217. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRONKARI

Aldaketa, Ur horniduraren tasa arautzen duen
3. ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Erronkariko Udalak, 2019ko uztailaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Ur horniduraren tasa arautzen duen 3. ordenantza fiskalean.

Onespenaren erabakia argitaratu zen 2019ko 171. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 30ean. Jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi da ordenantzaren aldaketa, eta xedatu da testua osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Erronkarin, 2019ko urriaren 14an.–Alkatea, Aitor Garmendia Eizagirre.

3. ORDENANTZA FISKALA, UR HORNIDURAREN
TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau, martxoaren 2ko 4/1999 Legeak hari emandako testuaren arabera.

Zerga-egitatea eta definizioak

2. artikulua.

2.1. Hona hemen ordenantza fiskal honetako zerga-egitatea:

a) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua baliatzea edo erabiltzea. Ezarriko den prezioa uraren erabileren edo helburuen arabera aldatu daiteke, etxebizitzetako erabilerarako, industriarako edo beste erabilera batzuetarako den bereiziz.

b) Neurgailuen mantentze-lanak.

c) Hornidurarako hargunea paratzea.

2.2. Ordenantza honi dagokionez, “etxebizitzetako erabilera” da etxebizitzei eta horiekin parekatutako erabilerei dagokiena. Halaber etxebizitzatzat hartuko da pertsonek bizileku moduan erabiltzen duten edozein lokal, beste batzuetatik bereiz erabil badaiteke, gutxienez hogeita hamar metro karratu izanik Hirigintzako udal Planean eta aplikatu beharreko legeria sektorialean aurreikusitako gutxieneko etxebizitza-programara egokitu ahal delako eta osasun zerbitzuak badituelako, etxebizitza gisa deklaraturik edo legeztaturik egon zein ez, bizigarritasun-zedula eta sukaldea izan zein ez. Kontsumo horren gaineko saneamendu kanona igorriko da.

2.3. “Industriarako erabilera” da lehengaiak eskuratu eta eraldatzeko lanak egiten dituzten establezimenduei dagokiena, baita haiek gero aldatzeko prestatzea ere, ontziratzea, biltegiratzea, garraiatzea eta banatzea barne. Kontsumo horren gaineko saneamendu kanona igorriko da.

2.4. “Beste erabilera batzuk” dira ez “etxebizitzetarako erabilerak” ez “industriarako erabilerak” ez direnak, bereziki jarduera ekonomikoen hornidura eta funtzionamendua xede dutenak, jarduera legeztatuak izan edo ez: ostatuak, jatetxeak, hotelak, landetxeak, elkarteak, saltokiak, dendak, bulegoak, abeltzaintzako ustiategiak eta horiekin parekatzen ahal diren guztiak, zerrenda hau ez baita itxia. Kontsumo horren gaineko saneamendu kanona igorriko da, salbu eta abeltzaintzako instalazioetan eta hondakin urak isurtzeko sareko lotunerik ez eta horren beharrik ere ez dutela frogatzen duten gainerako jardueretan.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisiko eta juridikoak eta Nafarroako Zergei buruzko abenduaren 14ko Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, edateko urez hornitzeko zerbitzua eskatzen badute edo zerbitzu horren onuradun badira.

Aurrean definitutako subjektu pasiboak tasa honen subjektu pasiboak izanen dira zerbitzu horietaz baliatzen diren udalerriko finketako bizilagun edo erabiltzaileak badira, beren titulua edozein delarik ere (jabeak, usufruktudunak, gela bat hartua dutenak edo maizterrak, baita ordaindu gabe norbaitek utzita bada ere).

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

Ordenantza honi dagokionez, erabiltzaile eta abonatu terminoak artikulu honetan subjektu pasibotzat deskribatzen direnen baliokideak dira.

Tarifak

5. artikulua. Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptu hauengatik kobratuko dira:

a) Etxebizitzetarako, industriarako eta beste erabilera batzuetarako horniduragatik: kontsumitutako metro kubiko bakoitzagatik, eranskinean zehaztu bezala.

b) Neurgailuen mantentze-lanengatik: eranskinean zehazten den kuota finkoa, neurgailuaren diametroaren arabera.

c) Hornidurarako hargunea jartzeagatik: hargunearen diametroaren araberako kuota finkoa, behin bakarrik, eranskinean adierazten den moduan.

Likidatu beharreko kuota

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota eranskineko tarifak aplikatzearen emaitza izanen da, aurreko artikuluan aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena

7. artikulua. Tasa sortzen da eta ordaindu beharra dago zerga-egitatearen udal jarduera hasten den unean, jarduera honelakoetan hasiko baita:

a) Kontsumoagatik, ura erabiltzen hasten denetik. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko tramitatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

b) Zerbitzua mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotura ezartzen denetik hasita. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko tramitatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

c) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denean, subjektu pasiboak espresuki formulatzen badu, eta ez da tramitatuko dagokion ordainketa egin arte.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Kontagailuak.

8.1. Sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenak ordainduko ditu kontagailua erosteko gastuak, bai eta instalaziorako eta hornidurarako behar diren materialen eta eskulanaren gastuak ere.

8.2. Nahitaez instalatu beharko dira kontagailu bereiziak, hargune beretik hasita erabilera desberdinak badaude finka zein higiezin berean edo titular beraren izenean.

Neurgailu berean “etxebizitzetako erabilerak” eta “beste erabilera batzuk” biltzen badira, “beste erabilera batzuen” tarifa aplikatuko da. Halakoetan, hots, erabilera desberdinak biltzen direnean, tarifarik handiena aplikatuko da.

8.3. Ur hornidurarako hargune berriak egiten direnean, harguneak zaharberritzen direnean edo etxebizitza nahiz eraikinean zaharberritze obra garrantzitsua egiten denean, edo, obra handia izan ez arren, hargunea dagoen tokia ukitzen duenean, kontagailua eta ura eteteko giltza eraikinaren kanpoaldean jarri beharko dira nahitaez. Igerileku baimenduetan, horrez gain, presioa 0,5-1 kg-ra jaisteko balbula jarri beharko da hargunean, eta hodiak gehienez hazbete erdiko sekzioa izanen du.

8.4. Kasu guztietan Udalak adieraziko du zein den kontagailua jartzeko toki egokiena, eraikinaren barnealdeko instalazio partikularraren ezaugarriak kontuan harturik. Nolanahi ere, kaletik irispide erraza duen toki batean kokatuko da, eraikin komunitarioetan izan ezik. Halaber, kontagailuen neurriak eta ezaugarriak erabakitzea, instalatzeko sistema edozein izanda ere, Udalaren esku gelditzen da, berak eginen baitu, abonatuak hornidura eskaeran aipatzen duen kontsumo deklarazioa ikusita eta barreneko instalazioetarako oinarrizko arauetan ezarritakoari jarraikiz.

Neurgailu berriak behar dituzten instalazioen aldaketak, neurgailuetan edo haien kokapen eta lotzeko sistemen aldaketak, artikulu honen 1-4 apartatuen arabera eginen dira, erabiltzailearen kontura.

8.5. Barneko instalazio partikularra deitzen zaio abonatu bakoitzaren toki itxi, lokal edo etxebizitzan ura banatzeko jartzen diren hodi eta giltzen multzoari, eta horretan sartzen dira, baita ere, kontagailuaren kaxa, armairu edo kutxeta, bere giltza, lotune eta hodiekin, eta kontagailuak berak, nahiz eta horiek lurzoru publikoan kokatu (lurzoruak ez dio horregatik publikoa izateari utziko). Abonatuari dagokio haiek kontserbatu eta mantentzea, baita aparatu akastun edo hondatuak aldatzea ere.

8.6. Ordenantza honen tarifen eranskinean kontagailuak mantentzeko nahitaezko kuota ezarriko da, kontagailuaren titularra edozein izanda ere. Kasu horretan aparatu hondatuen aldaketa Udalaren kontura izanen da beti.

8.7. Udalaren borondatez kanpoko arrazoiengatik, ezinezkoa gertatzen bada haren langileek ikustea abonatuaren kontsumoak kontrolatzen dituen neurketa ekipoan ageri diren datuak, abonatuak berak emanen ditu datuak, ondoko hamar egunen barrenean, hornidura puntuan horretarako espres dagoen inprimakian idatzita neurgailuan erregistratu diren datuak.

8.8. Kontsumoa ezin denean jakin, bai neurgailua matxuratu delako, bai irakurketa egin nahi izan zenean abonatua kanpoan izan eta ez duelako aurreko artikuluan ezarri beharkizuna bete, edo bete arren, emandako datu horiek bat ez datozelako abonatuak duen kontsumo erregimenarekin, horiek guztiak direla-eta, likidatu beharreko kuota izanen da eranskinean gutxieneko tarifatzat ezarritakoa, eta egindako kontsumoa neurgailuaren hurrengo irakurketan fakturatuko da.

9. artikulua. Prebentziozko neurri moduan, ur hornidura mozten ahalko zaio instalazio barrenean matxurak dituen hargunearen titularrari, haien ondorioz ur-galera badago.

10. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da erantzule bakarra.

11. artikulua. Udalari lehenbailehen jakinarazi beharko zaizkio ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak.

12. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar bezala zaintzea eta Udalak ematen dituen jarraibideak betetzea.

13. artikulua. Behar denean, abonatuak erraztu eta onartu beharko du Udalaren kargurako lanak egitea, kontagailua dagoen edo hornidurarekin zerikusia duen finkan, etxebizitzan, lokalean edo toki itxian sartzen utziz, horniduraren eta saneamenduaren ikuskapena egitera edo neurgailua irakurtzera edo zerbitzuaren beste eginbehar batzuk egitera etortzen zaizkionean.

Aitorpena eta likidazioa

14. artikulua. Subjektu pasiboek eta zergadunaren ordezkoek tasaren subjektu pasiboen erroldako alta eta bajen aitorpenak egin behar dituzte, titulartasun aldaketa gertatu eta hurrengo seihileko naturaleko lehenbiziko egunaren aurretik.

15. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen aitorpenek eragina izanen dute egiten den lehen likidaziotik aitzina, betiere alta eta baja aitorpenak aurkezteko epea bukatutakoan.

16. artikulua. Erroldan hasiera batean sartzea ofizioz eginen da, sarera lotzeko lizentzia emandakoan edo hargunea egindakoan.

17. artikulua. Finka partikularretako ureztaketa eta aisiarako eta industria erabileretarako ur hornidura beti egonen da etxebizitzetarako ur horniduraren mende. Etxebizitzetarako nahiko ur izan dadin, Udalak noiznahi murriztu edo eten dezake beste erabilera horietarako ur hornidura, inolako kalte-ordainik eman gabe. Hornidura osoa bermatuta ez dagoen kasuetan soil-soilik erabakiko dira eten eta murrizketa horiek, eta, ahal dela, artikulu honetan ezarritako hurrenkera aplikatuko da.

Eten edo murrizketa horiek Udalaren bandoetan iragarriko dira. Bandoan agindutakoa nahitaez bete beharko da eta, bestela, zehapena ezarri ahalko da. Igerileku baimenduak bete aurretik udal zerbitzuei abisu emanen zaie eta haiek agintzen duten moduan eta erritmoan beteko dira igerilekuak, betiere urte bakoitzeko ekainaren 15a baino lehen, udal bando baten bitartez beste egun bat ezarri ezean.

18. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasetako edozein ordaindu gabe badago haren jakinarazpenetik edo zergaldiaren amaieratik hogeita hamar egun baliodun igaro eta gero, zerbitzuari uko egin zaiola ulertuko da eta Udalak zerbitzua eten dezake espedientea ireki eta interesdunari entzun ondoren.

Diru-bilketa

19. artikulua. Gutxienez sei hilean edo urtean behin eta gehienez hiru hilean behin ordainduko dira 7. artikuluko a) eta b) letretan aurreikusitako ordainarazpenak. Zerbitzua kudeatzen duen organoak zehaztuko du maiztasuna urte bakoitzean, administrazioaren funtzionamendu orokorraren beharrak kontuan izanik. Artikulu beraren c) apartatuan aipatzen den tasa, sortzen den unean ordainduko da.

Udalak zilegi izanen du ordainagiriak bankuan helbideratzeko eskatzea ordenantza honetako tasetako subjektu pasiboei.

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Behar bezala akreditatuta dauden udal langileek egiten dituzten ikustaldiak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogaketak eragoztea.

c) Prezintu, sarraila eta kontsumoa neurtzeko Udalak jarritako aparatuak aldatzea.

d) Udalak emandako jarraibideei kasu ez egitea, neurgailu edo kontsumo-aparatuen aldaketari dagokionez, eta lehorte, matxura edo horniduraren beste arazo batzuengatik hornidura murrizteko ematen diren bandoak edo igerilekuak betetzeari buruzkoak ez betetzea.

e) Baimenik gabeko mekanismoak ezartzea kontagailuaren irakurketa espresuki aldatzeko asmoz, edo kontsumoa neurtu gabe ur hornidura lortzeko, edo neurketak faltsutzeko.

f) Norberaren instalazioan adarrak txertatzea edo txertatzen uztea, zergadunen errolda edo erregistroan ageri ez diren beste lokal edo etxebizitza batzuk urez hornitzeko.

g) Abonatuaren utzikeriagatik, sarean arazoren bat eragin eta hura zuzentzeko ekiporik ez instalatzea, eskumena duten erakundeek hura zuzentzeko emandako epea pasatu eta gero.

h) Erabiltzaileak bere instalazio partikularrean matxura izan eta behar den konponketa ez egitea, Udalak eskatu eta gero, bereziki ur-ihesaren kasua bada.

i) 10. artikuluan aurreikusitako kasuan erortzea.

j) Ordenantza honetako xedapenak ez betetzea beste edozein modutan.

21. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatuari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatuari ere.

22. artikulua. Kudeaketako arau bereziak, ur hornidurako zerbitzua handitzen denerako.

22.1. Ur hornidurako zerbitzua handitzen den guztietan, eremu berriko ur hornidura beti egonen da herrigune nagusia hornitzeko nahiko ur izatearen mende, ur biltegiaren neurriak eta egun onartuta dagoen emaria handitzen ez diren artean. Herrigunerako nahiko ur izan dadin, Udalak noiznahi murriztu edo eten ahal izanen du beste eremu horietako ur hornidura, inolako kalte-ordainik eman gabe.

22.2. Banakako kontagailuak ezarriko dira, erabiltzailearen kargura, etxebizitzetako edo bestelako erabilera duten eraikinetako harguneetan, eta ur horniduraren tasa ordainarazteko tarifak, eremu horietan, ordenantzaren eranskinean ezarritakoak izanen dira.

22.3. Enpresa berriak kokatu, lehendik daudenak handitu edo etxebizitza ez diren erabileretarako hargune berriak eskatzen direnean, kasuz kasu erabakiko dira gehieneko ur emaria, baldintza tekniko zehatzak eta hargunea egiteko toki zehatza, hargunea onartzen den momentuan.

22.4. Emandako gehieneko kontsumoa edo kasu bakoitzean zehaztutakoa arautzeko, kontrol tresna bat jarriko da Udalak ezarritako baldintza teknikoetan edo, behar bada, pertsona edo enpresa interesdunarekin adostutakoa. Funtsean, ondoko honi lotu beharko zaio:

–Kontrol sistema bat jarriko da, eguneko gehieneko kontsumoa gainditzea galaraziko duena, irteeran presioa jaisteko balbula izanen baitu.

–Sistemak bere lana ongi egin dezan, pertsona edo enpresa interesdunak bere biltegia eduki beharko du. Biltegiaren edukiera baimenean zehaztuko da.

–Paso-giltzak eta banakako kontagailua jarriko dira. Udal zerbitzuek zehaztuko dituzte horien baldintzak eta modeloa.

–Hodiek eta kontagailuak behar diren babes eta isolamenduak izanen dituzte.

–Lotunearen ondotik, hodiaren gehieneko sekzioa ¾” izanen da (hobe ½"), baimenean besterik xedatu ezean.

–Instalatzeko gastu guztiak pertsona edo enpresa eskatzailearen kontura izanen dira.

22.5. Artikulu honetan arautu gabe dagoen orotan, Ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantzako gainerako arauak beteko dira zerbitzua handitzen denean.

22.6. Udalak eskubidea izanen du egokitzat jotzen dituen egiaztapen eta ikuskapenak egiteko eta aurreko ataletan azaldutako baldintzak betetzen ez dituztenei, iruzur egin badute, zehapenak ezartzeko, Ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantza honetan, Erronkariko Udalaren Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean aurreikusitako moduan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Udal honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ondorio juridiko osoak sorraraziko dituela.

TARIFEN ERANSKINA

A. Zerbitzua erabiltzeagatik:

A.1.–Etxebizitzetako erabilerarako hornidura.

Urtean 120 m³ bitarte: m³ bakoitzeko 0,30 euro/m³.

Urtean 120 m³-tik aurrera: m³ bakoitzeko 0,60 euro/m³.

Kuota finkoa: 18 euro/urtea.

A.2.–Industriako erabileretarako hornidura:

Gehienez 50 m³/egunean: m³ bakoitzeko 0,35 euro/m³.

Euro 1/m³-ko penalizazioa gehieneko bolumena gainditzen bada.

A.3.–Beste erabilera batzuetarako hornidura:

Urtean 120 m³-raino: m³ bakoitzeko 0,35 euro/m³.

Urtean 120 m³-tik aurrera: m³ bakoitzeko 0,70 euro/m³.

Kuota finkoa: 21 euro/urtea.

B. Neurgailuen mantentze-lanengatik:

B.1.–Etxebizitzetako erabilerarako eta beste erabilera batzuetarako:

12,2 mm-ra bitarte: 6 euro/urtea.

18,3 mm-ra bitarte: 10 euro/urtea.

C. Hornidurarako hargunea jartzeagatik. (Kuota finkoa, behin bakarrik ordaindu beharrekoa, hargunearen diametroaren arabera):

C.1.–Erabilera guztietarako:

12,2 mm-ra bitarte: 180,00 euro.

18,3 mm-ra bitarte: 250,00 euro.

D. Izandako kontsumoa jakin ezin den horniduretan, kalkulu hau eginen da:

D.1.–Etxebizitzetako erabilerarako hornidura:

Urtean gutxieneko kuota finkoa, 60 m³: m³ bakoitzeko 0,30 euro/m³.

Kuota finkoa: 18 euro/urtea.

D.2.–Beste erabilera batzuetarako hornidura:

Urtean gutxieneko kuota finkoa, 60 m³: m³ bakoitzeko 0,35 euro/m³.

Kuota finkoa: 21 euro/urtea.

Iragarkiaren kodea: L1913192