227. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 9an hartua, Zildozko Kontzejuaren izena aldatzea onesten duena. Hemendik aurrera “Zildotz-Cildoz” izanen da, eta ez “Cildoz”, orain arte bezala.

Zildozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari igorri dio kontzeju horren izen ofiziala aldatu, eta “Zildotz-Cildoz” izan dadin tramitatutako espediente administratiboa. Espedientea 2019ko maiatzaren 10ean jaso da Toki Administrazioko Erregistro Orokorrean.

Aipatu espedientean honako hauek ageri dira: Zildozko Kontzejuko Batzordeak 2017ko azaroaren 20an hartutako erabakia, izen aldaketa hori hasiera batean eta aho batez onetsi eta jendaurrean jarri zuena hilabeterako (2018ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 26koan), eta batzorde horrek berak 2019ko maiatzaren 7ko bilkuran legez eskatutako gehiengoaz hartutako erabakia, izen aldaketa behin betiko onesten zuena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 37. artikuluan honako hau ezartzen da: “Kontzejuen izen aldaketak, udalentzat ezarritako arauei lotuko zaizkie”.

Aipatu foru legearen 22. artikuluak hauxe dio: “Udalerrien izenak aldatzeko udalek hartutako erabakia beharko da, aurretik, gutxienez hilabete bateko informazio publikoa egonda. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta hau emandakotzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik suertatzen ez bada”.

Kontzejuak izena aldatzeko egindako eskaera 2019ko maiatzaren 10ekoa da.

2019ko maiatzaren 22an, Toki Antolamendurako Zerbitzuak horri buruzko txostena eskatu zion Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat, toki entitateari jakinarazten zaio ebazteko epea eten zela harik eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak txostena bidali arte.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren txostena 2019ko abuztuaren 27an jaso zen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian, eta hartan ondorioztatzen da “Zildotz” euskal toponimoa dela; hortaz, “Zildotz” euskarazko ahoskera gaztelaniazko fonetikara eta grafiara egokitzetik heldu da gaztelaniazko “Cildoz” forma. Horrelakoak gertatu dira euskarazko hainbat toponimoren kasuan; hortaz, bidezkoa da jatorrizko “Zildotz” forma onartzea gaztelaniazko “Cildoz” formaren euskarazko aldaera gisa.

Horri dagokionez, kontuan hartu behar da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisprudentzia arlo honetan, bereziki 2003ko ekainaren 30ean eta 2012ko urriaren 29an emandako epaiak, onartzen baitute eremu mistoko zenbait entitatek eskubidea dutela toponimoa aldatzeko.

Horrenbestez, bidezkoa da organo eskudunak, hots, Nafarroako Gobernuak, onestea izen aldaketa.

Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, Estatuko Administrazio Nagusiari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 25.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Toki Entitateen Erregistroan inskribatuko da.

Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: “Udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea”. Hortaz, onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratu beharko da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Zildozko Kontzejuak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera “Zildotz-Cildoz” izanen da toki entitate horren izena.

2. Erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrari igortzea, Administrazio Publikoen Ministerioaren Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, eta, halaber, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan inskribatzea.

3. Erregistro horietan inskribatu ondoren, Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratzea.

4. Erabaki hau Zildozko Kontzejuari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko urriaren 9an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1913672