216. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

4/2019 FORU LEGE DEKRETUA, urriaren 23koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurri batzuk onesten dituena.

ZIOEN AZALPENA

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginak graduari dagokion ordainsaria arautzen du, 16., 17., 40. eta 42. artikuluetan eta laugarren xedapen iragankorrean; bertan aurreikusten da gradua funtzionarioei ordainduko zaiela graduan gora hurrenez hurren egiteko sistema iragankor bat aplikatuta, gradu jakin baten azpitik ondoko graduan 6 urte eta 7 hilabete pasa eta gero. Ordainsari hau funtzionarioari datxekiola uste izan ohi da, eta hori dela-eta irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuak ez du ordainsari hori sartzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuan ari diren administrazio araubidean kontratatutako langileek jasotzeko eskubidea dutenen artean.

Hala ere, honi dagokionez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak C-72/18 gaiari buruzko epaia eman zuen 2019ko ekainaren 20an, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak planteatu zuen prozedura prejudizialean. Prozedura honek aintzat hartzen zuen Aldi Baterako Lanari buruzko Esparru-akordioaren 4. klausularen interpretazioa (akordio hau 1999ko martxoaren 18an izenpetu zen, eta Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/EK Zuzentarauaren eranskinean dago; zuzentaraua Europako Sindikatuen Konfederazioaren –CES–, Europako Erkidegoko Industrien Batasunaren –UNICE– eta Enpresa Publikoen Europako Zentroaren –CEEP– arteko Aldi Baterako Lanari buruzko Esparru-akordioaren gainekoa da). Epaiaren ondorioa da gradu-ordainsariaren eskubidea karrerako funtzionarioentzat gordetzeak, administrazio araubidean kontratatutako langileak bazter utzita (osagarri hori jasotzeko baldintza bakarra delarik zerbitzuan denbora jakin bat aritu izana), Europaren aipatu araua hausten duela.

Epai horren edukia ikusirik, eta bertan ezartzen den gutxieneko antzinatasuna betetzen dutenez, administrazio araubidean kontratatutako langile asko graduari dagokion ordainsaria ordain diezaien eskaera aurkezten ari dira.

Beraz, graduari dagokion ordainsaria administrazio araubidean kontratatutako langile guztiei aitortu eta ordaintzeko, bidezkoa da irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua aldatzea (Dekretu hori Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena da), eta gradu-ordainsaria sartzea administrazio araubidean kontratatutako langileek jasotzeko eskubidea daukatenen artean, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera zenbatuko den atzeraeragineko ondorioekin.

Halaber, bidezkoa da aldatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen promozioa eta prestakuntza arautzen dituen araudia aldatzea, bai Administrazio Erroaren eremuan (apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren 24.2 artikulua hein batean garatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza errazten dituena), baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ere (347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena), halako moldez non langile hauek aipatu egoeran dauden bitartean jasotzen duten gradu-ordainsaria kalkulatuko baita prestakuntza-promozioan bete den lanpostuaren erreferentzia kontuan hartuta.

Beste alde batetik, aipatu dugun 68/2009 Foru Dekretuaren 12. artikuluak administrazio araubidean kontratatutako langileen enplegu-baldintzak arautzen ditu, eta ezartzen du funtzionarioei aplikatzen zaien araudia aplikatuko dela oporrei, lizentziei eta baimen ordainduei dagokienez, beste gai batzuen artean, zeinen artean ez baitago zerbitzu berezien administrazio egoera. Oporrei, lizentziei eta baimen ordainduei dagokienez, aldi baterako lan-kontratudunentzat ere aplikatzekoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioei aplikatzen zaien araubidea, eta hemen ere hitzarmen kolektiboak ez du berariaz aintzat hartzen zerbitzu berezien egoera, ez eta funtzionarioen kasuan aipatu administrazio egoera deklaratzeko bidea ematen duten kasuak ere; alabaina, langile hauei aplikatzekoa zaie Langileen Estatutuaren 46. artikuluak biltzen duen nahitaezko eszedentzia, zeinak ezartzen baitu lan-kontratudunek eskubidea daukatela lanpostua gordetzeko eta antzinatasuna zenbatzeko kargu publiko bat betetzeko aukeratzen badituzte, eta hori dela-eta ezinezkoa bazaie lanera joatea.

Adierazi denarekin bat etorriz, administrazio araubidean kontratatutako langileen kolektiboko kideak dira kargu publiko bat betetzeko aukeratzen badituzte, eta hori dela-eta ezinezkoa bazaie lanera joatea, baimena edo eszedentzia hartzeko eskubidea ez daukaten bakarrak, kontratua mantenduz eta antzinatasuna zenbatuz. Horregatik, beharrezkoa da kasu hauetan berariaz aitortzea ordaindu gabeko baimena hartzeko eskubidea, beren egoera kargu publiko bat betetzeko aukeratuak edo izendatuak diren gainerako langileen egoerarekin parekatzeko.

Beste alde batetik, 6/2019 Errege Lege Dekretuak Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuan eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean sartu dituen aldaketek (aldaketok jaiotza-baimenekin, bai ama biologikoarentzat eta baita beste gurasoarentzat ere, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harrera baimenekin dute zerikusia), ekarri dute ezberdintasun nabarmenak egotea Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren eremuko funtzionarioei oro har aplikatzen zaien araudiaren eta Nafarroako Administrazio Publikoetan aplikatzen denaren artean (azken honetan aplikatzen dena bi arau hauetan dagoena da: Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, eta Otsailaren 7ko 6/2019 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina ezartzen duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aldatzen duena).

Foru araudia Nafarroako Foru Komunitateak bere funtzionario publikoen araubide estatutarioaren arloan daukan eskumen esklusiboa betez eman zen, eta hortaz, nahitaez bete behar da; beraz, jaiotzen eta adin txikikoak zaintzearen ondorioz ematen diren baimenek zehatz bete behar dituzte foru araudian ezartzen diren baldintzak. Hala ere, kontuan harturik 6/2019 Errege Lege Dekretuak indarra hartu zuenetik disfuntzioak atzematen ari direla Nafarroako Foru Komunitateko langile publikoei aplikatzen zaien araubidearen eta gainerako administrazio publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen zaienaren artean, bidezkoa da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lizentzien eta baimenen (jaiotzen, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren ondorio direnen) araudia aldatzea, langile hauei aplikatzen zaien araudia Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuen eremukoarekin parekatzeko, eta sartzeko arau horretan, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoetan, otsailaren 7ko 6/2019 Foru Legeak ezartzen duenarekin bat etorriz aplikatzekoa den baimen osagarria.

Ezarri den araudiak, aipatu baimenak edukitzeko araubidea administrazio publikoko langileek oro har daukatenarekin parekatzeaz gain, ama biologikoa ez den gurasoaren baimenaren iraupena luzatzen du, eta izatez erditzeagatiko lizentziak duen luzerarekin parekatzen du, zeinak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen kasuan, 17 asteko iraupena baitu. Arau hau, beraz, aitzindaria da norberaren bizitza eta lan bizitza bateragarri egiteko eta gurasoen arteko erantzunkidetasun printzipioa aldezteko, biak direlarik elementu funtsezkoak gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren eta tratu berdintasunaren printzipioa betetzeko.

Ildo beretik, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina aldatzen da, geroratu ahal izateko funtzionario izateko edo langile lan-kontratudun finko izateko lanpostuez jabetzea, lanpostuaz jabetu behar dena lizentzia bat izaten ari denean, erditzeagatik, adopzioarengatik, adoptatzeko zaintzarengatik, edo harreragatik, edo arrazoi berberengatik ama biologikoa ez den gurasoa izateagatik. Geroratzeak, kasu bakoitzean, etenik gabeko lizentziak irauten duen adina iraunen du.

Azkenik, beharrezkoa eta premiazkoa da kontratuaren luzapena posible egitea, udako hiletan ere, dagokion ikasturtean zerbitzua gutxienez bost hilabete eta erdiz eta aldi baterako kontratu batekin eman duten unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat, 2018ko abuztuaren 24an izenpetu zen “Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunean” biltzen den bezala.

Honaino eman diren arrazoiek justifikatzen dute honako foru lege dekretu hau onestea, aipatu neurriak berehala hartzea behar-beharrezkoa baita.

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 23an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Aldatzea 68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena.

1. Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 11. artikuluko 1. apartatua aldatzen da (foru dekretu horren bidez arauak eman ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko), eta honela idatzita geldituko da:

“1. Administrazio araubidean kontratatzen diren langileek betetzen duten lanpostuari edo egiten dituzten eginkizunei dagozkien ordainsariak, antzinatasun saria, graduari dagokion ordainsaria eta familia-laguntza jasoko dituzte”.

2. Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 12. artikuluko 1. apartatua aldatzen da (foru dekretu horren bidez arauak eman ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko), eta honela idatzita geldituko da:

“1. Administrazio araubidean kontratatzen diren langileei Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioentzat ezarritako araudi berbera aplikatuko zaie oporrei, lizentzia eta baimen ordainduei eta eszedentzia bereziari dagokienez. Halaber, ordaindu gabeko baimena emanen zaio kargu publiko bat betetzeko aukeratzen edo izendatzen duten langileari, kargu hori betetzeak ezinezkoa egiten duenean lanera joatea. Aipatu baimen, lizentzia edo eszedentzia emateak ez ditu inola ere kontratuaren iraupena edo kontratua amaitzeko arrazoiak aldatuko”.

2. artikulua. Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren aldaketa. Foru dekretu horren bidez eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren 24.2. artikulua partzialki garatuz, prestakuntza eta hobekuntza profesionala eskaintzen zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren 5. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da. Foru Dekretu horren bidez eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren 24.2. artikulua partzialki garatuz, prestakuntza eta hobekuntza profesionala eskaintzen zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei. Apartatu hori honela geldituko da idatzita:

“1. Zerbitzu berezietako egoeran dauden langileek zerbitzu berezietako administrazio egoeran dauden bitartean betetzen duten lanpostuaren ordainsariak jasoko dituzte”.

3. artikulua. Aldatzea 347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, zeinaren bidez arauak ematen baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 24. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da. Honela idatzita geldituko da:

“2. Barne igoeraren bidez zerbitzu eginkizunean beste lanpostu bat betetzera pasatzen diren langileek eskubidea edukiko dute lehen betetzen duten lanpostua erreserbatua izateko, izendatu baino lehen zeukaten araubide juridikoari eutsiko diote eta zer lanpostutara atxiki zaien, lanpostu horren ordainsariak jasoko dituzte.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ordainsari-ezberdintasunak langileari aldi baterako eskatu zaizkion eginkizun berriak ordaintzeko dira, eta beraz, automatikoki utziko dio jasotzeari lanpostu berria uzten duenean”.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 25. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da. Honela idatzita geldituko da:

“2. Egoera berezian eta aktiboan dagoen denboran, jatorrizko lanpostua erreserbatuko zaio, eta izatez betetzen duen lanpostuaren ordainsaria jasoko du”.

4. artikulua. Aldatzea 11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

1. Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 10. artikulua aldatzen da. Honela idatzita geldituko da:

“10. artikulua. Lizentzia ordaindua, erditzeagatik.

1. Funtzionarioek eskubidea edukiko dute hamazazpi asteko lizentzia ordaindua edukitzeko erditzeagatik. Hamazazpi aste horietatik sei, erditzearen ondoz ondokoak, nahitaez eta etengabe hartzekoak izanen dira. Lizentzia hori bi astez luzatuko da (bana guraso bakoitzarentzat) haurrak desgaitasunik badu, eta, aldi berean ume bat baino gehiagoz erditzean, bigarrenetik aurrera ere bai.

Ama zenduz gero, beste gurasoak eskubidea izanen du lizentzia osoa edo hartzeke dagoen zatia hartzeko.

2. Bi gurasoek lan egiten badute eta atsedeneko nahitaezko lehen sei asteak pasatu eta gero, lizentzia hau gurasoek nahi duten moduan hartzen ahal da, etenak eginez nahi izanez gero, betiere aldi honen barruan: erditu eta geroko nahitaezko atsedena amaitzen denetik seme-alabak hamabi hilabete betetzen dituen arte. Lizentzia etenak eginez hartuko bada, aldi bakoitzean aste osoak hartu behar dira, eta hartzen den aldi bakoitzerako, beharrezkoa izanen da 15 egun aurretik abisatzea.

3. Garaia baino lehen erdituz gero edo beste edozein arrazoi dela medio jaioberriak jaio ondoren ospitalean iraun behar badu, lizentzia jaioberriak ospitalean diraueino luzatuko da, betiere beste hamahiru astez, gehienez ere.

4. Haurra zenduz gero, lizentzialdia ez da murriztuko, salbu eta erditu eta gero nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaren ondoren, lanpostura itzultzea eskatzen bada.

5. Baimen honek irauten duen bitartean, nahitaezko atsedenaldia amaitu eta gero, Administrazioak deitutako prestakuntza ikastaroetan parte hartzen ahalko da.”

2. Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 11. artikulua aldatzen da. Honela idatzita geldituko da:

“11. artikulua. Lizentzia ordaindua adopzioarengatik, adoptatzeko zaintzarengatik edo harreragatik.

1. Adopzioaren, aldi baterako harreraren edo harrera iraunkorraren eta adoptatzeko zaintzaren kasuan, lizentziak hamazazpi aste iraunen du. Lizentzia hori bi astez luzatuko da (bana guraso bakoitzarentzat), adoptaturiko edo harreran harturiko haurrak desgaitasunik badu, eta, ume bat baino gehiagoko adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreran, bigarrenetik aurrera ere bai.

2. Sei aste, nahitaez, lanaldi osoz eta etenik gabe hartu beharko dira adopzioa eratzen duen epailearen ebazpenaren ondoren, edo adoptatzeko zaintza edo harrera baiesten duen erabaki administratiboaren ondoren.

3. Bi gurasoek lan egiten badute eta atsedeneko nahitaezko lehen sei asteak pasatu eta gero, lizentzia hau etenak eginez egiten ahalko da, betiere aldi honen barruan: gertaera eragile eta geroko nahitaezko atsedena amaitzen denetik seme-alabak hamabi hilabete betetzen dituen arte. Lizentzia etenak eginez hartuko bada, aldi bakoitzean aste osoak hartu behar dira, eta hartzen den aldi bakoitzerako, beharrezkoa izanen da 15 egun aurretik abisatzea.

4. Gurasoek erabakiko dute noizdanik kontatu epe hori, edo administrazioak adoptatzeko zaintza edo harrera erabakitzen duenetik edo epaileak adopzioa ebazten duenetik aurrera. Adingabe berak ez du behin ere sortuko lizentzia honek arautzen duen aldi bat baino gehiago hartzeko eskubiderik.

5. Nazioarteko adopzio edo harrera kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, aurreko paragrafoetako kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia epaileak adopzioari buruz emaniko ebazpena eman edo administrazioak edo epaileak harrerari buruz harturiko erabakia baino lau aste lehenagotik ere hartzen ahal izanen da. Horrez gain, halako kasuetan bi hilabete bitarteko baimen bat hartzeko eskubidea izanen da, aldi horretan oinarrizko ordainsariak soilik jasoko direlarik.

6. Artikulu honetan aipatzen diren adopzioa, adoptatzeko zaintza edo harrera, aldi baterakoa edo iraunkorra, aplikatzekoa den arautegian ezarriko direnak izanen dira. Aldi baterako harrerak gutxienez ere urtebete iraunen du.

7. Baimen honek irauten duen bitartean, nahitaezko atsedenaldia amaitu eta gero, Administrazioak deitutako prestakuntza ikastaroetan parte hartzen ahalko da”.

3. Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 16. artikulua aldatzen da. Honela idatzita geldituko da:

“16. artikulua. Ama biologikoa ez den gurasoarentzako baimena seme-alaba baten jaiotza, adoptatzeko zaintza, harrera edo adopzioarengatik:

1. Hamazazpi asteko baimen ordaindua emanen da seme-alaba baten jaiotza, adoptatzeko zaintza, harrera edo adopzioarengatik. Horietatik, gertaera eragilearen ondoz ondoko sei asteak nahitaez hartu beharko dira. Baimen hori bi astez luzatuko da (bana guraso bakoitzarentzat), jaiotako, adoptaturiko edo harreran harturiko haurrak desgaitasunik badu, eta, ume bat baino gehiagoko jaiotzaren, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren kasuan, bigarrenetik aurrera. Baimena hartzen ahalko da jaiotzaren egunetik, administrazioak adoptatzeko zaintza edo harrera erabakitzen duenetik edo epaileak adopzioa ebazten duenetik aurrera.

2. Baimen hau hartuko duen gurasoak banatzen ahalko du, lehen sei asteak etenik gabeak eta jaiotzaren egunaren, administrazioak adoptatzeko zaintza edo harrera erabakitzen duen egunaren edo epaileak adopzioa ebazten duen egunaren ondoz ondokoak izateko baldintza beteta.

3. Bi gurasoek lan egiten badute eta lehen sei asteak pasatu eta gero, baimen hau etenak eginez hartzen ahalko da, betiere aldi honen barruan: nahitaezko atsedena amaitzen denetik seme-alabak hamabi hilabete betetzen dituen arte. Lizentzia etenak eginez hartuko bada, aldi bakoitzean aste osoak hartu behar dira, eta hartzen den aldi bakoitzerako, beharrezkoa izanen da 15 egun aurretik abisatzea.

4. Baimen hau hartu nahi bada erditzeagatiko lizentziaren hamazazpigarren astea eta gero, azken lizentzia hori hartu duen gurasoak eskatu badu hamabi hilabete baino gutxiagoko seme-alaba baten edoskitzealdiaren denbora lanaldi osoetan metatzea, 17.5 artikuluaren arabera, aldi hori amaitzen denean emanen zaio hasiera ama biologikoa ez den gurasoaren baimenari geratzen zaizkion hamaika asteak zenbatzeari.

5. Garaia baino lehen erdituz gero edo beste edozein arrazoi dela medio jaioberriak jaio ondoren ospitalean iraun behar badu, lizentzia jaioberriak ospitalean diraueino luzatuko da, betiere beste hamahiru astez, gehienez ere.

6. Haurra zenduz gero, lizentzialdia ez da murriztuko, salbu eta erditu eta gero nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaren ondoren, lanpostura itzultzea eskatzen bada.

7. Zerbitzuaren beharrekin bateragarria baldin bada, artikulu honetan gurasotasunagatik arautzen den baimen ordaindua lanaldi partzialean har daiteke, lanaldiaren heren edo erdi baterako, enplegatuak ezarrita duen lanaldiaren lehenengo eta/edo azken orduetan. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen kasuan, lanaldi partzialeko baimen hori lanaldiaren erdirako izanen da kasu guztietan.

Baimen hori partzialki hartzean, foru dekretu honen 12. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan ezarritako mugak aplikatuko dira kasu guztietan.

8. Baimen honek irauten duen bitartean, jaiotzaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren egunaren ondoren etenik gabe hartzen diren lehen sei asteak igaro eta gero, Administrazioak deitutako prestakuntza ikastaroetan parte hartzen ahalko da”.

4. Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 17. artikuluaren 3. apartatua aldatu da. Honela idatzita geldituko da:

“3. Artikulu honetan biltzen den baimena funtzionarioen eskubide indibiduala da, eta eskubidea gauzatzea ezin zaio aldatu beste guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harrera-egile bati”.

5. artikulua. Aldatzea 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren hemeretzigarren xedapen gehigarria aldatzen da. Honela idatzita geldituko da:

“1. Funtzionario izateko edo langile lan-kontratudun finko izateko lanpostuez jabetzea geroratuko da, lanpostuaz jabetu behar dena lizentzia bat izaten ari bada, erditzeagatik, adopzioarengatik, adoptatzeko zaintzarengatik, edo harreragatik, edo arrazoi berberengatik ama biologikoa ez den gurasoa izateagatik. Kasu bakoitzean, geroratzeak etenik gabe hartzen ari den aldia amaitu arte iraunen du.

2. Lanpostuaz jabetzeko edo kontratua sinatzeko epea zenbatzen hasiko da interesdunak jaiotzarengatik, adopzioarengatik, adoptatzeko zaintzarengatik, edo harreragatik daukan lizentzia edo baimena etenik gabe izaten ari den aldia amaitu eta gero, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.

3. Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko edo kontratua sinatzeko gerorapen epe hori. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzeak edo langile finko gisa kontratua sinatzeak baldintzatuko dute aitorpen hori, eta horiek gertatzen direnetik hasita izanen ditu ondorioak.

4. Aurreko apartatuetan ezarritakoa aintzat hartuko da aldi baterako kontratazioak egiteko deialdietan, kontratazio horren berariazko ezaugarriek eragindako egokitzapenekin”.

6. artikulua. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen kontratazioa udara zabaltzea.

1. Oro har, Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan behar berriei aurre egiteko kontratatzen diren irakasleen administrazio araubideko eta aldi baterako kontratuek, urte bakoitzeko urriaren 1a baino lehen izenpetzen badira, hurrengo urteko abuztuaren 31 arte iraunen dute, gehienez ere.

Urte bakoitzean urriaren 1etik aurrera behar berriei aurre egiteko izenpetzen diren irakasleen kontratuek hurrengo urteko ekainaren 30era arte iraunen dute, gehienez ere.

2. Oro har, Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan irakasleak ordezkatzeko izenpetzen diren kontratuek dagokion ikasturteko ekainaren 30era arte iraunen dute, gehienez ere.

3. Ikasturte batean irailaren 1etik ekainaren 30era artean 165 egun naturaleko zerbitzualdia eman duten unibertsitateaz kanpoko irakasleek, administrazio araubidean eta aldi baterako kontratuarekin kontratatu direnek, eskubidea sortuko dute beste kontratu bat edukitzeko, ikasturte horretako uztailaren 1etik abuztuaren 31ra (biak barne). Kontratu berriak dagokion ikasturtean izenpetu duen kontraturik luzeenak dituen ezaugarriak edukiko ditu, ikastetxeari, irakaskidegoari, espezialitateari, hizkuntzari, profilari eta lanaldiari dagokienez.

4. Udan izenpetzen diren kontratuak aintzat hartuko dira ikasturte horretan bertan hartu ez diren oporren kontua erregularizatzeko.

5. Maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuaren babesean (haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren) administrazio araubidean eta aldi baterako kontratatutako irakasleek, ikasturte batean irailaren 1etik ekainaren 30era 165 egun edo egun gehiagoko aldi batez zerbitzuak eman badituzte, eskubidea sortuko dute beste kontratu bat izateko. Kontratu honen iraupena uztailean eta abuztuan bi hilabeteko kontratazioa osatzeko falta den denbora izanen da.

6. Udan beste kontratu bat izateko eskubidea sortu dutenek uko egiten ahalko diote kontratu horri. Ukoa egiteko eskaera idatziz egin behar da, uztailaren 1a baino lehen. Kasu hauetan oporren kitapena eginen da, lan egindako egunak kontuan hartuz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Gradu-ordainsaria administrazio araubideko langileei ordaintzea.

Nafarroako Administrazio Publikoek ondoren aipatzen diren gradu-ordainsaria eta atzerapenengatiko atzeraeragina ordainduko dituzte, modu honetan:

A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek ofizioz ordainduko diete administrazio araubidean kontratatutako langileei gradu-ordainsaria, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 4 urteko atzeraeragineko ondorio ekonomikoekin, kasu bakoitzean aitortutako antzinatasunaren arabera.

B) Gainerako Nafarroako Administrazio Publikoek haiek aukeratzen duten moduan ordainduko dute gradu-ordainsariarengatik ordaindu behar duten atzeraeragina, beren aurrekontu erabilgarritasunaren arabera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Graduaren ordainketa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoek prestakuntza-promozioan bete dituzten lanpostuen mailaren arabera kalkulatua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoek bereak ez diren beste lanpostu bat bete badute prestakuntza-promozioaren prozeduraren bidez (apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuak eta azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak arautzen dituzte prozedura horiek) administrazioak ofizioz ordainduko die beren zerbitzuko langile finkoei gradu-ordainsaria, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera prestakuntza-promozioan bete dituzten lanpostuen mailaren arabera kalkulatua, eta 4 urteko atzeraeragineko ondorio ekonomikoekin, atzerapen moduan.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Foru lege dekretu honek arautzen dituen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuan ari diren langileentzat ezarritako lizentziak eta baimenak, jaiotzearen, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren ondoriozkoak, aplikatzeko efektu-data.

Foru lege dekretu honetan Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuan ari diren langileentzat araututako lizentziak eta baimenak, bai ama biologikoarentzat baita beste gurasoarentzat ere, jaiotzearen, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren ondoriozkoak, aplikatuko dira foru lege dekretuak indarra hartzen duenetik aurrera gertatzen diren gertaera eragileetan.

Laugarren xedapen gehigarria.–Ama biologikoa ez den gurasoaren baimen ordaindua erditzeagatiko lizentziarekin parekatzea, administrazio araubidean kontratatzeko ondorioetarako.

Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen kontratazio eremuetan aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituzten foru aginduetan dauden amatasun-lizentziei edo erditze-lizentziei buruzko aipuak aplikatzekoak izanen dira, baita ere, ama biologikoa ez den gurasoaren baimenetan, foru lege dekretu honek ezartzen duen moduan.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Jaiotzearen, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren ondoriozko lizentzien eta baimenen iraupenen edo baldintzen aldaketak.

1. Jaiotzearen, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren ondoriozko lizentzien eta baimenen iraupenean edo baldintzetan oro har Administrazio Publikoetako funtzionarioentzat ezartzen diren aldaketak zuzenean aplikatuko zaizkie Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioei.

2. Jaiotzearen, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren ondoriozko lizentzien eta baimenen iraupena handiagoa bada oro har Administrazio Publikoetako funtzionarioentzat aitortzen dena baino, Nafarroako Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileei egokituko zaie, lizentzia edo baimenerako eskubidea sortzen duen gertaera eragilea gertatzen denean eta lizentzia hartzen denean egoera aktiboan izateko baldintzarekin.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.–Unibertsitateaz kanpoko irakasleen kontratuak udan luzatzea 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan.

1. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak kontratu bat eginen du 2018-2019 ikasturtean, irailaren 1etik ekainaren 30era, 165 egun naturaleko edo gehiagoko aldi batez administrazio araubidean kontratatu diren eta zerbitzuak eman dituzten unibertsitateaz kanpoko irakasleekin. Kontratu horrek 2019ko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte iraunen du, eta kontratazioarekin batera kotizazioak ere sartuko dira Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, bai langilearen konturakoak direnak, baita enpresaren konturakoak direnak ere.

2. Foru Lege Dekretu honen 6. artikuluan aurreikusitakoa 2019ko irailaren 1etik aurrera egiten diren kontratuetan aplikatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak

Indarrik gabe gelditzen dira foru lege dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, ekainaren 22ko 42/2016 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuari atxikitako ikastetxeetako irakasleen eta laguntzaileen kontratuen gehieneko iraupena zehazten duena.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru lege dekretu honek ukitzen dituen erregelamenduzko xedapenak aldatzeko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege dekretu honek ukitzen dituen erregelamenduzko xedapenak aldatzeko, indarreko araudiarekin bat etorriz.

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko urriaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1913521