225. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARRIETA

Ordenantza, Herri-ondasunetako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin bat etorriz, jarraian aipatuko diren ordenantzen testu osoa argitaratuko da, Arrietako Kontzejuak 2019ko apirilaren 6ko bilkura berezian behin betiko onetsi baititu; indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, jendaurrean egon dira erregelamenduzko epean, eta ez da haien aurkako alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu; hortaz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabaki da.

Arrietan, 2019ko urriaren 5ean.–Kontzejuko burua, José Ignacio Videgain Ibarra.

Herri-ondasunetako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Arrietako Kontzejuko herri-ondasunetako aprobetxamenduak arautzea du xede ordenantza honek, indarra duen legerian eta, bereziki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1999 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera.

2. artikulua. Ordenantza hau onesten denetik aurrera egiten diren herri-ondasunetako aprobetxamenduak beronen xedapenen arabera arautuko dira.

3. artikulua. Ordenantza honetan herri-ondasunetako aprobetxamendu hauek arautzen dira:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

b) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.

c) Bestelako aprobetxamenduak.

4. artikulua. Oro har, kontzeju honetako herri-ondasunetako aprobetxamenduen onuradun izanen dira familia unitateak, titularrak honako baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adin nagusikoa izatea, edo bere kontu bizi den adingabea edo judizialki gaitua dagoena.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Gutxienez urtean bederatzi hilabetez Arrietan (Artzibar) benetan eta modu jarraituan bizitzea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Zalantza sortuz gero, herri-aprobetxamenduen onuradun izanen diren familia unitateak Kontzejuak zehaztuko ditu.

II. kapitulua

Herri-larreen aprobetxamenduak

5. artikulua. Arrietako (Artzibar) herri-larreen aprobetxamenduak zuzenean esleituko zaizkie 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten bizilagun abeltzainei, abereak katastroan haien izenean baldin badaude jasota.

Abeltzainen elkarte edo kooperatiben kasuan, bazkide guztiek Arrietan erroldatutako bizilagunak izan beharko dute, eta abeltzaintza ustiategia kontzeju horretan inskribatua egon beharko da.

6. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko.

7. artikulua. Larreetan bi gune ezarri dira:

a) “Goiko Mendia/Erdiko Larre” gunea.

b) “Zanaz, bordaldeak, Larre, Landa...” gunea.

c) “Beheko Mendia (baso erreserba)” gunea. Abereek ezin izanen dute bertan bazkatu. Abereren bat aurkituz gero, organo eskudunak zehapena ezarriko du.

d) Udal mugarte osoan debeku da ahuntzak bazkatzea.

e) Abereak urte osoan egoten ahalko dira larreetan “a” eta “b” puntuetako zonetan.

f) Arrietako Kontzejuak egokitzat jotzen duen kanona kobratuko du “a” eta “b” puntuetako parajeetan abereak bazkatzearen truke (gaur egun 9 euro abelburu bakoitzeko). Baita “Goiko Mendia/Erdiko Larre” gunea ongarritzeak eragindako gastuak ere.

Kontzejuari honako hau dagokio:

8. artikulua. Abeltzain onuradunek nahitaez hartu beharko dute parte itxituren eta ur guneen mantentze lanetan, ongarriketan, erreketetan, bideak konpontzeko lanetan eta abarretan. Arrietako Kontzejua arduratuko da obrak eta baimenak kudeatzeaz herri-larreak mantentzeko (sastrakak kentzea, erreketak, ur guneak, itxiturak, bideak konpontzea eta abar).

III. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak

9. artikulua. Arrietako Kontzejuak herri-mendietako egurra etxeei lagatzea erabakitzen ahalko du (lote oso bana), herrian bizi diren bizilagunentzat, Udal Erroldan inskribatuta badaude eta eskaera egiten badute, eta gutxienez bederatzi hilabetez jarraian bertan bizi badira.

Oporretan eta asteburuetan etortzen diren familien kasuan, Kontzejuak lote erdi esleitzen ahalko die, hala eskatzen badute.

10. artikulua. Etxeetarako egurra, ahal dela, saltzeko baso aprobetxamenduetako eta garbiketetako hondakinetatik eta gaixotutako edo kaltetutako zuhaitzetatik hartuko da; ez da, inolaz ere, zuhaitz zurgaietatik hartuko.

11. artikulua. Egurretarako emandako loteak zuzenean eta modu pertsonalean erabili beharko dira, eta guztiz debekatua dago saldu edo eskuz aldatzea, baita bizilekura ez beste toki batera eramatea ere.

12. artikulua. Menditik egurra ateratzeko gehieneko epea zortzi hilabetekoa izanen da. Epea igaro ondoren, hala eskatzen dutenei egin gabeko kasko loteak emanen zaizkie, eta lehengo esleipen hartzaileek kasko horien gaineko eskubideak galduko dituzte.

13. artikulua. Esleipen hartzaile batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion egur lotea eta beste bat eskatzen badu hurrengo urtean, berriz ere aurreko urtekoa esleituko zaio, moztu gabeko lotea bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean, esleipen hartzaileak ezin izanen du etxerako beste loterik eskatu, eta moztu gabeko lote hori zozketatik kanpo geldituko da.

14. artikulua. Etxerako loteen onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; dena dela, hondakin horiek ezin dira bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan pilatu. Zehapenak jarriz gero, ordaindu egin beharko dituzte.

15. artikulua. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, baita dagozkiekeen zehapenak ordaintzera ere.

16. artikulua. Nolanahi ere, aprobetxamendu mota honetarako, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da aldez aurretik, eta haren jarraibide tekniko-fakultatiboak bete beharko dira.

17. artikulua. Zurgaien aprobetxamendutzat joko da ordenantzaren 4. artikuluaren arabera eskubidea duten bizilagunek haritz edo pago zuraren esleipena jasotzeko eskubidea izatea, lehenengo etxebizitzetako teilatuak egite aldera.

18. artikulua. Aprobetxamendu honetarako eskabidea idatziz egin beharko da, eta Kontzejuari aurkeztu, hark erabakiko baitu eskatutako zura eman edo ez. Nafarroako Gobernuko langile baimenduak arduratuko dira zuhaitzen markaketa, entrega eta ikuskapen lanez.

19. artikulua. Arrietako Kontzejuak herri-mendietako zuhaitzak (pagoa) saltzea erabakitzen ahalko du, Kontzejuaren gastuak ordaintzeko, eta aprobetxamendu horiek beti eginen dira Nafarroako Gobernuaren baimena aldez aurretik lortuta, eta haren jarraibide tekniko-fakultatiboak betez.

IV. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

20. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da gai horri buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

21. artikulua. Onuradunek urteko kanona ordaindu beharko dute, baita barruti horrek eragindako gastu eta zerga oro ere.

22. artikulua. Era berean, onuradunek barrutiak seinalatu beharko dituzte eta haien erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteen erantzukizun osoa izanen dute.

V. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

23. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Erabilera partikularrerako emandako herri-aprobetxamenduaren ondoriozko produktuak saldu edo hirugarrenei ematea, esaterako etxerako egurra eta abeltzaintzarako bazka.

f) Larratze eremuak ez errespetatzea, erabilera hori eginez horretarako aurreikusitako zonetan.

g) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

24. artikulua. Azaldutako arau-hausteak eginez gero, kontzesioa azkenduko da; nolanahi ere, kalteen ordaina eta erantzukizuna eskatu ahalko dira, hala badagokio, eta modu bidegabean lortutako produktuak konfiskatu ahalko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa: ordenantza honek arautzen ez duen orotan, herri-lurrei buruzko foru legeriari jarraikiko zaio.

Bigarrena: ordenantza honek behin betiko onesten den egun berean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1913714