222. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERBINTZANA

Ordenantza, Komunikazio ez-sexistaren gainekoa. Behin betiko onespena

Berbintzanako Udalak, 2019ko maiatzaren 23an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea “Komunikazio ez-sexistaren gaineko ordenantza”.

Onespenaren erabakia 2019ko 149. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 1ean argitaratu ondoren, jendaurreko epean inork ez du alegazioarik aurkeztu. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko xedatu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berbintzanan, 2019ko urriaren 10ean.–Alkatea, Ángel Díez Asenjo.

ZIOEN AZALPENA

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizko eskubidea da, eta gizarte demokratiko orok izan behar duen balioa.

Zentzu horretan, hizkera lagungarria izan daiteke aldaketa sustatzeko, eta ezagutzak eta kultura transmititzeko, baina, desberdinkeria areagotzeko tresna ere bihurtzen ahal da. Hizkera sexista da, hain zuzen, emakumeak gizartean diskriminatzen dituena. Hala, Genero eta Hizkuntza Nazioarteko Elkartearen aholkularitza kontseiluko Mercedes Bengoechea Bartolomé kidearen ustez, erabateko herritartasun politikoa lortzeko, ezinbestekoa da “gorpuzdun subjektu bezala izendatuak izatea, hau da, femeninoan”.

Europako Parlamentuak, 2008ko otsailean argitaratutako txosten batean, adierazi zuen hizkera ez-sexistaren erabilera ez dela soilik zuzentasun politikoaren kontua, izan ere, eragin nabaria baitu jarreran, jokabidean eta pertzepzioetan. Urtebete geroago, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Berdintasun Batzordeak txosten horren zati bat erabili zuen barne txosten batean, ulertu baitzuen organo konstituzionala izanik, gai horretan ere eredugarri izan behar dela.

Berriki, Europar Batasuneko Kontseiluak dokumentu berri bat argitaratu zuen, zenbait gidalerro emanez, nahi gabeko hizkera sexista eta diskriminatzailea saihesteko administrazioan, lan giroan (Kontseiluaren Idazkaritza Nagusia, 2018). Gida horretan azpimarratzen zen hizkera ez-sexista (eta ez lerratua) araua izan behar dela komunikazioan. Azken finean, lanerakoak diren horrelako agirien helburua hizkuntza aberastea besterik ez da, eta aldarrikatzea hizkuntza berdintasunez jarduteko komunikazio tresna izan dadila.

Hizkera ez-sexista, dudarik gabe, tresna eraginkorrenetariko bat da oinarrizko eskubide hori errespetatzeko, alegia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea. Irudia ere elementu estrategikoa da, horri esker emakumeak eta gizonak egoki ikustaraztea ahalbidetuko baitu, generoaren araberako estereotiporik gabe.

Esan beharra dago emakumeen eta gizonen arteko bereizkeriak kalte sozialak eta ekonomikoak eragiten dituela, bai eta giza mailan ere. Hortaz, nabarmentzekoa da toki administrazioak gai honen inguruan duen rola funtsezkoa dela; aldaketa sustatzeko eta alor horretako lorpenak neurtzeko xedez, politika proaktiboak sustatzeari dagokionez. Hori dela eta, Berbintzanako Udalak, ordenantza honen bitartez, modu aktiboan lagundu nahi du hizkerako eta irudietako sexismoa ezabatzen, urrats bat aurrera eginez gizarte askoz justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko bidean.

Araudi hau, beraz, justifikatua dago, interes orokorreko gaiari heltzen baitio, eta bere helburua lortzeko beharrezkoak diren arauak biltzen baititu, beharraren, eraginkortasunaren eta proportzionaltasunaren printzipioei jarraikiz.

Horrez gainera, Berbintzanako Udalak, partaidetza ahalbidetu du ordenantzaren prestaketan, gardentasunaren printzipioa aplikatuz. Amaitzeko, ordenantza modu koherentean aplikatuko da, errespetatuz gainerako ordenamendu juridikoa, bai estatu mailakoa bai Europar Batasunekoa, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko xedez.

Arau esparrua

Sexismoa hizkeraren erabileran nazioarteko arazo gisa identifikatu zen 1975ean Mexikon egindako Emakumeei buruzko lehenengo mundu-konferentzian. Horrez geroztik, hizkuntzen erabilera sexista saihesteko proposamenak eta gomendioak egiten dira behin eta berriz.

Hona hemen arlo honetan eragiten duten zenbait xedapen eta arau:

UNESCOren 1987ko (14.1) eta 1989ko (109.) Ebazpenak, honako hau sustatzen dutenak: “Erakundearen laneko dokumentuak idaztean, agerian nahiz gordean sexu bakarraren aipua egiten duten hitz zein esamoldeen erabilera saihestea, ahal den neurrian, non ez diren emakumearen aldeko neurriak”; eta “emakumearen aipua agerian egiteko hiztegiaren erabilerari buruzko gidalerroak sustatzen jarraitzea, eta Estatu Kideetan hitz horien erabilera bultzatzea”.

Tokiko Bizian Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Europako 2006ko Gutunak 6. artikuluan azpimarratzen du tokian tokiko arduradunek konpromisoa hartu behar dutela “ahal den neurrian aurreiritziak saihesteko eta prebenitzeko, bai eta bataren zein bestearen gehiagotasuna zein gutxiagotasuna edota rol maskulino eta femenino estereotipatua islatzen dituzten esamoldeen eta irudien erabilera ere”; halaber, bermatu behar dute “haien komunikazio barneko nahiz jendaurrekoetan, ahoz zein idatziz, konpromiso horri eustea”, “generoari lotutako irudi eta adibide positiboen erabilera” sustatuz.

Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak berdintasunaren arloko arauei eta mekanismoei buruz 2007ko azaroaren 21ean onartutako gomendioa da hizkeran dagoen sexismoa ezabatzeko arau nagusia; gomendio horren arabera, Estatu Kideen helburua da “esparru guztietan hizkera ez-sexista sustatzea, bereziki sektore publikoan, bai eta hezkuntzako maila eta modu guztietan eta hedabideetan ere”. Horrez gain, Estatuen borondatea eta gogoa islatuko luketen zenbait elementu zerrendatzen ditu, hala nola, “sektore publikoa, dokumentu ofizialetan, hizkera ez-sexista erabiltzeko agintzea, zehazki, testu juridikoetan, dokumentu politikoetan, programetan, formularioetan eta galdetegietan”.

Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoak azpimarratzen du, halaber, estereotipoetan oinarrituta emakumea diskriminatzen duten irudiak ez erabiltzearen garrantzia, eta 10. artikuluan dio ez dela zilegi “emakumearen irudia modu iraingarri edo diskriminatzailean erabiltzen duen publizitatea”.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak hizkera ez-sexista ezartzen du, botere publiko guztien jarduketarako, administrazio eremuan erabili beharreko irizpide nagusi gisa, eta dio hura sustatu behar dela harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan. Orobat, Informazio Gizartearen esparruan zehazki, ezartzen du “hizkera eta eduki ez sexistaren erabilera bermatu behar dela, osorik zein neurri batean diru publikoz lagundu diren informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloko proiektuetan”; bestalde, neurri zehatzak jasotzen ditu, berdintasuna bermatzeko hedabide publiko nahiz pribatuetan.

1995eko martxoaren 22ko Ministerio Aginduak titulu akademiko ofizialen egokitasuna arautzen du, titulua eskuratzen duen pertsonaren arabera erabiltzeko (maskulinoan eta femeninoan); hala, Espainiako Hizkuntza Akademiaren aldarrikapena ere biltzen du, tituluak feminizatzearen alde, eta, eranskinean, feminizatutako zenbait titulu ageri dira.

Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legeak ezarri zuen beharrezkoa dela administrazioan sortutako dokumentuak berrikustea, haietan hizkera ez-sexista erabiltzen dela bermatzeko. Aipatu foru legea indargabetu zuen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak. Izan ere, horren helburuetako bat da funtsezko tresna izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioaren zeharkakotasuna sendotu eta areagotzeko, Foru Komunitateko botere publikoen jardun osoan.

Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak honako hau dio III. tituluan: “tratamenduagatik edo agertzeko moduagatik, emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen, arinkeriaz tratatzen edo bultzatzen duten publizitateko edukiak eta iragarkiak egitea eta zabaltzea saihestuko da, bai eta emakumeen duintasuna urratzen duten mezu berariazkoak edo esan gabekoak dituztenak ere, Estatuko oinarrizko arauetan ezarritakoarekin bat”.

Horrez gainera, Ordenantza honekin “Genero Berdintasuna Nafarroako Toki Entitateetan. Udalean berdintasunaz arduratzen diren arloen lana antolatzeko, kudeatzeko eta ebaluatzeko ibilbidea” dokumentuan adierazitako xedeetako bat betetzen da. Dokumentu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prestatua da, eta Informazioaren kudeaketa eta komunikazio politika izeneko programa sartua dauka Tokiko Gobernantza eta Genero Zeharkakotasuna izeneko arloan. Hona hemen haren helburuak: Udalak hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea bere jardunean; Udal mailan hizkera eta irudi ez-sexisten erabilera sustatzea eta berdintasunari buruzko informazioa zabaltzea, bai udal langileen artean bai herritarren artean.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantzaren helburua da Udalaren eremuan hizkera eta irudi ez-sexisten erabilera sustatzea.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

1. Ordenantza hau Berbintzanako Udalean eta haren menpeko erakunde autonomoetan aplikatuko da.

2. Halaber, Udalaren eskumenekoak diren zerbitzuak ematen dituzten hirugarren entitateei ere aplikatuko zaie ordenantza hau, kudeaketarako edozein formula erabiltzen dutela, bakoitzari dagokion neurrian.

II. TITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

3. artikulua. Lanpostuen izenak

1. Urteroko plantilla organikoan, lanpostuak forma bikoitza erabiliz izendatuko dira (maskulinoan eta femeninoan).

2. Departamentu, arlo, burutza eta zerbitzuetako errotulu guztiak modu generikoan izendatuko dira, edo femeninora edo maskulinora egokituko dira, horietan lan egiten duten pertsonen arabera.

4. artikulua. Hizkera eta komunikazio ez-sexistak.

Derrigorrezkoa da hizkera eta komunikazio ez sexistak erabiltzea honako hauetan:

–Udalaren deialdi publikoetako lanpostuak izendatzean.

–Udalaren deialdi publikoetako probak idaztean.

–Udal langileen hitzarmen eta akordio kolektiboan.

III. TITULUA

Harreman administratiboak

5. artikulua. Dokumentu administratiboak eta barne erabilerakoak.

Berbintzanako Udalaren edo haren mendeko erakunde autonomoen eta udal enpresen argitalpen, dokumentu administratibo, ordenantza, zirkular, formulario, inprimaki eta abarretan, oro har, hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko dira.

6. artikulua. Kanpo komunikazioa.

Berbintzanako Udalak beste administrazio publiko, entitate zein enpresa pribatuei bidaltzen dizkien dokumentu, jakinarazpen eta komunikazioetan, oro har, hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko dira.

IV. TITULUA

Herritarraren eskubideak

7. artikulua. Herritarraren eskubidea.

Herritarrek Berbintzanako Udalari eskatzen ahal diote komunikazio sistema ez-sexista erabiltzeko.

8. artikulua. Udal langileen prestakuntza.

Berbintzanako Udalak prestakuntza emanen die langileei, hizkera eta irudi sexistarik erabiltzen ez dutela bermatzeko.

V. TITULUA

Udal komunikazioa

9. artikulua. Komunikazio ez-sexista.

Berbintzanako Udalak estereotipo sexistarik gabeko hizkera eta irudiak erabiliko ditu honako hauetan:

–Udalak, administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez, herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

–Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta horrelako elementuak.

–Jaietako programak.

–Dibulgazioko iragarkiak, idazkiak eta buletinak.

–Prestakuntza ekintzak (ikastaroak, hitzaldiak, jardunaldiak, mintegiak).

–Udal egoitza eta bulegoetako errotuluak, eta udal langileen arropa edo uniformeak.

–Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.

–Eraikinetako, kaleko eta eremu publikoetako errotuluak.

–Autobus markesinak eta taxi geltokiak.

–Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

–Udalaren web orria.

–Beharrezkotzat jotzen diren beste batzuk.

10. artikulua. Udal iragarkiak.

Berbintzanako Udalak eskatuko du hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzeko egunkarietan argitaratzen diren udal iragarkietan, ikus-entzunezko baliabideetako (irratia eta telebista) publizitatean eta sare sozialetako mezuetan.

VI. TITULUA

Kontratuak, dirulaguntzak eta hitzarmen publikoak

11. artikulua. Kontratazio publikoa.

Berbintzanako Udalak zerbitzu publikoetarako egiten dituen kontratazio espedienteetan, klausula bat txertatuko da, emakumeendako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa eskatzeko, eta baloratu eginen da proiektu teknikoa idaztean hizkera ez-sexista erabiltzea.

12. artikulua. Dirulaguntza publikoak.

Dirulaguntza publikoak ematerakoan baloratuko da proiektuaren hizkera eta irudiak sexistak ez izatea.

13. artikulua. Administrazio publikoen arteko hitzarmenak.

Administrazio publikoen arteko hitzarmenen hizkera eta irudia ez-sexistak izanen dira.

14. artikulua. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiaren arloko proiektuak.

Osorik zein neurri batean diru publikoz lagundu diren informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloko proiektuetan (web orriak, blogak eta abar), entitate onuradunek txosten laburra aurkeztu behar diote Berbintzanako Udalari, eta bertan azaldu behar dute ordenantza honetako eranskinean jaso diren gomendioak kontuan hartu direla, hizkera eta eduki ez-sexistaren erabilera bermatzeko.

VII. TITULUA

Aholkularitza eta kontrola

15. artikulua. Aholkularitza.

Udaleko Berdintasun Batzordea arduratuko da Udalean hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea zer den zehazteaz, eta Erdialdeko Garapenerako Partzuergoaren aholkularitza izanen du horretarako.

16. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

Udaleko Berdintasun Alorrak eskumena izanen du jarraipena egiteko, alegia, ordenantza honetan ezarritakoa betetzen den egiaztatzeko, baita ordenantzaren helburua betetzeko lagungarria den edozein gairen gainean proposamenak egiteko ere.

VIII. TITULUA

Komunikazio ez-sexistaren sustapena

17. artikulua. Parte-hartzea ekimen eta kanpainetan.

Berbintzanako Udalak Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioaren, eta Erdialdeko Garapenerako Partzuergoaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, eta beste erakunde eta entitateekin batera ere bai, hizkera eta komunikazio ez-sexistak babesteko xedez.

18. artikulua. Eskura, webgunearen bidez.

Udalak Ordenantza honen berri emanen du bere webgunearen bidez; hura desgaitasuna duten pertsonentzat egokitua egonen da, informazioaren eta komunikazioaren arloan irisgarritasunaren printzipioa betetze aldera.

19. artikulua. Hedapen estrategia.

Berbintzanako Udalak hedapenerako estrategia erabakiko du, Udaleko langileei eta, oro har, herritarrei ordenantzaren berri emateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunen buruan.

Bigarrena.–Alkatetzak eskumena du nahi bezainbat agindu edo argibide emateko, ordenantza honetan jasotakoa behar bezala interpretatze, egite eta aplikatze aldera.

Iragarkiaren kodea: L1913517