225. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

16/2019 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusi nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita zenbait eskumen eskuordetzea Nekazaritza Zerbitzuko eta Abeltzaintza Zerbitzuko titularrei.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituta dituzten eskumenen erabilera kasuko administrazioko maila bereko edo txikiagoko beste organo batzuei eskuordetzea, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Agindu horrek ezartzen duenez, eskumenak eskuordetu eta errebokatzea noiznahi egin daiteke. Agindu horiek eskuordetzea egiten duen organoak onetsiko ditu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira. Ezartzen du, halaber, eskuordetza baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, eskuordetza egiten duen organoak emanak balira bezala hartuko direla.

Departamentuko jarduerak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, bidezkotzat jo da Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren mendeko zerbitzuetako zuzendarien esku uztea indarreko zuzendaritza nagusi horretako titularrari esleitzen dizkion eskumen batzuk.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nekazaritza Zerbitzuko titularraren esku uztea nekazaritza arloko eskumen administratibo hauek, indarreko araudiaren arabera Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkionak:

–Produktu fitosanitarioen erabiltzaile profesionalak prestatzeko ikastaroak emateko baimena duten entitateak izendatzea.

–Produktu fitosanitarioak erabiltzeko gaikuntza ikastaroak baliozkotzea eta homologatzea.

–Babes Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizle eta Operadoreen Erregistro Ofizialean inskripzioak egitea.

–Establezimendu eta Zerbitzu Plagiziden Erregistro Ofizialean inskripzioa egitea.

–Labore ongarrien eta Substratuen Fabrikatzaileen Erregistro Ofizialean inskripzioak egitea.

–Lohiak Nekazaritzarako Ustiatzen Dituzten Entitateen Erregistroan inskripzioak egitea.

–Produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipamenduen ikuskapen teknikorako estazioak baimentzea.

–Produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipamenduak ikuskatzeko urteko programa onestea.

–Mintegiko landare eta haziak ekoiztu eta merkaturatzeari aplikatu beharreko araubide juridikoari buruzkoak, dirulaguntzei eta tasei dagozkienak izan ezik.

–Ekoizpen ekologikoko ziurtagiriei aplikatu beharreko araubide juridikoari lotuak, dirulaguntzei eta tasei dagozkienak izan ezik.

2. Abeltzaintza Zerbitzuko titularraren esku uztea abeltzaintza arloko eskumen administratibo hauek, indarreko araudiaren arabera Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkionak:

–Albaitariak gaitzea edo gaikuntza ematea abeltzaintzari lotutako jardueretarako.

–Abeltzaintzako ustiategiak baimendu eta erregistroan inskribatzea: altak, bajak eta aldaketak.

–Garraiolariak, abereentzako ibilgailuak eta zaintzaile baimenduak baimentzea eta erregistroan inskribatzea.

–Abereen eta abere-produktuen agente ziurtatzaileak baimendu eta erregistroan inskribatzea.

–Europako Erkidegoaren barreneko trukeetarako merkatariak eta merkataritzako artekariak baimendu eta erregistroan inskribatzea.

–Abereen elikaduraren arloko establezimendu eta operadoreak baimendu eta erregistro ofizialean inskribatzea.

–Albaitaritzako botikekin lotutako establezimenduak baimendu eta erregistro ofizialean inskribatzea.

–Gizakien kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuen operadoreak baimendu eta erregistro ofizialean inskribatzea.

–Abereak garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak baimendu eta erregistroan inskribatzea.

–Behi, ardi, ahuntz, txerri eta zaldi aziendako material genetikoa jaso, bildu, banatu eta merkaturatzeko operadoreak baimendu eta erregistroan inskribatzea.

–Osasun defentsarako elkarteen osasun planak eta horien aldaketak onestea.

3. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan, horren berri eman beharko da espresuki. Ebazpen horiek Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko titularrak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.

4. Ebazpen hau Nekazaritza Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea.

5. Berretsi egiten dira zerbitzuko zuzendari lanpostuak hutsik dauden kasuetarako edo titularrak kanpoan edo eri dauden kasuetarako ordezkoen izendapen indardunak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 28an.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1913956