228. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14/2019 FORU AGINDUA, urriaren 25ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekaren deialdia egiten duena, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 479412.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak bi prestakuntza bekaren deialdia egin nahi du unibertsitate tituludunentzat, dokumentuak eta artxiboak kudeatzearen arlorako.

Beka horiek iragarriz eta emanez Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak bi helburu lortu nahi ditu: alde batetik, artxiboen arloan eskumena duen departamentuari ordenamendu juridikoak esleitutako eginkizunak hobeki betetzea, zehazki Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak esleitutakoak; eta bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan artxiboen eta dokumentu ondarearen arloan egiten den lanean, hain zuzen ere Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak egiten duen horretan.

Deialdiari eta bekak emateari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, eta osagarri moduan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza beka emateko deialdia onestea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko.

2. Bekak emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. 26.361,88 euroko gastua baimentzea (13.132,51 euro beka bakoitzerako). Honela banatuko da:

  • 26.265,02 euro (13.132,51 euro beka bakoitzerako) 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Bekak” izeneko A21002 A2200 4800 332100 partidaren kargura ordainduko dira, edo 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako gaitzen den antzeko partidaren kargura.
  • 96,82 euro (48,41 euro beka bakoitzerako) 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura. Kopuru hori Gizarte Segurantzaren 2020ko abenduko enpresa kuotari dagokio, zeina 2021eko urtarrilean ordaindu behar baita.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzura eta Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 25ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko bi prestakuntza beka emateko deialdiaren oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da unibertsitateko tituludunei (gradua, lizentzia edo titulu baliokide bat dutenei) bi prestakuntza beka emateko deialdiaren oinarriak ezartzea. Bekak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko dira.

Beken helburua da unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea, zuzenean ezagut dezaten zer jarduketa egiten dituzten artxiboen eta dokumentu ondarearen arloan Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak eta hura osatzen duten artxibo zentroek: Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboak.

2. Aurrekontuko diru erabilgarria.

Beka honi aurre egiteko gastua, guztira, 26.361,88 eurokoa da, 13.132,51 euro beka bakoitzerako (Gizarte Segurantzako kotizazioak barne). Honela banatuko da:

  • 26.265,02 euro (13.132,51 euro beka bakoitzerako) 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere ekitaldi horretan kreditu nahikoa badago.
  • 96,82 euro (48,41 euro beka bakoitzerako) 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura. Kopuru hori Gizarte Segurantzaren 2020ko abenduko enpresa kuotari dagokio, zeina 2021eko urtarrilean ordaindu behar baita.

3. Iraupena.

Bekaldia esleipenaren ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da (betiere 2020ko urtarrilaren 1a baino lehenago ez), eta 2020ko abenduaren 31n bukatuko. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari eskatuz gero, beka luzatzen ahalko da, 12 hilabeteko aldietarako, gehienez ere hiru urte bete arte, lehenbiziko aldia eta luzapenak kontaturik.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Beka bakoitzaren zuzkidura, hilero, 1.050 euro gordinekoa izanen da, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Kopuru horretatik bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko da. Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Bekak hilero ordainduko dira, hila bukaturik.

Beken onuradunei ordaintzen zaien dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5. Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6. Eskatzaileak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) 1. oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea (gradua, lizentzia edo baliokidea), Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean lortu izana.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

d) Adinez nagusia izatea.

e) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

f) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

7. Balorazio baremoa.

Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak:

a) Ikasketa espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.

Ikasketa espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).

Gai: puntu bat.

Oso ongi: 2 puntu.

Bikain: 3 puntu.

Ohorezko matrikula: 4 puntu.

b) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa eta frantsesa. Gehienez ere: 1,5 puntu.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu emanen dira hizkuntza bakoitzarengatik. B2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira.

c) Beste unibertsitate titulu akademiko batzuk. Gehienez ere: 2,5 puntu.

Artxiboei buruzko masterra edo baliokidea izatea: 2 puntu. Beste titulu akademiko batzuk (graduak, diplomak, lizentziak edo graduatu ondokoak): 0,50 puntu bakoitza.

d) Artxiboekin zerikusia duten baina unibertsitateko tituluaren ikasketa planean sarturik ez dauden gaietan langile gisa izandako esperientzia: Gehienez ere: puntu 1.

0,25 puntu emanen dira langile gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, aitorpena...).

e) Dokumentuak eta artxiboak kudeatzeko bestelako prestakuntza, ikastaro espezializatuen bidez eskuratua. Gehienez ere: puntu 1.

Dokumentuen eta artxiboen kudeaketari buruzko prestakuntza, ikastaro espezializatuen bidez eskuratua, 0,10 punturekin baloratuko da guztira 10 ordutik gorakoa den ikastaro bakoitzeko, betiere erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu badute.

Eskatzaileen artean berdinketarik izanez gero, baremoko a) atalean puntu gehien erdietsi duenaren alde joko da. Berdinketak irauten badu, c) atalean puntu gehien lortzen duenaren alde joko da, eta, ondoren, behar izanez gero, d), e) eta b) ataletako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horretan. Azkenik, behar izatera, zozketaz ebatziko da.

8. Eskaerak.

8.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesa dutenek eskabide orokorra aurkeztu beharko dute Kultura eta Kirol Departamentuko Erregistroan, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetako edozeinetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aipatzen diren tokietako edozeinetan, eta Erregistro Orokor Elektronikoan, 20 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.2. Honako agiri hauek aurkeztuko dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Eskabide-orria (oinarri hauei erantsia).

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

f) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere.

h) Alegatutako merezimenduen gaineko egiaztagirien dokumentuak eta fotokopiak, zazpigarren oinarriaren arabera baloratuak izateko.

8.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpena jakinaraziko zaio.

8.4. Prestakuntza beka hauek jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

9. Ebaluazio Batzordearen osaera eta bekak emateko prozedura.

9.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko baitira.

Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Joaquím Llansó Sanjuan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: José Miguel Gamboa Baztán jauna, Kultura eta Kirol Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

Idazkaria: María Carmen Munárriz Elizondo andrea, artxiboetako goi mailako teknikaria.

Ordezkoa: Elena López Fernández andrea, Dokumentuen eta Artxiboen Kudeaketa Sistema Administratzeko Bulegoko burua.

Batzordekidea: Félix Segura Urra jauna, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Carlos Idoate Ezquieta jauna, artxiboetako goi mailako teknikaria.

Batzordekidea: Susana Herreros Lopetegui andrea, Dokumentu Ondarea Kudeatzeko Ataleko burua.

Ordezkoa: Juan Carlos Balda Goldaracena jauna, artxiboetako goi mailako teknikaria.

9.2. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Ebaluatzen hasi aurretik, txosten bat prestatuko du, non adieraziko baitu eskatzaileek bekak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

9.3. Ebaluazio Batzordeak, aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratu ondoren, bekak emateko proposamena eginen du, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz.

9.4. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira bekak, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Ebazpen hori eta hautagaien zerrenda, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Kultura eta Kirol Departamentuaren iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean (Navarrería kalea 39, behea, Iruña).

Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta beka nori eman zaion, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla, halakorik baldin bada.

Puntuaziorik altuena lortzeagatik bekak jasoko dituzten interesdunei jakinaraziko zaie ebazpena; gainera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

9.5. Hautapen prozesua bukatu ondoren, bekak jasotzeko hautatzen diren pertsonek prestakuntza beka eskatzean alegatu zituzten merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte.

10. Tutoretzak.

10.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko Zuzendaritzak zuzenduko eta gainbegiratuko ditu beken onuradunen jarduerak, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboan betetzen diren lan eta eginkizunetan trebatzera bidera daitezen.

10.2. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu, betiere 7:30etik 15:00etara bitartean, astelehenetik ostiralera, eta begiratuko du bekadunek beren betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituztela.

11. Prestakuntza jardueraren azken memoria.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, bekadunak jaso duen bekaren azkeneko hilekoa itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta horrek balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

12. Onuradunaren betebeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga guztien ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela. Horrekin batera, zinpeko aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

f) Organo eskudunari komunikatzea, hala badagokio, emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.

h) Prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.

13. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Emandako bekari berariaz uko eginez gero, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, gutxienez 15 egun natural lehenago.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

Nolanahi ere, hasierako bekaren iraupena eta uko kasuetan ematen ahal diren bekena batuta, ezin da hiru urteko epea gainditu.

14. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekadunen jarduerak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren instalazioetan eginen dira, astean 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaie bekadunei.

15. Jabetza intelektuala.

Bekadunek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

16. Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

16.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

17. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko Administrazio Publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan galarazi gabe, eskubidea izanen du zerbitzuen eta bidaien arabera izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. Ez-betetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera zuzkidura ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluaren arabera eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutze-interesak eta ezar litezkeen zehapenak galarazi gabe.

19. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuari jarraikiz.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

20. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Inprimaki normalizatua (PDFa).

Datuen babesa

Datu-pertsonalen tratamenduari eta horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, honako hau jakinarazten zaie eskatzaileei:

–Deialdi honetan parte hartzeko ematen dituzun datuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak hartuko ditu tratatzeko, deialdiko zure parte-hartzea kudeatzeko eta, beka emanez gero, alderdien artean sortzen den harreman juridikoa kontrolatzeko eta gauzatzeko;

–Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzaren bidez jar zaitezke harremanetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko datuak babesteko ordezkaritza unitatearekin, zeina Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago;

–Zure datu pertsonalak tratatzea legezko eta nahitaezko baldintza da deialdian onartua izateko eta, hala dagokionean, beka ematearen ondoriozko harremana eratzeko, barnean dela organo kudeatzaileari ahalmena ematea behar diren ziurtagiriak lortzeko Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik, Nafarroako Zerga Ogasunetik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik.

–Tratatzeko biltzen diren datu pertsonalei dagokienez, eskubidea duzu haietan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, eta noiznahi erabil dezakezu eskubide hori. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, legeria indardunak ezarritako moduan;

–Bekaren kontzesioa exekutiboa izan arte gordeko dira zure datuak, eta, onuradun izanez gero, beka amaitu arte, betiere ez badago ebatzi beharreko errekurtso edo auzirik, eta, behar denean, indarreko araudi administratiboak eskatzen duen arte.

–Zure datuak babesteari dagokionez, eskubidea duzu erreklamazioa egiteko Datuak Babesteko Bulegoan.

Iragarkiaren kodea: F1913693