219. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALBIASU

Ikertzeko espedientearen hasiera, 2. poligonoko 6. lurzatian

“Ikusirik Argiñenea etxeko, ondoko lursailetako eta bertako baratzeko jabearen eskaria (San Gregorio kalea, 9; Albiasu) non eskatzen baitzaio Kontzejuari elizako bide publikoa berreskuratzeko; Elena Michaus Berazak aurkeztutako dokumentazioa, zeinek biltzen baititu Petrirena etxearen jaraunspenaren onarpenaren eskritura, hitzarmen pribatua publiko bihurtzea, hiri kontribuzioa helbideratzeko eskaera, airetik egindako argazkiak eta lurzati zedula, baita Gonzalo Araquistain Darnak aurkeztutako dokumentazioa ere; jabetzaren eskritura publikoa, erregistroko oharra, airetik egindako argazki zaharrak eta garai bateko katastroa.

Ikusirik espedienteari erantsitako txosten juridikoak irizten duela ezen, bertako dokumentazio guztia azterturik, badirela zantzu sendoak kontsideratzeko Albiasuko (Larraun) 2. poligonoko 6. lurzatian Petrirena etxeak eraiki gabe duen aldea herri-lurra dela eta handik iragan dela elizako bidea antzina-antzinatik;

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 110. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 25-29 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, Kontzejuak herri-ondasunak eta eskubideak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen saiatu behar du, eta beharturik dago horiek defendatzeko behar diren ekintzak gauzatzera, besteak beste aipatu Erregelamenduaren 37.a) artikuluko ikertzeko ahalmena, 30-46 artikuluek (biak barne) ezarritako prozeduraren arabera,

Kontzejuak honako hau erabakitzen du:

1. Ikertzeko espedientea hastea, horretan sartuz ahal den dokumentazio guztia, irizpide bat sortzeko eta, behar bada, behar diren ekintzak gauzatzeko eztabaidan den lekua berreskuratze aldera, gaur egun herriko 2. poligonoko 6. lurzatian dena.

2. Eskatzea Jabetza Erregistroari espedienteak ukitutako higiezinen erregistro egoera egiaztatzea.

3. Eskatzea Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen Zerbitzuari txostena eman dezan espediente honetan auzitan den espazioari buruz, azken 75 urteei dagokienez. Orobat, bere artxiboetan den dokumentazio idatzia eta grafikoa eskatzea.

4. Eskatzea txostena nekazaritzako ingeniari José Antonio Echarri Iribarreni. Horretarako bildutako informazio eta dokumentazio guztia emanen zaio.

5. Ikertzeko espediente hau hasteko erabakia argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta ukitutako jabeei eta mugakideei pertsonalki jakinaraztea, eta eskatzea erabaki hau jakinarazi eta hamabost eguneko epean, egokitzat duten dokumentazio guztia ekar dezaten espedientean sartzeko. Adierazten zaie behin espedientea osaturik, entzunaldia hasiko dela, idatzirik alega ahal dezaten haien eskubideen alde egokia iruditzen zaien guztia, alegazioen oinarri diren agiriak erantsita.”

Albiasun, 2019ko irailaren 28an.–Kontzejuko burua, Manuel María Argaña Inchaurrondo.

Iragarkiaren kodea: L1913281