219. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73/2019 EBAZPENA, urriaren 7koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko eskola kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onesten dituena.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko eskola kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko, hezkuntza komunitateko sektore guztien parte-hartzea bermatzeko asmoz.

Kontuan harturik Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa (LOMCEk egindako aldaketaren ondoren), Hizkuntza Eskola Ofizialetako gobernu organoak arautzen dituen irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretua eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala sortu zuen azaroaren 15eko 339/1993 Foru Dekretua, ebazpen honen xedea da ikastetxe horietako eskola kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko eskola kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea, baita dagokien eranskina ere. Hona hemen:

I.–Aplikazio-eremua.

1. Ebazpen hau Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean aplikatuko da, baldin eta:

–Eskola kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

–Eskola kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan egoteko hautatutako kideei dagokien kargualdia bukatu delako.

2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak ebazpen hau aplikatzen ahalko du, eskola kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.

II.–Hautapen prozesua prestatzea.

1. Ebazpen honek aipatzen dituen ikastetxeetako eskola kontseiluak hautatu eta haien zati bat berritzeko deialdia Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (LOMCEk egindako aldaketaren ondorioz) eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako gobernu organoak arautzen dituen irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuan horri buruz ezarritakoari lotuko zaio.

2. Eskoletako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hautesle-errolda eginen dute. Hauek dira errolda horretan jaso beharreko datuak: boto eskubidea dutenen izena, deiturak eta NANa edo dokumentu baliokidea.

3. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean, ikasleen sektorearen errolda Hizkuntza Eskola Ofizialek berezkoak dituzten irakaskuntzetan, urrutiko irakaskuntzaren modalitatean (That’s English programa), matrikulaturik dauden ikasleekin eginen da.

4. Zuzendaritzek hauteskunde batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatu beharko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Orobat, behar diren prestaketa lan guztiak eginen dituzte hauteskunde prozesuaren jarduketak errazteko.

III.–Hauteskunde batzordea.

1. Hauteskunde batzordea 2019ko azaroaren 7a baino lehen eratuko da, jendaurreko ekitaldi batean, hauteskunde prozedura antolatzeari ekiteko.

2. Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko hauteskunde batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.

–Bi irakasle.

–Bi ikasle.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.

Batzordeko kide guztiak, zuzendaria izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hautesle-errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira.

3. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez diren sektoreetakoak diren batzordekideak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

4. Hauteskunde batzordeak hauteskunde-mahaien eraketa sustatu behar du, eta bai titularrak bai ordezkoak izendatu.

5. Hauteskunde batzordearen eskumenak irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 24. eta 25. artikuluetan eta ebazpen honetan adierazitakoak dira.

6. Artikulu horietan xedatutakoaz gain, hauteskunde batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.

IV.–Hauteskunde-mahaiak.

1. Irakasleentzako, ikasleentzako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako hauteskunde-mahaiak eratuko dira, irailaren 2ko 959/1998 Errege Dekretuaren 28., 32. eta 36. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Eratutako hauteskunde-mahaietako bakoitzak, bozketa saioan lehendakari gisa aritzeaz gainera, bozketaren zuzentasuna begiratu, botoak zenbatu eta behar den akta eginen du.

2. Irakasleen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek hauteskunde-mahaiko idazkari lanak eginen ditu. Antzinatasun bereko irakasle bat baino gehiago baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena. Honako hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun handiena duten irakasleen artean bigarrena.

–Ikastetxean antzinatasun txikiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun txikiena duten irakasleen artean bigarrena.

3. Ikasleen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu ariko dena, eta bi ikasle, zozketaz aukeratuak. Ikaslerik zaharrena idazkari gisa arituko da. Honako hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Bi ikasleen ordezkoak: beste bi ikasle, zozketaz aukeratuak.

4. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan arituko dena–, ikastetxeko idazkaria eta, langile horien artetik, eskolan antzinatasun handiena duena.

Honako hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Ikastetxeko idazkariaren ordezkoa: eskola kontseiluari jakinarazi ondoren, zuzendariak izendatzen duen irakaslea edo zuzendaritza taldeko kidea.

–Eskolan antzinatasun handiena duen AZLko langileen ordezkoa: eskolan antzinatasun handiena duten langileen artean bigarrena.

Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorean hautesleak bost baino gutxiago baldin badira ez da mahai hori eratuko, eta bozketa irakasleen hauteskunde-mahaian eginen da, beste hautestontzi batean.

V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.

1. Sektore bakoitzeko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko, baina kontuan hartuko da ikasleen sektorean hautesle eta hautagai izateko eskubidea Hizkuntza Eskola Ofizial bakoitzean ofizialki matrikulatutako ikasleek bakarrik daukatela.

2. Eskola kontseiluaren osaera, hizkuntza eskola bakoitzak duen ikasle kopuruaren araberakoa, irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 19., 20. eta 21. artikuluetan ezarrita dago.

3. Lehenbizikoz hautatu ondoren, eskola kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdi bat eta gero bestea, nahiz eta horrek ez duen galarazten tarte horretan hutsik gelditzen diren postuak betetzeko aukera.

4. Ebazpen honen eranskinean ageri da sektore bakoitzeko ordezkari hautetsien kopurua, erdi bakoitzerako.

5. Hautagaitza hauteskunde batzordeari igorritako idazki baten bidez aurkeztuko da; hautagaiak idazki hori sinatu beharko du, eta, horrekin batera, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztuko du.

6. Hautagaitzak onartzeko epea 2019ko azaroaren 7tik 12ra izanen da, eta hauteskunde batzordeak hurrengo egun baliodunean argitaratuko du behin-behineko hautagai-zerrenda.

Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren kontra, erreklamazioa jartzen ahal da hura argitaratu eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde batzordeak hurrengo bi egun baliodunetan ebatziko du, eta behin betiko hautagai-zerrenda argitaratuko du hurrengo egun baliodunean. Hartzen den erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etenen.

7. Sektore batean aurkeztutako hautagai kopurua berritu beharreko ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada, hauteskunde batzordeak besterik gabe aldarrikatuko ditu aurkeztu diren hautagaiak.

VI.–Hauteskunde prozesua.

1. Hauteskunde batzordeak ezartzen dituen egunetan eginen dira eskola kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak, betiere 2019ko azaroaren 22tik abenduaren 9ra bitarte, biak barne.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte-hartzea errazteko moduan ezarriko dira. Bozketa zuzenekoa izanen da, sekretua eta eskuordetu ezinekoa.

2. Hauteskunde batzordeak berariazko boto-paper ereduak finkatzen ahal ditu. Boto-paper horietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Ikasleen sektorean hautagai-zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian beren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto-emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Irakasleen sektorearen ordezkariak irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 26., 27., 28., 29. eta 30. artikuluetan xedatzen denari jarraikiz hautatuko dira.

Zuzendariak klaustro berezi baterako deia eginen du, irakasleen ordezkariak hautatzeko prozesua zuzenduko duen hauteskunde-mahaia eratzeko.

Irakasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Eragiketa horretatik ateratzen den zenbakia zatikia bada, beste izen bat gehituko da. Lehenbiziko bozketan behar diren irakasle guztiak aukeratzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da, azkena, kopuru horretara ailegatzeko asmoz.

4. Ikasleen sektorearen ordezkariak irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 31., 32., 33. eta 34. artikuluetan xedatzen denari jarraikiz hautatuko dira.

Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde-mahaia eratuko da. Ikasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Eragiketa horretatik ateratzen den zenbakia zatikia bada, beste izen bat gehituko da. Bozketa egiteko, hauteskunde batzordearen jarraibideen arabera jokatuko da.

Boto presentzialaren alternatiba gisa, Hezkuntza Departamentuak, EDUCAren bidez, ikasleek botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie ikastetxeei.

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorearen ordezkaria irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 35., 36. eta 37. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko da. Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde-mahaia eratuko da. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa.

VII.–Postu hutsak betetzea.

1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako deia egiten ahalko du sektoreetan diren postu hutsak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere postu hutsak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Postu hutsak esleitzeko orduan, boto gehien duen hautagaiak agintaldi luzeena hartuko du, eta haren agintaldia amaituko da ordezten duenaren agintaldiak amaitu beharko lukeen egun berean.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten eskolek postu hutsak esleitzeko deskribatu den prozesua erabiliko dute berritu beharrekoa ez den erdiko hutsuneak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen duten hautagaiei berritzen ari den erdiko postuak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko postu hutsak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko postu hutsen kopurua adinakoa bada, hauteskunde batzordeak zehaztuko du erdiko bati edo besteari esleitzeko prozedura.

VIII.–Botoak zenbatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde-ekitaldietako bakoitzean, mahaia, bozketa bukatu eta gero, botoen zenbaketa egiten hasiko da.

Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (edukikoak eta formakoak), boto presentzialaren kasuan, batzordeak ereduren bat onartzen badu boto-paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ere ez dute baliorik izanen.

Botoen zenbaketa eginen da, kontuan hartuta bai hautestontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, datu hauek bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua, eskola kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde-mahai bakoitzak ikastetxeko hauteskunde batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde-mahaiak zozketa bidez eginen du hautaketa. Hauteskunde batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde batzordeak, mahaiek botoen zenbaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskina igorri beharko du, beterik, Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera (ordenacion.academica@navarra.es), sektore guztietako bozketak bukatu eta bost egun balioduneko epean, gehienez ere.

IX.–Kide izendatuak.

1. Irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 19. artikuluak dioenaren arabera, eskola kokatuta dagoen udalerriko zinegotzi edo ordezkari bat ere izanen da eskola kontseiluan.

2. Hauteskunde batzordeak udalari eskatuko dio eskola kontseiluko kide izateko zinegotzi edo ordezkari bat izenda dezala.

3. Udaleko zinegotzi edo ordezkaria eskola kontseiluaren bi erdietako baterako hauteskundeak egitean, hau da, bi urtetik behin, berrituko da, edo lehenago, udalak berak erabakitzen badu.

X.–Eskola kontseilua eratzea.

1. Hautetsiak aldarrikatzen direnetik hasi eta zazpi egun naturaleko epean, eskola kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du zuzendariak.

2. Eskola kontseiluaren eraketa baliozkoa izanen da nahiz eta ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek ordezkariak hautatu gabe izan hari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

XI.–Ikasle kopurua aldatzeak ekartzen dituen ondorioak.

Hauteskunde hauetan eskola kontseiluaren zati bat, hots, bi erdietako bat, berritu behar duten hizkuntza eskolek ikasle kopuruan aldaketa izan baldin badute eta, horren ondorioz, eskola kontseiluaren osaeran ere aldaketa egin behar baldin badute, kasu bakoitzean berritu behar den erdia moldatuko dute dagokion osaera berriari egokitzeko, ikastetxeak duen ikasle kopuruaren arabera. Beste erdiari dagokion kide kopurua ez da aldatuko berritze partzial honetan.

XII.–Prozesuaren bermea.

1. Ikastetxeetako eskola kontseiluak behar bezala eratu daitezen, behar diren neurriak hartuko dituzte Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, eskoletako zuzendariek eta hauteskunde batzordeek; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

2. Eskola kontseiluak eratu ondoren, gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio.

Bigarrena.–Ebazpen honen eta bere eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eta dagokion eranskina Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Laugarrena.–Ebazpen honek eta hari dagokion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2019ko urriaren 7an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Eskola kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea Hizkuntza Eskola Ofizialetan (2019-2020) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1913074