225. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Aldaketa, Ingurumena babeste aldera kontrolatu beharreko jarduera sailkatuetarako eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menean ez dauden jardueretarako baimenak emateko tasak arautzen dituen udal ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2019ko abuztuaren 8ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Ingurumena babeste aldera kontrolatu beharreko jarduera sailkatuetarako eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menean ez dauden jardueretarako baimenak emateko tasak arautzen dituen udal ordenantzan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza onetsiaren aldaketa jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik (172. zenbakia, 2019ko irailaren 12koa), interesdunek espedientea azter zezaten eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Aipatu epean ez zen alegaziorik aurkeztu eta, beraz, ordenantza behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

INGURUMENA BABESTE ALDERA KONTROLATU BEHARREKO JARDUERA SAILKATUETARAKO ETA INGURUMENA BABESTEKO ESKU-HARTZEARI BURUZKO MARTXOAREN 22KO 4/2005 FORU LEGEAREN MENEAN EZ DAUDEN JARDUERETARAKO BAIMENAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuarekin bat, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. 1. Zerga-egitatea ingurumena babesteko jarduera sailkatuetan aritzeko zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea da, ondoko kasuetan:

a) Jardueraren lizentzia.

b) Jarduera-lizentziaren berrikuspena.

c) Irekitzeko lizentzia.

d) Irekitzeko lizentziaren aldaketa.

e) Instalazio eta lokalak berriz irekitzeko baimena.

f) Handitzeak, birkalifikatzeak eta txosten teknikoak, ofiziozko ikuskapenen ondorioz edota alde batek eskaturik jardueraren titulartasunaren datuak aldatu direlako jakinarazpen batean, hori guztia egiaztatzearren betetzen direla bai indarrean dagoen arautegia bai instalazioen egoera.

i) Erantzukizunpeko adierazpena.

2. artikulua. 2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menean ez dauden jardueren gaineko zerbitzu teknikoei eta administratiboei dagokienez, zerga-egitatea honako kasu hauetan sortzen da:

a) Lehen aldiz erabiltzeko lizentzia.

b) Erabilera aldatzeko lizentzia.

c) Txosten teknikoak, ofiziozko ikuskapenen ondorioz edota alde batek eskaturik jardueraren titulartasunaren datuak aldatu direlako jakinarazpen batean, hori guztia egiaztatzearren betetzen direla bai indarrean dagoen arautegia bai instalazioen egoera.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Lizentzia noiz eskatzen den, orduan sortuko da tasa.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, baita, nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin haien izenean lizentzia eman, aldatu edo berraztertzen bada.

Tarifak

5. artikulua. Ordenantza honen eranskinean jaso dira aplikatuko diren tarifak.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. 2. artikuluan zerrendatzen diren jardueren gaineko lizentziak eskuratu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute Udaletxean, lokalean egin beharreko jarduera edo jarduerak eta haien kokapena zehazten dituztela, dagozkien udal ordenantzetan eskatutako dokumentazioarekin batera.

7. artikulua. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsita dela, interesdunak zenbatekoa ordaindu beharko du borondatez pagatzeko epean, jakinarazpena jasotzen duenetik hasita; bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.

8. artikulua. Emandako lizentziek balioa galduko dute dagokien ordenantzan ezarritako epe eta arauen arabera, eta hori gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesdunek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.

Ekonomia-jardueren gaineko zergari dagokionez, alta eman nahi dutenek aldez aurretik lizentzia eskuratu beharko dute.

9. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu.

9. bis artikulua. Eskakizunak. Lizentziaren eskaera bat tramitatzean edo erantzukizunpeko adierazpena egiaztatzean, Udalak eskatzen badu aurkeztutako jatorrizko proiektua edo memoria aldatzeko, txosten tekniko osagarriak ere sortzapena izanen du, ordenantza honen eranskinean jasotzen den tarifarekin bat.

Arau-hausteak

10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

TARIFEN ERANSKINA

–Jarduera-lizentzia eta jarduera-lizentziaren berrikuspena.

–Prozedura arruntaren bidez edo abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduan ezarritako prozedura automatikoaren bidez emandako lizentzia bakoitzeko:

Hirigintza-bateragarritasuna.

93/2006 Foru Dekretuko jarduerak; 1., 2. eta 3. eranskinak: 165,00 euro.

Jarduera sailkatuaren tramitazioa.

93/2006 Foru Dekretuko jarduerak; 4.A, 4.B eta 4.C eranskinak: 322,00 euro.

Industriak, lantegiak, erregai likidoen hornidura; 4.D eranskina: 487,00 euro.

Osasun, hezkuntza, administrazio, kultura, erlijio, turismo, ikuskizun publikoetako eta jostetako jarduerak; 4.D eranskina: 442 euro.

Abeltzaintzako ustiategiak, garajeak; 4.D eranskina: 407,00 euro.

Bestelakoak; 4.D eranskina: 387,00 euro.

Jarduera sailkatua irekitzeko lizentzia.

–Prozedura arruntaren bidez edo abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduan ezarritako prozedura automatikoaren bidez jarduera sailkatua irekitzeko emandako lizentzia bakoitzeko:

93/2006 Foru Dekretuko jarduerak; 4.A, 4.B eta 4.C eranskinak: 390,00 euro.

Industriak, lantegiak, erregai likidoen hornidura; 4.D eranskina: 280,00 euro.

Osasun, hezkuntza, administrazio, kultura, erlijio, turismo, ikuskizun publikoetako eta jostetako jarduerak; 4.D eranskina: 225 euro.

Abeltzaintzako ustiategiak, garajeak; 4.D eranskina: 200,00 euro.

Bestelakoak; 4.D eranskina: 165,00 euro.

–Txosten tekniko bakoitza, ofiziozko ikuskapenen ondorioz edota, alde batek eskaturik, jardueraren titulartasuna datuak aldatu direla jakinaraztean titular aldaketa dagoenean, hori guztia egiaztatzearren betetzen direla bai indarrean dagoen arautegia bai instalazioen egoera, baita handitzea eta birkalifikazioa ere: 200,00 euro.

–Jarduera kaltegabeetarako lizentzia.

–Erabilera aldatzeko lizentzia bakoitza: 180,00 euro.

–Lehen aldiz erabiltzeko lizentzia bakoitza: 180,00 euro.

–Txosten tekniko bakoitzeko, ofiziozko ikuskapenen ondorioz edota alde batek eskaturik jardueraren titulartasunaren datuak aldatu direlako jakinarazpen batean, hori guztia egiaztatzearren betetzen direla bai indarrean dagoen arautegia bai instalazioen egoera: 90,00 euro.

Muetzen, 2019ko urriaren 28an.–Alkatea, Pedro José Soto Eguren.

Iragarkiaren kodea: L1913713