225. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

193E/2019 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Lesakan, Domikoko zentralean, hodi bat eraberritzeko proiekturako. Sustatzailea Txingudi Zerbitzuak SA da.

2019ko irailaren 27an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Zuzendaritza Nagusian. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean dago sartuta (100 metro linealetik gorako bide berriak eta pista iraunkorrak ireki eta aldatzeko lanak, eta 10 kilometrotik beherako errepide tarteak zabaldu eta hobetzeko lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena emateari edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Domikoko zentral hidroelektrikoan betetze-hodi bat ordeztea da proiektaturiko jarduketaren helburua. Urtegitik zentraleko turbinetarako sarrera ganberara doa, eta 420 metro linealeko luzera du. Hasierako zatian, 600 mm-ko diametroa du, eta malda oso txikia, %10etik beherakoa, eta maila-lerroei jarraikiz doa ia beti; bukaerako zatian, berriz, diametroa 600 mm-koa da, baina malda %90era ere irits daiteke. Proiektaturiko hodi berria S275 JR kalitatekoa izanen da; 10 mm-ko lodiera izanen du, eta polietilenozko estaldura. 12 m-ko hodi-tarteak erabiliko dira proiektua gauzatzeko.

Hodia ordezteaz gain, arrainen eskala bat eraiki nahi da, arrainak Endara eta Mairubaratzeta erreketara igo daitezen baimentzeko. Halaber, urtegiko gainezkabidea eraitsi nahi da, eta haren altuera 4 metro txikitu, sarbideko zubiak eskoratu ondoan. Horrez gain, sistemako elementu hidrauliko guztien instalazioa Errenga hodiarekin lotzea ere proiektatzen da. 300 mm-ko diametroa izanen du hodi horrek.

Hodi berria instalatzeko, zenbait euskarri-bloke berritu beharko dira (zenbat izanen diren zehaztu gabe dago oraindik). 6 metro bakoitzeko euskarri bat beharko dela iritzi da.

Lanak gauzatzeko, tirolina bat jarriko da materiala kargatzeko eta deskargatzeko, bi tokitan ainguratuta (urtegiaren goiko aldea eta malda aldatzen den tokia). Metalezko ainguraketak erabiliko dira, lurrari eta inguruko zuhaitzei lotuta. Lehendik dauden sarbideak erabiliko dira, eta urtegiaren beheko aldera sartzeko bide bat ireki beharko da, baita hodiarekiko paraleloa izanen den beste bide bat ere, langileak eta makina txikiak sar daitezen.

Azken horretarako, 1,5 metro zabaleko bide bat irekitzea proposatzen da. Langileak eta makinak sartzeko plataforma sortzeko, proposatzen da hodiaren goiko aldean hondeatzea, eta behekoan, berriz, betelanak egitea, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetatik heldu den material birziklatua erabiliz zoru gisa. Segurtasun-soka bat ere jarriko da. Sarbidearen azkeneko tartean, 400 mm-ko hodiaren alboan, eskailera-mailak jartzea proiektatu da, batez besteko malda %45ekoa baita.

Lesakako Udalak emaniko aldeko txostena jasotzen da espedientean. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du ezen planteaturiko jarduketa baimendutzat hartzen dela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluarekin bat; izan ere, lehendik dagoen instalazio bateko esku-hartze bat da, zeinak ez baitakar inongo jardueraren edo erabileraren aldaketarik, ez eta bolumena handitzerik ere. Halaber, ez du eskatzen zerbitzu berririk, lehendik dagoen instalazio bat berritzean ez baita behar hirigintzako baimenik.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak adierazi du proposaturiko jarduketak ingurumen ukipenetarako baimena behar duela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31. artikuluari jarraikiz. Izan ere, foru dekretu horren 2C eranskinean sartuta dago, proiektua gauzatzeko beharrezkoa delako 100 metro baino luzeagoa den bide bat irekitzea. Bide hori irekitzeak eta sortzeak landaredia kentzea ekarriko du, gutxienez 2 metro zabal den tarte batean, eta horrek ukipena izanen du landarediaren eta paisaiaren gainean.

Atal honek adierazi du ezen, aurkezturiko dokumentazioa azterturik eta proiektuaren xede den eremua ikuskatu ondoan, proiektua gauzatzeak ingurumen ukipenak izanen dituela baso-eremu batean. Baso misto bat dago hor, non pagoak (Fagus sylvatica) baitira nagusi, eta pagoarekin batera haritzak (Quercus robur eta Quercus rubra), lizarrak (Fraxinus excelsior), haltzak (Alnus glutinosa), gaztainondoak (Castanea sativa), sahatsak, hurritzak eta intsusak ere agertzen baitira, beste zuhaitz eta zuhaixka espezie batzuen artean. Proiektuak ukituriko eremua Europar Batasunaren intereseko habitat bat da, pagadi atlantiar azidofiloa hain zuzen (Saxifrago hirsutae-Fagetum). Landare estaldura %100ekoa da ia, eta kontserbazio egoera, hobeezina. Gainera, adierazten da eremu hori ez dagoela naturagune babestu batean sarturik, eta ez dagoela inon jasota katalogaturiko landare edo animaliak daudela bertan. Bertara eginiko bisitan ere ez da horrelakorik aurkitu.

Ondorioztatzen da badaudela lanak egiteko arrazoi nahiko, ura zentral hidroelektrikora eramaten duen hodia oso hondatuta baitago. Zentral hori, gainera, herriguneak urez hornitzen dituen instalazio baten parte da. Hortaz, aldeko txostena ematen du, ingurune naturalean eta paisaian izanen diren ukipenak ikusirik, baldin eta hartzen badira ebazpen honetan jasotako prebentzio neurriak eta inpaktuak zuzentzekoak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua betez eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Lesakan, Domikoko zentralean, hodi bat eraberritzeko proiektuari. Sustatzailea Txingudi Zerbitzuak SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Zuinketa lanak egin eta bide berriak ireki bitartean (presaren behealdean eta hodiarekiko paraleloan), bederen, ingurumen arloko teknikari batek egon beharko du obran berean, lan horien ingurumen ukipenak kontrolatzeko. Teknikariak ingurumen ukipenen prebentziorako hartu behar diren neurriei buruz behar diren jarraibideak emanen dizkie hala obra zuzendaritzari nola langileei beraiei, ingurumen arloko jarraipenari buruzko txostena idatziko du (baldintza sorta honen bukaeran aipatzen da), gertatzen diren gorabehera guztien berri emanen du gertatu bezain pronto, eta hondakinak egoki kudeatzen direla kontrolatuko du.

–Obrak hasi aurretik Bidasoaldeko Basozaintzari abisatuko zaio, laneko kalearen balizatzea eta zuinketa egiten direnean bertan egon daitezen. Bota behar diren zuhaitzak markatzeaz arduratuko dira, eta, horretarako, departamentu honek emandako administrazio baimena beharko da aldez aurretik.

–Sarbideen trazaduraren diseinua asko aldarazi gabe, zuhaitzik ez mozteko ahalegina eginen da obra-zuinketa lanetan, eta beharrezkoa izanez gero aldaketa txikiak eginen dira lan eremuan bertan. Laneko kaleak behar bezala balizatuko dira ikusteko moduko zinta baten bidez.

–Proiektuaren eremu osoan, laneko kalearen zabalera 2,5-3 metrokoa izanen da gehienez. Ahal den neurrian kale hori bidearen zabalerakoa izanen da (1,5 m), zehazki, arroka zulatzea beharrezkoa den tarteetan eta malda handieneko bukaerako tartean. Makina txikiekin lan eginen da betiere. Gainera, makinek seriean eginen dute lan, ez paraleloan.

–Hondeaketa lanetan eta betelanetan, sarbideak gauzatzean, proiektuak ukituriko eremu balizatutik harago materiala ez erortzeko sistemak ezarriko dira. Dokumentazioan proposatzen den gisara, harriei eta lurrari eusteko sistemak instalatuko dira, ez daitezen eror Endara eta Mairubaratzeta erreketara. Uneren batean atzemanez gero erreka horiek uher daudela, solido esekiei eusteko sistemak instalatuko dira; esaterako, tapaki geotestilaz estaliriko lasto-fardelak jartzen ahalko dira.

–Obrarako eta tirolinaren kalerako sarbideen inguruko zuhaitzetan kalterik ez egiteko, adarren proiekzio horizontala eta proiektuaren trazadurak gainezartzen badira, adar horiek moztuko dira. Handik hurbil ezaugarri bereziko zuhaitz aleren bat baldin badago (30-40 cm baino gehiagoko diametroko zuhaitzak), eraginkortasunez babestuko dira, zuhaitzen perimetroan zurezko taulak jarrita.

–Pasabideak eraiki behar badira makinek errekak gurutzatzeko, behar adina zorro jarriko dira, ura behar bezala husten dela bermatzeko. Ibilguan instalatzen diren egitura guztiak kenduko dira eginkizuna bukatzen dutenean.

–Espediente hau ebatzi eta berehala hasiko dira lanak, euriteen garaia saihesteko.

–Hormigoia garbitzeko putzuak eraikiko dira lanerako gaitutako plataformetan (presaren ondoan eta zentral hidroelektrikoaren ondoan). Hormigoi-makinen sarbiderako gune horietatik eramanen da hormigoia, gutxika eta obrako beharren arabera, eraiki edo konpondu beharreko euskarri-blokeetara.

–Dokumentazioan adierazi bezala, Endara errekara materiala ez erortzeko sistemak instalatuko dira eraiste lanetan. Eraistearen ondoriozko hondakinak eta obran sortzen diren gainerako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak behar bezala kudeatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

–Sarbideak eraikitzean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak erabili ahal izateko, nahitaezkoa izanen da erabili beharreko materialak hondakin izateari utzi diola iriztea, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 5. artikuluarekin bat, eta balorizazio jarduerak egiten dituen kudeatzaile batetik (R5) etortzea.

–Behin lanak bukaturik, ukitutako azalera guztiak, sarbide berriei dagozkienak barne, lur begetalez estaliko dira, jatorrizko topografia berreskuratzeko moduko profila emanen zaie ahal den neurrian, eta tokiko hazien nahasketa batekin ereinen dira.

–Ez da espero inolako onurarik izatea proposaturiko tokian arrainen eskala bat eraikitzearen ondorioz. Izan ere, errekatik 20 metrora, ibilguan gora, topografiak ez du baimentzen salmonidoak pasatzea, eta ibilguan behera, berriz, Endarako urtegia dago. Hortaz, proposatzen da landaketa bat hobetzeko erabiltzea unitate horretara bideraturiko partida. Landaketa hori proiektuan proposatu da dagoeneko (525 landare landatzea), eta konpentsazio neurri hori urtegiaren inguruetan aplikatzen ahalko litzateke, proiektuaren ondorioz husteko kota 4 m jaitsiko baita.

–Landaketa unitatean, gomendatzen da zuhaitz-landareak erabiltzea, salbu eta gehien ikusten diren eremuetan, presaren alboan. Azken horietan 6/8 cm-ko diametroko aleak erabiltzen ahalko dira, sustrai hutsekoak, eta behar bezala zurkaizturik. Landaketen mantentze-lanak ere eginen dira, bi urtez gutxienez. Honako espezie hauek erabiliko dira: Quercus robur, Fagus sylvatica, Taxus baccata, Malus sylvestris, Sorbus aucuparia, Corylus avellana eta Ilex aquifolium. Salikazeoen kasuan, gomendatzen da adar-aldaxkak landatzea, erreka hauen edo inguruko erreken bazterretatik ateratako materialarekin. Landaketa lan guztiak azarotik otsailera bitarte eginen dira, biak barne. Landaketa lan horiek egitearekin, urtegiaren ingurutik egur hila aterako da.

–Obrak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko, eta obretarako instalazio guzti-guztiak kendu beharko dira.

–Obrak bukatu ondoren, gainera, ingurumen arloko jarraipenari buruzko agiri bat entregatuko da. Honako hauek hartuko ditu:

–Jarraipenerako eta ingurumena zaintzeko planaren arduradunaren identifikazioa.

–Zuhaitzak mozteko administrazio baimena. Botako diren espezieak eta zuhaitz kopurua zehaztuko dira.

–Obraren zuinketari buruzko txostena, dokumentazio grafiko eta guzti, ebazpen honetan ezarritako determinazioak bete direla frogatzen duena. Jakinaraziko da zer-nolako makinak erabiliko diren, zer zabalera izanen duten irekitzen diren kaleek, zer metodo erabiliko diren lanerako, hondakinen kudeaketari buruzko justifikazio agiriak eta obrako azalera osagarrien behin betiko kokapena.

3. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Lesakako Udalera, Basozaintzara (Bidasoko barrutia: ogfobida1@cfnavarra.es) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1913953