozeinek egin dezake atzera kontratuan, inolako arrazoirik eman gabe.

11.–Arauak, aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko.

Honela kudeatuko da probak gainditu bai baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrenda: jarraituko zaio hautapen prozesu honetan lortutako guztizko puntuazioaren ordenari. Harremanetan jarri, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak ez badu erantzuten edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu honako arrazoi justifikatuetako batengatik uko egiteko kasu batean dagoela:

–Aldi baterako ezintasuna.

–Amatasun edo aitatasun baimena.

–Hiru urtez azpiko haurra edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua zaindu behar izatea.

–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, ezin duena bere burua gobernatu adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

–Ezkontza edo parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.

–Kontratazioren bat indarrean izatea, dela administrazio araubidekoa edo lan-araubidekoa.

–Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarriekin.

Aipatutako egoeretako batean dauden izangaiek 3 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute. Baldin kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa ez bada aurkezten epe barrenean, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

13.–Genero berdintasunari buruzko klausula.

Deialdi honetan, gaztelaniazko bertsioan, maskulino generikoaren forma erabiltzen denean, ulertu behar da berdin egiten zaiela aipamena emakumezkoei eta gizonezkoei.

Mendabian, 2019ko azaroaren 4an.–Alkatea, María Josefa Verano Elvira.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia: sortze eta berriztatze lanak lorezaintzan. Belardia berriztatzea eta ereitea, zuhaitzak, zuhaixkak eta landare loredunak ordezkatzea. Drainatzeak. Drainatze motak. Kimatze lanak: zuhaitzak kimatzea. Kimaketaren oinarriak. Maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko lanetako makinak eta tresnak (sasi-garbitzeko makina, belarra moztekoa, aizkora, motozerra). Lanen prebentzioa lorezaintza eta kimatze lanetan.

2. gaia: igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak egitea. Obrak zaintzea eta mantentze-lanak. Obra txiki edo ertainetako makineria maneiatzea. Igeltserotza lanetako arriskuen prebentzioa.

3. gaia: eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak. Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

4. gaia: argiteria publikoa paratzea. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Argien euskarrien banaketa. Kanpoan jartzen diren argiak: motak eta ezaugarriak. Elektrizitate lanetako arriskuen prebentzioa.

5. gaia: iturgintzako instalazioen mantentze-lanak: komun-ontziak, txorrotak, zisternak eta sifoiak. Berotzeko eta girotzeko zirkuituen mantentze-lanak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak, etab. Energia aurrezpena eta ingurumenarekin lotutako aurrezpena kontzeptuak.

6. gaia: oinarrizko ezagutza laneko arriskuen prebentzioko arauen gainean. Segurtasun neurriak. Nork bere burua babesteko elementuak.

7. gaia: elektrizitateko, mekanikako nahiz eraikuntzako goi mailako lanbide heziketako arlo eta gaitasunetako ezaupide teknikoak.

8. gaia: Mantentze-lanetako zerbitzuaren antolaketa. Ekipoa prestatzea. Zuinketa. Erabili beharreko materiala. Garapen faseak. Mantentze-lanetako arduradunaren eginkizunak. Harremanak zuzendaritza teknikoarekin. Harremanak gremioekin.

9. gaia: mendabiako udalerriaren ezagutza: kaleen izenak, bai eta parajeenak eta ibaienak ere; nomenklatura ofiziala eta tradizionala; Udaleko araudia, ordenantzak.

10. gaia: Udalerriaren antolaketa eta eskumenak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen II. tituluko II. eta III. kapituluak). Nafarroako udalen funtzionamendua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen III. tituluko I. kapitulua).

11. gaia: Oinarrizko informatika: Windows sistema eragilea, Microsoft Word testu tratamendua, Excel kalkulu-orria eta posta elektronikoa.

Iragarkiaren kodea: L1914286