225. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Oposizio-lehiaketa, Lan-harremanetako eta arriskuen
prebentzioko teknikarien zerrenda bat eratzeko

1004/2019 Ebazpena, urriaren 30ekoa.

Ikusirik giza baliabideen alorrean dauden beharrak, deialdi bat egin beharra dago izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez eta oposizio-lehiaketaren prozesua erabiliz, aldi baterako betetzeko Lan-harremanetako eta arriskuen prebentzioko teknikari lanpostua Giza Baliabideen alorrean, Burlatako Udalean sortzen diren beharrak betetze aldera.

Kontuan hartuz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.1. artikuluak ezartzen duela aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan bilatuko dela kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea.

Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Prozedura irekitzea eta onestea deialdiaren oinarriak izangaien zerrenda bat eratzeko, aldi baterako kontratuen bidez Lan-harremanetako eta arriskuen prebentzioko teknikari lanpostua betetzeko Giza Baliabideen alorrean, Burlatako Udalean sortzen diren beharrak betetze aldera.

2. Agindua ematea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren ediktuen taulan eta web-orriko egoitza elektronikoan argitara dadin.

3. Ebazpen hau jakinaraztea ordezkaritza sindikalari.

Burlatan, 2019ko urriaren 30ean.–Alkate udalburua, Ana María Góngora Urzaiz.

OPOSIZIO-LEHIAKETA, LAN-HARREMANETAKO ETA ARRISKUEN PREBENTZIOKO TEKNIKARI IZATEKO

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdia iragartzen da izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez eta oposizio-lehiaketaren prozesua erabiliz, Lan-harremanetako eta arriskuen prebentzioko B mailako teknikari lanpostua aldi baterako betetzeko, plantillan sortzen diren ordezpenen eta lanpostu hutsen arabera, Burlatako Udalaren Giza Baliabideen alorrean. Lanpostuaren ezaugarriak 2019ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 11n, argitaratutako plantilla organikoan ezarritakoak dira. Hona hemen:

–Lanpostu zenbakia: 4.1, Lan-harremanetako eta arriskuen prebentzioko teknikaria; B mailakoa; euskara nahitaezkoa: C1; sarbidea: oposizio-lehiaketa; lanpostuko osagarria: %38,57.

–Titulazioa: Lan harremanetako diploma edo gradua eta Laneko arriskuen prebentzioko goi mailako teknikari masterra, honako espezialitate hauetako batean:

  • Laneko Segurtasuna.
  • Industria higienea.
  • Ergonomia eta psikosoziologia aplikatua.

1.2. Lan ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.3. Deialdi honen ondorioz eratzen den aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak, gehienez ere, 5 urteko indarraldia izanen du, Udalean aldi baterako kontratazioak kudeatzeko erabakian ezarritakoarekin bat (2016ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 1ekoa).

1.4. Bete beharreko eginkizunak bere lanbide-kategoriari dagozkionak izanen dira eta Giza Baliabideen burutzak ezarritako jarraibideekin bat garatuko dira guztiak. Hona hemen egin beharretako batzuk:

–Giza baliabideen alorrean laguntza ematea honako hauei dagokienez: lanpostuen deialdiak egitea, aldi baterako kontratuetarako zerrendak egitea, nominen kudeaketa, alorreko urteko aurrekontua prestatzea, dirulaguntzak eskatzea eta justifikatzea, taldeekin egin beharreko lan bilerak, lan-kontratuak (lan eta/edo administrazio araubidean), etab.

–Laneko arriskuen prebentzioaren alorreko berariazko eginkizunak.

–Beste edozein, lanpostuaren xedearekin bat datorrena, lanpostuari dagokion mailarekin eta eskumenekin bat.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

Europar Batasuneko zuzenbideari jarraikiz, Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako nazionalitatea dutenek ere sartzea izanen dute lanpostu publiko guztietan, espainiarrei eskatzen zaizkien baldintza beretan, salbu eta botere publikoan zuzenean edo zeharka parte hartzea dakarten lanpostuetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak defendatzea helburu duten eginkizunetan.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, hala nola haien oinordekoei eta ezkontidearen oinordekoei ere, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, baldin eta oinordekoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira.

Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen joan-etorri askea aplikagarria bada.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Bi titulu hauetariko bat izatea:

1.–Lan Harremanetako diploma edo gradua.

2.–Laneko arriskuen prebentzioko goi mailako teknikari masterra, honako espezialitate hauetako batean:

  • Laneko Segurtasuna.
  • Industria higienea.
  • Ergonomia eta psikosoziologia aplikatua.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Euskarazko C1 titulua edo baliokideren bat edukitzea. Titulazioa edo mailakatze proba egiteko eskaera azalduko da eskabidean (II. eranskinean).

Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta kontratazioak diraueino.

3. oinarria.–Eskabideak:

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu ahalko dira Erregistro telematikoaren bidez (https://sedeelectronica.burlada.es) NANa edo ziurtagiri digitala edukiz gero; bertara joanda, Burlatako Udalaren Erregistro Orokorrean, Herritarren Arretarako Bulegoan (Larrainetako plaza, z.g.) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako moduetako batean.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean, eskabideak Burlatako Udaleko Erregistro Orokorrean ez, beste batean aurkezten direnean, eskatzaileak eskabidearen kopia eta parte hartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak igorri beharko ditu oac@burlada.es helbide elektronikora, zigilua eta erregistroko sarrera-data dituztela, eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Eskabideak II. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira; eredua eskuratzen ahalko da udal bulegoetan (Larrainetako plaza, z.g.) eta, era berean, Udalaren www.burlada.es. web-orrialdean ere eskuragarri egonen da.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek zinpean deklaratu behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera (II. eranskina), izangaiek honako agiri hauen kopia soilak aurkeztu beharko dituzte:

–2.c). oinarrian aipatzen den titulazioa.

–Tasen ordainketen frogagiria edo ordaintzetik salbuetsita egotearena.

–Euskara tituluaren ziurtagiri ofiziala (C1 edo baliokidea) edo mailakatze proba eskatzea.

–Desgaitasunaren egiaztagiri ofiziala.

Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak. Kontratatzeko deitzen zaienean, ekarri behar dute jatorrizko dokumentazioa, edo haren kopia konpultsatua edo behar bezala kautotua, titulazioa barne, indarreko legediarekin bat. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen ez badu, izangai hori zerrendatik kanporatuko da.

Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen dituzten.

3.3. Azterketa eskubideak.

Agiriak egiteko eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarritakoak izanen dira azterketa eskubideak; izan ere, ordenantza horrek arautzen du Burlatako Udaleko langileen plazen deialdien tramitazioa, eta 15 euroko zenbatekoa ezartzen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan xedatuari jarraituz, modu hauetako batean ordaintzen ahalko da tasaren zenbatekoa:

–Transferentzia agindua honako honen alde eginen da: “Burlatako Udala. Hautaprobak, “Lan-harremanetako eta arriskuen prebentzioko teknikari izateko”, eta tasaren zenbatekoa honako kontu korronte honetara igorriko da: ES75 2100 5256 6722 0005 7282 (La Caixa).

–Posta edo telegrafia bidezko igorpena honako honi zuzenduko zaio: “Burlatako Udala. Hautaprobak, “Lan-harremanetako eta arriskuen prebentzioko teknikari izateko”, Larrainetako plaza, z.g.”

–Bai posta edo telegrafia bidezko igorpenean bai bankuko transferentziaren kasuan, izangaia agertu beharko da igorle gisa, eta izangaiak eskabidean adieraziko ditu, horretarako utzitako tartean, nolako igorpen edo transferentzia egin den, data eta zenbakia.

–Tasa bide horietakoren bat erabiliz ordaintzen bada, eskabidea aurkezteko unean frogatu beharko da ordainketa, posta bidezko igorpenaren edo transferentzia aginduaren gordekinaren bidez.

–Burlatako Udalaren Herritarren Arretarako Bulegoan (HAB), Larrainetako plaza, z.g., eskudiruz nahiz kreditu-txartelaren bidez.

–Ordenantza fiskalaren 5. epigrafearekin bat, tasa hau pagatzetik salbuetsita egonen dira lan-eskatzaileak, baldin behar den bulegoan izena emanik badaude eta lan-eskatzailearen txartela aurkezten badute, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emana, eguneratuta. Deialdian enplegua hobetzeko parte hartzen dutenak ez dira salbuetsiko.

Behar den tasa ez ordaintzea nahikoa arrazoi izanen da izangaia hautapen prozeduratik baztertzeko.

Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen baldin izangaia baztertzen bada berari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, esaterako beharkizunak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere salbuetsiko hautaproban parte hartzeko eskabidea behar den denboran eta forman aurkeztu behar izatetik, eta hala egin ezean izangaia baztertuko da, nahiz eta azterketa eskubideak ordaindu.

4. oinarria.–Prozedura.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin bat, “Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak osatzen ahalko dituzte Nafarroako Administrazio Publikoek, hautatzeko honako sistema hauekin bat:

(...) c) Kasuan kasuko lanpostua aldi baterako betetzeko hautaproben deialdi publikoaren bidez osaturiko izangaien zerrendak, dagokion hautaproban lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz.”

Halaber, 42. artikuluak ezartzen du honako hau: “Nolanahi ere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea bilatuko da”.

Egokitzat jotzen bada, lan-eskaintza hau Foru Komunitatean gehien saltzen diren idatzizko komunikabideetan argitaratuko da, behar bezala zabal dadin, bai eta bandoak edo bestelako bitartekoak erabiliz ere, eskaintzaren zabalkundea indartzeko.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak:

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Burlatako Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta jendaurrean jarriko da Burlatako Udalaren iragarki-taulan, bai eta Udalaren web-orrian ere (www.burlada.es).

5.2. Taulan agertzen denetik hasita, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Burlatako Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Burlatako Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (www.burlada.es) jarriko da jendaurrean, deialdi honetan aipatzen den hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangaien behin betiko zerrenda eta Burlatako Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (www.burlada.es) jarriko da jendaurrean, deialdi honetan ezarritako hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, baldintzaren bat denbora edo formari dagokionez betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Hautapen prozesuan zehar epaimahaiak jakiten badu izangairen batek ez dituela parte hartzeko baldintzak betetzen, interesdunari entzun ondoren, Alkatetzari jakinaraziko dio, izangaia bazter dadin proposatuko dio eta aditzera emanen dizkio, orobat, izangaiak eskabidean egindako faltsukeriak edo baieztapen okerrak, behar diren ondorioetarako. Kasu horretan, behar den ebazpena eman arte, izangaiak hautapen-prozesuan parte hartzen jarraitzen ahalko du, baldintzapean.

Zerrendan akats materialik edo egitatezkorik dagoela ikusiz gero, edozein unetan zuzentzen ahalko da, ofizioz edo interesdunak eskaturik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluan xedatuari jarraituz.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia:

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Burlatako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Lehen mahaikidea: M.ª Cecilia Moreno Ramos, PREVENNAko Arriskuen prebentzioko teknikaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Bigarren mahaikidea: Silvia Gonzalo Etxarri, Burlatako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Hirugarren mahaikidea: langileen ordezkari sindikal bat.

Ordezkoa: langileen ordezkari sindikal bat.

–Laugarren mahaikidea: Yolanda Álvarez López, Burlatako Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

6.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Burlatako Udaleko Giza Baliabideen Departamentuari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legean horretarako ezarriak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako kausak direla eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituei deitzen ahal die probetan laguntzeko. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.6. Izangaien artean gerta daitezkeen berdinketak zozketa bidez ebatziko ditu kalifikazio epaimahaiak. Giza Baliabideen Alorrean eginen da zozketa, eta ukituak direnei deitu eginen zaie bertara daitezen.

7. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik-norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

7.1. Lehiaketaldian 5 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

Lanbideko esperientzia:

1. Administrazio publiko batean egindako zerbitzu urte bakoitzeko, edo haren zati proportzionalari dagokiona, B mailako lanpostu batean, laneko arriskuen prebentzioko teknikari eta/edo lan harremanetako diplomadun lanetan: 0,5 puntu, eta gehienez ere 5 puntu.

2. Titulartasun publiko edo pribatuko enpresa batean egindako zerbitzu urte bakoitzeko, edo haren zati proportzionalari dagokiona, laneko arriskuen prebentzioko teknikari eta/edo lan harremanetako diplomadun lanetan: 0,25 puntu, eta gehienez ere 5 puntu.

Oharrak:

1.–Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.

b) Egindako zerbitzuen iraupena, lanaldi partzialean egindakoei dagokien zatia kenduta. Urtebetetik behera egindako zerbitzuen iraupena, dagokion proportzioan.

2.–Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

3.–Dagokion deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4.–Lanean emandako denbora egiaztatzeko, enpresek eta/edo administrazio publikoek emandako ziurtagiriak eta Gizarte Segurantzak emandako lan bizitzaren agiria aurkeztuko dira.

Epaimahaiak, beharrezkotzat badu, aipatutakoa baino agiri gehiago eskatzen ahalko dizkie izangaiei.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Lehiaketaldiko puntuazio osoa oposizioaldian lortutako puntuazioarekin batuko da, eta horrela aterako da oposizio-lehiaketako puntuazio guztia.

8. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

8.1. Lehiaketaldia baztertzailea izanen da eta 85 puntu lortzen ahalko dira gehienez ere.

8.2. Oposizioa 2019. urteko azken hiruhilekoan hasiko da, gutxi gorabehera.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Oposizioko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Burlatako Udalaren webgunean eta iragarki taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.3. Oposizioko probak honako oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eta ordena berean eginen dira.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.4. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

–Lehenbiziko proba, 45 puntu, gehienez ere:

Proba teorikoa izanen da, eta test motako 100 galdera erantzun beharko dira gehienez ere, idatziz, oinarri hauetako I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Proba egiteko denbora eta akats bakoitzaren penalizazioa, proba egiteko egunean berean zehaztuko dira.

Proba honetan 45 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez 22,5 puntu lortzen ez dituztenak.

–Bigarren proba, 45 puntu, gehienez ere:

Teoriko-praktikoa izanen da, eta epaimahaiak I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz eta lanpostuko eginkizunei buruz planteatutako kasu praktiko bat edo batzuk garatu eta ebatzi beharko dira.

Proba egiteko denbora, proba egiteko egunean berean zehaztuko da.

Proba honetan 45 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez 22,5 puntu lortzen ez dituztenak.

Plika sistemaren bidez eginen da bigarren proba hau.

–Hirugarren proba (gai/ez gai):

Profil profesiografikoarekiko egokitasuna. Zenbait proba psikotekniko eginen dira, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI) prestaturikoak, institutu horri agindu baitzaio proba egitea, neurtzeko izangaiak noraino egokitzen zaizkien lanpostuko profil profesiografikoaren eskakizunei.

NAPIren kalifikazioa gai edo ez gai izanen da.

Hizkuntza ez baztertzailea erabiltzea (5 puntu).

5 puntu emanen dira bigarren proban hizkera ez baztertzailea erabiltzeagatik. Puntuazio hori gehitu eginen zaio gainerako apartatuetako emaitzak batu ondoren, ateratzen den guztizko puntuazioari.

9. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

9.1. Probak bukatuta, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrendaren proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari. Proposamen hori loteslea izanen da deialdia egin duen organoarentzat.

9.2. Hautaturiko pertsonen azken zerrenda osatuko dute probak gainditu dituztenek, puntuazio-ordena zorrotzari jarraikiz.

9.3. Alkatetzaren ebazpen bidez onetsiko da probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazio-ordenaren arabera, eta Burlatako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da. Edonola ere, hautatutako langileak gai izan beharko dute lanpostu honetan aritzeko. Horregatik, hautatutako izangaiak, kontratatua izan aurretik, Burlatako Udalak eginen duen gaitasun azterketa gainditu beharko du. Azterketa hori gainditzen ez duena hautatuen zerrendatik baztertua izanen da ondorio guztietarako.

10. oinarria.–Deia:

10.1. Gainditu duten izangaiei deitzen ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Burlatako Udalean sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

10.2. Izangaiei dei eginen zaie Burlatako Udalean une horretan indarrean den aldi baterako kontratazioak kudeatzeko erabakian ezarritakoarekin bat.

10.3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren laugarren apartatuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatu dadin, %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeari dagokionez, parte hartzen dutenek, hautapen prozesu hau gainditu beharko dute, honako oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, ondoko errekurtsoetako bat jartzen ahal da:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. atala:

1.–Laneko Arriskuen Prebentzioaren esparruko araudia. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legea, Prebentzioko Zerbitzuen 39/1997 Erregelamendua eta hura garatzeko araudia.

2.–486/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenei buruzkoa.

3.–171/2004 Errege Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, enpresa jardueren koordinazioari buruzkoa.

4.–Larrialdietarako neurriak. Larrialdietarako planak. Autobabeserako planak. Larrialdi egoerak sor ditzaketen jarduerak egiten dituzten zentro, establezimendu eta bulegoen autobabesari buruzko oinarrizko arauak.

5.–1215/1997 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, langileek laneko ekipamenduak erabiltzeari buruzkoa.

6.–286/2006 Errege Dekretua, martxoaren 10ekoa, langileen osasuna eta segurtasuna zaratarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzkoa.

7.–374/2001 Errege Dekretua, apirilaren 6koa, langileen osasuna eta segurtasuna, lanean agente kimikoekin jarduteari lotutako arriskuen kontra babesteari buruzkoa.

8.–664/1997 Errege Dekretua, maiatzaren 12koa, langileak agente biologikoekin lan egiteak dituen arriskuen kontra babesteari buruzkoa.

9.–Alderdi ergonomikoen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian. 486/1997 Errege Dekretua, lantokietako segurtasun eta osasun xedapen gutxienekoak ezartzen dituena.

10.–Alderdi psikosozialen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian. Arrisku psikosozialak. Sailkapena. Ebidentzia zientifikoa duten arrisku ereduak, lanaren antolaketarekin lotutakoak. Antolamenduzko arrisku psikosozialen kudeaketa.

2. atala:

1–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua: mailak eta graduak; hautaketa; funtzionario izaera hartzea eta galtzea; administrazio karrera; plantilla organikoak; administrazio egoerak; eskubideak eta betebeharrak; ordainsariak; diziplina araubidea.

2.–27/2011 Foru Dekretua, apirilaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.

3.–68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena.

4.–Baimen eta lizentzien 11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

5.–Lan kontratazioa administrazio publikoetan. Lan-kontratuen modalitateak: kontratu finkoa, kontratu mugagabe ez finkoa, aldi baterako kontratua eta bitarteko kontratua.

6.–Nomina. Kontzeptua, ordainsarien osagaiak. Hartzekoak, kotizatu beharrekoak eta kotizatu behar ez direnak. Kenkariak. Langilearen ekarpena Gizarte Segurantzaren kuotetarako. PFEZaren atxikipena. Kalkulua eta aplikazioa. Beste kenkari batzuk.

3. atala:

1.–39/2015 Legea, administrazio prozedura: interesdun kontzeptua; ordezkaritza; herritarrek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak; administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea eta betebeharra; erregistroak; administrazioaren isiltasuna interesdunek eskatuta hasitako prozeduretan; baldintzak eta epeak; administrazio-egintzen eskakizunak eta eraginkortasuna; administrazio errekurtsoak.

2.–Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

II. ERANSKINA

Hautapen prozesuan onartua izateko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1913794