225. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

21/2019 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita zenbait eskumen eskuordetzea Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko, Ingurune Naturaleko Zerbitzuko eta Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuko titularrei.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituta dituzten eskumenen erabilera kasuko administrazioko maila bereko edo txikiagoko beste organo batzuei eskuordetzea, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Agindu horrek ezartzen duenez, eskumenak eskuordetu eta errebokatzea noiznahi egin daiteke. Agindu horiek eskuordetzea egiten duen organoak onetsiko ditu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira. Ezartzen du, halaber, eskuordetza baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, eskuordetza egiten duen organoak emanak balira bezala hartuko direla.

Departamentuko jarduerak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, bidezkotzat jo da Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren mendeko zerbitzuetako zuzendarien esku uztea indarreko araudiak zuzendaritza nagusi horretako titularrari esleitzen dizkion eskumen batzuk.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko titularraren esku uzten dira eskumen administratibo hauek, indarreko araudiaren arabera Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkionak:

a) Ingurumen baimen integratuetan aldaketa nabarmenak eta ofiziozkoak egiteari buruzko ebazpena ematea.

b) Etiketa ekologikoaren arloko ebazpenak ematea.

c) Berotegi efektuko gasak aireratzeko baimenen arloko ebazpenak ematea.

2. Ingurune Naturalaren Zerbitzuko titularraren esku uzten dira administrazio eskumen hauek, indarreko araudiaren arabera Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkionak:

a) Ehiza antolatzeko planak eta horien aldaketak onestea.

b) Mendien edo baso lurren erabilera aldatzeko baimenak ematea.

c) Mendi katalogatuetan eta ez-katalogatuetan basoberritze proiektuak onestea, baso-berritu beharreko lurrak 10 hektareatik gorakoak direnean.

d) Mendi katalogatuak aprobetxatu eta hobetzeko urteko planak onetsi eta/edo ezestea.

e) Mendi ez-katalogatuetan baso aprobetxamenduak egiteko baimenak ematea, 100 metro kubiko zur edo egur baino gehiagoko aprobetxamenduak direnean.

3. Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuko titularraren esku uzten dira administrazio eskumen hauek, indarreko araudiaren arabera Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkionak:

a) Herritarrek egindako informazio eskaerei lotutako ebazpenak ematea.

4. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan, horren berri eman beharko da espresuki. Ebazpen horiek Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko titularrak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.

5. Ebazpen hau interesdunei, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu guztiei eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea.

6. Berretsi egiten dira zerbitzuko zuzendari lanpostuak hutsik dauden kasuetarako edo titularrak kanpoan edo eri dauden kasuetarako ordezkoen izendapen indardunak.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1913954