225. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1226/2019 EBAZPENA, urriaren 31koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazio gisa ordaintzen ahal diren gehieneko diru kopuruak xedatzen dituena.

Aurreko urteetan bezala, erakunde sindikalen funtzionamendu gastuak konpentsatzeari ekin behar zaio, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan daukaten ordezkaritzaren arabera. Horretarako, ordezkaritzaren araberako irizpide objektibo bati jarraikiko zaio, eta erakunde autonomo horretan egindako hauteskunde sindikalei begiratuko zaie, gehieneko konpentsazio bat ezarrita onuradun bakoitzarentzat.

Aurrekontu Orokorretan ezarritako diru kopurua banatzeko formulari dagokionez, funtzionarioen, estatutupeko langileen eta lan-kontratudunen negoziaziorako mahai orokorretako batzorde paritarioen bileretan egondako sindikatuekin 1997ko ekainaren 18an gehiengoz erabaki zenaren arabera, erakunde sindikalen funtzionamendurako beharrezkoak diren gastuei dagokien aurrekontu-kontsignazioa banatzeko orduan, kontuan hartuko da azken hauteskunde sindikaletan erakunde sindikal bakoitzak eskuratutako boto kopurua. Horrela, kontuan hartu dira erakunde sindikalek orain arte zeukaten boto kopuruari zegozkion zenbatekoak, eta aurtengo maiatzaren 22ko hauteskundeetan lortutako boto kopuruari zegozkionak.

Konpentsazio hori justifikatuta dago erakunde horiek egiten duten lanagatik, Konstituzioaren 7. artikuluan aitortua baitago, eta Administrazioa horretara behartua dagoelako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 82.8.d) artikuluaren arabera. Arau horrek xedatzen du langileria batzordeek behar den materiala eduki beharko dutela beren eginkizunak gauzatzeko.

Justifikazioa areagotzeko, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan bada berariazko zuzkidura bat Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erakunde sindikalek langileen eskubideak defendatu eta sustatzeko egiten dituzten jardueren gastuak konpentsatzeko. Partida hori 44.370 euroz hornitua dago, eta gastua hari egotziko zaio, hots, 2019ko Gastuen Aurrekontuko “Erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa” izena duen 540000-52000-4819-311100 partidari.

Aurreko deialdian 2018ko azarora arte egindako gastuak konpentsatu ziren. Horregatik, aurten, 2018ko abendutik 2019ko azarora arte egindako gastuak konpentsatuko dira, bi hilabete horietakoak barne.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 44.370 euroko gastua baimentzea eta xedatzea, 2019ko Gastuen Aurrekontuan “Erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa” izena duen 540000-52000-4819-311100 partidaren kargura finantzatuko dena.

2. Behean zehazten diren gehieneko diru kopuruak xedatzea erakunde sindikal bakoitzarentzat, izandako funtzionamendu gastuen konpentsazio gisa. Diru hori erakunde sindikal bakoitzak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan egindako azkeneko hauteskunde sindikaletan lortutako botoen arabera kalkulatu da.

SINDIKATUA

IFK

GUZTIRA

AFAPNA

G31171937

3.232,00 euro

CCOO

G78433919

3.216,74 euro

ELA

G48090096

4.153,58 euro

LAB

G31137482

9.419,34 euro

SATSE

G28584035

8.455,55 euro

SMN

G31132384

7.818,53 euro

SPA

G31850001

1.063,46 euro

UGT

G78085149

3.346,67 euro

USAE

G49105620

3.664,13 euro

GUZTIRA

44.370,00 euro

Banaketa hau egiteko, kontuan hartu dira erakunde sindikalek aurreko hauteskundeetan eduki zuten boto kopuruari zegozkion zenbatekoak, eta aurtengo maiatzaren 22ko hauteskundeetan lortutako boto kopuruari zegozkionak.

SINDIKATUA

BOTOAK
(2018ko abend. 1a
2019ko maiatz. 22a)

ALDI HARTAKO ZENBATEKOA (eurotan)

BOTOAK
(2019ko maiatz. 23a
2019ko azar. 30a)

ALDI HARTAKO ZENBATEKOA (eurotan)

AFAPNA

260

1.268,34

482

1.963,66

CCOO

317

1.546,41

410

1.670,33

ELA

489

2.385,47

434

1.768,11

LAB

978

4.770,93

1.141

4.648,41

SATSE

813

3.966,02

1.102

4.489,53

SMN-CESM

644

3.141,60

1.148

4.676,93

SPA

218

1.063,46

0

0.00

UGT

281

1.370,79

485

1.975,88

USAE

311

1.517,14

527

2.146,99

GUZTIRA

4.311

21.030,16

5.729

23.339,84

3. Erakunde sindikalek konpentsatu nahi dituzten funtzionamendu gastu guztiek lotuta egon beharko dute erakunde sindikalak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zerbitzuko langileen interes ekonomiko eta sozialak defendatzeko eta sustatzeko egindako jarduerarekin. Hori justifikatzeko, II. eranskin gisa jaso den taula aurkeztu beharko da, eta orobat aurkeztu beharko dira gastuaren eta egindako jarduera sindikalaren arteko lotura erakusteko balio duten dokumentuak.

Taula hori formatu elektronikoan bidaliko zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzari. Horretarako, zuzendaritzak bidaliko die konpentsazioa jasotzen duten erakundeei taula-eredua, posta elektronikoaren bidez.

Gastu konpentsagarriak epe honetan eginak izan beharko dira: 2018ko abenduaren 1etik 2019ko azaroaren 30era bitarte. Egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena.

Besteak beste, honako gastu hauek konpentsatzen ahalko dira:

a) Erakunde sindikalek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileentzat sortutako informazioari dagozkion gastuak (propaganda, publizitatea, argitalpenak, etab.).

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileak ordezkatzeko lanak eragindako joan-etorrien gastuak.

c) Langile horiei zuzendutako jardunaldi, mintegi, topaketa, hitzaldi eta antzeko jarduerei dagozkien gastuak.

d) Prestakuntza sindikalak sortutako gastuak, barne direla joan-etorriak, monitoreak, askotariko materialak, lokalen alokairua eta antzeko gastuak.

e) Komunikazio gastuak (telefonia zerbitzuak, posta, eta abar), bulegoko materialaren gastuak, fotokopiak, ekipamenduen eta zenbait zerbitzuren alokairua.

f) Langileei aholkularitza juridikoa emateko gastuak.

g) Beste gastu batzuk, jarduera sindikalarekin zuzen-zuzenean lotuta badaude.

4. Aipatutako gastuen konpentsazioa ordaindu ahal izateko, erakunde sindikalek izandako gastuen fakturen eta haiek ordaindu izanaren egiaztagirien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzan 2019ko azaroaren 27ra bitarte (egun hori barne), bai eta aitorpena eta justifikazio taula ere, ebazpen honen eranskin gisa jaso direnak. Halaber, eta egun horretaraino, II. eranskineko taula daukan dokumentu elektronikoa Profesionalen Zuzendaritzaren helbide elektronikora (direccion.recursos.humanos@navarra.es) bidali behar dute. Faktura bakoitzarekin dagokion ordainketa egin dela frogatzeko agiria aurkeztu beharko da.

Fakturak fakturazio betebeharren gaineko araudian ezarritakoaren arabera eginen dira. Ez da erreziborik edo tiketik onartuko. Fakturarik behar ez duten gastuen kasuan, egindako gastua frogatzeko eta ordainketa egin dela justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta horren berri eman berariaz.

Ebazpen honen babesean konpentsatzen diren gastuak ezin izango zaizkie inola ere egotzi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza, konpentsazio edo dirulaguntza batzuei. Erakunde sindikalek horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute, ebazpen honen I. eranskin gisa agertzen den ereduaren araberakoa.

Erakunde sindikalek, Administrazioak eskatuta, behar den informazioa emateko prest egon beharko dute, hala aurkeztutako dokumentazioaren gainean sortzen diren zalantzak argitzeko, nola gastua ebazpen honen 3. puntuan bildutako kontzepturen baten araberakoa dela justifikatzeko.

Dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkez dezake sindikatuak, hartzailearen eremuan Osasun Departamentua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua aukeratuta, eta destinoko unitate gisa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritza.

Dokumentazioa aurkezteak berekin dakar Osasun Departamentuari baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko ea eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Sindikatuak uko egiten ahal dio, berariaz, Administrazioak datu horiek biltzeari, eta, kasu horretan, bere zerga betebeharretan eta Gizarte Seguruntzarekiko ordainketetan egunean dagoela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu gainerako dokumentazioarekin batera. Salbuespen gisa, konpentsazioaren kudeaketa organoak ezinezkoa badu agiri horiek biltzea, kasuan kasuko sindikatuari aurkeztea eskatzen ahalko dio.

5. Behar den bezala justifikatzen diren gastuen konpentsazioak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez ordainduko dira, 2019ko abenduan, ezarritako gehieneko diru muga gainditu gabe. Nolanahi ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen interes ekonomiko eta sozialak defendatu eta sustatzeko egindako jarduera sindikalari lotutako gastuak baizik ez dira ordainduko, betiere ebazpen honen 2. atalean erakunde sindikal bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga gainditu gabe.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Osasun Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzara, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzara eta Aurrekontu eta Kontabilitate Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta interesdunei jakinaraztea, adierazita ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1 c) eta 126.3 artikuluekin bat eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez egindako eskuordetza erabiliz.

Iruñean, 2019ko urriaren 31n.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Ramón Mora Martínez.

I. ERANSKINA

Aitorpena, adierazteko prozedura honetan aurkezten diren gastuak ez direla konpentsatu beste laguntza, konpentsazio edo dirulaguntza batzuen bidez (PDFa).

II. ERANSKINA

Gastuen justifikazioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1913949