215. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

293/2019 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, “Corellako (Nafarroa) goi horniduraren adarra zati batean berritzea” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onesten dituena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak ekainaren 28an emandako 1025/2019 Ebazpenaren bidez, Moncayoko Ur Mankomunitateak eskatutako lankidetza araubidea onartu zen, desjabetze espedientean hura onuradun izendatu zen, eta jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Epe horretan zenbait alegazio jaso dira. Hona hemen erantzunak:

1. Fermín Arnedo Jiménez jaunak, Corellako Ureztatzaileen Sindikatuaren izenean, azaldu du haien ubideetan inolako jarduketarik egin aurretik aintzat hartuko direla, zalantza izpirik gabe, ureztatzeko txandak eta ubideen gaineko pasabideak hormigoizkoak izan beharko direla bide zorura arte.

Alegazioari erantzunez azaldu da ezen proiektuan, ubideak gurutzatzean, HA-25 hormigoi armatua erabiltzea aurreikusi dela, 8 c/15x15 cm diametroa duen mailazoarekin, 8 metro inguruko luzeran; hortaz, bide zoru tinkoan geratuko dira, eskatu bezala zangaren alde bakoitzean 1,5 metroko distantzian. Ureztatzeko txandei dagokienez, ukitutako ubideetan bidegurutzeak egin baino lehen Ureztatzaileen Sindikatuarekin koordinatuko dira ureztatze txandak.

2. Alberto Chivite Cornago jaunak azaldu du Corellako 6. poligonoko 239. lurzatian (CO-54) trazadura aldatu behar dela, hodia olibondoen planotik eramateko.

Trazadura ezin da lurzatian aldatu gainerako finketan, errepide nazionalean eta trenbidean aldatzen ez bada, kontuan hartuz hodiak ahal bezain lerrokadura zuzena izan behar duela.

3. David Ochoa Díaz jaunak, Corellako 7. poligonoko 865. lurzatiaren jabeak (CO-36), trazadura aldatzeko, aurreikusitako kutxatila finkatik kanpo eramateko eta bertan dauden pikondoak errespetatzeko eskatu du.

Trazadura proposatu bezala aldatuz gero, Alhama ibaiaren emarian sorrarazitako eragina areagotu eginen litzateke. Lurzatietan eraginen den kaltea arintzeko ahalegina egin da, bide publikoa erabiliz; hala ere, kontuan hartu behar da aipatutako Alhama ibaia gurutzatzeko tartea ahal bezain modu perpendikularrean egin behar dela. Proiektuan aurreikusitako hustubideko kutxatilari dagokionez, finkaren mugan instalatuko da, bidearen alboan, Alhama ibaiaren 5 metroko zortasun zonatik kanpo; ukitutako bi pikondoei dagokienez, balorazioa egin eta kalte-ordaina ordainduko da.

4. Nafarroako Gobernuko Herrilurren Atalak azaldu du Cintruenigoko 2. poligonoko 109., 723., 167., 131., 171., 227., 233., 230., 231., 232., 234., 348., 350., 351., 122., 117. eta 485. lurzatiak, katastroan hainbat jabe partikularren izenean ageri direnak, Cierzo eta Argenzón mendien mugen barruan daudela, eta mendi horiek herri ondasunak direla, Zaragozako Unibertsitateak 2001ean egindako azterlanaren arabera. Azaldu duenez, herri ondasunak preskribaezinak dira, eta katastroko titularrek lurzati horien gaineko laborantza eskubidea dute. Gaineratu du, azkenik, Cintruenigoko Udala, bere ondarearen defentsan, aipatutako proiektuaren desjabetze espedientean ukitutako lurzatien titular gisa pertsonatu beharko dela.

Nafarroako Gobernuko Herrilurren Atalari auzia argitzeko eskatu zaio, eta, adierazi duenez, “Cierzo eta Argenzón mendietan Cintruenigori adjudikatutako zatiaren barruan, salbuespen gisa jabetza partikularreko eremuak aitortu behar dira, betiere partikularrek Udalaren kausa dakarren lurzati horren gaineko jabetza titulua dutela frogatzen badute, desafektazioaren ondoren eta bere garaian indarrean egondako legediak eskatutako lege izapide guztiak betez lortutakoa, edo izaera pribatiboa aitortzen duen titulu judiziala izatea ziurtatzen badute.

Ildo beretik, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 3. artikuluak honako hau dio:

1. Desjabetzeko espedientearen jarduketak, lehenik, desjabetzearen xede den gauzaren jabearekin edo eskubidearen titularrarekin ulertuko dira.

2. Aurkako frogarik ezean, Administrazio desjabetzaileak jabe edo titulartzat hartuko du titularitatearen presuntzioa eragiten duten erregistro publikoetan izaera honekin jasota dagoena, eta berau judizialki bakarrik suntsi daiteke, edo, bestela, zerga erregistroetan izaera horrekin ageri dena edo, azkenik, publikoki eta agerian horrelakoa dena.

Are gehiago, eta aurkeztutako alegazioei erantzunez, jabe izaera egiaztatzeari buruz Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak ezarri duenez (5700/2008 errekurtsoa), “(...)... Arlo horretan arau orokortzat jotzen da espedientea desjabetutako ondasunaren jabearekin ulertzea, hau da, aurkako frogarik ezean, titulartasun presuntzioa eragiten duten erregistro publikoetan hala agertzen denarekin, esaterako jabetzaren erregistroan, soilik epaitegien esku hartzez suntsi daitezkeenak (Hipoteka Legearen 38. artikulua). Bestela, erregistro fiskal edo administrazio erregistroetatik izaera hori jasotzen duten pertsonekin edo, azkenik, modu publiko eta nabarmenean jabe direnekin...), (... Idatziz jasota dagoen eskubidea existitzen dela ulertu behar da, kontraesanik ez badago; eskubide horren aurkakotasunik egonez gero, suntsitu egin daiteke, baina ez administrazioarekiko auzi errekurtso batean, baizik eta auzia argitzeko prozesu zibil batean...).

Hala, ondorioztatu behar da herri finka gisa erreklamatutako finken katastro titular gehienek finkak Jabetzaren Erregistroan jasota dituztenez, aplikagarria zaiela aipatutako Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 3.2 artikuluan ezarritakoa, eta desjabetze espedienteak aurrera jarraitu behar duela aipatutako titularrekin, betiere Cintruenigoko Udalaren eta Herrilurren Atalaren betebeharrean eraginik izan gabe, herri ondasunak babestu eta berreskuratzeko betebeharra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 110. artikuluarekin bat etorriz.

Bestalde, Corellako 7. poligonoko 590. lurzatian (CO-12) aurreikusitako eraginak berrikusi ondoren egiaztatu da ezarritako 3,59 metro linealeko eta 10,77 m²-ko zortasunak eta aldi baterako 38,09 m²-ko okupazioak eragin fisikoa izanen luketela alboko bidean, proiektuan CO-13 izenarekin identifikatutakoan; horregatik, aipatutako CO-12 lurzatia desjabetze espedientetik atera behar da.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 87/2019 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarrarekin eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea “Corellako (Nafarroa) goi horniduraren adarra zati batean berritzea” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta aurkeztutako alegazioak ebaztea ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan; ulertzen da onespenak berekin dakarrela onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioa.

2. Desjabetze espedientetik ateratzea Corellako 7. poligonoko 590. lurzatia (CO-12) eta proiektuan CO-13 deitutako bideari sorrarazitako kalteak areagotzea, 3,59 metroko hodiaren instalazioan eta 38,09 m²-ko aldi baterako okupazioan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Moncayoko Ur Mankomunitateko eta Corellako eta Cintruenigoko udaletxeetako iragarki oholetan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.

4. Ebazpen hau Moncayoko Ur Mankomunitateko eta Corellako eta Cintruenigoko udalei eta alegatzaileei jakinaraztea. Horrekin batera adierazten zaie administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

5. Halaber, ebazpen hau Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herrilurren Atalari helaraziko zaio.

Iruñean, 2019ko urriaren 15ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M. Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F1913287