214. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

3616/2019 EBAZPENA, urriaren 24koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, argitara ematen dituena Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetakoen zonifikazioa eta departamentu honen menpeko ikastetxe eta programetako plantillak, eta zehazten dituena lanpostuak ezabatzeko eta lanpostu ibiltariei atxikitzeko eskaeren prozedurak eta 2019-2020 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko irakasleei dagozkienak).

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 24an emandako 3615/2019 Ebazpenaren bidez, autonomia erkidegoko lekualdatze-lehiaketarako deia egin zen kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: maisu-maistrak, Bigarren Hezkuntzako katedradunak eta irakasleak, Lanbide Heziketako irakasle teknikoak, hizkuntza eskola ofizialetako katedradunak eta irakasleak, musikako eta arte eszenikoetako katedradunak eta irakasleak eta arte plastikoetako eta diseinuko katedradunak, irakasleak eta lantegiko maisu-maistrak.

Ebazpen horren laugarren oinarriak ezartzen du deialdian beteko diren lanpostu hutsak, hala behin-behinekoak nola behin betikoak, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez zehaztuko direla eta Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta web-orri honetan argitaratuko direla: www.educacion.navarra.es.

Azaldutakoarekin bat, bidezko da argitaratzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetakoen zonifikazioa eta departamentu honen menpeko ikastetxe eta programetako plantillak.

Bestalde, beharrezkoa da zehaztea lanpostuak formalki ezabatzeko eskaeren prozedura kasuan kasuko plantillan lanpostua aurreikusia ez duten maisu-maistren kidegoko irakasleentzat, baita lanpostu ibiltariei atxikitzeko eskaeren prozedura ere.

Halaber, bidezko da zehaztea 2019-2020 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko irakasleei dagozkienak).

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren irailaren 2ko 35/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen honen I. eranskin gisa argitaratzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetakoen zonifikazioa.

Zonifikazio hori urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 16. eta 17. artikuluetan aurreikusitako egoeretan dauden maisu-maistren kidegoko irakasleek lehentasunezko eskubidea erabil dezaten aplikatuko da, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen Estatuko lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk arautu ziren.

2. Ebazpen honen II. eranskin gisa argitaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako plantillak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetakoak eta beste ikastetxe eta programa batzuetakoak, eta zehaztea zein diren 2019-2020 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko irakasleei dagozkienak).

Lanpostu hutsen zutabean agertzen den minus ikurrak esan nahi du lehiaketaren ondoriozko lanpostuak amortizatu eginen direla, eta, hortaz, bete beharreko lanpostu kopurua ez dela handituko.

Ebazpen honetan aurreikusitako lanpostu hutsei lekualdatze-lehiaketaren deialdia ebaztearen ondorioz sortzen direnak gehituko zaizkie. Horiez gain, gutxienez 2019ko abenduaren 31ra arte erretiroengatik, heriotzengatik edo lanpostua gordetzeko eskubiderik gabeko eszedentziengatik sortzen diren lanpostu hutsak ere sartuko dira. Lanpostu horiek guztiek eskola plangintzan aurreikusiak egon beharko dute.

3. Deialdia ebatzi eta gero Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetan eman gabe geratzen diren lanpostu hutsak, baita deialdiaren ondoriozko lanpostuak ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioei eskainiko zaizkie, baldin eta eskola plangintzan aurreikusiak baldin badaude.

4. Ebazpen honen bidez onesten diren plantilletan ez da lanposturik ezabatuko. Horrela, onetsitako plantillatik gora gelditzen diren lanpostuak, “(+)” ikurra daukatenak, amortizatu eginen dira erretiroak, eszedentziak edo lanpostua galtzea dakarten ezabaketak direla-eta, hutsik gelditzen badira lehiaketaren, heriotzaren edo antzeko arrazoien ondorioz.

5. Behin betiko destinoa duten maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek, baldin eta beren lanpostua onetsitako plantilletan aurreikusia ez badago, beren lanpostua ezabatzeko eskatzen ahalko dute, prozedura honen arabera:

a) Kasuan kasuko plantillan aurreikusi ez diren edo murriztu diren lanpostuei atxikiak dauden maisu-maistrek lanpostua kentzeko eskaera egiten ahalko diote Giza Baliabideen Zerbitzuari, eta, horretarako, ebazpen honen III. eranskinean azaltzen den agiria beteko dute. Eskaera hori aurkezteko epea 5 egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Murriztutako lanpostuak baino gehiago badira murriztutako espezialitateko edo hizkuntzako lanpostuei atxikitako maisu-maistra eskatzaileak, hurrengo irizpideak bata bestearen ondoren aplikatzetik ateratzen diren maisu-maistrak izanen dira ukituak:

1.–Behin betiko langile gisa etengabeko antzinatasun handiena izatea ikastetxean edo eskualdean, lanpostu bereziei atxikitako maisu-maistren kasuan.

2.–Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa benetan emandako zerbitzualdia handiena izatea.

Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriaren arabera kidegoan sartutako langileen kasuan, maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatua dutena gehituko zaio, lehenengo zerbitzu-urtea kenduta.

3.–Kidegoan nor sartu zen lehenago (urtea).

4.–Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran, zerrendan zenbaki txikiagoa izatea edo puntuazio handiagoa.

c) Lanpostua ezabatzeak 5 egun balioduneko epearen azken egunean izango ditu ondorioak, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hortaz, interesdunek ikasturte honetako lekualdatze-lehiaketan erabiltzen ahalko dute lanpostuak betetzeko araudian aurreikusitako lehentasunezko eskubidea, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen zuzendari nagusiaren urriaren 24ko 3615/2019 Ebazpenean ezarritako baldintzekin bat. Ebazpen horren bidez autonomia erkidegoaren barruko lekualdatze-lehiaketetarako deia egiten da, kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: maisu-maistren kidegoa, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa, Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoa eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen, irakasleen eta lantegiko maisu-maistren kidegoa.

6. Maisu-maistren kidegoko irakasleek behin betiko destinoa ikastetxe bateko lanpostu arruntean baldin badute, plantillan ibiltari gisa ageri dena, lanpostu ibiltari berriari atxikitzea hautatzen ahalko dute, ikastetxean duten antzinatasuna ondorio guztietarako mantenduz, edo, bestela, lanpostua ezabatzea hautatu, aurreko atalean adierazitako baldintzetan.

Lanpostu ibiltariari atxikitzea erabakitzen badute, IV. eranskineko ereduaren araberako eskaera bete eta Giza Baliabideen Zerbitzura igorri beharko dute, 5 egun balioduneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Lanpostu berriko atxikipenak 2020ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Destinoa ikastetxe bati atxikitako lanpostu ibiltarian duten maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, lanpostu hori ikastetxeko lanpostu arrunt gisa ageri bada plantillan, ofizioz atxikiko zaizkio ikastetxeko lanpostu arrunt berriari, eta horrek 2020ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta eranskinak Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.educacion.navarra.es) argitara daitezen agintzea.

8. Ebazpen honen eta dagozkion ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute interesdunek, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak.

9. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko urriaren 24an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Javier Lacarra Albizu.

Iragarkiaren kodea: F1913071