225. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLATZ

Ordenantza, baratzeen erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Olazko Kontzejuak, 2019ko uztailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen Olazko Kontzejuaren baratzeen erabilera arautzen duten ordenantzak.

Delako ordenantzaren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2019ko 171. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 30ean, eta kontzejuaren iragarki-taulan. Jendaurreko aldian ez zitzaizkion alegazioak aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu dira, ondotik ematen den testuari jarraikiz.

Olatzen, 2019ko urriaren 18an.–Kontzejuko burua, Jesús Erburu Elizondo.

ORDENANTZA, OLAZKO KONTZEJUKO BARATZEEN
ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Olazko Kontzejuak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren arabera, lehiaketara ateratzen du Olazko baratze lurzatien aprobetxamendua eta gozamena.

1. Kontzeju honetako laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Toki entitatearen ustiapen zuzena edo enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.

2. a) eta c) modalitateen aprobetxamenduak, kasua bada, legeak agintzen duenaren arabera eginen dira, eta eskatzailearen nahierarakoa izanen da modalitate bat edo beste eskatzea, baldintzak betetzeko estatusaren arabera (Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea). Esleipen zuzenerako, b) modalitatea, 2 multzo bereizi ezartzen dira:

–1. multzoa:

a) Adinduna izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea, nahiz judizialki gaitua.

b) Udalaren erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Herrilurraren titularra den entitatean (Olatz) gutxienez urtean bederatzi hilabetez jarraian bizitzea.

d) Onuraduna zer toki entitateri dagoen lotua, zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.

–2. multzoa:

Eguesibarren erroldatuta egonik aurreko baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez dituzten pertsonak, a) eta d) baldintzak izan ezik, horiek nahitaez bete beharrekoak baitira.

Horrela, Olazko baratzeko lurzatien erabilera eta gozamena honela arautuko da:

1. artikulua. 1. multzoko eskatzaileen artean baratzeak zozketa bidez eta ondoren Alkatetzaren ebazpen bidez esleituko dira. Lurzatiak baino bizilagun eskatzaile gehiago egonez gero, itxarote-zerrendaren ordena bat ezarriko da, eta lurzati hutsak izan ahala esleituko dira.

Kontzejuak zozketa bidez eta baratze-lurzatien alokairu araubidean esleitu ahal izanen dizkie lurzatiak 2. multzoko eskatzaileei, baldin eta auzo esleipenik gabeko lurzatiak geratzen badira.

2. artikulua. Baratzearen esleipen-hartzaileak ezin izanen du lurzatiaren egitura aldatu, ezta haren mugak ere.

3. artikulua. Baratzea titular bakarrari esleituko zaio eta horrek ezin izanen du laga, eskualdatu edo alokatu.

4. artikulua. Baratzeak esleipen-hartzaileak landuko ditu zuzenean. Salbuespen aldietan, hala nola oporretan edo laneko bajetan, beste batek landu dezake baratzea. Baja 2 hilabetetik gorakoa bada edo jarduera garatzeko ezgaitzen badu, esleipendunak lurzatia kontzejuari laga beharko dio. Kasu horretan, lagapenaren aurreko urriaren 1etik lagapen egunera arte igarotako denbora hainbanatuko da, itzulketaren zenbatekoa kalkulatzeko. Kasu hori gizarte segurantzaren edo erakunde eskudunaren txosten edo ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.

5. artikulua. Tresnak gordetzeko etxola eraikitzen ahalko da, kontzejuko batzarrak baimena eman ondoren, etxola elkarturik ez duten lurzatietan.

6. artikulua. Ureztatzeko instalazioak ez dagozkio Olazko Kontzejuari.

Horretarako putzu bat eraiki behar bada, erakunde eskudunaren baimenak lortu ondoren, estalki itsu batez estali beharko da, 150 kg-ko gutxieneko karga jasateko gai dena, giltzarrapoz itxita, erabiltzen ez denean, eta putzuaren hormak mailak izanen ditu, barrualdetik igotzeko, ahalik eta segurtasun handiena eskaini dezan, eta gerta daitezkeen istripuen erantzule esleipenduna izanen da.

7. artikulua. Auzo-esleipenaren kasuan (1. multzoa), 45,00 euroko urteko tasa ordainduko da. Tasa hori urriaren 1etik aurrera sortuko da, eta urriko lehen 15 egunetan ordainduko da, banku-helbideratze bidez. Ordainagiria itzultzen bada, banketxeak aplikatzen dituen itzulketa-gastuak aplikatuko dira, errekargu gisa. Bi ordainagiri jarraian itzuliz gero ordainagiria ez ordaindutzat joko da, eta 7. bis artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Aprobetxamenduen epea zortzi urtekoa izanen da, 2019ko urriaren 1etik hasita.

Baldintzaren bat edo batzuk betetzen ez dituzten esleipendunei (2. multzoa) alokatuz gero, gozamenerako epea berbera izanen da (8 urte, 2019ko urriaren 1etik aitzina), eta ezarritako tasa urtean 100 eurokoa izanen da, urtero kopuru hori KPIarekin handituta. Ordainketa urtero eginen da, aldez aurretik, urriko lehen 15 egunetan eta banku-helbideratze bidez. Ordainagiria itzultzen bada, banketxeak aplikatzen dituen itzulketa-gastuak aplikatuko dira, errekargu gisa. Bi ordainagiri jarraian itzuliz gero ordainagiria ez ordaindutzat joko da, eta 7. bis artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

7.bis artikulua. Hitzartutako egunetan urteko tasa ordaintzen ez bada, baratzeko lurzatia erabiltzeko eskubidea galduko da, eta esleipendunak dagokion urteko urriaren 31 baino lehen utzi beharko du Kontzejuaren esku. Era berean, Olazko baratze lurzatiak esleitzeko beste deialdi batera aurkezteko eskubidea galduko du. Ez ordaintzeak esleipena baliogabetzea ekarriko du, Alkatetzaren ebazpen arrazoituaren bidez.

8. artikulua. Baja eman nahi duen erabiltzaileak berehala eta idatziz jakinarazi beharko dio Olazko Kontzejuari. Esleipendunek edozein unetan eskatzen ahalko dute esleipena hutsaltzea, eta horregatik ezin izanen diote kontzejuari inolako kopururik erreklamatu.

9. artikulua. Debeku da tokiko estetika itxuraldatzen ahal duen edozein material metatzea edo uztea.

10. artikulua. Galarazia dago landare igokariak paratzea, edo ondoko lurzatietan sartu edo bertan itzala egin dezaketen elementuak. Gainera, inguruko lurzatien mugak aldizka garbituko dira, intsektuak edo piztiak ugaritu ez daitezen.

11. artikulua. Lurrak emandakoak norberaren kontsumorako izanen dira. Beraz, galarazia dago haien salmenta.

12. artikulua. Hertsiki debekaturik dago animaliak, etxekoak izan edo ez, egotea edo edukitzea baratzeetan.

13. artikulua. Baratze bat abandonatutzat hartuko da, ezarritako laboreak ez direla zaintzen garbi ikusten denean edo azaleraren %50 basabelarrek hartzen dutenean edo izurrite edo bizkarroiek, hainbeste izanik, ondoko lurzatietako laboreen osasuna arriskuan jartzen dutenean.

Baratze bat abandonatua dagoenean, adjudikaziodunak abisua jaso eta 15 egun natural izanen ditu behar bezala lantzeko. Bestela, esleipena baliogabetuko da, Alkatetzaren ebazpen arrazoitu baten bidez.

14. artikulua. Udalak aldian-aldian ikuskapenak eginen ditu baratzeetan, aurreko arauak edo horietatik eratorritakoak ez direla bete ikusten bada. Adierazitako arau eta artikuluetako edozein ez betetzeak ekarriko du esleipena berehala baliogabetzea, Alkatetzaren ebazpen arrazoitu baten bidez.

15. artikulua. Olazko Kontzejuak, baratzeen jabea den aldetik, erabakiko du, kontzejuaren betebeharrak edo beste edozein arrazoi dela eta, baratzeen lagapena bukatzen dela.

16. artikulua. Olazko kontzejuak ez du inolako erantzukizunik baratzeak landatzean jabetzaren edo ingurumenaren aurka egiten diren ekintzengatik.

Xedapen indargabetzailea.–Dokumentu hau indargabetzen da: Herri-lurreko lurzatien gozamenaren eta aprobetxamenduaren arauak, Olazko Kontzejuaren Batzarraren 2003ko urriaren 31ko erabakiaren bidez onartuak.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L1913369