22. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERBINTZANA

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Berbintzanako Udalak, 2018ko azaroaren 22an egin osoko bilkuran, legez eskatutako gehiengoarekin, behin betiko onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa, 85 bis artikulua gehituz erlezaintzako aprobetxamenduetarako.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzetan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

85.bis artikulua.

1. Herri-lurretan erlauntzak ezartzeko baimena eman ahalko da landu gabeko lurzatietan edo haien konfigurazioa, topografia eta tamaina kontuan hartuz laborantzarik onartzen ez duten lurzatietan.

a) Baimenak bi motatakoak izanen dira.

a.1) Ordenantza honen 15. artikuluko baldintzak betetzen dituzten Berbintzanako herritarren aprobetxamendu gisa.

Aprobetxamendu hori familiaren autokontsumorako izanen da eta gehienez 15 erlauntz izanen ditu.

a.2) Erlezaintzako ustiategi txikiak, 26tik 150era bitarte erlauntz izanen dituztenak, eta erlezaintzako ustiategi profesionalak, 150 erlauntz baino gehiago izanen dituztenak.

Aprobetxamenduaren kalifikazioa lortuko da haren titularrak edo familia unitateko kideek Berbintzanan duten erlauntz kopuruaren arabera, eta erlauntz guztiak aprobetxamendu mota bakarrean kontatuko dira.

2. Erlauntzek indarra duen legerian ezarritako determinazioak bete beharko dituzte, bereziki otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan, eta Nafarroako Foru Berriko 369. Legean, edo haien ordez edo haien osagarri etortzen diren xedapenetan ezarritakoak.

3. Gorde beharreko distantziei dagokienez, Berbintzanako udal mugapean erabiliko den irizpide orokorra bat etorriko da otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuaren 8.2 artikuluak ekartzen dituenekin. Hona hemen gutxienekoak:

1.–Establezimendu kolektibo publikoetara eta hirigune, bizigune eta etxebizitza bakartuetara: 400 metro.

2.–Abeltzaintzako instalazioetara: 200 metro.

3.–750 metro familiakoak ez diren erlauntzetara (4 erlauntz baino gehiago); eta 200 metro familiako erlauntzetara (4 erlauntz bitarte).

4.–Errepide nazionaletara: 200 metro.

5.–Eskualdeko errepideetara: 50 metro.

6.–Herriko bideetara: 25 metro.

7.–Mendiko pistetara: erlauntzak bide ertzean paratuko dira, joan-etorria trabatu gabe.

4. Interesdunek erlauntzak paratzeko baimena eskatuko dute, eta haien kokalekua proposatuko. Kokaleku zehatza Udalak zehaztuko du.

Eskaerarekin batera aurkeztuko dira ustiategia erregistratua dagoelako egiaztagiria eta behar den osasun dokumentazioa.

5. Berbintzanako Udalak uzten ahalko die erlauntzak paratzera herri-lurretako aprobetxamenduaren xede diren lurretan, bai zuzenean aprobetxamenduaren titularrari bai haren baimena duten hirugarrenei, bete beharreko araudia eta ordaindu beharreko tasak izanik herri-lurren gainerakoetan erabiltzen diren berak.

Orobat, ohartarazi beharko da, ikusteko moduko lekuan eta erlategitik hurbil, erleak badirela. Ohartarazpen hori ez da beharrezkoa izanen finka hesiturik baldin badago eta erlauntzak hesitik 25 metrora baldin badaude, gutxienez.

Hesitzerik nahi ez badu, bidearen kanpoaldeko ertzetik 25 metrora urrundu beharko da eta seinalea ezarri beharko du 1,5-2 metro bitarteko altuera duen kartela paratuz erlategitik 25 metrora. Atmosferako eragileen aurrean iraunkorra den materialekoa izanen da eta 35 cm horizontalean eta 20 cm bertikalean neurtuko ditu, gutxienez.

Kartelaren testuak bi lerro horizontal izanen ditu.

–Goialdean, gutxienez ere “Erleak” jarri beharko du, beltzez eta atzealde argiaren gainean. Karaktereen neurria 70 × 35 mm-takoa izanen da gutxienez.

–Behealdean ustiategien kopurua jasoko du, 40 × 20 mm-takoa gutxienez.

Kartelen adibideak:

L1815482_0.pdf

6. Ustiategiaren titularrak erlauntz bakoitza banan-banan identifikatu beharko du Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroko zenbakiarekin, 20 × 10 mm-tako neurriarekin. Gutxienez haztegiaren kamara markatuko da. Alta eman beharko dio espezieari eta erlauntzen kopuruari Nafarroako Gobernuko Landa Sustapen eta Ingurumen Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuan, Erlategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan ezarritakoaren babesean.

7. Erleen gaixotasunen aurkako borroka koordinatuaren esparruan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak Barroasiaren aurkako plan nazionala prestatu eta haren aplikazioa koordinatuko du, eta horren exekuzioa agintari eskudunei egokituko zaie. Erlezainak gaixotasun horri aurka elkartzen direnean, Abeltzaintzaren Osasun Defentsarako Elkarteak arautzen dituen abuztuaren 2ko 1880/1996 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz, dagozkien laguntzak jasoko dituzte, aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, ondoko hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako animalien osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua.

8. Berbintzanako Udalak urtero finkatuko du aprobetxamendu honengatik ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa, urteko tasa eta prezio publikoak ezartzeko ordenantza fiskalen tarifak onesten dituelarik.

Berbintzanan, 2018ko azaroaren 29an.–Alkate udalburua, José Hilario Chocarro Martín.

Iragarkiaren kodea: L1815482