224. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2/2019 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita zenbait eskumen eskuordetzea Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko titularrari.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituta dituzten eskumenen erabilera kasuko administrazioko maila bereko edo txikiagoko beste organo batzuei eskuordetzea, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Agindu horrek ezartzen duenez, eskumenak eskuordetu eta errebokatzea noiznahi egin daiteke. Agindu horiek eskuordetzea egiten duen organoak onetsiko ditu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira. Ezartzen du, halaber, eskuordetza baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, eskuordetza egiten duen organoak emanak balira bezala hartuko direla.

Departamentuko jarduerak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, bidezkotzat jo da Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren mendeko zerbitzuetako zuzendarien esku uztea indarreko zuzendaritza nagusi horretako titularrari esleitzen dizkion eskumen batzuk.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko titularraren esku uzten dira eskumen administratibo hauek, indarreko araudiaren arabera Landa Garapeneko zuzendari nagusiari dagozkionak:

–Mahatsondoak birlandatzeko eskubideak transferitzeko baimena.

–Mahatsondoak landatzeko baimena.

–Nafarroako Mahastien Erregistroan inskripzioa egin, baja eman eta aldaketak egiteko baimena.

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik dauden nekazaritzako ustiategien eta ustiategietako titularren katalogazioak onestea.

2. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan, horren berri eman beharko da espresuki. Ebazpen horiek Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko titularrak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.

3. Ebazpen hau Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea.

4. Berretsi egiten dira zerbitzuko zuzendari lanpostuak hutsik dauden kasuetarako edo titularrak kanpoan edo eri dauden kasuetarako ordezkoen izendapen indardunak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 28an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F1913955