222. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SESMA

Deialdia, bete dadin, aldi baterako eta administrazio araubidean, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat Sesmako Udalaren zerbitzura

Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onetsi dira ondotik argitaratzen diren oinarriak, bete dadin, aldi baterako eta administrazio araubidean, zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostuaren bat Sesmako Udalaren zerbitzura.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Sesman, 2019ko urriaren 18an.–Alkatea, María Rosario Echávarri Pinillos.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da pertsona bat aukeratzea oposizio-lehiaketa bidez, bete dezan, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat Sesmako Udalaren zerbitzura, aldi baterako eta administrazio araubidean. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuarekin lotuta, zeinaren bidez arauak eman baitziren langileak administrazio araubidean kontratatzeko. Lanpostu huts bat aldi baterako betetzeko kontratua da.

Hautaketa honetan sortzen den onartuen zerrenda erabiltzen ahalko da geroko aldi baterako kontratazioetarako, behar izanez gero, bat etorriz deialdi honen 10. oinarriarekin.

1.2. Lanpostuak D mailako ordainsariak izanen ditu, bat etorriz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduarekin, eta izanen ditu plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.3. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia izanen dira Sesmako Udalak lanpostu horretarako ezarritakoak, beti egokituko dira zerbitzuaren beharretara, eta noiznahi ere aldatzen ahalko ditu organo eskudunak.

1.4. Formalizatzen den egunean hasiko da kontratua, hautapen prozesua burutu ondoren, eta bukatuko da, behin probaldia gainditu ondoren, lanpostu hutsa betetzen denean funtzionario batekin, legez ezarritako prozeduraren bidez. Orobat, iraungitzen ahal da plaza amortizatzeagatik, edo plantilla organikoa aldatzeagatik; betiere, kontratazioa justifikatzen duen beharra dagoen bitartean iraunen du kontratuak. Lanpostu hutsaz jabetzeko hautatuak lanpostuaren jabetza hartzen duenean, ordura arteko kontratatuak lanpostua utzi beharko du.

1.5. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da.

1.6. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan, arau hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, zeina onetsi baitzen ekainaren 5eko 113/85 Foru Dekretuaren bidez; irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, zeinak arauak ematen baititu langileak administrazio araubidean kontratatzeko; eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Bete beharreko eginkizunak jarraian aipatzen dira, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Egitea Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta mantentze-lanetakoak.

–Maneiatzea, mantentzea eta konpontzea zerbitzuaren berezko makinak, lanabesak eta tresnak.

–Instalatzea eta mantentzea hiri barneko altzariak: posteak, seinaleak, farolak, bankuak, iturriak, etab.

–Leku batetik bestera eramatea eta paratzea altzariak eta tresnak. Jai eta ekitaldi publikoetan, muntatzea eta desmuntatzea agertokiak, hesiak eta gainerakoak.

–Egiaztatzea Udalaren instalazio eta eraikinen egoera eta gainbegiratzea haien mantentze-lanak.

–Jarraipena egitea Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan aurkitutako akats, matxura eta hausturei, eta horiek kontrolatzea.

–Arreta eta aholku ematea Sesmako garbiguneko erabiltzaileei.

–Begiratzea egoera onean ote dauden bideak, kamioak, espazio publikoak eta Udal eraikinak, eta proposamenak egitea haien mantentze-lanetarako eta/edo hobekuntzarako.

–Egoera onean, garbi eta egoki zaintzea Udalaren zerbitzuak eta eraikinak (hilerria, lorezaintza, pilotalekua, eskolak, bideak, etab.). Iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, eta zangak ireki eta ixtea.

–Udal zerbitzuei laguntzeko lanak: banatzea eta paratzea Udalaren iragarkiak, bandoak eta publizitatea, agiriak prestatzea eta eramatea postetxera edo bankuetara, eta haietatik jasotzea, eta ematea eta/edo helaraztea jakinarazpenak, agiriak eta deiak.

–Arreta ematea asteroko azoka txikiari (arauketa, okupazio tasak kobratzea, etab.).

–Laguntza ematea egin daitezen Sesmako Udalak sustatzen dituen kultura, kirol edo festa jarduerak.

–Ibilgailuak gidatzea, eta maneiatzea obrako makineria arina eta ertaina (B motako gidabaimena arte, hori barne).

–Aldiro eta garaiz komunikatzea Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak, eta bultzatzea zerbitzuak hobetu daitezela eta horretan laguntzea, eta, beraz, proposatzea hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak.

–Mantentze-lanak eta konponketak egitea Udalaren azpiegitura eta egoitzetan.

–Kontrolatzea eta begiratzea ea Udalaren ordenantzak betetzen ote diren, eta ikuskapenak egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta ea araudia betetzen ote den arlo hauetan: lizentziak eta obrak, eremu publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

–Deialdian ezarritako mailako zerbitzu anitzetako enplegatu bati egokitzen ahal zaizkion eginkizun oro, bere lanpostuarekin zerikusia dutenak, Sesmako Udalak agintzen badizkio.

3. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

Lanpostu horretara lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, bestela, estatu batekoa non langileen joan-etorri askea dagoen, sarturik dagoelako Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin ez badaude zuzenbidez bereizita; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin ez badaude zuzenbidez bereizita, baldin badira 21 urtetik beherakoak edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuen titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea zerbitzu anitzetako enplegatu baten lanpostuaren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea ezgaitua nahiz gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) B mailako gidabaimenaren jabe izatea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

g) Udal Diruzaintzan 10,00 euro ordaintzea, azterketarako eskubideak izateko.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Eskabideak aurkeztu beharko dira Sesmako Udaleko Erregistro Orokorrean (Diputazioa plaza 6, PK: 31293), bulegoak irekita dauden orduetan, 9:00etatik 14:00ak arte, astelehenetik ostiralera (larunbat eta jaiegunetan bulegoak itxita izaten dira), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, bestela, aurkezten ahalko dira ezartzen den bezala Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan, hor ezarritako edozein modutan. Baldin eskaera aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik. Orobat, Sesmako Udalaren egoitza elektronikoan aurkez daiteke: https://aytosesma.sedelectronica.es.

Baldin, 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoaren babesean, eskaerak aurkezten badira Sesmako Udaleko Erregistro Orokorrean ez den beste batean, eskatzaileak secretario@aytosesma.es helbidera igorri beharko ditu eskabidearen kopia eta sartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak, eta horietan agertu behar dute zigilua eta erregistroko sarrera-data, betiere aurkezteko epearen barnean. Nahitaezkoa eta saihetsezina izanen da aipatutako agiriak posta elektronikoz igortzea, aurrera egin dezan hautapen-prozeduraren tramitazioak, baina ez du erabateko baliorik izanen harik eta Sesmako Udalean sartzen den arte ereduaren araberako eskabidea, jatorrizko agiriekin batera.

Igorpen prozedura hori bete ezean, izangaia hautapen prozesutik kanporatuko da, baldin eta erregistratutako eskabidea iristen bada izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendaren argitalpenaren ondotik.

4.2. Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskinean argitaratzen den ereduari. Eskabideak eskura daitezke Udaleko bulego orokorretan, baita Interneten ere, Sesmako Udalaren egoitza elektronikoan: https://aytosesma.sedelectronica.es.

4.3. Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia konpultsatua.

b) Udalaren Diruzaintzan 10 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko. Baldin zenbateko hori ordaintzen ez bada azterketa eskubideengatik, izangaia baztertu eginen da.

Prozedura hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da zenbateko hori:

–Sesmako Udalaren bulegoan eskudiruz ordainduta.

–Kontu hauetako edozeinetan diru-sarrera eginez, eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez: ES56 3008 0027 34 0701329021, Nafarroako Rural Kutxan; ES85 2100 5355 57 2200023930, Caixan. Kasu horretan, ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

  • Izangaiaren izen-deiturak.
  • Kontzeptua: azterketa eskubideak, zerbitzu anitzetako enplegatuaren oposizio-lehiaketarako.

c) Hirugarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

d) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

e) Baldin merezimenduak aurkezten badira, horiek balora daitezen, II. eranskina ere aurkeztu beharko da, eta merezimenduak frogatzeko agiriak erantsi (administrazio publikoaren ziurtagiri jatorrizkoak, lan bizitza, ekonomia-jardueren gaineko zergako alta, Diruzaintzako eta Gizarte Segurantzako ziurtagiriak eta txostenak, lan kontratuak, enpresa ziurtagiriak, nominak eta TC agiriak eta beste frogagiri batzuk/8/10 kotizazio taldeak, etab. Denak ere jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak).

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzentzen ahalko dira ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

4.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Sesmako Udaleko alkateak, hurrengo hamar egun balioduneko epearen barrenean, ebazpena emanen du onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Zerrenda argitaratuko da Udaletxeko iragarki-taulan eta Sesmako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkeztuz Sesmako Udaleko Erregistro Orokorrean.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta erreklamazioen gaineko ebazpena emandakoan, Sesmako alkateak ebazpena emanen du onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Udaletxeko iragarki-taulan eta Sesmako Udalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan. Argitalpen horretan zehaztuko da non, noiz eta zein ordutan hasiko den proben lehenbiziko ariketa.

5.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Azterturik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana, ohartuz gero ez dutela betetzen eskatutako baldintzaren bat, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

5.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia: eraketa eta jarduketak.

6.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Burua: M.ª Rosario Echávarri Pinillos, Sesmako Udaleko alkatea.

Buruaren ordezkoa: Ainhoa Soto Gil, Sesmako Udaleko lehen alkateordea.

–Lehen kidea: Pablo Ruiz de Larramendi (industria ingeniaria).

Ordezkoa: José Manuel Lozano (IIT).

–Bigarren kidea: Fernando Remírez Gorría (Servicios de Montejurra SAko giza baliabideetako teknikaria).

Ordezkoa: Amaya Janices López (Servicios de Montejurra SAko letratua).

–Hirugarren kidea: José Manuel Lozano Hermoso, Servicios de Montejurra SAko mantentze-lanetako enplegatua.

Ordezkoa: Ignacio López García, Servicios de Montejurra SAko mantentze-lanetako enplegatua.

–Kide-idazkaria: Miguel Ángel Fuertes Martínez, Sesmako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Eva María López Soto, Sartagudako Udaleko idazkaria.

6.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoera batean; aipatutako lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa. Halaber, izangaiek kalifikazio epaimahaiko kideak errefusatzen ahalko dituzte, baldin gertatzen bada aipatutako 40/2015 Legean ezarritako egoeraren bat.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako kausak direla eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahal du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

Hautapen prozesuak bi fase edukiko ditu: oposizioaldi bat eta merezimendu-lehiaketako fase bat.

7.1. Lehiaketaldia. Gehienez ere: 10 puntu.

7.1.1. Hauxe da lehiaketaldia: epaimahaiak kalifikatzea izangaiek II. eranskinean alegatutako merezimenduak. Eskabidearekin batera aurkeztu behar da II. eranskina, frogagiriak erantsita (administrazio publikoaren ziurtagiri jatorrizkoak, lan bizitza, ekonomia-jardueren gaineko zergako alta, Diruzaintzako eta Gizarte Segurantzako ziurtagiriak eta txostenak, lan kontratuak, enpresa ziurtagiriak, nominak eta TC agiriak eta beste frogagiri batzuk/8/10 kotizazio taldeak, etab. Denak ere jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak). Izangaiek merezimendu guztiak II. eranskinean alegatu beharko dituzte, eta agiri bidez frogatu, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, eta, horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliko dituzte. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Lehiaketaldian 10 puntu lor daitezke gehienez.

Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik.

7.1.2. Lehiaketaren balorazioa.

Lehiaketaldiak gehienez ere 10 puntuko balorazioa izanen du, honela banaturik:

–Baloratuko da zerbitzu anitzetako enplegatu gisa administrazio publikoetan izandako esperientzia profesional berariazkoa: makinen eta instalazioen mantentze-lan oinarrizkoak, eta igeltsero eta lorezain lanak. (fase honetan, agiri bidez frogatu ondoren balidatuko da esperientzia: administrazio publikoaren ziurtagiri jatorrizkoak, lan bizitza, ekonomia-jardueren gaineko zergako alta, Diruzaintzako eta Gizarte Segurantzako ziurtagiriak eta txostenak, lan kontratuak, enpresa ziurtagiriak, nominak eta TC 2 eredua eta beste frogagiri batzuk/8/10 kotizazio taldeak).

Gehienez ere: 5 puntu.

Esperientzia, urte bakoitzeko: puntu 1; urtearen zatiengatik, proportzioan dagokiona. Ez da baloratuko 2010aren abenduaren 31 baino lehen hartutako esperientzia.

–Baloratuko dira peoi espezializatu edo ofizial gisa aritu izana nekazaritzan, abeltzaintzan, eraikuntzan eta uraren sektorean (8/10 taldeetan kotizatu behar izan da) (fase honetan, agiri bidez frogatu ondoren balidatuko da esperientzia: lan bizitza, ekonomia-jardueren gaineko zergako alta, Diruzaintzako eta Gizarte Segurantzako ziurtagiriak eta txostenak, lan kontratuak, enpresa ziurtagiriak, nominak eta TC 2 eredua eta beste frogagiri batzuk/8/10 kotizazio taldeak).

Gehienez ere: 5 puntu.

Esperientzia, urte bakoitzeko: puntu 1; urtearen zatiengatik, proportzioan dagokiona. Ez da baloratuko 2010aren abenduaren 31 baino lehen hartutako esperientzia.

Osotara, lehiaketaldian gehienez ere 10 puntu lor daitezke.

Epaimahaiak informazio, azalpen edo agiri osagarriak eskatzen ahalko ditu merezimenduak egiaztatzeko.

7.2. Oposizioaldia. Gehienez ere: 90 puntu.

Bi proben bidez eginen da, bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa. Gehienez ere: 90 puntu.

Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Baztertua geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Lehen eta bigarren probak baztertzaileak izanen dira, bakoitza; hau da, ez da hurrengo probara pasatuko aurreko proban eskatzen den gutxienekoa erdiesten ez duena.

–Lehenbiziko proba, teorikoa: proba teorikoa izanen da; hartan, idatziz erantzun beharko zaio deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko galde-sorta bati, gehienez ere ordubetez. Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Zati honek 50 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituztenak. Okerrak ez dira zehatuko.

Proba hau egiteko ez da kontsultatzen ahal ez inolako testurik, telefono mugikorrik ez kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

Erantzun okerrak ez dira zehatuko. Ariketa plika itxien sistemaren bidez eginen da. Baztertuta geldituko dira ariketan beren burua identifikatzen duten izangaiak.

Proba bukaturik, epaimahaiak puntuatu eginen du, plika zenbakiari erantsiz lortutako puntuazioa, eta iragarriko da Udalaren iragarki-taulan eta Sesmako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan. Emaitzak argitaratzearekin batera, adieraziko da zer egunetan izanen den pliken jendaurreko irekiera.

Epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udaletxeko iragarki-taulan eta Sesmako Udalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan, izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, eta adieraziko du noiz eta non eginen den hurrengo ariketa, gutxienez ere 48 ordu lehenago.

–Bigarren proba, praktikoa: proba praktiko bat edo gehiago eginen dira, arlo hauetakoak: makinak erabiltzea, igeltserotza, pintura, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makinak maneiatzea, edota bestelako edozein, betiere loturik dagoena deialdi honetako oinarrietan aipatzen diren eginkizun edo zerbitzuekin.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, baita zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.

Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu lortzen ahal dira, eta ariketa bakoitzaren balorazio proportzionala eginen da, alegia, 40 puntu horiek zati egin beharreko proba kopurua eginen da.

Zati honek 40 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 20 puntu eskuratzen ez dituztenak.

Proba bukaturik, epaimahaiak puntuazioak emanen ditu, eta emaitzak argitaratuko dira Udalaren iragarki-taulan eta Sesmako Udalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan.

7.3. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izanen da.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

8.1. Gainditu dutenen zerrenda.

8.1.1. Behin probaren kalifikazioa bururatuz gero, epaimahaiak argitara emanen du, Sesmako Udaletxeko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko iragarki-taulan, proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako guztirako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda helaraziko dio Alkatetzari, bai eta hautapen prozesuaren espediente osoa ere, hark onespena eman diezaion.

Zerrenda horrekin batera, 1. oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, aldi baterako kontratazioetarako.

8.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da.

8.1.3. Epaimahaiak puntuazio handiena atera duen izangaia kontratatzeko proposamena igorriko dio Udaleko Alkatetzari. Loteslea izanen da. Proposamen hori argitaratuko da Udaletxeko iragarki-taulan eta Sesmako Udalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan.

8.1.4. Pertsona proposatuak aurkeztu beharko ditu, 15 egun naturaleko epean, kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, deialdian eskatutako gaitasun baldintzak eta gainerako beharkizunak betetzearen frogagiriak. Gainera, osasun azterketa egin eta gainditu beharko du.

8.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten (salbu justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan), ezin izanen da kontratatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, aurreko atalean ezarritakoa bete ondoren.

8.2. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda.

8.2.1. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Sesmako Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, jarraikiz deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.

9. oinarria.–Kontratazioa eta kontratuaren hasiera.

9.1. Sesmako Udaleko alkate udalburua izanen da organo eskuduna sinatzeko izangai proposatuaren aldi baterako kontratazioa, administrazio-araubidekoa, deialdi honen 1. oinarrian xedatutakoarekin bat. Betiere, izangaiak bete behar izan du oinarrietan ezarritakoa.

9.2. Kontratua 20 eguneko epean formalizatuko da gehienez, kontrataziorako proposamena Udalaren iragarki-taulan argitaratzen denetik.

9.3. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, kontratazio egunetik hasita.

10. oinarria.–Gaindituen zerrendakoei aldi baterako kontrataziorako deitzea.

10.1. Gaindituen zerrendan agertzen diren izangaiei dei egin dakieke Sesmako Udalean sortzen diren beharren arabera, bete daitezen bajak, oporrak edo beste edozein egoera, deialdi honetako maila bereko lanpostuetarako.

10.2. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

10.3. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edo beste entitate publiko edo pribaturen batek diruz lagundutako kontratazioen kasuan, non Enplegu Zerbitzuari eskatu behar zaion langabeen zerrenda bat, egon daitekeena Sesmako udalerrira mugatua, izangaiek zerrenda horretan egon beharko dute deituak izateko. Deialdi honen babesean osatutako zerrendako langileek, aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ez dute kontratu zehatz horretarako deirik jasoko, baina zerrendan duten tokia mantenduko dute hurrengo kontratazioetarako.

10.4. Beharrezkoa denean aldi baterako kontratazio bat egitea deialdi honetako lanpostuaren ezaugarri berak edo antzekoak dituen lanpostu baterako, deituko zaio une horretan gaindituen zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari. Izangaiarekin telefonoz harremanetan jartzeko bi saiakera eginen dira, ondoz ondoko bi lanegunetan, eta dei bakoitzaren frogak jasoko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora.

Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 10.5 atalean xedatutakoarekin bat.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio, eta deituko zaio zerrendan hurrengoa denari, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapen hau egindakoan, dagokion aldi baterako kontratua izenpetuko da, behin izangaiak aurkeztu ondoren deialdi honetako 8. oinarrian eskatzen diren agiriak.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

10.5. Honako hauek onartuko dira eskainitako aldi baterako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko deialdi honetako gaindituen zerrendan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio araubidekoa edo lanekoa.

f) Norberaren ezkontza, edo pareko egoera, bat etorriz Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearekin, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek zazpi egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Baldin epe barrenean aurkezten ez bada kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikaturik, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

10.6. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik hurrengo 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Ez gainditzea deialdi honetan ezarritako bi hilabeteko probaldia.

e) Sei hilabeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, nahiz eta kontratatzeko behin eta berriz dei egin hark emandako telefonoaren bidez edo helbide elektronikoaren bidez.

10.7. Deia jasotzen dutenek aurkeztu beharko dute deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.

10.8. Hautapen prozesutik baztertuko dira eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak, alkate udalburuaren ebazpen baten bidez, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak.

10.9. Oinarri hauetan arautzen ez den orotan, aplikatuko da abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira izangaien zerrendak kudeatzeko, aldi baterako kontratazioaren bidez aritzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan.

11. oinarria.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluarekin, izangaiei honako honen berri ematen zaie:

–Sesmako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zein xedetarako bildu diren, xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondorioz izan daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. E artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

Errekurtso hauetako bat para daiteke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko dagokion salari edo epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bestela,

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak (PDFa).

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Sesmako udalerria: kaleen izenak, bai eta mendienak, alderdienak eta ibaienak ere; nomenklatura ofizialak eta tradiziozkoak; udaleko araudia, ordenantzak, etab.

2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.

3. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko maneiuarena.

5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Soldatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak egitea.

6. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

7. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak.

8. gaia–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lana: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

Iragarkiaren kodea: L1913469