226. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AZAGRA

Deialdia, garbitzaile lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez eratzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren

Azagrako Udaleko alkateak 2019ko urriaren 9an emandako 288. Dekretuaren bidez deialdia onetsi zen izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez eratzeko, garbitzaile izateko lanpostuan aldi baterako kontratazioaren bidez aritzeko, Azagrako Udalean sortzen diren beharrei erantzun beharrez. Deialdia argitara ematen da, bai eta hura arautuko duten oinarriak ere.

Azagran, 2019ko urriaren 16an.–Alkatea, Rubén Medrano Romeo.

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdia egiten da hautaproben bidez E mailako garbitzaile lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko, Azagrako Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Deialdi honetatik ateratzen den aldi baterako kontratuak egiteko zerrenda berriak lehentasuna izanen du lehendik dagoen beste edozein zerrendaren aurrean.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan xedatutakoa hartuko da kontuan, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

Hona hemen lanpostuaren eginkizunak, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe, besteak beste:

Udalaren instalazioak eta eraikinak garbi egon daitezen arduratzea, eginkizunak egin behar diren lantokiaren edo lantokien arabera.

Zereginak egiteko behar diren gaitasunak:

–Eraikinak eta instalazioak autonomiaz garbitzeko abilezia eta gaitasun teknikoak izatea.

–Haren kontratazioaren xede diren Udalaren eraikin eta instalazioen garbitasun zerbitzuan erabili ohi diren teknikak, tresnak eta materialak ezagutzea.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio. Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude. Era berean, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin legez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Lehen ikasketen ziurtagiriaren titulua edo horren baliokidea izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez egotea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskaerak.

3.1.–Deialdian parte hartzeko eskabideak Azagrako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (leihatilan edo honako honetan: azagra.sedelectronica.es) edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

Eskabideak iragarkian argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera izangaiek deialdiaren bigarren oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute eta Nortasun Agiri Nazionalaren kopia konpultsatua.

3.2.–Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.3.–Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahal dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, arratsaldeko ordu biak arte.

5.–Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Azagrako alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura Azagrako Udalaren iragarki-taulan eta web orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Aipatu zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bost egun balioduneko epean, izangai baztertuek aukera izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta aurreko paragrafoan esandako tokietan argitaratzeko aginduko, deialdi honetan ezarritako hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1.–Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiko burua: Rubén Medrano Romeo, Azagrako alkatea.

–Ordezkoa: Mari Cruz Medrano Medrano, alkateordea.

–Epaimahaikidea: Carlos Vidondo Zudaire, Udaleko lantaldeko arduraduna.

–Ordezkoa: Rosa María Martín Martínez, Udaleko administraria.

–Epaimahaikidea: Pedro José Luri Martínez, langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: María José Gorricho Pérez, Udaleko administraria.

–Epaimahaikidea: María Mar Gonzalo Casado, Reyno de Navarra DBHIko zuzendaria.

–Ordezkoa: Ana Arroyo Boluda, Francisco Arbeloa HLHIPko zuzendaria.

–Mahaikide-idazkaria: Udalbatzakoa.

–Ordezkoa: Cadreitako Udaleko idazkaria.

6.2.–Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako kausak direla eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3.–Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratzen ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

6.4.–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

6.5.–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen dute laguntza.

7.–Hautapen prozesua nola eginen den, eta balorazioa.

7.1.–Hautapen prozesua izanen da proba teoriko bat egitea lanpostuaren eginkizunei eta gaiei buruz.

7.2.–Proba teorikoa.

Horrelakoa izanen da:

Test motakoa, 40 galdera, erantzuteko hiru aukera dituztenak; erantzunen artean bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren erdi bateko zigorra izanen dute. Galderak I. eranskinean bildutako gai zerrendari buruzkoak izanen dira.

Proba honek ordu eta erdi iraunen du gehienez eta 80 puntu izanen ditu gehienez ere.

Probarako deialdi bakarra eginen da; hartara, izangaiek nortasun agiri nazionala aldean dutela azaldu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Hautaprobetan, denboren eta baliabideen egokitzapenak eginen dira, ahal den neurrian, elbarritasunik dutenentzat, halaxe eskatzen badute eta eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1.–Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Azagrako Udaleko iragarki-taulan eta web orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda Alkatetzari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

8.2.–Gainditu duten izangaiei deitzen ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, udal zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

9.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

9.1.–Deia.

Gainditu duten eta epaimahaiak proposatutako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitu ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa (administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera), eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira.

9.2.–Dei egiteko arau orokorrak:

1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

2. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

3. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 9.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.

4. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

5. Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta arestian dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa bete behar izan gabe.

6. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta deia bestelako lanpostu baterako zerrendatik egiten ez zaien.

7. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

9.3.–Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

Amatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuarentzat ezarritako iraupena ikusita, aukera baldin badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina nolanahi ere, erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

9.4.–Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horren azken tokira pasatuko da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean, kasu horretan, daukan lekua mantenduko baitu:

–Amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik lizentzia izatea.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan kontratu bat indarrean izatea.

–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi hori dela eta kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egongo, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte.

–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena. Arrazoi hori dela eta kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte.

–Izangaia ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalean bada.

Kasu horietan izangaia deitzeko moduan ez dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak deitzeko moduan agertzea eskatzen duen arte. Jakinarazpen hori egin bitarte, ukitutako izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.

Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

9.5.–Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasako dira honelakoren bat egiten dutenak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoi batengatik.

9.6.–Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira izangaiak deia ekarri duen zerrendatik kanpo gelditzeko arrazoiak:

a) Kontratua probaldian hutsaltzea.

b) Lanpostua bertan behera uztea.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.

d) Sinatutako kontratuari uko egiten badiote.

e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.

9.7.–Lan kontratuak.

Garbiketako laguntzailearen lanpostuaren izangaiei aldi baterako lan-kontratua eskainiko zaie, kasuan kasuko beharraren arabera iraunen baitu, eta haren araubide juridikoak Langileen Estatutua eta hura garatzeko araudia beteko ditu.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

1.–Oinarrizko kontzeptuak garbiketari buruz eta zoruen fitxa teknikoak. Zikinkeria: sorrera eta ezabaketa. Zoruak, sailkapena.

2.–Garbiketa zerbitzuaren antolamendua eta kontrola. Lan taldeak. Garbiketako langileen eginkizunak. Garbiketari buruzko kontzeptu orokorrak. Garbiketako materialaren zainketa.

3.–Makinak eta garbiketa sistemak.

4.–Garbiketa sistemak. Zoruak erraztatzea. Moparekin garbitzea. Altzairuak garbitzea. Komunak garbitzea. Kristalak garbitzea.

5.–Zentro publikoak garbitzea. Administrazio eremuak garbitzea. Bainugela eta komun publikoak garbitzea.

6.–Produktu kimikoak garbiketan. Produktu bakoitzaren ezaugarriak. Produktu horien gaineko arau orokorrak. Garbiketak eragindako desinfekzioa. Arriskuak identifikatzea produktu horiek erabiltzerakoan. Produktuen etiketak.

7.–Hondakin eta zaborren sailkako bilketa: hondakin mota bakoitza bereizi eta botatzea.

8.–Lan arriskuei aurrea hartzea garbiketa lanetan. Berariazko arriskuak garbiketa lanetan. Langileen eskubide eta betebeharrak. Norberaren babesa. Ergonomia. Zamak altxatzea. Altueretan garbitzea. Istripuen prebentzioa.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onetsitako arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1913850