217. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

113E/2019 EBAZPENA, urriaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Erriberriko 16. poligonoko 1293. lurzatian autokontsumoko instalazio fotovoltaiko bat ezartzeko proiekturako, Erriberriko udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Infraestructuras Locales SA da.

2019ko martxoaren 22an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartzen da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Gauzatu nahi den jarduketa da guztira 100kW-ko potentzia izendatua duen sorkuntza fotovoltaikoko instalazio bat egitea, Tafalla-Erriberriko hondakin uren araztegiko kontsumoko barne instalazioari lotuta.

Instalazioa 17 katetan bildutako 306 moduluz osatuta dago, eta kateak egungo transformadorearen txabolaren ondoan jarriko den inbertsorera arte lurperatutako kanalizazio bidez iristen dira. Altzairu galvanizatuzko 51 euskarri egitura egin nahi dira; bakoitzak 6 modulu bilduko ditu, eta 200 cm x 80 cm x 50 cm-ko masa-hormigoizko zapata bikoitz bat izanen du. Instalazioak hartutako eremua 2.000 m² ingurukoa da.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintza jarrita.

Espedientearen txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Erriberriko 16. poligonoko 1293. lurzatian autokontsumoko instalazio fotovoltaiko bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea Navarra de Infraestructuras Locales da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Zimenduak eta kanalizazioak egitea guztiz ezinbertzekoa den lekuak baino ez dira ukituko, eta ahalik eta lur gutxien mugituko dira, inguruaren topografia aldatu gabe.
  • Inbertsorera arteko kable instalazioa zimendatzeko eta kanalizatzeko zapaten hondeaketan, lehenik lur begetaleko geruza kenduko da, eta gainerako hondeaketa lurrak bereizita metatuko dira. Gero, lur begetal horrekin, hondeatutako eta/edo lanek eragindako guneak berrestaliko dira.
  • Lanak bukatutakoan, obra hondar guztiak garbituko dira okupatu den eremuan, bai eta ondoko lurretan ere.

–Hirigintzaren arlokoak:

  • Baimen honek, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eta baimenak berak ezarritako zehaztapenak kontuan hartuta, 165/2012 Ebazpenaren arabera baimendutako araztegirako autokontsumoko instalazio fotovoltaikoa baino ez du babesten. Ebazpen hori urriaren 24koa da, eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak eman zuen.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari. Bereziki, Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalak xedatuari, besteak beste, erraten baitu ezen, kontuan hartuta uholde bat gertatuz gero proposatutako instalazio elektrikoari eragiten ahal diola, baimentzeko modukotzat hartzen dela instalazioa, honako baldintza hauekin:
  • Zidakos ibaia gainezkatuz gero, uholdeari eusteko kalkulatuta egon behar dute plaketako euskarriek.
  • Araztegia elikatzen duen instalazio elektrikoaren iragazgaiztasuna bermatu behar da, kaltea ahalik txikiena izan dadin uholdea gertatuz gero.

Sustatzaileak jakin behar du zer uholde arrisku duen lurzatiak, bere gain hartu behar du arrisku hori, eta jakin behar du, halaber, zer babes neurri diren aplikatzekoak. Nolanahi ere, haren babeserako egokitzat jotzen dituen neurri osagarriak ere hartzen ahal ditu.

  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak hornidurako sarera lotzea.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da ezen hala egiten ez bada, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten ahal zaion edozein ukipen arau-hauste larritzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin nahi den jarduerak izan ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoen eskutik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak jatorrizko egoerara lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Hari beretik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratuko duela, bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Erriberriko Udalera, Basozaintza Atalera (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1913181