227. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

191E/2019 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Artaxoako udal-mugartean neurketa anemometrikorako dorre bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea MTorres Desarrollos Energéticos SL da.

2019ko uztailaren 11n, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Neurketa anemometrikorako 100 metroko dorre bat jarri nahi da Artaxoako 8. poligonoko 606. lurzatian (X: 604.930, Y: 4.712.745).

Dorrea sekzio triangeluarreko saretazko egitura bat da, 8 mm-ko altzairuzko tiranteen bidez txarrantxatua, eta elkarren artean 120º-ko angeluez bereizitako 3 planotan daude. 1,5 x 1,5 x 1,7 metroko hormigoizko zapatetan sartutako altzairuzko piken bidez ainguratzen dira tiranteak lurrean. Tiranteak, guztira, 9 puntutan daude zimendatuta. Dorrearen oinarrian altzairuzko plaka bat duen burdineria baskulatzaile bat dago, hormigoizko 1,9 x 1,9 x 0,4 metroko zapata baten gainean.

2019ko urriaren hasierara arte, kokapen horretan neurketarako 80 metroko dorre bat zegoen. Dorre horren emakidaren indarraldia aipatu hilabetean bukatu zen. Kokapena ona da haize-arrosaren arabera. Horregatik, erregistratutako datu-seriea luzatu nahi da, koordenatuak aldatu gabe baina datuak lurretik 100 metrora neurtuz.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena dago, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Artaxoako Udalari ere eskatu zitzaion hirigintza txostena.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.

Espedientearen txostenak ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan, Nafarroako Foru Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuan eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Artaxoako udal-mugartean neurketa anemometrikorako dorre bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea MTorres Desarrollos Energéticos SL da.

2. Baimen honek hurrengo neurriak aplikatzeko betebeharra ezartzen du, aurkeztu den ingurumen ukipenen azterlanean ezarritako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriez gain:

–Ingurumen arlokoak:

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira. Soberako lurren eta obra-materialen hondakinak kudeatzailearen esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendura eraman beharko dira, izaeraren arabera.

• Ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena eman ondoko 5 urtean desmuntatuko da dorrea. Eremua garbi geldituko da, eta lurrak lehengoratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokion araudia betez.

–Hirigintza arlokoak:

• Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko dorre bat eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.

• Herri-lurren Atalak 2019ko urriaren 15ean emandako txostenarekin bat:

“Estazio anemometrikoa herri-lurretan kokatu nahi denez, obra-lizentzia eman baino lehen, Artaxoako Udalak lur horiek desafektatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Ataletik, ondoren horien erabilera lagatzeko, eta nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, 6/1990 Foru Legearen 140.1 artikuluan eta 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Orobat, sustatzaileari eta Artaxoako Udalari ohartarazi behar diegu ezen herri-lurra okupatzea, dena delako ondorioetarako, irregularra eta ilegala izanen dela Nafarroako Gobernuak lur horien desafektazioa onetsi ez badu.

Gogorarazi beharrekoa da ezen, beharrezko baimen guztiak izan ezean, ez dela tramitatuko herri-lurrak zergapetzeko, okupatzeko edo horien erabilera lagatzeko espedientea.

Nolanahi ere, aipatzekoa da herri-lurrak desafektatzeko baimena emateak ez duela galarazten beste baimen administratibo batzuk edo bestelako baimen batzuk ere izan behar izatea, aplikatu beharreko berariazko legeriaren arabera, ez eta agintaritza eskudunek kasu bakoitzean eskatzen dituzten baldintzak erabat bete behar izatea ere”.

• Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, instalazioak 100 metroko altuera gainditzen badu, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren baimena lortu beharko da.

• Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

• Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimenaren baldintza da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimentzen den jarduerak kaltetutako lurrak lehengoratuko direla edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Artaxoako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitateari) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1913963