216. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRONKARI

Aldaketa udal ordenantzan, zeinean arautzen baitira udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak. Behin betiko onespena

Erronkariko Udalak, 2018ko urriaren 19an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa egitea honako arau honetan: udal ordenantza, zeinak arautzen baititu Erronkariko udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak. Iragarkia argitaratu zen 224. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2018ko azaroaren 20an.

Bat eginez Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da ordenantzaren aldaketa, eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan.

Erronkarin, 2019ko urriaren 11n.–Alkatea, Aitor Garmendia Eizagirre.

ORDENANTZA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTZEN BAITIRA UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erronkariko udal hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren agintearen mendekoa, Udala baita jabea eta hari baitagozkio hilerriaren kudeaketa, administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, ordenantza honetako xedapenekin bat, eta deusetan ukatu gabe beste administrazio publiko batzuenak diren eskumenak.

2. artikulua. Erronkariko Udalak ondoko eginkizunak beteko ditu, Erronkariko hilerriarekin zerikusia dutenak:

a) Hilerria antolatu, kontserbatu, zaindu eta egokitzea, barnean direla haren zainketa eta garbiketa, ukatu gabe ordenantza honen 8. artikuluan xedatua; gainera, bermatuko du haren segurtasuna eta zerbitzuaren behar bezalako funtzionamendua.

b) Partikularrei baimena ematea hilerrian era guztietako obrak edo muntadurak egiteko, baita horiek zuzendu eta ikuskatzea ere.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua, hilobien gaineko kontzesioak ematea eta mota guztietako ehorzketa-eskubideak onartzea, baita horiek aldatzea eta horiek iraungi direla deklaratzea ere.

d) Jasotzea ordenantza honetan ezarritako eta etorkizunean legez ezartzen diren tasak eta eskubideak.

e) Hilotzak eta gorpu-hondakinak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzea, bat eginez hilotzen gaineko osasun arauekin.

f) Zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere agertzen direnak hilobiak hustu eta garbitzean, deusetan ukatu gabe ordenantza honen 18. artikuluan xedatua.

g) Higieneari dagokionez, eman diren edo etorkizunean ematen diren neurriak betetzea.

h) Hilerriarekin eta hilotzen gaineko osasun jarduerarekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bestelako administrazio eskumenak.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar diren langileak izanen ditu eta, bere eginbeharra ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari; gainera, ordenantza honetan xedatua aplikatzeko behar diren erabaki puntualak hartuko ditu.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai. Hilobiak era erregularrean banatuko dira, ondoz ondoko zenbakiak emanen zaizkie, eta berariaz egindako plano batean marraztuko dira.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendu eta gobernua, eta hilobien eraikuntza, mantentzea eta zaintza

5. artikulua. Hilerrian ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen inolako ekintzarik edo hilobiak profanatzea, suntsitzea edo donaustea dakarrenik. Debeku da, halaber, era guztietako animaliak sartzea eta edozein motatako produktuen salmenta ibiltaria. Debeku horiek hedatzen ahalko dira hilerriaren eragin eremura.

6.1. artikulua. Ezin izanen da obra edo lanik egin Udalaren baimenik gabe, eta, horiek egiteko, bete beharko dira artikulu honetan ezartzen diren arauak. Obra eta instalazio horiek, eta kontzesio bidez eskuratutako hobietan egiten diren eraberritze, zaharberritze edo ordezte lan guztiak, partikularrek ordainduko dituzte.

6.2. Lurzatiaren kontzesioa duenak aurkeztuko du eginen den obraren dokumentazio xehakatua, ongi zehazten dituena neurriak, materialak eta kokapen zehatzak.

6.3. Udalak, bere teknikarien bidez, eskatzen ahalko du eskaeran atzemandako akatsak zuzentzeko, eta ezartzen ahalko ditu ordenantza honen araberako baldintzak edo aldaketak.

6.4. Debeku da hilerri barnean piezak edo marmolak zerratzea, hargin, marmolari edo metalgin lanak egitea; baita legarrak kentzea edo gisakoak egitea ere. Inguruabar bereziak direla-eta horrelakoak egin behar badira, hilerriko langileei baimena eskatu beharko zaie, eta horiek zehaztu beharko dute zein tokitan eginen diren lan horiek.

6.5. Obrak egiteko materialen sarrera eta obrak berak soilik eginen dira Udalak horrexetarako finkatzen duen ordutegian. Prestaketak eta materialen, tresnen, lurraren edo uraren metaketak horretarako izendatzen diren lekuetan eginen dira, eta organo horrek kasu bakoitzean beharrezko juzgatzen duen babesarekin.

6.6. Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak.

6.7. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, Udalaren baimenik gabe.

6.8. Hilerrian egindako jarduketak direla-eta sortzen diren beste gorabehera guztietan, hilerriaren ardura duten langileek eta Alkatetzak aginduko dute nola jokatu.

6.9. Arau osagarri izanen dira, epeei, iraungitzeei eta bestelako administrazio eta prozedura arloei dagokienez, jarduketa hauetarako, udalerrian une oro indarrean diren hirigintza arauak.

7. artikulua. Udalaren organo eskudunek dute hilerria zaintzeko eta garbitzeko lan orokorren ardura.

8. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak, objektuak eta instalazioak zaintzea, behar bezala betez segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak. Hilobia garbitu ondoren, partikularrek atera egin beharko dituzte loreen hondakinak eta bestelako objektuak.

Baldin partikularrek huts egiten badute hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 eguneko epean konpon dezaten beren zabarkeriaz eragindako narriadura. Horrela ez egitea aski izanen da hobiratzeak debekatzeko.

Epe hori iraganik, Udalak subsidiarioki egiten ahalko ditu lan horiek, interesdunen kargura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia Udalaren eskura itzuliko da.

9. artikulua. Udalak ez du bere gain hartuko erantzukizunik baldin zerbitzuarekin zerikusirik ez dutenek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

10. artikulua. Baldin hilobiak edo hilerriko ikuspegi orokor nahiz partzialak jaso nahi badira irudi, argazki, marrazki edo pinturetan, Udalaren baimena beharko da lehenik.

III. TITULUA

Gorputegia

11.1. artikulua. Hilotzak gorputegian utziko dira baldin hilerrira ailegatu eta berehala ehortzi behar ez badira.

11.2. Agintari judizialek eta osasun arlokoek agindua eman dezakete hilerrian ehortzi gogo diren hilotzak gorputegian sartzeko, baldin heriotzaz geroztik 24 ordu iragan ez badira.

11.3. Partikularrei ez zaie utziko gorputegian egoten hilotzak bertan dauden bitartean, salbu agintariek halako denbora mugatu batean egiten dituzten bisitaldietan.

IV. TITULUA

Hilotzak ehorztea, hilobitik ateratzea, lekuz aldatzea
eta autopsiak egitea

12.1. artikulua. Hilotzen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduaren arauei jarraituz eta titulu honetan xedatutakoaren arabera dira hilotzak edo hondarrak ehortziko, hobitik aterako eta lekuz aldatuko.

12.2. Inolaz ere ez dira onartuko hilotzen bilgarriak, gorpuen berezko deskonposizioa galarazten edo berandutzen badute.

12.3. Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, abisua emanda eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari; gorpu bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.

12.4. Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpu-hondakinak beste hilerri batera eraman nahi direnean, arauetan ezarritako kasuetan.

13.1. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, legezko tramiteak bete badira.

13.2. Ehorzketa egiteko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Udaleko bulegoetan:

a) Ehorzteko eskabidea, inprimakiko datuak behar bezala beteta, erregistroan jaso daitezen, bertan duela ehorzketa eskubidearen titularraren sinadura edo haren ordezkariarena, eta, titularra hildakoa bada, haren familiakoen edo ahaideen sinadura. Kontzesio baten titularra ez den pertsona izanez gero, ehorzketa eskatuko du kontzesioa ere eskatzen duen pertsona berak.

b) Lurperatzeko lizentzia, salbu errautsak ehortzi behar badira.

c) Eskatzailea kontzesioaren titularra ez denean, bere aldeko eskubide eskualdaketa frogatu beharko du, ordenantza honen V. tituluko V. kapituluan arautuari jarraikiz; bere gain hartuko ditu bai titulartasuna aldatzeko prozeduran inguruabar hori frogatu beharra bai bere jardunetik etor daitezkeen erantzukizunak.

14.1. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da, salbu artikulu honetako 3. atalean aipatutako kasuan.

Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, beharko da berrehorzketa egin nahi den hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren baimena.

14.2. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz aterako dira hilotzak, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

14.3. Udalak egin beharreko obra orokorrak egitearen ondorioz lekualdatu behar direnean, eskubidearen titularrari aldez aurretik abisua emanda, berrehorzketa behin-behinean eginen da Udalak horretarako ezarritako hilobi edo nitxoetan, edo behin betiko, ehorzketa eskubidea atxikiko zaien beste hilobi batzuetan.

15. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie Udaleko arduradunei, lana gainbegira dezaten.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako abisurik eman beharko.

16. artikulua. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

17.1. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badakar, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurperatu ondotik gutxienez ere bi urte iraganda, panteoietan edo nitxoetan ehortzitako hilotzak atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude. Heriotzaren arrazoia osasun arrisku handikoa izan bazen, ez da egiten ahal heriotzatik bost urte iragan arte.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere 8 urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa badira.

c) Hilobi mota guztietan zinkezko hilkutxan ehortzi bada, edozein unetan atera eta lekualdatzen ahal da, baldin hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Ez da baimenik emanen hilotzak ateratzeko horiek baino epe laburragoetan, ez bada epaile baten aginduz.

17.2. Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da baimenik emanen hilotzik ateratzeko, ez bada epaile baten aginduz.

Hala ere, bizitakoan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkinak ateratzen ahal dira hilabete horietan, hildakoarekin batean ehorzteko, aldi berean eta haren ondoan.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

17.3. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da baldin ongi kontserbaturik ez badago.

18. artikulua. Hobitik ateratzean zerraldoetan agertzen diren gai baliotsuak, protesiak izan ezik, zenduaren oinordekoek eska ditzakete, baldin eskabidea egiten badute hobitik atera baino lehen, beraien nortasuna eta oinordetza frogatu ondoan. Udalak egokia iruditzen zaion xedea emanen die erreklamatzen ez diren gauzei.

19. artikulua. Lekuz aldatzeko nahiz berriz hobiratzeko, gorpu bat hilobitik ateratzen denean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian, titularraren baimena edukita.

V. TITULUA

Ehorzketa-eskubideak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

20. artikulua. Hilobien eta, behar denean, nitxoen erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea, sortuko da titulu honetan arautzen den kontzesio egintzaren bidez. Udalak eman eta onartuko ditu ehorzketa-eskubideak, ordenantza honen printzipioei jarraikiz.

21. artikulua. Ehorzketa-eskubide guztiak dagokien erregistro liburuan inskribatuko dira eta kontzesioak behar den titulua emanez frogatuko dira, ordenantza honen 29. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

22. artikulua. Ehorzketa-eskubideak hilerriko hilobiaren erabilera baizik ez dakar, hilerria soilik Udalaren jabaria baita, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua. Merkataritzatik kanpoko ondasuntzat jotzen dira hilobiak, nitxoak, halakorik eraikitzen bada, eta hilerrian dagoen beste edozein eraikuntza. Hortaz, ezin dira salerosi, ezta trukatu edo inola eskualdatu ere. Ordenantza honetan aurreikusten diren eskualdaketak baizik ez dira baliozkoak.

24. artikulua. Paratzen diren izaera artistikoko lanak Udalaren eskuetara joanen dira kontzesioa bukatzen denean. Lan horiek, dagokien hilobian paratutakoan, ez dira udal hilerritik ateratzen ahal Udalaren baimenik gabe. Araubide bera aplikatuko zaio hilerriko hilobietan paratzen den edozein muntadura finkori, artistikoa ez bada ere.

Muntadura finkotzat hartuko da hilobiari erantsita edo eratxikita dagoen edozein, baldin eta, kenduz gero, narriadura eragiten ahal bazaio hilobiari, den txikiena ere.

25.1. artikulua. Titularra testamenturik utzi gabe eta ahaiderik gabe hiltzen bada, Udalaren esku geldituko da ehorzketa-eskubidea, zer epetarako eman zen, hura iragan ondoan.

25.2. Iraungipena dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Aitzinetik gaztigu eginda, dauden gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, salbu zenduaren familiakoek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek eskatzen badute beste hilobi batera eramateko, edo, pertsona ospetsuen gorpuzkiak izanda, Udalak hilobian uztea erabakitzen badu.

26. artikulua. Ehorzketa-eskubideaz baliatzeak berekin dakar behar den tasa edo ordainarazpena ordaintzea, bat etorriz ordenantza honen tasen eranskinarekin. Horren ondorioetarako, zerga-egitatetzat joko dira hartan jasotako kontzeptuak, eta, subjektu pasibotzat, pertsona fisikoak, juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, ondare bereizia osatzen dutenak, baldin ordenantza honetan araututako zerbitzuren nahiz eskubideren bat eskatzen badute edo haren onuradun badira.

Aipatutako II. eranskinean kontzeptu bakoitzerako adierazten dena da zerga-oinarria, eta tributu-kuota zerga-oinarria izanen da.

II. KAPITULUA

Kontzesioak

27. artikulua. Honela emanen dira kontzesioak:

a) Pertsona fisiko bakar baten izenean.

b) Erlijio komunitate edo elkarte baten izenean, edo laguntzarako edo ospitale gisako establezimendu batenean, baldin horiek administrazio publikoak onartuak badira eta baldin soilik haien kide, onuradun edo babespekoek erabiltzeko bada.

c) Korporazio, fundazio edo legez eraturiko entitateen izenean, baldin soilik haien kide edo enplegatuek erabiltzeko bada.

d) Bi ezkontideren izenean, lehen aldiz eskuratzen den unean.

e) Hildakoaren guraso-agintea edo zaintza duenaren izenean, haurrak ehorzteko diren hilobien kasuan

28. artikulua. Aseguru konpainiak eta gisakoak ez dira inola ere izaten ahal ez kontzesioen ez bestelako ehorzketa-eskubideren titular. Hortaz, Udalari dagokionez, hitzartzen dituzten poliza edo kontratuen klausulek ez dute ondoriorik izanen baldin beren aseguratuei eman nahi badiete beste eskubiderik, kasuan kasuko ehorzketa-eskubidea ordaintzeko behar den kapitala emateaz aparte.

29. artikulua. Kontzesioak behar den tituluaren bidez frogatuko dira; udal administrazioak emanen du hura.

Kontzesioaren tituluetan honako hauek jasoko dira:

1. Hilobia eta titularra identifikatzeko datuak.

2. Udalak noiz egin zuen kontzesioaren administrazio egintza, eta zer epetarako.

3. Hirugarrenei eskualdatzearen gaineko xehetasunak.

30. artikulua. Hilobiaren titulua hondatu, ebatsi edo galduz gero, haren kopia emanen da, interesdunak eskaria eginda.

Baldin akatsik hautematen bada hilobi tituluetako izenetan edo bestelakoetan, arrazoitu eta frogatu ondoan zuzenduko dira, titularrak eskabidea egin ondotik.

31. artikulua. Ehorzteko kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, eta hura Udalak emanen du ordenantza honi jarraikiz, salbu 14.3 eta 40. artikuluetan xedatua.

32. artikulua. Ez da inoiz epe mugarik gabeko kontzesiorik emanen, inola ere.

33. artikulua. Udaleko Osoko Bilkurak emanen du hilobiak erabiltzeko kontzesioa, honako arau hauei jarraikiz eman ere:

a) Adinez nagusia bada, jende guztiak eskatzen ahal du hilobien kontzesioa.

b) Eskabideen arteko lehentasuna ezartzeko, ordena honi jarraikiko zaio

1. Erronkariko familia-etxe bakoitzeko eskatzaile-bizilagun bat, hori dena ulerturik Nafarroako Foru Zuzenbidearen Konpilazioaren 48. Legearen arabera.

2. Erronkariko eraikuntza berriko familia-etxe bakoitzeko eskatzaile-bizilagun bat.

3. Eskatzaile-bizilagun bat familia-unitate bakoitzeko.

4. Bizilaguna ez den eskatzaile bat, etxe-etxebizitzaren jabea, familia unitate bakoitzeko.

5. Erronkarin jaio zen baina bizilaguna ez den eskatzaile bat, familia-unitate bakoitzeko.

6. Maila bakoitzaren barnean, eskabidea nork lehenago aurkeztu hark izanen du lehentasuna.

c) Eskatzaile bakoitzari gehienez ere bi hilobi emanen zaizkio, aurreko ataletan ezarritakoaren arabera ulertuta, ukatu gabe artikulu honen E) atalean xedatua, eta haurrak ehorzteko hilobiak salbuespen direla, libreki emanen baitira, beharren arabera, aurrekoez gain.

d) Gaur egun titulurik gabeko isilbidezko kontzesioarekin erabiltzen ari diren hilobiak eskatzen ahal dituzte oraingo erabiltzaileek, ordenantza honetan kontzesioak arautzen diren baldintza berberetan, eta erabateko lehentasuna izanen dute kontzesio titulua esleitzeko, artikulu honetan jasotako kopuru-mugen barnean, eta galarazi gabe E) apartatuan manatzen dena.

e) Aurreko C) eta D) ataletan xedatua gorabehera, eskatzaileak gaur egun pertsona bakarreko familia-unitatea eratzen badu eta bi hilobi eskatzen baditu, frogatu beharko du hura behar duela 45. artikuluan aipatzen diren ahaidetasun mailetako batekoa den familia kide batentzat, aurkeztuta hark emandako baimen idatzia eta Erronkarin erroldatua dagoelako ziurtagiria. Udalak betiere eskatutako kontzesioa ukatzen ahalko du, erabakiaren arrazoiak emanda, uste badu proposaturiko pertsonak ez duela betetzen ordenantza honetan ezarritako baldintzetako bat ere edo beharra ez duela behar beste arrazoitu.

f) Kategoria bateko eskatzaile guztiei kontzesioak emateko behar beste hilobi ez badaude, Udalak, nahi badu, ez du bat ere emanen kategoria horretan, eta dauden hilobiak erreserbatuko ditu 4. artikuluan xedatua betetzeko.

g) Kontzesioa 25 urterako izanen da, eta beste 25 urterako luzatzen ahalko da. Luzapenarengatik ordainduko da luzapena onartzen den unean indarrean dagoen prezioaren %25. Iraungitzeko data baino lehen egin beharko da eskaera.

h) Julián Gayarreren Mausoleoa, zeina deklaratu baitzen Interes Kulturaleko Ondasun urriaren 21eko 567/1996 Foru Dekretuaren bidez, eta haren ondo-ondoko ingurua salbuesten dira kontzesioen araubidetik.

34. artikulua. Hilobi edo nitxo berean hurrenez hurren egiten diren hobiratzeek ez dute aldatuko ehorzketa-eskubidea. Hala ere, salbuespen bat egonen da; izan ere, kontzesioa edo, bestela, luzapena bukatzeko falta den epea izan daiteke hilotzak lekuz aldatzeko legez ezarritako denbora baino txikiagoa; beraz, hilotz bat orduan hobiratzen bada, epe hori behar adina luzatuko da, egoera bat etor dadin 17. artikuluan ehorzketei buruz xedatuarekin. Luzapen berezi honen amaieran, aplikatuko da 25. artikuluak eta 33.ak xedatua.

35. artikulua. Hilerrian ematen diren lurren kontzesio guztiak, ehorzteko eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesioen eskubide guztiak.

Hori gorabehera, kontzesio baten titularrak ezin izanen du ehorzketa eskubidea erabili, baldin hilobia lehendik erabili bada, harik eta hobitik ateratzeko 17. artikuluan ezarritako epeak igarotzen diren arte; kasu horretan beste kontzesio bat eskatuko da.

Lur kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Kontzesioko lurren gainean hilobi-elementuak paratzeak ez dakar haien gaineko eskuragarritasun egintzarik.

36. artikulua. Kontzesioetarako aipatutako epea izanik, hilerria epe hori ahitu baino lehen itxi behar baldin bada, eskubideen titularrek kalte-ordaina hartzen ahal dute iragan gabeko epeagatik; alabaina, kalte-ordaina kalkulatzeko, soilik kontuan hartuko da ordaindutako tasaren zenbatekoa, eta ez kontzesiodunak egindako obra edo muntadurena.

37. artikulua. Ordenantza honen II. eranskinean ezartzen da zer tasa ordaindu behar den kontzesioengatik.

Tasa hori aurreko urteko KPIaren aldaketaren arabera igoko da, eta noiznahi aldatzen ahalko da, Udalaren osoko bilkuran hartutako erabaki bat dela medio.

30 egun balioduneko epean ordainduko da, jakinarazpena egiten denetik. Kontzesio horrek ez du inolako eraginik izanen harik eta ordainketa frogatzen den arte, eta ordainarazpen horren subjektu pasiboa izanen da kontzesioaren titularra.

38. artikulua. Kontzesioen titularrek baimena izanen dute bakarrik gurutze, hilarri edo hilobi-harri bat paratzeko, betiere ordenantza honetako I. eranskinean ezarritako ereduei jarraituz.

Udaleko teknikariak zuinketa eginen du, eraikitzailearekin batera, dagokion lekuan egin dadin eraikuntza, plano ofizialean ezarritako diseinuaren arabera.

Kontzesioak berekin dakar, behar baldin bada, aipatutako planoan adierazitako eremuak urbanizatu eta egokitu beharra.

Bi kontzesiodun ukitzen dituzten obretan, mehelinei buruzko xedapenek aginduko dute.

Kontzesiodunaren kargura izanen dira lurrerauzketa gastuak eta gainerako guztiak, lanak bukatu artekoak; hor sartzen dira hilobi bakoitzari lotuta daudela kontsideratzen diren urbanizazio eta egokitze gastuak.

Era berean, kontzesiodunaren kargura izanen dira aldez aurretik dauden gurutzeak, hilarriak, panteoiak, lauza astunak, etab., kentzeko kostu ekonomikoak, hilobiaren kontzesioari datxekion hobiratze bat egiteko, baldin eta horretarako behar badira ehorzketa-zerbitzu arrunta gainditzen duten bitarteko materialak edo langileak. Kasu horietan, hala nola bestelako guztietan, baldin ezartzen diren apaingarriak ez bazaizkio lotzen ordenantza honetan ezarritakoari, aipatu elementuak ez dira berriz ezarriko, salbu eta balio artistiko berezia izan eta Udalak horrela erabakitzen badu. Ezartzen diren elementuak lotuko zaizkio ordenantza honetako I. eranskinean xedatzen denari, eta, gainerakoan, jarraikiko zaio 24. artikuluan xedatuari.

III. KAPITULUA

Hilerriko hilobien erregistroa

39. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortu da, honako hauek jasoko dituena:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Kontzesioa eman den data eta ordaindu diren tasak.

c) Eskubidearen titularraren izena, deiturak eta helbidea, eta titularrak bere eskubidea erabiltzeko oro har izendatzen ahal duen ordezkariarenak.

d) Eskualdaketak, data, titular berriaren datuak eta eskualdaketaren zioa.

e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adieraziz: zein hilotz den, pertsona horren izen eta deiturak, eta jarduketa noiz izan den.

f) Gertaerak eta erreklamazioak: hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gertaera.

Udaleko Idazkaritza arduratuko da erregistroaz. Beharrezko neurriak hartuko ditu, datuen segurtasuna bermatzeko, eta eragozteko horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe tratatzea edo inor sartzea.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez eta akatsa argi eta garbi adieraziz.

IV. KAPITULUA

Ongintzako ehorzketak eta hobi orokorra

40.1. artikulua. Lur emateak dakartzan gastuak ordaintzeko diru baliabiderik batere ez duten pertsonen hilotzak ehorzteko hobiak izanen dira, aski den kopuruan; horiek ez dira kontzesioetan sartuko, eta haren erabilpena ez da inolako eskubideren menpe egonen.

40.2. Hilobi hauetan ez da paratuko hilarririk edo hilartitzik, eta udal jabego direla baizik ez da agertuko.

41. artikulua. Aurreko 17. artikuluan ezarritako epea beteta, gorpuzkiak hobi orokorrera eramanen dira.

42. artikulua. Hildako baten ahaideek, ezta beste pertsona interesdunek ere, ez dituzte inola ere erreklamatzen ahal hobi orokorrean lurperaturiko hilotza edo gorpuzkiak.

V. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen eskualdaketa

43. artikulua. Udalak hilobien ondorengotzari buruz egiten duen onarpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez dakar inolako aurreusterik baldin arlo zibilean aferarik bada.

44. artikulua. Kontzesioan emandako hilobiak eta nitxoak, hala behar bada, oinordetza bidez eskualdatzen ahal dira, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere, eta horrelakoetan araubidea ondorengotzarena bera izanen da.

45. artikulua. Ehorzketa-eskubidearen titularrak dohainik laga dezake, inter vivos egintzaren bidez, honako hauei hain zuzen: titularraren ezkontideari, horien bien lerro zuzeneko ahaideei, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontza-ahaidetasunaren 3. graduraino, eskualdaketaren aitzin-aitzinetik titularrarekin gutxienez ere bi urtez bizi direnei, eta irabazi asmorik gabe ongintza edo laguntza lanetan ari diren pertsona juridikoei.

Titulartasun aldaketa dohainik eta inter vivos lagapenaren bidez baimentzen ahal da beste pertsona batzuentzat, Udalak uste badu zioren bat badela lagapena arrazoitzeko, baldin kontzesioa eman zenetik hilobian inor ehortzi ez bada eta hamar urte iragan badira. Kasu honetan, eskuratzaile berriak Udalari pagatu beharko dio bi hauen arteko aldea: kontzesioa eman zenean lurraren truke ordaindu zen prezioa, batetik, eta, bestetik, subrogazioaren egunean tarifen arabera ordaindu behar dena.

46. artikulua. Mortis-causa eskualdaketari dagokionez, hots, ehorzketa-eskubidearen titularraren heriotza gertatzen denean, eskualdaketarako eskubidea izanen du eskubidearen oinorde izanik herentziari uko egin ez dionak. Titularrak ondorengotzarik xedatu ezean, ehorzketa eskubidea senideei eskualdatuko zaie, lege zibilak ezarritako ordenari jarraikiz. Alargunak kontzesioaren usufruktua baldin badu, horrela jasoaraziko da hilobiaren erregistroko inskripzioan, eta usufruktudunak izanen ditu eskubidearen titularrari dagozkion ahalmen eta betebehar guztiak.

Eskualdaketa baten ondorioz titular bat baino gehiago bada, ondorengo guztiek beren artean gehiengoz hautatzen dutenaren alde onartuko da ehorzketa-eskubidearen titulartasuna. Hori hiru hilabeteko epearen barnean egin behar da kausatzailearen heriotzatik edo ondorengoak deklaratzeko egintza eman zen egunetik hasita. Udalak ez du titulartasunaren aldaketarik baimenduko adostasun hori frogatzen ez bada, baina edozein partaideri utziko dio ehorzketa-eskubidea erabiltzen, baldin gainerakoak horren aurka ez badaude.

47. artikulua. Eskubidea nori eskualdatzen zaion inolako zalantzarik gabe zehaztea ezinezkoa bada, titulartasuna behin-behinekoz onartzen ahalko zaio aldaketa eskatzen duenari, baldin eta eskubidea izaten ahal badu 46. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Behin-behineko titulartasun horren muga da ondotik hobitik hilotzak ateratzeko debekua, epaile batek baimendu ez badu, eta hilotz bat ehorzteko eskubidea erabiltzeko beharrak sortua ez bada. Inork kontra egiten ez badu, titulartasuna behin betiko bilakatuko da hamar urte iragandakoan.

Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen aldiro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren edukitzailea eta horrengandik abiatuta kontatuko dira betiere, 45. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak. Eskubide horien eskualdaketak ere idatzita jarriko dira kontzesioaren tituluan.

Interes kontrajarriak badaude lurperatzeko ehorzketa-eskubidea erabili behar den tokiaren gainean, era berean jokatuko da, baina Udalak, kasu honetan, beste kontzesio bat esleituko du, behin-behineko titulartasunarekin, jaraunspen-komunitatearen izenean, eskubidearen titulartasuna erabakitzen ez den bitartean.

Artikulu honetan aipatzen diren behin-behineko kontzesioak ez dira behin betiko bilakatuko baldin behin-behineko titularra 33.c) artikuluan aurreikusitako kasuan sartzen bada edo, Udalaren iritziz, ez baldin badu kontzesioa eskuratzeko oinarririk artikulu horretako gainerako kasuetako batean berean ere. Horrela gertatzean, behin-behineko titulartasunak ez du ondoriorik sortuko hura onartu eta hamar urte iragan direnean.

48. artikulua. Hilerriko lurren kontzesioak hilobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta familiakoei, ordenantza honetako aginduei lotuz, betiere.

Lurren kontzesioetan, titularraz eta ezkontideaz landa, lerro zuzeneko haien ahaideak ere ehorzten ahal dira, aurrekoak nahiz ondokoak izan, mugarik gabe, baita alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. graduraino eta ezkontza-ahaidetasunaren 3. graduraino daudenak ere.

Udalak beste edozein ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimentzeko unean dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.

49. artikulua. Ehorzketa-eskubide bat zer epetarako eman zen, haren hurrenez hurreneko eskualdatzeek ez dute epe hori aldatuko.

50. artikulua. Titularrak uko egiten ahal dio ehorzketa-eskubideari, baldin dagokion hilobian gorpuzkin ehortzirik ez bada. Horretarako, eskabidea eginen dio Udalari, eta hura gero berretsi egin beharko da, interesduna bera agertuta edo haren legezko ordezkaria.

VI. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen galera edo iraungipena

51. artikulua. Ehorzketa-eskubidea galdu edo iraungiko da eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko zaio, kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren hondamen egoerarengatik, zeina deklaratu behar baita txosten teknikoan, aurretik, eta titularrak ez betetzeagatik konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea. Lehenago espedientea ireki behar da, eta interesdunari entzunaldia eman.

b) Hilobia abandonaturik uzteagatik. Halakotzat hartuko da, baldin titularra hil eta urtebete geroago ondorengoek edo herentzia edo beste titulu baten bidez subrogaturiko pertsonek ez badute eskaririk egin beren aldeko eskualdaketa egin dadin.

Baldin ondorengoak edo herentzia edo beste tituluren bidez subrogaturiko pertsonak agertzen badira eskualdaketa eskatzera eta hilobia egoera okerrean aurkitzen badute, hiru hilabete izanen dute hura egokitzeko. Epe hori konponketak egin gabe iraganik eta 8. artikuluko izapideak egindakoan, dekretatuko da ehorzketa-eskubidearen iraungipena, eta Udalaren eskura itzuliko da.

c) Eskubidea zer epetarako eman zen, haiek iragateagatik.

d) Behar den epearen barrenean eskubideak edo tasak ez ordaintzeagatik.

e) Titularrak 50. artikuluan aurreikusitako moduan uko egiteagatik.

f) Hilerria desagertzeagatik.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Iraungirik gelditzen dira isilbidezko eta titulurik gabe egindako kontzesioak, gaur egun familia batek erabiltzen dituenak eta libre gelditzen direnak ordenantza hau aplikatzearekin eta ordenantza behin betiko onetsi ondoren irekitzen den kontzesio-emateen prozedurarekin; eta iraungitze horrek ez du berekin ekarriko titularraren aldeko konpentsaziorik nahiz kalte-ordainik. Aitzinetik gaztigu eginda, berrerabili behar denean, dauden gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, salbu zenduaren familiakoek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek eskatzen badute beste hilobi batera eramateko, edo, pertsona ospetsuen gorpuzkiak direnean, Udalak hilobian uztea erabakitzen badu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Julián Gayarreren Mausoleoa, zeina deklaratu baitzen Interes Kulturaleko Ondasun urriaren 21eko 567/1996 Foru Dekretuaren bidez, eta haren ondo-ondoko ingurua, ordenantza honen aplikaziotik salbuetsia gelditzen da; hortaz, Ondare Historikoari buruzko legeria bereziaren menpe gelditzen da. Halaber, legeria horrek zuzenean eragiten dio Erronkariko hilerriari, Interes Kulturaleko Ondasun baten kokagune baita; horrenbestez, ulertzen da ordenantza hau une oro dela aplikatzekoa, galarazi gabe ekainaren 25eko 16/1985 Legea, Espainiako Ondare Historikoari buruzkoa, ezta hura garatzeko xedapenak ere.

Bigarrena.–Udalbatzaren Osoko Bilkurari dagokio ehorzketa-eskubideen hasierako kontzesioa eta horiek iraungi direla deklaratzea; hori dena, ordenantza hau behin betiko onetsi ondoren irekitzen den kontzesio-emateen prozedurarekin.

Hurrengo prozeduretan, Udalaren Osoko Bilkurak onetsiko ditu hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta iraungipena, edo Alkatetzaren nahiz eskuordetutako organoaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, udal zerbitzuen funtzionamendu egokiak uzten duen maiztasunarekin

Ordenantza honek berariaz aurreikusten ez duen orotan, men eginen zaio indarra duen legeria sektorialak xedatutakoari, eta bereziki uztailaren 20ko 2263/74 Dekretuaren bidez onetsi zen Hilotzen gaineko Osasun Arauei buruzko Erregelamenduari eta Hilotzen gaineko Osasunari buruzko maiatzaren 9ko 123/1986 Foru Dekretuari. Aplikazio osagarria izanen dute Erronkariko udalerrian indarra duen hirigintzako araudiak eta ondare historikoaren gaineko legeriak ere, lehen xedapen iragankorrean adierazten den eran.

Ordenantza honetan biltzen diren gai fiskalen gainean, aplikazio osagarrikoak izanen dira Erronkariko Udalak 1996ko abenduaren 17an onetsitako ordenantza fiskala eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 19ko 2/1995 Foru Legea.

Laugarrena.–Errautsen ehorzketa, kontzesiorik ez dagoenetan, ordenantza honen IV. kapituluan eta 25.2 artikuluan ezarritako araubideari lotuko zaio, galarazi gabe II. eranskinean aurreikusitako tarifak aplikatzea.

Bosgarrena.–Udal hilerrian dauden hilobietako apaingarriei dagokienez, bitarteko aldi bat ematen da, 2025eko abenduaren 31 artekoa, xedapen gehigarri honek indarra hartzen duenetik aitzina, xedapen honek indarra hartzean dauden apaingarriek bete dezaten gorago aipatutako ordenantzaren I. eranskinean ezarritakoa, baldin eta betetzen ez badute.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. ERANSKINA

Hilobietako apaingarrien materialak eta neurriak

a) Hilobiburuan gurutzeak edo hilarriak baizik ez dira paratzen ahal, gehienez ere ondoko neurri hauetakoak:

Garaiera: 120 cm.

Zabalera: 60 cm.

Lodiera: 10 cm.

b) Aipatu diren ikur eta apaingarri horien material eta koloreak, nahitaez, ondoko hauetakoak izanen dira:

Tafallako harria.

“Macael” marmol zuria.

“Hegoafrika” marmol beltza.

“Quintana” granitoa.

Burdina forjatua.

Beste material noble batzuk.

c) Ez da inola ere baimenik emanen hilobietan hilarriak, lauzak, panteoiak edo oroitarriak paratzeko, baldin aitzineko ataletan adierazitako neurriak baino handiagoak edo ezaugarri desberdinak badituzte.

d) Debeku da, era berean, hilobien inguruan hesiak edo itxiturak, landaresiak edo bestelako landareak jartzea.

e) Hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan para daitezke, eta hilerriaren izaerari begiratu beharko diote, ordenantzaren 5. artikuluan adierazitakoaren arabera. Titularraren erantzukizuna izanen dira hirugarrenen eskubideen aurka jo dezaketen inskripzioak.

II. ERANSKINA

Tasen tarifak, ehorzketa eskubideetarako eta ehorzketa zerbitzuetarako

a) Tasa kontzesioengatik: 46,50 euro hilobi bakoitzarengatik.

Haurrak ehorzteko hilobiak: 0,00 euro.

b) Hilerria kontserbatu, mantendu eta oro har zaintzeko zerbitzuaren tasa: 4,50 euro/urtean, hilobi bakoitzagatik.

c) Erronkariko Cofradía de la Santa Fe elkarteak du ehorzketak egiteko ardura, eta elkarte horrek bere kideentzat une oro finkatzen dituen kuotek eta ekarpenek zehaztuko dute, orain arte bezala, ehorzteko zerbitzuari dagokion tasa.

c.1) Urteko kuota, indarra duena: 3 euro laguneko.

c.2) Subjektu pasiboa kofradia horretako kidea ez bada, edo kidea izanagatik ere hobia bere txandan egitea bidezko ez bada, ordaindu beharreko tarifa 319,00 eurokoa izanen da.

c.3) Errautsak ehorzteko tasa, baldin subjektu pasiboa kofradia horretako kidea ez bada, edo baldin kidea izanagatik ere hobia bere txandan egitea bidezko ez bada: ordaindu beharreko tarifa 30,00 euro izanen da.

d) Altaren kuota: 2,00 euro, bider eskatzaileak eskaera egitean duen adina.

Iragarkiaren kodea: L1913170