225. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESA

Ordenantza, arautzen dituena hilerriaren erabilera eta tasa.
Behin betiko onespena

Esako Udalak, 2019ko abuztuaren 1ean egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen aldatzea Hilerriaren erabilera eta tasa arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasiera bateko onespenaren erabakia 2019ko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 16an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.

Esan, 2019ko azaroaren 4an.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA
HILERRIAREN ERABILERA ETA TASA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Ordenantza hau ezartzen da honako hauen babesean: martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Toki Ogasunak), martxoaren 1eko 4/1999 Foru Legea, zeinaren bidez aldatzen baita 2/1995 Foru Legea, eta 6/1990 Foru Legea.

Orobat, ordenantza honek arautzen ditu Udal hilerriko administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, bat etorriz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluekin (lege horren bidez arautu ziren Toki Araubidearen Oinarriak) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 29. artikuluekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa); hori guztia, galarazi gabe bestelako administrazioen legezko eskumenak.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da alderdi batek eskaturik Esako udal hilerrian egiten diren ehorzketengatik eta desobiratzeengatik sortzen den udal jarduera.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, ordenantza fiskal orokorraren 8. artikuluan aipatutako pertsona fisiko edo juridikoak eta entitateak.

Betiere, Ordenantza fiskal orokorraren 8. artikuluan nor aurreikusten den, huraxe izanen da ordezko subjektu pasiboa.

Tarifak

5. artikulua. Honako hauek dira Udal hilerriko zerbitzuak emateko tarifak:

Lurrean ehorztea: kontzesioa, 99 urteko aldi luzaezin baterako: salbuetsia.

Nitxoan ehorztea: kontzesioa, 99 urteko aldi luzaezin baterako: 420 euro.

Kolunbarioan ehorztea: kontzesioa, errautsak kolunbario batean gordetzeagatik, 99 urteko aldi luzaezin baterako: 420 euro.

Sortzapena

6. artikulua. Tasa sortzen da eta ordaindu beharra dago zerga-egitatearen udal jarduera egiten denean.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Esako udal hilerria administratu, zuzendu eta zaintzeko, ahalmen hauek behar dira:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lur eta hilobiak antolatu, banatu eta aprobetxatzea.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

8. artikulua. Udal organoen ardura da udal hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua, behar diren langileak prest izatea edo zerbitzuak nork eginen dituen erabakitzea.

9. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

10. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiek hilobia izanen dute, baldin legezko tramiteak bete badira, eta ordenantza honen 5. artikuluan adierazitako eskubideak ordaindu beharko dira, ehorzteko zerbitzuak erabiltzeagatik.

11. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere. Horiek guztiak eginen dira osasunari buruzko xedapenetan ezarritakoari jarraituz. Ehorzketak honako baldintza hauetan egin daitezke, baldin heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik sortzen ez badu:

–Nitxoetan ehortzitako hilotzak. Zinkezko hilkutxarik gabe badaude, bi urte iragan beharko dira, gutxienez, ehorzketa egunetik. Zinkezko hilkutxan badaude, atera eta lekuz aldatzen ahal dira, noiznahi.

–Lurpean ehortzitako hilotzak. Zinkezko hilkutxan badaude, atera eta lekuz aldatzen ahal dira, noiznahi. Zinkezko hilkutxan ez badaude, ezin izanen dira atera gutxienez 5 urte iragan baino lehen.

Horiek baino denbora laburragoko epeetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako, epaile batek agindu ezean.

12. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko. Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Udalari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

13. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur gehiagorik okupatuko. Gutxienez ere 10 urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

14. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

15. artikulua. Nitxoen kontzesioa eginen da libreki aukeratuta eta ordena hertsian, eskatu den ordenaren arabera, eta jadanik emanda daudenak errespetatuta; kontzesio horien erregistro liburu bat izanen da, eguneratua.

Kolunbarioen kontzesioetarako ere berdin jokatuko da.

16. artikulua. Titularren betebeharra da seguru, garbi eta txukun edukitzea hobiak, hilobiak, panteoiak eta nitxoak.

17. artikulua. Hilerriko lurren aprobetxamendua honako arrazoi hauengatik iraungitzen ahal da:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko hobiak behar izateagatik.

18. artikulua. Hilobiak urratu behar direnean, bai alderdi batek eskaturik bai aurreko artikuluan bildutako arrazoiak gertatu direlako, hobitik atera baino lehen, odolkidetasunezko bigarren gradu bitarteko senitartekoek Udalari adierazi beharko diote apaindurako elementuekin zer egin; orobat, hilerriko paretara aldatu daiteke hildakoaren identifikazio elementua, ez beste inora. Familiakoen ardura da lan hori; bestela, Udaleko langileek eginen dute baina kostua ordaindu egin beharko da.

19. artikulua. Debeku da errautsak hiri lurzoruan botatzea, baita interes kulturala edo turistikoa duten tokietan ere, Esako udal-mugarte osoan. Hilerrian, kolunbarioan ehortz daitezke errautsak.

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta honako arau hauetan xedatutakoari ere: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedepenak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.–Ordenantza hau baino lehenagoko kontzesioak zeuden horretan eta haien tituluei jarraikiz errespetatuko dira. Ondokoak, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, honako hauek aplikatuko dira: Ordenantza Fiskal Orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, behin testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indarrik gabe uzten dira, baliorik eta eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L1913873