226. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

142/2019 EBAZPENA, urriaren 31koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinak onesten baitu Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren titularrari eskuordetza egitea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren titularrak kontratu honetan dituen eskumenak erabiltzeko: Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriaren 1. fasea zabaltzeko interes orokorreko azpiegiturak egin eta ustiatzeko obra publikoak esleitzeko kontratua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituta dituzten eskumenen erabilera kasuko administrazioko maila bereko edo txikiagoko beste organo batzuei eskuordetzea, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere. Aipatutako xedapenean ezarri da, era berean, elkarren artean lotura hierarkikorik ez duten organoak badira, beharrezkoa izanen dela goragoko organo komunak aldez aurretik horretarako onespena ematea.

Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 23an hartutako erabakiaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren arteko eskuordetza onetsi da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak erabil daitezen kontratu honetan, kontuan izanik obra hidraulikoa interes orokorrekoa dela: Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriaren 1. fasea zabaltzeko interes orokorreko azpiegiturak egin eta ustiatzeko obra publikoak esleitzeko kontratua.

Urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren bidez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen. Hirugarren xedapen gehigarrian araututakoaren arabera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari kontratazioaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Abuztuaren 14ko 87/2019 Foru Dekretuaren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen. Foru dekretu horren xedapen gehigarri bakarrean araututakoaren arabera, departamentuko zuzendaritza nagusien eta Idazkaritza Tekniko Nagusiaren titularren esku uzten dira, bakoitzaren eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Lurralde Kohesiorako Departamentuaren titularrari kontratazioaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak arau bereko 11.1 artikuluari dagokionez ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren titularrari eskuordetza egitea, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegiturak eraikitzeari eta ustiatzeari buruzko azaroaren 22ko 12/2005 Foru Legearen 3. artikuluko b) letran xedatutakoaren arabera Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren titularrak kontratu honetan dituen eskumenak erabiltzeko: Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriaren 1. fasea zabaltzeko interes orokorreko azpiegiturak egin eta ustiatzeko obra publikoak esleitzeko kontratua.

2. Organo eskuordetuak honetarako erabiliko ditu eskumenak: aurrekontuko kredituak administratzea ustiapen kanona ordaintzearren Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriaren 1. fasea zabaltzeko interes orokorreko azpiegiturak egin eta ustiatzen dituen obra publikoak esleitzeko kontratuan, barne direla gastuak baimendu eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

3. Ez dira eskuordetza honen xedekoak izanen Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak nekazaritzako azpiegituren arloan dituen eskumenak, besteak beste, lurzati berrantolamenduren prozesuen gainekoak eta sektore edo eremu bakoitza ureztatzeko deklarazioak eta haien aldaketak.

4. Organo eskuordetuari dagokio emakida-kontratuen obra proiektuen administrazio onespena eta horietan aldaketak egitea.

5. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan, horren berri eman beharko da espresuki. Ebazpen horiek Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren titularrak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.

6. Organo eskuordetuak organo eskuordetzaileari jakinarazi behar dizkio eskuordetza honen bidez egiten dituen administrazio egintza guztiak.

7. INTIA SA sozietate publikoak kontratuaren gauzapenari buruzko alderdi guztien berri eman behar die, etengabe, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari nahiz Lurralde Kohesiorako Departamentuari, dela eraikuntza fasean, dela ustiapen fasean.

8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra eskuordetzak.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10. Ebazpen hau jakinaraztea INTIA SA sozietate publiko kontzesio-emaileari, Aguas de Navarra SA enpresa emakidadunari, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

Iruñean, 2019ko urriaren 31n.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1913886