217. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2600E/2019 EBAZPENA, urriaren 11koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez “Lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza eta enplegu programa integratuak” dirulaguntzaren deialdia onesten baita. DDBN identifikazioa: 477219.

Enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen bidez sistemaren osoko erreforma bati ekin zaio eta esparru juridiko berri bat ezarri da hala enpresek nola Administrazio Publikoek langileen eskura jartzen dituzten prestakuntza eskaintzetarako.

Prestakuntza eta enplegu programa integratuetan bildutako ekintzak lanbide kualifikazio eta gaitasunak eskuratu, hobetu eta etengabe eguneratzera bideratuta daude, biztanleria aktiboari bizitza osoan prestatzen segitzeko aukera emateko, pertsonen, enpresen, lurraldeen eta sektore produktiboen beharrak bateratuz.

Gizarteak botere publikoei eskatzen die egungo egoera ekonomikoaren ondorioak arintzen eta langabezia murrizten lagunduko duten neurri eraginkorrak hartzea, batez ere, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonentzat.

Hortaz, beharrezkoa da langabeen eta enplegu-egoera hobetu behar duten landunen enplegagarritasuna handitzeko neurriak txertatzea, Enplegurako Estrategia Europarraren, Enplegua Aktibatzeko Espainiako 2017-2020ko Estrategiaren eta Enplegu Politikaren urteko Planaren esparruan.

Helburua da kolektibo kalteberak, baztertzeko arriskuan daudenak eta kualifikaziorik gabeko gazteak trebatzea, haien garapen pertsonal eta soziala sustatzearren eta kualifikazio bat eskura dezaten, haiei osoko arreta eskainiz, lan esperientzietan parte hartzeko aukera emanez eta lan munduan sartzen lagunduz. Planteamendu horiekin bat, entitate publikoen, pribatuen eta enpresen arteko sareko lankidetza programak eta kudeaketa konpartituko programak lehenetsiko dira, betiere aurrera eramateko behar diren baliabideak bermatzen badituzte, eta prestakuntza eta enplegu programak garatzeko kudeaketa eraginkorragoa proposatzen badute.

Prestakuntza eta enplegu programa horiek norgehiagokako araubidearekin bat banatuko diren dirulaguntza publikoen bidez finantzatuko dira, eta entitate onuradunek beraiek gauzatu beharko dituzte.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza eta enplegu programa integratuak” dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 2.384.175 euroko gastu bat onestea, langabeei zuzendutako prestakuntza eta enplegu programa integratuak gauzatzeko dirulaguntzak finantzatzeko, 2019ko Gastuen Aurrekontuko 950002 96200 4819 242200 “Lantegi eskolen programak eta programa espezifikoak. Konferentzia sektoriala” partidaren kargura.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen jurisdikzio-ordenari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2019ko urriaren 11n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Deialdiaren xedea da prestakuntza eta enplegu programa integratuak sustatzen dituzten entitateei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea.

Aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Definizioa.

Prestakuntza eta enplegu programa integratuetan, orientazio, prestakuntza eta laneratze ibilbide bat egiten da, hartzaileek enplegagarritasun maila hobe dezaten.

3.–Hartzaileak.

Honako hauek izaten ahal dira prestakuntza eta enplegu programa integratuen hartzaile:

a) Enplegu eskatzaile moduan izena emanda dauden langabeak.

Programa bakoitzean hasten diren guztien artean, gutxienez %75 izanen dira.

b) Enplegu eskatzaile moduan izena emanda dauden landunak.

Programa bakoitzean hasten diren guztien artean, gehienez %25 izanen dira.

Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek ezin izanen dute ekintza horietan parte hartu.

Pertsonek programaren hasieran zer lan egoera duten, horren arabera joko dira landuntzat ala langabetzat.

Programan aurreikusitako ikasle kopuru handiena 20 da.

4.–Entitate onuradunak.

1. Deialdi honetan aurreikusitako programen sustatzaileak honako entitate hauek izanen dira:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta horien menpeko edo horiei atxikitako entitateak, beren titulartasun osoa toki entitate horiena bada eta Nafarroako Foru Komunitatean badaude.

b) Nafarroan diren irabazi asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta bestelako entitateak edo zuzenbide publikoko beste korporazio batzuk.

2. Entitate onuradun guztiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

5.–Programaren iraupena.

Oinarri hauen babesean garatzen diren prestakuntza eta enplegu programa integratuek lau hilabete iraunen dute gutxienez, eta zortzi gehienez, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean argitaratutako prestakuntza programa berezien katalogoan sartuta ez dagoen gaitasun teknikoetarako prestakuntza duten programek izan ezik, gutxienez lau hilabete eta gehienez bost iraunen baitute.

Programa guztiek 2020. urtean hasi beharko dute, eta 2020ko irailaren 30a baino lehen amaitu.

6.–Prestakuntza eta enplegu programa integratuen edukia.

Programek jarduketa hauek bilduko dituzte:

6.1. Orientazioa:

Orientazio eta tutoretza ekintzak proiektu osoan zehar garatuko dira: Honako hauek izanen dituzte nahitaez:

–Aitzinetiko diagnostikoa, edo eguneratua, NL-NEZeko Orientazioko langileek egina badute.

–Lan ibilbide pertsonalizatua, laneratzeko ekintzak jasoko dituena.

–Bana-banako jarraipena eta ebaluazioa egiteko saioak, eta enplegurako alderdi pertsonalak garatzeko ekintzak, indibidualak edo taldekakoak.

Horretarako, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientazioko langileek ezarritako tresnak (diagnostikoa eta ibilbidea) erabiliko dituzte gutxienez entitateek, Orientasare/Silcoi web aplikazio informatikoaren bidez.

Era berean, programan zehar eta modu transbertsalean, orientabidea eta laguntza emanen zaizkio onuradunari ekintzailetza arloan, eta ideia ekintzaileak sustatuko dira induzituta edo parte hartzaileek eskatuta. Entitateak ekintzailetza sustatzeko aplikatu nahi duen lan metodologiari buruzko informazioa jasoko du programaren memoriak.

Proiektuaren hondar zatian, orientazioak bereziki pertsona onuradunak laneratzea eta enpresetan sartzean laguntzea izanen ditu ardatz. Horretarako, entitate onuradunek laneratzeko bana-banako jarduketa plan bat eginen dute.

6.2. Prestakuntza:

a) Laguntzarako prestakuntza:

Beharra duten proiektuek gehienez ere 50 ordu sartu ahal izanen dituzte beren prestakuntza programetan profesionaltasun ziurtagiriaren jarraipenaren laguntzarako edo oinarrizko prestakuntzarako, sendogarri izan dadin beharra duten hartzaileendako, eta aukera eman diezaien bizitza aktiboan sartzeko edo ikasketekin jarraitzeko.

b) Prestakuntza gaitasun teknikoetan:

Proiektu guztiek gutxienez 250 ordu izanen dituzte gaitasun teknikoetan prestatzeko.

Prestakuntza eta enplegu programa integratuak honelakoak izanen dira:

b.1) Profesionaltasun ziurtagirirako programa integratuak.

b.2) Gaitasun teknikoen arloko prestakuntza duten programa integratuak, prestakuntza hori sartuta egon gabe Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean argitaratutako prestakuntza espezialitateen katalogoan.

Entitate onuradunak, eskabidean, bi mota horietako bat hautatu beharko du.

Profesionaltasun ziurtagiria duten programen kasuan, entitateak ziurtagiri oso bat sartu beharko du. Era berean, bete beharko ditu bai profesionaltasun ziurtagiri bakoitza arautzen duten errege dekretuetan xedatutako betebeharrak, bai urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituzten xedapenak. Erakunde onuradunak moduluka identifikatuko eta planifikatuko du ziurtagiri horien programazioa, ikaslea berriak sartzea eta dagokien modulu akreditazioa egitea ahalbidetzeko.

Horretarako, proiektua diruz laguntzeko eskatu baino lehen, entitateak akreditatuta egon beharko du profesionaltasun ziurtagiri egokia emateko.

Gainera, entitateak, prestakuntza bukatu ondoren, “Ebaluazio akta” emanen dio NL-NEZari, non, ikasleek prestakuntza unitate/moduluetan lortutako emaitzez gain, prestakuntza praktikoaren moduluan lortutakoak ere jasoko baitira. Aktarekin batera, profesionaltasun ziurtagiri berria osorik edo partez akreditatzeko eskabideak (ikasleek beteta) aurkeztuko ditu.

NEZak beharrezkoak diren tramiteak eginen ditu ziurtagirien egiaztapen partzial edo osoak erregistratu eta prestatzeko.

c) Prestakuntza osagarria:

Honako ekintza hauek gauzatu beharko dira:

–Laneko arriskuen prebentziorako ikastaro bat, homologatuta dagoen entitate eta/edo profesional batek emana, eta eduki eta trinkotasun egokiak dituena, Laneko arriskuak prebenitzeko zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak arautuaren arabera. Entitateak laneko arriskuen prebentzio arloko prestakuntza duen profesionaltasun ziurtagiri bat programatu badu, ikastaroa osorik edo partez konpentsatu ahal izanen da.

–Gutxienez lau orduko jardunaldi bat genero berdintasunari buruz, sektoreari lotuta.

–Gutxienez 20 prestakuntza ordu digitalizatze eta alfabetatze informatikoan.

Proiektuan zeharreko prestakuntzaren programazioa zehatz azalduko da eskaerari gehitutako memorian.

Orientazioaren pisuak eragin berezia izanen du programaren hasieran eta amaieran, eta hondar zatia pertsona onuradunen laneratzeari buruzkoa izanen da.

Entitateak, proiektuak iraun bitartean, 6.2 oinarrian deskribatutako prestakuntza ekintzak programatu beharko ditu.

7.–Onuradunak hastea eta ordeztea.

Prestakuntza eta enplegu programa integratu guztiek, hastean, proiektuan ezarritako ikasleen %75 izan beharko dituzte gutxienez.

Uzteak gertatzen badira, beste pertsona batzuek hartu ahal izanen dute joandakoen lekua. Proiektuak iraun bitarteko edozein unetan has daitezke onuradunak, ematen ari den prestakuntza profesionaltasun ziurtagirien arlokoa izan ezean. Kasu horretan, ordezte hori prestakuntza modulu bakoitzeko lehen bost eskola-egunetan onartuko da, modulu horren iraupenaren ehuneko hogeita bosta gainditu ez bada.

Profesionaltasun ziurtagiria lortzekoa ez den prestakuntza duten programa integratuetan, ikasleak sartu ahal izanen dira, proiektuaren iraupenaren %25etik gora iragan ez bada.

Pertsonek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu.

Ikastaroan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira baztertuta gelditzeko arrazoiak:

a) Arrazoitu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea hilabete batean.

b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

c) Prestakuntza ekintzaren garapen arrunta trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekiko, ikaskideekiko edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekiko.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Entitate onuradunaren funtzionamendu araudian ager daitekeen beste edozein.

8.–Bekak.

Parte hartzaileak edozein unetan izan ahal izanen dira beken proiektuaren onuradun. Beken zenbatekoa NL-NEZak eman beharreko dirulaguntza osoaren parte izanen da.

Entitate onuradunak eskaeran adieraziko du zenbat diru aurreikusita daukan beketara bideratzea, eta beken kudeaketaz arduratuko da, bai eta bekak ordaintzeaz ere, onuradunaren kontu korrontean sartuta.

Pertsona lanean dagoen egunetan, ez zaio bekarik egokituko.

9.–Laneratzea.

Programan parte hartzen duten pertsona ebaluagarri guztiak kontuan hartuta, gutxienez %25 laneratuko direla bermatu beharko dute programek. Pertsona bat ebaluagarritzat jotzeko, programaren barruan egon beharko du gutxienez irauten duen denboraren %50, eta langabezian dagoela hasi behar du. Entitate onuradunek laneratzeko beste konpromiso bat hartu ahal izanen dute, lehia prozeduran kontuan hartuko dena.

Laneratzea hau dela ulertuko da:

–Parte hartzailearekin proiektuaren indarraldian eta proiektua amaitu ondorengo sei hiletan sinatutako lan kontratua. Laneratze konpromisoak justifikatzeko gehieneko epea laneratze epea amaitu eta hilabetekoa izanen da. Guztira lan egindako denbora gutxienez lanaldi osoko hiru hilekoa izanen da, edo baliokidea, betiere lanaldi erditik beheitikoa ez bada.

–Laneratzetzat hartuko da parte hartzaile guztiendako, programa integratua amaitu ondoren hezkuntza sistemara itzultzen badira.

–Altak langile autonomoen araubide berezian eta kuoten ordainketak, gutxienez hiru hilabetez.

Laneratze ondorioetarako, bazter utzi beharko da Administrazio Publikoan funtzionario, estatutupeko langile edo lan-legepeko kontratatu edo administrazio-kontratatu moduan sartzeko edozein modu.

10.–Instalazioak, ekipamendua eta prestakuntza materiala.

10.1. Onetsitako proiektuaren memoriarekin bat, ondo funtzionatzeko behar den oinarrizko ekipamendua osatzen duten ikasgelak, lantegiak, altzariak, makinak eta abar erakunde onuradunak edo proiektuaren garapenean laguntzen duten beste erakunde edo entitate batzuek eman beharko dituzte.

10.2. Proiekturako erabiltzen diren ikasgelak, lantegiak eta gainerako gelak ez badira entitate onuradunaren jabetzakoak, eskaera egitean egiaztatu beharko da benetan erabiltzen ahal direla.

10.3. Proiektuko memorian adierazitako gainerako oinarrizko ekipamendua prest egonen da erabiltzeko, hura behar bezala garatzeko beharrezkoa den unean.

10.4. Profesionaltasun ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan, legez xedatua bete beharko da.

11.–Parte hartzaileen hautaketa.

11.1. Parte-hartzaileak hautatu aurretik, proiektua gauzatuko den lurraldeko enplegu agentziak aurretiazko hautapen bat eginen du.

Proiektuko prestakuntzaren xedea bada profesionaltasun ziurtagiriak lortzea, ikasleen profila profesionaltasun ziurtagirietan ezarritako sarbide baldintzetara egokitzen dela bermatuko da.

Entitate onuradunek dagokion enplegu agentziari adieraziko dizkiote proiektuari egokitzen zaizkion profilak eta sartzeko betebeharrak, zundaketa bidez edo zabalkunde publikoaren bidez behar bezala kudeatzeko.

Enplegu Agentziak zundaketa bat egiten badu, hautaketa egiten den Enplegu Agentziaren eragin-eremua izanen da bilaketa esparrua. Interesdunek izena emateko bitartekoak, modua eta epea zabalkunde iragarpenak zehaztuko ditu.

Sartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak gainditzen duenean ezarritako ikaspostu kopurua, enplegu agentziak aurrehautaketa bat eginen du, honako irizpide eta lehentasun-ordenaren arabera:

a) Langabeek lehentasuna izanen dute landunen aldean.

b) Gizarteratze eskubidea erabiltzeko errenta bermatua jasotzen duten pertsonak.

c) NL-NEZeko Orientazioko langileek edo Gizarte Zerbitzuek bideratutako pertsonak.

d) NL-NEZak edo orientaziorako dauzkan entitate laguntzaileek enplegagarritasun ibilbideak edo enplegurako ibilbide pertsonalizatuak egin dizkieten pertsonak.

e) Lehentasuna izanen dute azken hiru deialdietan onetsitako beste prestakuntza eta enplegu programa integratu batean parte hartu ez duten pertsonek.

Salbuespen moduan, profesionaltasun ziurtagiria programatzen den programa integratuetan, lehentasuna izanen dute aipatu ziurtagirian programakoak ez bezalakoa den prestakuntza moduluren bat akreditatuta duten pertsonek, eta, horien artean, modulu gehien akreditatuta dauzkatenek.

Hautaketan, emakumeen kopurua eta gizonena bera izan daitezen ahaleginduko da. Nolanahi ere, identifikatutako helburu profesionalak eta proiektuarenak bat etorri beharko dira.

Entitate onuradunek zilegi dute hautagai poltsa bat aurkeztea enplegu agentziari, aurretiazko hautapen prozesu horretan sar ditzan, eta jarduketa eremuan proiektuaren xedeko pertsonekin lan egiten duten beste entitate batzuen deribazio bideak ezarrita izan ditzakete.

Aurretiazko hautapena eginda, enplegu agentziak hasiera batean hautatutako pertsonen zerrenda eta inskripzio eskaerak igorriko dizkio entitate onuradunari, hautapena egin dezan.

Entitate onuradunak parte hartzaileen eta ordezkoen zerrenda eta hautatzeko irizpideak behar bezala justifikatuta igorriko dizkio Enplegu Agentziari.

Enplegu agentziak, bere eskumenen esparruan, deialdian ezarritako betebeharrak bete ote diren egiaztatuko du.

Halaber, entitate onuradunak parte-hartzaile guztien alta eta bajen berri eman beharko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, horrelakoak gertatu bezain pronto.

11.2. Aukeratutako ikasleek aukeratuak izateko betekizunak mantendu beharko dituzte sartzen diren egunean.

12.–Zuzendaritzako, orientazioko, irakaskuntzako eta laguntzako langileak.

12.1. Zuzendaritzako, orientazioko, irakaskuntzako eta laguntzako langileak entitate onuradunak kontratatuko ditu proiektuan adierazitako profilaren arabera. Erakunde onuraduna arduratuko da hautaketaz.

12.2. Langileen gutxieneko ratioa hau izanen da: orientatzaileei dagokienez, lanaldi oso bat programak iraun bitarte osoan; zuzendariei dagokionez, lanaldiaren %25; eta administrariei dagokionez: lanaldiaren %50.

12.3. Erakunde onuradunak bere langileak sartu ahal izanen ditu proiektuan, langileen eginkizunak eta dedikazioa jasoko dituen dokumentu bat sinatuta.

13.–Eskaerak egiteko modua eta aurkezteko epea.

13.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

13.2. Eskabideak deialdi hau argitaratu eta hamabortz egun naturaleko epean aurkeztuko dira. Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

13.3. Eskaerak aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea, bai eta NL-NEZari baimena ematea ere, eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta edozein administrazio publikotan egin duten edo dagoen dokumentazioa lortzeko. Berariaz aurka eginez gero, dokumentazio egokia aurkeztu beharko da.

14.–Aurkeztu beharreko agiriak.

14.1. Eskabidea eta proiektuaren memoria eredu normalizatuan aurkeztu beharko dira, eta agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Eskaera sinatzen duenak entitate eskatzailearen izenean jarduteko ahalmena baduela egiaztatzen duen agiria, indarra duen legeriaren araberakoa.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 eta 3 artikuluan aipatutako egoeretako bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

c) Datuen babesari buruzko agiria.

d) Bestelako laguntza batzuei buruzko aitorpena.

e) Beste edozein dokumentu edo informazio, honako honen ustez beharrezkoa bada espedientea geroago ebazteko.

Administrazioari lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskatzailea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaz baliatzen ahalko da, betiere adierazten badu noiz eta zein organo administratibotan aurkeztu zituen agiri horiek.

14.2. Entitate eskatzaileek eskaera bat aurkeztu beharko dute antolatu nahi duten prestakuntza eta enplegu programa integratu bakoitzeko.

14.3. Dirulaguntza eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei 10 eguneko epea emanen zaie, idazkia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren argibideak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

15.–Balorazio irizpideak.

Eskaeren balorazioan, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

15.1. Garatu beharreko proiektuaren Enplegu Agentziaren lurralde esparruan izandako langabezia indizea: 30 puntura arte.

Izandako langabezia indizea kalkulatzeko, jakin behar da zenbat enplegu eskari izan diren Enplegu Zerbitzu Publikoetan une jakin batean, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean bizi diren 16-64 urteko pertsonekin alderatuta.

X = deialdia argitaratu zen eguneko Nafarroako langabezia indizea.

Y = proiektua garatuko den lurralde esparruko langabezia indizea.

Y-X 0,2 bada, edo handiagoa: 3 puntu.

Y-X 0,4 bada, edo handiagoa: 6 puntu.

Y-X 0,8 bada, edo handiagoa: 9 puntu.

Y-X 1 bada, edo handiagoa: 12 puntu.

Y-X 1,2 bada, edo handiagoa: 15 puntu.

Y-X 1,4 bada, edo handiagoa: 18 puntu.

Y-X 1,6 bada, edo handiagoa: 21 puntu.

Y-X 1,8 bada, edo handiagoa: 24 puntu.

Y-X 2 bada, edo handiagoa: 27 puntu.

Y-X handiagoa bada 2,1 baino: 30 puntu.

15.2. Parte-hartzaileen aukerak enplegua lortzeko: 35 puntu arte.

–Proiektuari atxikitako enpresak: puntu 1 atxikipen bakoitzeko (gehienez ere 10 puntu).

Enpresen atxikipenak soilik baloratuko dira proiektuaren helburuekin ikustekoa dutenean. Atxikipenak justifikatzeko, entitate onuradunak kasuan kasuko enpresak sinatutako justifikazioa aurkeztuko du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren arabera.

–Laneratze konpromisoak: 25 puntura arte.

Erakunde onuraduna laneratzera konprometitu den ikasle ehunekoa balioetsiko da, 9. oinarriak aurreikusitakoaren arabera, eta oinarri horretan eskatutako gutxieneko ehunekoa gaindituta.

0,33 puntu emanen dira eskatutakoaren gainetik dagoen laneratze konpromisoko portzentajezko puntu bakoitzeko. Ehunekoak osoak ez badira, egoki den zati proportzionala emanen da.

15.3. Beken programazioa: 10 puntu arte.

Erakunde onuradunak proiektuan bekak hartzaileei ordaintzea sartzen badu, 10 puntu.

15.4. Programaren egokitasuna: 15 puntu arte.

Prestakuntza eskaintzaren egokitasuna, kontuan hartuta oinarri hauetako I. eranskinean aurreikusitako lehentasunezko prestakuntza ekintzen sailkapena. Eranskina gehitu.

–Programan sartutako prestakuntza oso lehentasun handikoa bada: 15 puntu.

–Lehentasun handikoa bada: 10 puntu.

15.5. Entitate onuradunak kalitateko ziurtagiriak izatea (EFQM, ISO, SGSI, kudeaketa aurreratuaren eredua edo baliokideak), edo irakasleendako prestakuntza plana izatea: 5 puntu.

15.6. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena: 10 puntura arte.

–Berdintasun plana: bost puntu emanen zaizkie programei entitate onuradunak berdintasun plan bat indarrean badu, edo estatutuetan edo xede sozialetan berdintasuna sustatzea jasotzen badu; edo zuzendaritza batzordean sexu oreka badu; edo ordezkariak baditu berdintasun arloan; edo ofizialki jasota badu gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean laguntzen duen entitatea dela.

–Programak neurriak jasotzen baditu parte hartzaileek lana eta familia batera ditzaten: 5 puntu.

15.7. Zonifikazioa: 10 puntu gehienez.

10 puntu emanen dira, deialdian aurkeztutako proiektua bere eskualdeko bakarra bada, eskualdeak enplegu agentzien eraginpeko eremuak direla ulertuta. Jarduketa esparruak eremu bat baino gehiago hartzen baditu, udalerri gehien dituena dagokiola ulertuko da.

Puntuazioa, gehienez ere: 115 puntu.

Gutxienez 50 puntu izan behar dira dirulaguntza jaso ahal izateko.

16.–Dirulaguntza emateko prozedura.

16.1. Norgehiagokakoa izanen da dirulaguntzak emateko prozedura, eta publikotasun, gardentasun, objektibotasun eta berdintasun printzipioak beteko ditu.

16.2. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 15. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Deialdian erabilgarri dagoen kreditua gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.

16.3. Entitate onuradunen batek uko egiten balio dirulaguntzari, organo emaileak erabakiko du, beste deialdi bat egiteko beharrik gabe, puntuazioaren arabera ezarritako lehentasun ordenan hurrengo dauden eskatzaileei ematea, betiere proiektuak eskatutako gutxieneko puntuazioa jaso badu, eta onuradunek laguntzari uko egitearen ondorioz aski kreditu askatu bada gutxienez ere ukatutako eskaeretako bati erantzuteko.

16.4. Lehenik, eremu hauetako edozeini lotutako puntuazio handieneko eskaerak esleituko dira: Agoitz, Altsasu, Doneztebe, Lizarra, Lodosa eta Tafalla puntuazio ordenaren arabera.

Aurreko esleipenetan sobera geratutako zenbatekoekin Iruña eta Tutera inguruko proiektuei erantzunen zaie puntuazio ordenaren arabera.

17.–Prozeduraren instrukzioa eta Balorazio Batzordea.

17.1. Prozeduraren instrukzioaz arduratuko den organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

17.2. Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, espedienteak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

17.3. Balorazio Batzordea kide anitzeko organo bat da. Eskaerak ebaluatzeko ardura du, eta bere ebazpena lotzailea da. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez izendatuko da.

17.4. Instrukzio organoak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa ikusirik, ebazpenaren proposamen arrazoitua prestatu eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

18.–Ebazpena eta jakinarazpena.

18.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak proposaturik, gehienez ere hiru hilabeteko epean emanen du bidezko ebazpen arrazoitua, zeinaren bidez eman edo ukatuko baita eskatutako dirulaguntza. Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

18.2. Laguntza emateko ebazpena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21.2 artikuluaren arabera arrazoituko da, eta honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Aurkeztutako entitateen zerrenda.

b) Onartutako eta ukatutako proiektuen zerrenda, beren puntuazioa adierazita, eta kontuan hartu ez direnena ere bai.

c) Onartu den proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza.

d) Guztira emandako diru kopurua.

18.3. Eskaerari buruzko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka, entitate onuradun interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

19.–Dirulaguntzen zenbatekoak.

19.1. Programa bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa honako hauen batuketa eginda aterako da:

a) Orientatzeko eta laguntzeko dirulaguntza.

b) Prestakuntzarako dirulaguntza.

c) Bekak.

19.2. Orientatzeko eta laguntzeko dirulaguntza:

5.621,92 euroko dirulaguntza emanen da programak irauten duen hilabete bakoitzeko; edo, bestela, zati proportzionala.

Erakunde onuradunak bere programan hala aurreikusiz gero, diruz laguntzekoa izanen da erakunde onuradunak zuzendaritzako langileak kontratatzea proiektua hasi baino 15 egun lehenago eta proiektua amaitu eta 15 egun geroago. Kasu horretan, 716,76 euroko zenbateko finkoko dirulaguntza bat emanen da aldi osoagatik, edo 358,38 euro kontratua 15 egunerako bada.

19.3. Prestakuntzarako dirulaguntza:

Eman beharreko zenbatekoa prestakuntza sartuta dagoen lanbide arloaren araberakoa izanen da, eta, kalkulua egiteko, hurrengo taulako modulu egokia pentsatutako ordu kopuruaz eta parte hartzaile kopuruaz biderkatu beharko da.

LANBIDE ARLOA

EUROAK ORDUKO

ADMINISTRAZIOA ETA KUDEAKETA

7,62

GORPUTZ ETA KIROL JARDUERAK

8,23

NEKAZARITZA

8,00

ARTE GRAFIKOAK

7,83

MERKATARITZA ETA MARKETINA

7,69

ELEKTRIZITATEA ETA ELEKTRONIKA

9,32

FABRIKAZIO MEKANIKOA

8,22

OSTALARITZA ETA TURISMOA

7,72

INFORMATIKA ETA TELEKOM.

8,05

INSTALAZIOA ETA MANTENTZE-LANA

9,18

IRUDI PERTSONALA

8,08

IRUDIA ETA SOINUA

7,95

ELIKAGAIEN INDUSTRIAK

7,94

ZURGINTZA, ALTZARIGINTZA ETA KORTXOA

8,28

KIMIKA

8,72

OSASUNA

7,72

SEGURTASUNA ETA INGURUMENA

7,94

ZERBITZU SOZIOKULTURALAK ETA KOMUNITATERAKOAK

7,38

GARRAIOA ETA IBILGAILUEN MANTEN.

8,05

6.2.b puntuan adierazitako prestakuntzari dagokionez (prestakuntza gaitasun teknikoetan), aurreko taulan jasotako lanbide arloetako ezeini ez badagokio, bai eta gainerako prestakuntzarako ere, modulua zortzi eurokoa izanen da parte hartzaile eta prestakuntza ordu bakoitzeko.

Profesionaltasun ziurtagiria programatzen duten proiektuetan, diruz laguntzen ahal diren prestakuntza orduen kopuru handiena honako hauek batzearen emaitza izanen da: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxa egokian adierazitako profesionaltasun ziurtagiriko orduak; laguntzarako prestakuntzarako programatuak (50 orduko mugarekin); eta osagarrizko prestakuntzarako orduak (54 orduko mugarekin).

Espezialitateen katalogoan sartuta ez dauden gaitasun teknikoen arloko prestakuntza duten proiektuetan, 250 ordukoa izanen da espezialitatean diruz laguntzen ahal diren prestakuntza orduen kopuru handiena. Ordu horiei osagarrizko prestakuntzarako orduak eta laguntzarako prestatzekoak gehitu ahal izanen zaizkie (54 orduko eta 50 orduko mugarekin, hurrenez hurren).

19.4. Bekak:

Entitate onuradunak aurreikusita badu, diruz laguntzeko zenbatekoari eragiketa honen emaitza gehituko zaio: 12 euro x beka ematea aurreikusitako egunak x ikasle kopurua.

20.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

20.1. Dirulaguntzaren azken justifikazioaren aitzinetik, entitateak konturako ordainketak eskatzen ahal ditu, bi gehienez ere, exekuzio memoria tekniko bat aurkeztuta.

Konturako ordainketen kopuru osoa ez da izanen emandako dirulaguntzaren %60 baino handiagoa.

20.2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, proiektua amaitu eta gehienez hilabeteko epean, eta 2020ko urriaren 15a baino lehen, entitate onuradunak justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1.–Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla justifikatzeko jarduketa memoria, adierazita zer jarduera egin diren, zer emaitza lortu, eta zehaztuta zer lan egin den prestakuntzan, orientazioan, ekintzailetzan eta laneratzen laguntzen, bai eta ikasleen bana-banako orientazio eta jarraipen ibilbideak ere.

2.–Justifikatzeko memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek bilduko dituena:

a) Onuradunak modulutzat hartzen diren unitate fisikoen kopuruaz egindako adierazpena (amaitzen duten parte hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memorian kuantifikatutako jarduerak eta oinarri arautzaileetan jasotako moduluak kontuan hartu eta kalkulatuta.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

20.3. Prestakuntzari dagokion dirulaguntza zehazteko, prestakuntza amaitu duten ikasleak kontuan hartuko dira, eta ondorioztatuko da amaitu dutela gutxienez prestakuntza ekintza osoaren ehuneko 75ean esku hartu badute. Ulertzen da proiektuan zehar emandako prestakuntza ordu guztien batura dela prestakuntza ekintza. Gainera, pertsona batzuek prestakuntza ekintza utzi behar izan badute lana aurkitu dutelako, beka bat jaso edo lanekoak ez diren praktikengatik, eta prestakuntza ekintzaren ehuneko 25 egin badute, prestakuntza ekintza amaitu dutela ondorioztatuko da. Horretarako, ezin dira 5 egun natural baino gehiago pasa langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

21.–Bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean jasotzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek zein atzerrikoek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin.

Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen zenbatekoa inoiz ere ezinen da izan, bere soilean edo beste batzuekin batera, proiektua egiteak sortutako kostuen ehuneko ehun baino handiagoa.

22.–Onuradunek bete beharrekoak.

22.1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Bereziki, hauek:

a) Programa hasten den egunean, proiektuaren xede den jarduera hasi delako jakinarazpena igortzea NL-NEZari. Ezarritako epean ez jakinarazteak zigor bat ekarriko du berekin, emandako zenbatekoa txikitzea, hasiera jakinarazi behar zen egunetik jakinarazi gabe iragan diren egunen zati proportzionala kenduta.

b) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epeetan egitea.

c) Diruz lagundutako langileen lan-kontratuen aurkezpena.

d) Proiektua hastean, proiektuan zehar egin beharreko jarduera osoaren plangintza eta egutegi zehatza aurkeztea.

e) Lehenbailehen jakinaraztea NL-NEZari zer alta eta baja izan diren parte hartzaileen artean.

f) NL-NEZak edo beste kontrol erakunde batzuek egin beharreko egiaztapen, jarraipen eta kontrol lanak onartzea.

g) NL-NEZari jakinaraztea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, nazionalak izan zein nazioartekoak, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere.

h) NL-NEZari behar bezala justifikatzea onetsitako proiektuan aurreikusitako laneratze konpromisoak bete dituela.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

j) Diruz lagundutako jarduerak izaera publikoa duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programen hedapen eta garapenarekin zerikusia duten jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta NL-NEZarekiko lankidetza aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

k) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea laguntzen jarraipena egiteko behar duen informazio guztia.

l) Jarduketak SISPE/Silcoi web/Orientasare/IRISen grabatzea.

m) Parte hartzaile bakoitzari egin duen aprobetxamendua egiaztatzen duen diploma bat ematea, deialdi honetan adierazi bezala. Programan parte hartu ondoren, erakunde onuradunak emandako ziurtagiri bat jasoko dute pertsona onuradunek. Ziurtagiri horretan adieraziko da zenbat ordu iraun duen parte hartzeak, eta lortutako prestakuntza teorikoaren eta praktikoaren nahiz egindako prestakuntza moduluen ebaluazioa jasoko da.

n) Istripu aseguruko poliza bat izenpetzea, proiektuak hasi baino lehen. Poliza hori gauzapen aldiari, egin asmo diren jarduketei eta eguneroko ordutegiari egokituko zaizkie. In itinere istripu gastuak eta ikasleek enpresetara eta beste establezimendu batzuetara egiten dituzten bisiten ondoriozko arriskuak estali beharko ditu, eta jarduketen garapenari euskarri eman beharko diote.

Polizak hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila ere estali beharko du, programa gauzatu bitartean parte-hartzaileek eragindako kalteak estaltzeko eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua horren gaineko erantzukizun orotatik salbuesteko. Aseguru poliza kolektibo bat sinatzen ahalko da, adierazitako baldintzekin, parte-hartzaile guztiak estaltzeko.

Parte-hartzaileek ezin izanen dute proiektua hasi istripu aseguruko poliza sinatu ez bada. Polizak, gutxienez, honako estaldura hauek izanen ditu:

–Heriotza, istripuagatik.

–Baliaezintasun iraunkorra (partziala, osoa edo absolutua) eta baliaezintasun handia istripuagatik. Baremoaren araberakoa izanen da.

–Osasun laguntza mugagabea, istripuagatik.

22.2. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik goitiko laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere 5.000tik goitiko kopurua bada.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu behar du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu behar du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zuen.

Betebehar hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ez eta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak betetzen direla frogatze aldera.

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari aurretiaz ohartarazpena egin eta entzunaldia eman ondoren. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa hartuko dira kontuan.

23.–Azpikontratazioa.

Erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueraren %60ra arte azpikontrata dezakete hirugarrenekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatuaren arabera.

Langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat hartuko, kontratazio zuzena edo autonomoena bada. Prestakuntzaren kasuan, irakasleen kontratazioa ere ez da azpikontrataziotzat hartuko.

Ezinen dira azpikontratatu zuzendaritzako lanak eta laguntza administratibokoak.

24.–Onetsiriko proiektuen aldaketak.

24.1. Proiektuak edo dirulaguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaizkio aldaketak aldez aurretik, baimen ditzan.

24.2. Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den proiektua hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Aldaketa horiek, alabaina, ezin izanen dute aldatu hasierako balorazioan emandako puntuazioa. Horrelako eskaerak proposatu nahi den aldaketa hasi baino gutxienez 5 egun natural lehenago aurkeztu beharko dira.

24.3. Aldaketa horiek funtsezkotzat jotzen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzteko, egindako aldaketen garrantziaren arabera.

25.–Jarraipena eta ebaluazioa.

25.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak proiektuen jarraipen eta ebaluaziorako behar den guztia eginen du. Entitate onuradunek behar diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko. Zehazki, Gizarte Segurantzan kontsulta eginda, proiektuetan parte hartu dutenak laneratu direla egiaztatuko da.

25.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, dirulaguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenetara egokitzen ote diren jakiteko. Horretarako, behar diren bisitak eginen ditu, beharrezkoa bada, diruz lagundutako jarduerak egiten diren lekura, jardueren betetze maila ebaluatzeko.

25.3. Programa profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratuta baitago, entitate onuraduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Kalitatearen Jarraipenerako Planari lotuko zaio. Izan ere, planaren xedea da prestakuntza ekintzen garapenean kalitate maila onargarriak ziurtatzea, aurreikusitako lanbide gaitasunak eskuratzen direla bermatzeko.

26.–Dirulaguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien dirulaguntzak, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea. Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere webgunean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

27.–Datuak babestea.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa, baita gainerako garapen-araudiak ere, haren kontrakoa ez bada.

Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

Halaber, organo kudeatzaileak programetako parte-hartzaileen lan bizitzak kontsulta ditzan, entitate onuradunek dagozkien baimenak eskatu behar dizkiete horiei.

28.–Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.

28.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

28.2. Ezarritako epean justifikatu ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.

28.3. Dirulaguntza erabiltzen bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, dirulaguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

Entitate onuradunak dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzen edo proiektuen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko.

Ezin izanen da aldaketarik egin proiektuak emateko baldintzetan edo dirulaguntzak emateko aintzat hartutako baldintzetan, baldin eta aldaketa horiek kontratazio konpromisoei eragiten badiete, salbu eta behar bezala frogatutako eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartutako ezinbesteko kasuetan.

28.4. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela egiaztatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita. Deialdi honen ondorioetarako, “esanguratsutzat” joko da onetsitako proiektuaren %75 betetzea.

Lan-munduan txertatzeko konpromisoa, proiektuan ezarritakoa, betetzen ez bada, %5 itzuli beharko da proiektuan adierazitako portzentajearen %20ra arte betetzen ez denean; %10, portzentaje hori %21etik %50era arte betetzen ez denean; %15, %51tik %75era arte betetzen ez denean, eta %20, portzentaje hori gaindituz gero.

28.5. Aurreko ataletan ezarritakoaz gain, laneratzeko konpromisoa ez betetzeak honako zigor hau ekarriko dio entitateari: hurrengo deialdian, lagundutako proiektuan bete ez dituen kontzeptuengatik emandako puntu kopuru bera kenduko zaio.

28.6. Entitate onuradunak dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko eskatzen ahalko dio organo kudeatzaileari. Borondatezko itzulketetan, eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatua kontuan hartuta, berandutze-interesak aplikatu behar badira, itzulketa gertatu arte kalkulatuko dira.

29.–Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F1913177