224. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

443/2019 EBAZPENA, urriaren 31koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, “Robo ibaiaren arroaren saneamendurako. II. Fasea (Legarda, Uterga eta Muruzabal)” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko egunak finkatzen dituena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren maiatzaren 8ko 623/2019 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren aipatu proiektua eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, hamabost egunetarako.

Jendaurreko aldi hori bukatutakoan, alegaziorik aurkeztu ez denez, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak, irailaren 18ko 129/2019 Ebazpenaren bidez, behin betiko onespena eman zion aipatu proiektuari, baita hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendari ere.

Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, presakotzat deklaratu zen proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren.

Horren ondorioz, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 87/2019 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarrarekin eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Dei egitea “Robo ibaiaren arroaren saneamendua. II. Fasea (Legarda, Uterga eta Muruzabal)” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, desjabetzearen onuraduna den Iruñerriko Zerbitzuak SA enpresari eta Obanosko alkate-udalburuari, 2019ko abenduaren 12an Obanosko udaletxean ager daitezen, ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu aurreko aktak egitera, eta bidezkoa bada, baita behin betiko okupaziokoak ere.

2. Ukitutakoek berek agertu beharko dute ekitaldi horretara, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimenduta dauden ordezkariek, titulartasuna frogatzen duten agiriak eta kontribuzioaren azken ordainagiria aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, peritua eta/edo notarioa eraman ditzakete, nork bere kontura.

3. Pedro Gracia Araiz jauna eta María de la O Idoate Saralegui andrea izendatzea jarduten duen administrazioaren ordezkari, okupazioaren aurreko, adostasuneko, okupazioko eta ordainketako aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak bietako edozeinek sina ditzan.

4. M.ª Carmen Uriz Lusarreta andrea, Itziar Calvo Oteiza andrea eta Jasone Goikoetxea Iriberri andrea administrazio onuradunaren peritu izendatzea, hiruetako edozein funtzio tekniko horretan aritzeko.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Obanosko herriko etxeko iragarki-taulan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko bi egunkaritan.

6. Ebazpen hau ukitutako titularrei jakinaraztea, banakako zitazio zedularen bidez.

Iruñean, 2019ko urriaren 31n.- Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M. Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F1913923