215. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

384E/2019 EBAZPENA, urriaren 11koa, Eraldaketa Digitaleko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da Orange Espagne SAUk Nafarroako Foru Komunitatean duen Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko eta eguneratzeko aurkeztu duen 4. espedientea.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, operadoreek Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari komunikatu beharko diote planaren edukiaren edozein aldaketa, planean beharrezko eguneraketak eginez.

Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 280E/2019 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Orange Espagne SAUk Nafarroako Foru Komunitatean duen Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko eta eguneratzeko 4. espedientearen tramitazioari, eta agindua eman zen eskatutako kokapenak Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzeko, interesdunek bidezko alegazioak aurkez zitzaten.

Orobat, ebazpen horretan errekerimendua egin zitzaien Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari, bakoitzak bere eskumenen esparruan txostena egin zezan azpiegituren lurralde planeko aipatutako aldaketei buruz. Aipatu unitateek eta Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak txosten horiek egin dituzte, dagozkien determinazioekin, eta ebazpen honen II. eranskinean bildu dira.

Nafarroako Gobernuaren gobernu irekiaren atarian jendaurrean egon den bitartean, ez da alegaziorik aurkeztu.

2015eko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen telekomunikazioen arloan eskumenak dituen departamentuak tramitatu eta ebatziko dituela Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde planak, 10/2002 Foru Legean arautzen diren horiek.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 95/2019 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren 3. atalak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Orange Espagne SAUk Nafarroako Foru Komunitatean duen Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko eta eguneratzeko aurkeztu duen 4. espedientea onestea, barne direla ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren kokapenak eta II. eranskinean agertzen diren determinazioak, ukitutako instalazioek bete beharko dituztenak.

2. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzura eta Ondare Historikoaren Zerbitzura.

3. Ebazpen hau eta beronen eranskinak Orange Espagne SAUri jakinaraztea, eta aditzera ematea ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko urriaren 11n.–Eraldaketa Digitaleko zuzendari nagusia, Guzmán Miguel Garmendia Pérez.

I. ERANSKINA

ESTAZIOAREN KODEA

UDALERRIA

UTMX

UTMY

ESPEDIENTEA

NAV0114A

Iruña

610.834,14

4.740.163,70

4. aldaketa

(*) Koordenatuak honela adierazita daude: UTM ETRS89, 30 N proiekzio-eremua. Erreferentziazko sistema geodesikoa: EPSG:25830.

II. ERANSKINA

Determinazio orokorrak

Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Irekitzeko lizentziaren fasean, eta oinarrizko estazioak martxan jarri baino lehen, teknikari eskudun baten ziurtagiria aurkeztuko da dagozkion udaletan. Txosten horretan justifikatuko da estazioak proiektu teknikoarekin eta aurkeztutako eranskinekin bat egin direla, eta emisio irrati-elektrikoetako esposizio mailen neurketa errealen emaitzak emanen dira. Neurketak erradiazio handiena den tokian eginen dira (bertaratzerik bada), barne direla bereziki aintzat hartu beharreko erabilera-eremuak, urtarrilaren 11ko CTE23/2002 Aginduan eta geroko aldaketetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Aurreikusitako lanetan, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du lanak gelditu eta horren berri eman beharko zaiola, berehala, Arkeologia Atalari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatzeko, arau-hauste larritzat joko da oharpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari gerta dakiokeen edozein ukipen.

Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Operadoreak abenduaren 31n martxan dauden estazioen zerrenda aurkeztu beharko du egun hori baino lehen, gutxienez datu hauekin: estazioaren kodea, UTMX eta UTMY koordenatuak, erabilitako teknologiak (GSM, UMTS, LTE, etab.), emisio frekuentziak eta sektoreen potentziak. Azken urtean estazioan aldaketarik izan ez bada, aski izanen da estazioaren kodea ematea eta adieraztea ez duela aldaketarik izan.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Sustatzaileari gogorarazi behar zaio ezen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, obretako udal lizentziak eman baino lehen instalazio bakoitzaren ingurumen ukipenetarako baimen egokia tramitatu beharko dela, baldin eta instalazioa lurzoru urbanizaezinean bada eta aldez aurretik baimen hori ez badu.

Lurzoru urbanizaezineko kokapenek, lurzoru urbanizaezineko jardueretako baimena behar badute, instalatu baino lehen tramitatu beharko dute baimena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan xedatutakoarekin bat. Orobat, aditzera ematen da baimen horiek eskatzeko behar den dokumentazio teknikoa aipatu legegintzako foru dekretuaren 119. artikuluan agertzen dela, eta ohartarazten da ezen, egin gogo diren instalazioak nahi diren tokietan gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten azpiegiturei eta/edo zortasunei dagokienez, operadoreek, obrak gauzatu baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko dituztela kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Iragarkiaren kodea: F1913152