227. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 9an hartua, Larunbeko Kontzejuaren gaztelaniazko izena aldatzea onesten duena. Hemendik aurrera “Larunbe” izanen da, “Larumbe” ordez.

Larunbeko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari igorri dio kontzeju horren izen ofiziala aldatu, eta “Larunbe” izan dadin tramitatutako espediente administratiboa. Espedientea 2019ko apirilaren 11n jaso da Toki Administrazioko Erregistro Orokorrean.

Espediente horretan, Kontzejuak 2018ko abenduaren 1ean hartutako erabakiaren ziurtagiria dago. Erabaki horren bidez, behin betiko onetsi zen izen aldaketa, ez baitzen inolako alegaziorik aurkeztu hilabeteko epean jendaurrean egon ondoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, bai eta Kontzejuko iragarki-taulan eta Itzako Udaleko iragarki-taulan ere.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 37. artikuluan honako hau ezartzen da: “Kontzejuen izen aldaketak, udalentzat ezarritako arauei lotuko zaizkie”.

Aipatu foru legearen 22. artikuluak hauxe dio: “Udalerrien izenak aldatzeko udalek hartutako erabakia beharko da, aurretik, gutxienez hilabete bateko informazio publikoa egonda. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta hau emandakotzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik suertatzen ez bada”.

Kontzejuak izena aldatzeko egindako eskaera 2019ko apirilaren 11koa da.

2019ko apirilaren 23an, Toki Antolamendurako Zerbitzuak horri buruzko txostena eskatu zion Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat, toki entitateari jakinarazten zaio ebazteko epea eten zela harik eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak txostena bidali arte.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren txostena 2019ko ekainaren 22an sartu zen Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian, eta hartan ondorioztatzen da ezen “Larunbe euskal toponimo bat dela, euskaraz erabiltzen dena eta erabili izan dena. Ez da azpimarratu beharrik nb-rekin idatziriko euskal forma (Larunbe) desberdina dela gaztelaniaz erabili izan denarekin alderatuta, mb-rekin idatzi izan baita (Larumbe)”.

Horri dagokionez, kontuan hartu behar da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisprudentzia arlo honetan, bereziki 2003ko ekainaren 30ean eta 2012ko urriaren 29an emandako epaiak, onartzen baitute eremu mistoko zenbait entitatek eskubidea dutela, euskal toponimoa dutenean, bakarrik euskal grafia erabiltzeko, eta hau horrelako kasu bat da.

Horrenbestez, bidezkoa da organo eskudunak, hots, Nafarroako Gobernuak, onestea izen aldaketa.

Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, Estatuko Administrazio Nagusiari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 25.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Toki Entitateen Erregistroan inskribatuko da.

Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: “Udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea”. Hortaz, onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratu beharko da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Larunbeko Kontzejuak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera “Larunbe” izanen da toki entitate horren izena.

2. Erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrari igortzea, Administrazio Publikoen Ministerioaren Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, eta, halaber, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan inskribatzea.

3. Erregistro horietan inskribatu ondoren, Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratzea.

4. Erabaki hau Larunbeko Kontzejuari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko urriaren 9an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1913671