225. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NABASKOZE

Herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Nabaskozeko Kontzejuak, 2019ko martxoaren 8an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-larreen ordenantza, argitaratu zena 2019ko apirilaren 4an, 66. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Jendaurrean egoteko epea ireki zen, bat etorriz uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa). Epea bukatu ondoren, Nabaskozeko Kontzejuak, 2019ko urriaren 28an egindako osoko bilkuran, ebatzi zuen aurkeztutako alegazioa, eta behin betiko onetsi zuen aipatutako ordenantza. Jarraian, testu osoa ematen da argitara.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Nabaskozen, 2019ko urriaren 30ean.–Jarduneko burua, Mercedes Rodrigo Inchusta.

HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Ordenantza honen xedea da arautzea Nabaskozeko Kontzejuko herri-larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin, zeinak hizpide baitu Nafarroako Toki Administrazioa, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuarekin, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Aprobetxamendu moduak.

Honako hauek dira Nabaskozeko Kontzejuko herri-larreak:

–Biscasako itxitura.

–Bala-Curcuey-Arnaliko itxitura.

–Borreguileko itxitura.

–Kontzejuko gainerako larreak, “herri-larre” izenez ezagutuak.

Herri-larreen aprobetxamendua, baldin tradizioz beste finka partikular batzuekin batera osatzen badute baterako ustiapen unitate bat, ondotik adierazi bezala aprobetxatuko dira:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez, herriko erabilera eta ohiturei jarraikiz.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

II. KAPITULUA

Herri-lurretako larreen aprobetxamendua,
herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez

2. artikulua. Onuradunak.

Herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradun izanen dira hurrengo artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten familia unitateak.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, baita familiakoekin bizi badira ere, baldin haien diru-sarrerak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak.

3. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Onuradun diren familia-unitateetako titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinduna izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez ere lau urteko antzinatasunez.

c) Nabaskozen bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian gutxienez.

d) Onuradunak zerga betebeharrak eguneratuak izatea Nabaskozeko Kontzejuarekiko eta loturik dagoen gainerako entitateekiko.

Betebehar hori ez dela betetzen ulertuko da baldin eskabidea aurkezten den unean onuradunak mugaeguna gainditu duten zor galdagarriak badauzka aipatutako entitateekin, betiere dagokion organo eskudunaren ziurtagiriaren arabera.

e) Azienda Nabaskozen erregistratua edukitzea, urtebete lehenagotik.

4. artikulua. Azienda kargak.

Nabaskozeko Kontzejuak kalkulatuko ditu bazkalekuen balioa eta jasan ditzaketen azienda kargak.

5. artikulua. Kanona.

Urtero ezarriko da zer kanon ordaindu behar duten herri-larreen aprobetxamenduaren onuradun diren familia-unitateek, aurrekontuen aurreikuspenen arabera. Kanona urtero eguneratuko da, KPIaren igoeraren arabera. Larreen balio errealaren %90 izanen da kanona.

Kanona urteroko martxoaren 31 baino lehen ordainduko da.

6. artikulua. Epea.

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez egiten den aprobetxamenduaren epea zortzi urtekoa izanen da.

7. artikulua. Zuzeneko aprobetxamendua.

Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko.

8. artikulua. Osasun babesa.

Herri-lurretako larreetan bazkatzen den aziendak beharko du ziurtagiri bat, frogatzen duena betetzen direla osasun babesari buruzko legerian eskatzen diren baldintzak, eta bete beharko ditu aipatutako legean eta haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak.

II. KAPITULUA

Adjudikatzeko prozedura

9. artikulua. Eskabideak.

Udalbatzaren erabakiaren bidez, eta iragarkia argitaratuz Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taulan, prozedura hasiko da eskabidea aurkez dezaten, 15 egun balioduneko epean, beren ustez herri-larreak aprobetxatzeko eskubidea duten herritarrek, hau da, beren ustez 3. artikuluko baldintzak betetzen dituzten herritarrek.

Eskabidearekin batera, aurkeztuko dira aziendaren osasun babesari buruzko ziurtagiria, 8. artikuluan aipatutakoa, gozatu nahi diren larreen zerrenda ordenatua, eta larre bakoitzean bazkatuko den abelburu kopurua.

Kontzejuak eskatzaileei eskatzen ahal die baldintzak betetzeari buruzko frogagiriak. Aurreko c) letrako ohiko bizilekua egiaztatzeko, eska ditzake: PFEZeko azkeneko aitorpena, Gizarte Segurantzaren ondorioetarako helbidea, Osasun Zerbitzurako helbidea, etab., baita argiaren, uraren eta abarren fakturak ere.

10. artikulua. Herritarrentzako behin-behineko adjudikazioa.

Eskabideak ikusirik, Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du. Zozketa erabil dezake. Zozketa horretan, zenbaki bat aterako da ausaz, eta horren araberakoa izanen da larreak hautatzeko familia onuradunen hurrenkera.

Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarriko da Kontzejuaren ediktuen iragarki-taulan, eta bost eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betikoz onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

11. artikulua. Herritarrentzako behin betiko adjudikazioa.

Osoko bilkurak behin betiko adjudikazioa onetsi aurretik, Kontzejuak itxituren egoera berrikusiko du. Halaber, behin-behinekoz adjudikazioduna denarekin elkarlanean, aztertuko du nola segurtatu aziendarentzako ur-guneak, zeinak lehorteetan kaltetu baitaitezke.

Abeltzainaren erantzukizuna izanen dira bere aziendak eragindako era guztietako kaltegalerak, hala itxitura barnean nola kanpoan. Horregatik, exijituko zaio erantzukizun zibileko aseguru bat aurkez dezala.

Ondorio horietarako, adjudikaziodunak (edo erremategileak) 500 euroko fidantza eratuko du.

Baldin aprobetxamenduak iraun bitartean Kontzejuak kalteren bat aurkitzen badu, eskatuko dio ezarritako epean konpon dezala. Bete ezean, fidantza betearaziko da, eta bukaera emanen zaio adjudikazioari (edo enkante kontratuari).

12. artikulua. Enkante publikoa.

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larre guztiak adjudikatzen, soberan gelditu direnak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, zortzi urteko eperako, ordenantza honetan eta indarra duen legerian ezarritakoari lotuz.

Enkante bakoitzerako, prestatuko da baldintza osagarrien agiri bat, bi aldeek sinatu behar dutena.

Osoko bilkurak enkanteko behin betiko adjudikazioa egin baino lehen, 11. artikuluari jarraikiz jokatuko da.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

13. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Ez betetzea herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko foru legea eta hori garatzen duen erregelamendua.

b) Azienda sartzea ordenantza honetan debekatzen den garaian eta tokietan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamendua.

d) Adjudikaturiko bazkalekua azpierrentamenduan ematea edo beste bati eskualdatzea.

e) Kalteak eragitea artegietan, aziendarako putzuetan, bideetan edo Kontzejuaren beste ondasun batzuetan.

f) Ordainketa ez egitea ezarritako epeetan.

g) Abeltzainak Kontzejuari ez jakinaraztea, hiru hilabete lehenagotik, abeltzaintzako jardueratik geldituko dela.

h) Ez ematea edo faltsutzea adjudikazioak egiteko erabili diren datuak.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

14. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), d), e), h) eta i) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.

–Gainerako arau-hausteengatik, ordainduko da egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez, eta halako hamar, gehienez, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 300 eurotik 12.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da. Hori guztia, deusetan galarazi gabe ondasun publikoetan edo hirugarrenen ondasunetan eragindako kalteen ordainketa, kalteen egileak bidezko moduan ordainduko baititu.

Egintza gertatzen denetik 2 urteren buruan preskribatuko dute arau-hausteek.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1913783