1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
7/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 18koa, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Murietan goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa eman eta, zehazki, instalazio horren onura publikoa deklaratzen duena.
2018ko apirilaren 17an, Eduardo Ryan Murua jaunak, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU ordezkatuz, instalazio elektriko honetarako aldez aurreko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen:
–Espedientea: SAT10873 (2018-027 JCM-JRI).
–Instalazioaren xedea: inguru horretako hornidura elektrikoaren kalitatea hobetzea.
–Kokapena: Murietako udal mugartea.
–Instalazioaren ezaugarriak: 13,2 kVko lurpeko instalazio berri bat, Murietako transformazio zentrotik “Murieta-Murieta” zirkuituko 4.01 euskarrira. Halaber, beharrezkoa da linea berri bat luzatzea 4.01 zenbakian proiektatu den euskarri berriaren eta 1.05 zenbakian dagoen euskarriaren artean. Zerbitzutik kanpo gelditzen diren instalazio guztiak kenduko dira.
–Aurrekontua: 50.047,81 euro.
Nafarroako Gobernuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 31ko 341E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion proiektuari.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluak ezartzen duena aplikatuz, 2018ko apirilaren 18an Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proiektuaren separata bat bidali zien Nafarroako Gobernuaren Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren Ustiapen Atalari eta Murietako Udalari.
Espedientean (2018/287228 espedientea) Ustiapen Atalak maiatzaren 9an emandako txostena jaso da, zeinean esaten baita “sustatzaileak dagoeneko beharrezkoa den baimena eskatu dio Herri Lan Zuzendaritza Nagusi honi, eta zuzendaritza tramitatzen ari da”.
2018ko maiatzaren 15ean, Murietako Udalak txostena egin eta Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari bidali zion. 2018ko ekainaren 13an, berdrola Distribución Eléctrica SAUk jakinarazi zion Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari enpresak, txosten horri erantzuteko, Udalari bidali ziola dokumentazio osagarria.
2018ko azaroaren 7an, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk instalazio elektriko horren onura publikoaren deklarazioa eskatu zuen.
Halaber, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera jendaurrean jarri zen hogei egunean, iragarkia 2018ko 225. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 21ekoan, eta Diario de Navarra egunkarian, azaroaren 22koan, argitaratuta.
Halaber, eskaera Murietako Udalari ere igorri zitzaion txostena presta zezan eta epe berean jendaurrean jar zezan. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 146. artikuluan ezarritako epeak amaiturik, Udalak ez du ezer adierazi gaiari buruz.
Ikusirik espedientean dagoen dokumentazioa, eta kontuan hartuta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatua, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk eskatutakoa onartzea proposatzen da.
Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 15ean emandako 48/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2016ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 1ekoa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. eta 36. artikuluetan ezarritakoa betez,
EBATZI DUT:
1. Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri aldez aurreko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.
2. Zehazki, instalazio horren onura publikoa deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluan aipatutako ondorioetarako.
3. Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Fermín Manrique Larraza jaunak, bide, ubide eta portuetako ingeniariak sinatua, onestea. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.
4. Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.
5. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.
6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.
7. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.
8. Ebazpen hau igortzea Garapen Ekonomikorako Departamentuaren Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari eta Zainketa Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
10. Ebazpen hau Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
11. Ebazpen hau Murietako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2018ko urtarrilaren 17an.–Laura Larraya Irigoyen, Azpiegitura Energetikoen Ataleko burua, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariaren ordezkoa (Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 167/2017 Ebazpenaren bidez, 2017ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 18koan).
Iragarkiaren kodea: F1900846