1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 11koa, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Uxueko eta Galipentzuko udal-mugarteetan goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aldez aurreko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa eman eta, zehazki, instalazio horren onura publikoa deklaratzen duena.
2018ko irailaren 10ean, Eduardo Ryan Murua jaunak, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU ordezkatuz, aldez aurreko administrazio baimena emateko eskatu zuen, baita eraikitzeko administrazio baimena eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ere instalazio elektriko honetarako:
–Espedientea: SAT10907 (2018-011 GEE/Agr.)
–Instalazioaren xedea: inguru horretako hornidura elektrikoaren kalitatea hobetzea.
–Kokapena: Uxueko eta Galipentzuko udal-mugarteak.
–Instalazioaren ezaugarriak: “Zangoza-Kaseda” 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoa berritzea, 8051. eta 8207. euskarrien arteko tartean.
–Aurrekontua: 209.315,87 euro.
Nafarroako Gobernuaren Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 22an emandako 87E/2018 Ebazpenaren bidez, baimendu zen proiektatutako linea elektrikoa Murillo El Frutotik Zaraitzu Ibarrerako doan Errege Altxonbidearekin gurutzatzea.
Espedientean dago uztailaren 6ko Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Ebazpena (2018-L-21), zeinak baimena ematen baitu proiektuak ukitzen dituen sakanak gurutzatzeko.
Halaber, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera jendaurrean jarri zen hogei egunean, iragarkia 2018ko 193. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 4koan, eta Diario de Navarra egunkarian, urriaren 2koan, argitaratuta. Halaber, eskaera Uxueko Udalari eta Galipentzuko Udalari ere igorri zitzaien txostena presta zezaten eta epe berean jendaurrean jar zezaten.
Galipentzuko Udalak, azaroaren 14an, komunikazioa bidali zuen, adieraziz “udalbatzak proiektua ezagutzen duela, eta ez duela inolako aurkakotasunik agertu haren kontra”.
Uxueko Udalak, urriaren 25ean, alegazioak aurkeztu zituen. Alegazioek gai hauek ukitzen zituzten: herri-lurzatiak desjabetzeko modua, aurrekontua, eraitsiko diren instalazioen zortasun-gabetzea eta eraispena, obrek eragingo dituzten kalteak eta eskualdeko parke eolikoetan eragingo dituzten afekzioak.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127., 131. eta 147. artikuluetan ezarritakoarekin bat, alegazio hauek Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri bidali zitzaizkion; enpresa horrek, azaroaren 5ean, erantzuna eman zien alegazioei, eta beste separata bat gaineratu zuen, proiektatutako instalazioaren aurrekontu xehatuarekin, eraisteko partidak ere barne.
Desjabetze-prozedurari dagokionez, enpresa banatzaileak abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149.2 artikuluan ezarritakoa jaso du. Izan ere, horrek adierazten du onura publikoko deklarazioak “berekin ekarriko duela instalazio elektrikoa jabari, erabilera edo zerbitzuko lurretan, estatuko edo autonomia-erkidegoetako ondare-lurretan, probintziako edo udalerriko berezko edo herri-lurretako erabilerako publikoko lurretan, horietako obra eta zerbitzuetan eta zortasun publikoko eremuetan jartzeko edo horietatik igarotzeko baimena”.
Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren erantzuna (beste separata batekin) Uxueko Udalari igorri ondoren (azaroaren 13ko hartu izanaren agiria), udalak ez du deus adierazi horri buruz. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127, 131 eta 147 artikuluekin bat, eta udalak aurkako idazkirik bidali gabe hamabost eguneko epea igaro ondoren, enpresa banatzaileak emandako erantzunarekin ados dagoela ulertzen da.
Nolanahi ere den, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluan ezarritakoari eusten dio. Artikulu horrek ezartzen du Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen duenaren arabera desjabetze-espedientea tramitatu ondoren, herri-lurretako ondasunak automatikoki desafektatzen direla.
Ikusirik espedientean dagoen dokumentazioa, eta kontuan hartuta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatua, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk eskatutakoa onartzea proposatzen da.
Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 15ean emandako 48/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2016ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 1ekoa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. eta 36. artikuluetan ezarritakoa betez,
EBATZI DUT:
1. Aldez aurreko administrazio baimena ematea Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri, “Zangoza-Kaseda” 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoa eraberritzeko 8051. eta 8207. euskarrien arteko tartean.
2. Zehazki, instalazio horren onura publikoa deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluan aipatutako ondorioetarako.
3. Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Fermín Manrique Larraza jaunak, bide, ubide eta portuetako ingeniariak sinatua, onestea. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.
4. Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.
5. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.
6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.
7. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.
8. Ebazpen hau Garapen Ekonomikorako Departamentuko Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
10. Ebazpen hau Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
11. Ebazpen hau Uxueko Udalari, Galipentzuko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2019ko urtarrilaren 11n.–Azpiegitura Energetikoen Ataleko burua, Laura Larraya Irigoyen, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez. (Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 167/2017 Ebazpenaren bidez, 2017ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, abenduaren 18koan).
Iragarkiaren kodea: F1900572