217. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MONCAYOKO UR MANKOMUNITATEA

Deialdia, Moncayoko Ur Mankomunitateko arduraduna izateko
bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Mankomunitateko buruak urriaren 9an emandako 27/2019 Ebazpenaren bidez onetsi ziren arduradun izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta hura betearazteko oinarriak. Moncayoko Ur Mankomunitatearen plantilla organikoan 6 eta 8 zenbakiarekin identifikaturik daude lanpostuak, eta 2019ko lan publikoaren eskaintzan bete beharrekoak dira, 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, 2019ko abuztuaren 12an.

Deialdi hau gauzatuko da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Moncayoko Ur Mankomunitateko arduradun izateko bi lanpostu, funtzionarioen araubidean, oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

Lan poltsa sortuko da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izanen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean. Hurrengo deialdia bost urtetik beherako epean egiten bada, zerrenda indarrean egonen da bigarren lekuan, harik eta bost urte bete arte.

1.2. Hautapen probak 7. oinarrian ezarritakoak izanen dira eta lehiaketaldia ere baloratuko da, baldintza hauen 7.1 oinarrian ezarri bezala.

1.3. Hautapen prozesu honen ondorioz egiten den kontratazioa funtzionarioen araubidekoa izanen da.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da eta horretan administrazio kontratatzaileak bere iritziaren arabera ezeztatu ahalko ditu prozesu honetan hautatutako langileekin formalizatutako kontratazioak.

1.4. Lanaldia administrazio dei-egileak ezartzen duena izanen da; betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatu ahalko da.

1.5. Lanpostuek C mailari dagozkion oinarrizko lansariak izanen dituzte, Ordainsarien behin-behineko erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, eta onesten diren osagarriak, administrazio kontratatzailearen plantilla organikoan ezarritakoak.

1.6. Lanpostuak bete gabe utz ditzake epaimahaiak, baldin irizten badio izangaietatik bakar batek ere ez duela lanpostuan aritzeko behar bezalako jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik.

1.7. Bete beharreko eginkizunak:

Izendatuek beteko dituzten eginkizunak izanen dira beraien maila eta kategoriari dagozkionak eta, bereziki, NAPik eginiko azterlanaren arabera, lanpostuaren deskribapenean agertzen direnak.

–Hornidura eta saneamendu sareak kontrolatu eta mantentze-lanak egitea; bai eta sareak osorik berritzea ere.

–Mankomunitateko biltegi eta instalazioen kontrola eta jarraipen etengabea, haien parametro guztiei dagokienez.

–Laginak hartzea, uraren analisiak egiteko.

–Kontsumorako kloroaren maila egunero kontrolatzea.

–Uraren zerbitzuarekin zerikusia duen edo hari eragiten dion edozein gorabehera hasiera batez kontrolatzea eta berehala haren berri ematea arduradun nagusiari.

–Kontagailuak ezarri, kontrolatu eta haien irakurketa egitea.

–Matxurak lokalizatu, atzeman eta konpontzea, putzuak ordeztu eta konpontzea, bai eta kalteak ere.

–EUTEetan (Edateko Ura Tratatzeko Estazioak), urtegietan eta haien instalazioetan kontrol eta mantentze-lanak egitea.

–Igeltserotza lanak egitea.

–Hondeamakinekin lan egitea.

–Obren kontrola eta jarraipena egitea.

2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

b) Edukitzea gutxienez Batxilergo titulua, L.H.ko II. graduko titulua Iturgintzan, Kontrol eta Mantentze-lan Industrialeko Elektronikan, Sistemen Elektronikan, Industria Elektronikan, Ibilgailuen Mekanika eta Elektrizitatekoan edo Fabrikazio Mekanikoan edo beste titulazio baliokide bat.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

e) C motako gidabaimena edukitzea.

Gidariaren kualifikazio txartela (CAP) izan beharko du, izendapena baino lehen.

2.2. 3. oinarrian ezarritakoa izan ezik, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak arestiko betebeharrak frogatu beharko ditu deialdi honen 8. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, hautabide osoan izendapen eguna arte bete ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak, Moncayoko Ur Mankomunitateko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 14:30 arte. Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondoko agiriekin batera aurkeztuko da:

a) NANaren edo identifikatzeko baliokidea den agiriaren fotokopia.

b) Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztiak frogatzen dituen dokumentazioa. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriarekin edo fotokopia konpultsatuarekin frogaturik ez dauden merezimenduak.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Moncayoko Ur Mankomunitatearen iragarki-taulan eta webgunean (http://www.aguasdelmoncayo.es).

Hamar egun balioduneko epean, iragarkia Moncayoko Ur Mankomunitatearen iragarki-taulan eta webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin edo eskabideko akatsak zuzendu ahalko dituzte.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

5. oinarria.–Behin betiko zerrendak.

Aurreko oinarrian aipatu epea bukatu eta aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, Lehendakaritzak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Moncayoko Ur Mankomunitatearen iragarki-taulan eta webgunean jarriko da jendaurrean, hautapen proba egiteko eguna eta tokia adierazita.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Ramón Martinez Zardoya, Moncayoko Ur Mankomunitateko burua.

–Ordezkoa: Tirso Calvo Zardoya, Moncayoko Ur Mankomunitateko buruordea.

–Lehen epaimahaikidea: Alfonso García Puvia, Moncayoko Ur Mankomunitateko ingeniari teknikoa.

–Ordezkoa: Luis Maria Santesteban Arana, Mairagako Mankomunitateko ingeniari teknikoa.

–Bigarren epaimahaikidea: José Manuel Fernández Echavarri, Tuterako Ur Batzordeko ingeniari teknikoa.

–Ordezkoa: Ángel Miguel Fernández Fernández, Tuterako Ur Batzordeko mantentze-lanetako lantaldearen arduraduna.

–Hirugarren epaimahaikidea: Fabián Cornago Murillo, Moncayoko Ur Mankomunitateko arduradun nagusia.

–Ordezkoa: Ricardo Aldaz Pérez, Moncayoko Ur Mankomunitateko arduradun nagusia.

–Epaimahaikidea: Jesús Lázaro Sesma, Moncayoko Ur Mankomunitateko langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: langileen ordezkariak berak izendatua.

–Idazkaria: Sonia Mateo Ortega, Moncayoko Ur Mankomunitateko idazkaria.

–Ordezkoa: Juan Antonio Pérez Rodríguez, Buñuelgo Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

6.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.5. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

7. oinarria.–Proben nondik norakoa.

Probak egiteko denbora eta modua epaimahaiak erabakiko du.

7.1. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek agiri bidez frogaturik aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, baremo honen arabera:

a) Lanbideko merezimenduak. (15 puntu gehienez).

Azken 10 urteetan uretako ofizial lanpostuko lanetan edo deialdikoaren antzeko ezaugarriak dituen (C maila) lanpostu batean aritu izana.

–Administrazio publiko baten ur zerbitzuan: 4 puntu, urte bakoitzeko.

–Enpresa edo entitate pribatu baten ur zerbitzuan: 3 puntu, urte bakoitzeko.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Mekanikari, eraikuntzako ofizial, plantetako mantentze-lanetan, iturgin edo elektrikari lanetan jarduteagatik: (10 puntu gehienez).

–Administrazio publiko batean: 3 puntu, urte bakoitzeko.

–Enpresa edo entitate pribatuetan: 2 puntu, urte bakoitzeko.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b) Prestakuntza ikastaroak, bete beharreko lanpostuarekin zerikusia badute: 0,5 puntu esleituko dira, prestakuntzaldiko 35 orduko. 5 puntu gehienez.

d) Titulazio akademikoak (deialdiko 2.1.b oinarrian ezarritakoa salbu). Gehienez 3 puntu.

1) Deialdi honetako 2.1.b) oinarriarekin lotutako unibertsitateko erdi mailako titulazioa edo lanbide heziketako goi mailako beste gradu bat: puntu 1.

2) Deialdi honetako 2.1.b) oinarriarekin lotutako unibertsitateko goi mailako titulazioa: 2 puntu.

–Lehiaketaldian 23 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

–Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokiona emanen zaio.

–Ez dira bi aldiz zenbatuko baremoko talde berean dauden zerbitzuak denbora berean egin badira.

–Kontuan hartuko dira, soilik, eskabideak aurkezteko unean jatorrizko agiriaren edo kopia konpultsatuaren bidez frogatzen diren merezimenduak.

7.2. Oposizioaldia.

–Lehen proba: erantzun laburreko eta/edo test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz, II. eranskineko gaiei buruz.

Proban test moduko galderei erantzun beharko zaie, zenbait erantzunen artean bat aukeratuz, eta/edo erantzun laburreko galdera batzuei, gehienez ere 60 minutuz. Galdera horiek deialdi honetako eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira. Oker erantzuten den test motako galdera bakoitzagatik zuzen erantzundakoari ematen zaion balorearen %25 kenduko da. 25 puntu emanen dira, eta gutxienez ere 12.50 puntu beharko dira proba gainditzeko.

–Bigarren proba: galdera teoriko-praktiko batzuei erantzun beharko zaie idatziz, II. eranskineko gaiei buruz. 25 puntu emanen dira, eta gutxienez ere 12.50 puntu beharko dira proba gainditzeko.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira, eta argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia. Plikak noiz eta non irekiko diren (eguna, ordua eta tokia) 48 ordu lehenago adieraziko da, gutxienez. Irekitze hori jendaurrean eginen da.

–Hirugarren proba: hirugarren ariketa (praktikoa): bi kasu praktiko edo gehiago argitu, egin, gauzatu beharko dira, deialdian zehaztutako lanpostuaren eginkizunekin ikustekoa dutenak, epaimahaiak ezartzen duen denbora epean. Horiek gauzatzeko beharrezko bitarteko guztiak jarriko dira izangaien eskura (ibilgailuak, makineria, tresnak, objektuak, gauzak, tresneria eta materiala) eta ez da onartuko emandakoez bestelako bitartekorik erabiltzea. Epaimahaiak egin aurreko unean bertan planteatuko du egin beharreko ariketa.

Ariketa honetan balioetsiko dira izangaiek egiaztatutako eta frogatutako ezagutza profesionalak, bai eta bikaintasuna, trebetasuna eta zuzentasuna lanak egitean.

Ariketak 27 puntu izanen ditu gehienez eta bazterturik geldituko dira gutxienez 13.5 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren ariketa hau eginen dute soilik aurreko probak gainditu dituztenek.

–Laugarren proba: Proba psikoteknikoak izanen dira, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko lantaldeak prestatuak. Baztergarriak izanen dira eta haietan izangaiek eginkizunetan aritzeko duten gaitasuna baloratuko da. Atal honetan, gehienez ere, 10 puntu lor daitezke eta bazterturik geldituko dira 5 puntura iristen ez diren izangaiak.

7.3. Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen edo gaindituta ere kontratatua izaterik nahi ez badu, administrazio dei-egileak kontratatu ahalko du probaren bat gainditu duen hurrengo izangaia, hautapenaldian lortutako puntuazio ordenari zorrotz jarraituz.

7.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

8.–Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Azken proba bukatuta, epaimahaiak puntu gehien lortu dituzten bi izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio dei-egileari.

Berdinketa izanez gero, lehentasuna izanen du bigarren ariketan puntuaziorik handiena eskuratzen duenak, eta hala ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da izangaien artean.

8.2. Proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen administrazioarendako.

8.3. Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Moncayoko Ur Mankomunitatearen iragarki-taulan, probak egin diren tokian eta web-orrian.

8.4. Hautatutako izangaiak hamabost eguneko epean hasi beharko dira lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen Administrazioaren izendapen proposamena onartzen dutenetik aitzina. Ez badira hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz.

8.5. Izendapen proposamena aditzera eman ondoko 30 egun naturalean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Moncayoko Ur Mankomunitatean:

a) C mailako gidabaimenaren kopia kautotua edo fotokopia, jatorrizkoarekin batera aurkeztua konpultsatu ahal izateko, eta gidariaren kualifikazio txartela (CAP), indarrean dagoena.

b) Eskatutako tituluaren kopia kautotua edo fotokopia, konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera aurkeztuko dena.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

d) Moncayoko Ur Mankomunitateko mutuaren txostena, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

8.6. Aipatutako epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuak izan ezik, aipatutako agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da kontratatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzun beharra.

8.7. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, gainditu dutenen zerrendan, deialdiak aipatzen duen horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea lehendakariak, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

9. oinarria.–Kontratazioa.

9.1. Hautapen prozedura bukatutakoan eta aurreko 8.5 oinarrian aipatutako agiriak ekarri ondoren, lehendakariak kontratatu eginen du, C mailako funtzionario gisa, Moncayoko Ur Mankomunitatean ari dadin.

9.2. Kontratazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10. oinarria.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Europako Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Moncayoko Ur Mankomunitatea da.

–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein xedetarako bildu diren, bada xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondorioz izan daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), bai eta Moncayoko Ur Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian ere.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz edo egoitza elektronikoaren bitartez. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Corellan, 2019ko urriaren 9an.–Lehendakaria, Ramón Martínez Zardoya.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. Moncayoko Ur Mankomunitatea. Antolamendua. Biltzen dituen entitateak. Estatutuak.

2. Moncayoko Ur Mankomunitateko zerbitzuen erregelamendua.

3. Administrazio publikoa. Egintza administratiboak. Administrazio-errekurtsoak.

4. Ur horniduraren sareak. Hodiak: materialak, piezak, zangan nola jarri. Sarearen osagaiak: balbulak, bentosak, hidranteak, ur-harguneak, presioa murriztekoak, erregistro-kutxatilak, eta abar. Harguneak: materialak, diametroak, instalazioa. Probak hornidurako hodietan, zerbitzuan jartzea. Moncayoko Ur Mankomunitateko hornidura sareen araudi teknikoaren aplikazioa.

5. Ur-biltegiak. Kokalekua, biltegi motak eta haien eginkizunak. Erregulaziorako eta hornidurarako elementuak. Emari-neurgailuak. Kontsumoak. Uraren kalitatearen kontrola, laginak hartzea. Ur ponpaketa biltontzi batera. Hornidurarako presio-multzoak.

6. Edateko ura tratatzeko estazioak, EUTE. Tratamendu motak. Dekantazioa, iragazketa, tratamendu kimikoak. Erreaktiboak dosifikatzea. Desinfektatzea. Uraren kalitatearen parametroak, laginak hartzea. Legeria. EUTE baten ekipoak. Kontrol-elementuak. Scada, automatak. Tresneria. Ekipoetako eta makineriako mantentze-lanak.

7. Saneamendu sareak. Sare motak. Hodiak: materialak, piezak, zangan nola jarri. Sarearen osagaiak: kontrol-putzuak, harguneak, kutxatilak, hustubideak, eta abar. Probak saneamenduko hodietan, zerbitzuan jartzea. Ponpaketak. Moncayoko Ur Mankomunitatearen saneamenduko sareen araudi teknikoaren aplikazioa.

8. Saneamendu sareak. Isurketak. Gainezkabideak eta ekaitz tangak. Aplikatu beharreko araudia. Hondakin uren araztegiak (EDAR). Hondakin uren ponpaketak.

9. Eremu publikoko hornidura eta saneamenduko matxurak konpontzea. Sareetako ur-ihesak. Detekzio sistemak. Jarraibideak. Erabili beharreko makineria eta lanabesak. Segurtasuna.

10. Neurgailuak, herri bat urez hornitzerakoan. Kontagailuak. Tipologia, instalazioa, funtzionamendua eta mantentze-lanak.

11. Saneamendu sareen instalazioen garbiketa. Bulkatzeko eta xurgatzeko ekipoak saneamenduko instalazioak garbitzeko. Garbiketarako erabilitako kamioia: funtzionamendua, osagai edo mekanismo nagusiak, mantentze-lanak.

12. Instalazio elektrikoak: hodiak. Magnitude elektrikoak. Korronte alternoa, zuzena eta sistema trifasikoak. Babesak. Neurtzeko gailuak.

11. Behe tentsioko instalazioak. Transformazio-zentroak. Instalazio elektrikoak Ura Tratatzeko Estazioetan, ponpaketa-estazioak. Maiztasun-aldagailuak. Automatizazioa. Automata programagarriak. Segurtasuna, babesa arrisku elektrikoaren aurrean.

13. Telemando sistemen bidezko kontrola eta telekontrola hornidura eta saneamendu sareetan. Informazio geografikoko sistemak.

14. Laneko segurtasun eta osasuna, hornidura sareak konpontzeko lanetan. Bitarteko eta gailu zuzentzaileak. Denen segurtasunerako bitartekoak eta gailuak. Norberaren segurtasunerako bitartekoak eta gailuak. Gune konfinatuetan lan egitea, araudia.

Iragarkiaren kodea: L1913183