216. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 16an hartua, “Robo ibaiaren arroaren saneamendua” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren maiatzaren 8ko 623/2019 Ebazpenaren bidez, “Robo ibaiaren arroaren saneamendua” izeneko proiektuko lanak gauzatzeko lankidetza araubidea onetsi zen, Iruñerriko Mankomunitateak nahitaezko desjabetzearen arloan eskaturikoa, eta proiektua bera eta hark ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri ziren hamabost eguneko epean.

Jendaurreko epea iragan da eta ez da horri buruzko alegaziorik aurkeztu.

Toki Administrazioren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren irailaren 18ko 129/2019 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi ziren aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta horri buruzko iragarkia argitaratu zen 2019ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 23koan.

Iruñerriko Mankomunitateak, lehen aipaturiko lankidetza araubideari jarraikiz, eskatu du proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa deklara dadila, eta arrazoi hau ematen du horretarako: eskualdeko kolektorearekin lotu gabe dauden Izarbeibarko herrien saneamendua hobetu beharra, hondakin urak egoki aratz daitezen. Izan ere, gaur egungo arazketa ez da nahikoa, eta horrek ingurumen eragin nabarmena dauka herri horietatik igarotzen diren eta ur gutxi eraman ohi duten ibilguen gainean.

Horrenbestez, ikusirik Iruñerriko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak, eta egiaztatuta balio justua ordaintzeko behar den aurrekontu-kontsignazioa badela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak deklaratzea “Robo ibaiaren arroaren saneamendua” proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela, nahitaez desjabetzeko.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Robo ibaiaren arroaren saneamendua” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau jakinaraztea Iruñerriko Mankomunitateari, Iruñerriko Zerbitzuak SAri eta Obanosko Udalari.

Iruñean, 2019ko urriaren 16an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1913330