212. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2066/2019 EBAZPENA, 2019ko urriaren 8koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “RTI2018-096294-B-C31” (MCIU/AEI/FEDER,UE).

2019ko urriaren 3an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deia egiteko eskatu zuen, proiektuko 2. motako lankide doktore gisa “RTI2018-096294-B-C31” (MCIU/AEI/FEDER,UE) ikerketa proiektua egiteko. Ikerketa proiektuaren ikertzaile nagusia Luis Gandía Pascual da, unibertsitateko katedraduna eta Zientzien Sailari atxikia.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak proposatuta.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaprobetarako deia egitea “RTI2018-096294-B-C31” (MCIU/AEI/FEDER,UE) ikerketa proiektua egiteko ikertzaileen lan kontratazioa egiteko.

Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzura helaraztea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko urriaren 8an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: “RTI2018-096294-B-C31” (MCIU/AEI/FEDER,UE).

–Maila profesionala: proiektuko 2. motako lankide doktorea, batez ere ikerketa lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: CO2a hartzeko eta eraldatzeko esperimentuen analisi zinetikoa, prozesuaren simulazioa fluidoen dinamika konputazionalaren bidez eta COMSOL Multiphysics tresna erabiliz, eta gas-solido erreaktore katalitikoen presiopeko eragiketa.

–Kontratu mota: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartu zuen erabaki baten bidez onetsitakoan, ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa.

–Iraupena: 2 urte, kontratua sinatzen denetik.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 15. artikulua garatzen duen 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, iraupen hori orientagarria da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funts falta kontratua iraungitzeko zioa izango da.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egongo da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantziazioa: Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioa eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (FEDER).

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webean argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta egon ez eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izango dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izango dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Doktorearen titulazio akademiko ofiziala izatea Ingeniaritza Kimikoaren arloan, gutxienez duela 4 urtekoa.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan, ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora bidali baino lehen.

Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik egingo.

4.4. Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautapen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

7.–Hautapen batzordea.

Batzordeburua: Carmen Ancín Azpilicueta dk., Unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Luis Gandía Pascual dk., Unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: Fernando Bimbela Serrano dk., kontratupeko irakasle doktorea, Zientzien Sailari atxikia.

–Hautapen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: Alberto Navajas León dk., kontratupeko irakasle doktorea, Zientzien Sailari atxikia.

Idazkaria: Alfonso Cornejo Ibergallartu dk., kontratupeko irakasle doktorea, Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: Irene Esparza Catalán dk., kontratupeko irakasle doktorea, Zientzien Sailari atxikia.

Hautapen Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Interesdunek parte hartzen badute Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketarekin loturik egiten dituen prozesuetan, NUPek tratatu egingo ditu haien datuak. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz egingo da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola egingo den tratamendu hori, “Giza Baliabideak” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautapen prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izango dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautapen prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1 e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautapen Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautapen Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA

Hautatzeko irizpideak

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINGO DIREN PROBAK

1. APARTATUA.–Ikasketa espedientea

Puntuak

10

Espedientearen batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan balioetsiko da doktoretza aurreko titulazioaren ikasketa espedientea, gehienez ere 10 punturekin. Titulazio bakoitzaren arabera, honako koefiziente honekin biderkatuz ponderatuko da emandako puntuazioa:

–Ingeniaritza Kimikoa, Ingeniaritza Kimikoko Masterra: 1.

–Kimikako Lizentziatura, Kimika Industrialeko Masterra, Fluidoen Mekanika Konputazionaleko Masterra: 0,5.

–Beste titulazio batzuk: 0,1.

2. APARTATUA.–Argitalpenak

Puntuak

30

Gehienez ere 10 punturekin balioetsiko dira argitalpen eta ekarpen zientifikoak izangaia egilea edo egileetako bat denean, betiere lotura zuzena badute egin beharreko jarduerekin edo proiektuaren gaiarekin. Lotura nolako den, honela balioetsiko dira argitalpenak: lotura zuzena bada, beheko puntuazioa bider 1 egingo da; lotura hain zuzena ez denean, bider 0,5; eta gainerako argitalpenen kasuan, bider 0,1.

–Zientzia-aldizkarietako artikuluak, hots, JCRn indexatutako eragin handiko nazioarteko aldizkariak, Ingeniaritza Kimikoaren eta/edo Energia eta Erregaien arloetakoak eta kidekoen arteko berrikuspena egiten zaienak: 2,5 puntu Q1 artikulu bakoitzeko; 1 puntu Q2 artikulu bakoitzeko; 0,5 puntu Q3 artikulu bakoitzeko, eta 0,2 puntu Q4 artikulu bakoitzeko.

–Liburu bateko kapituluak, gorago aipatutako arloetakoak diren eta entzute handia duten nazioarteko argitaletxeek argitaratuak: 0,25 puntu kapitulu bakoitzeko.

–Nazioarteko biltzarretako akta liburuetako argitalpenak, gorago aipatutako arloetakoak: 0,15 puntu argitalpen bakoitzeko.

–Bestelako argitalpenak: 0,1 puntu argitalpen bakoitzeko.

3. APARTATUA.–Esperientzia ikerketa proiektuetan, frogatzeko modukoa, erreaktore kimikoen ingeniaritzaren eta/edo prozesu termokimikoen arloan

Puntuak

50

Gehienez ere 50 punturekin balioetsiko da ikerketako lanak, azterketak, jarduerak eta proiektuak egiten izandako esperientzia, frogatzeko modukoa.

–5 puntu emango dira gorago aipatutako gaiekin lotura zuzena duten lanak, azterketak edo proiektuak egiten eman den urte bakoitzeko. Iraupen eta arduraldi txikiagoko aldiei puntuazio proportzionala emango zaie. Ikerketako lanen, azterketen, jardueren eta proiektuen lotura hain zuzena ez denean, puntuazioa bider 0,5 egingo da. Ikerketako lanek, azterketek, jarduerek eta proiektuek lotura txikia badute edo batere loturarik ez, puntuazioa bider 0,1 egingo da.

4. APARTATUA.–Esperientzia erreaktore kimikoen modelaketan eta simulazioan fluidoen mekanika konputazionaleko tresna informatikoen bidez

Puntuak

10

Gehienez ere 10 punturekin balioetsiko da frogatzeko moduko esperientzia, erreaktore kimiko heterogeneoen modelaketako eta simulazioko azterketak egiten izandakoa (CFD fluidoen mekanika konputazionaleko tresna informatikoen bidezkoa eta, bereziki, COMSOL MULTIPHYSICS softwarearen bidezkoa, hori erabiliko baita proiektuan). Atal honetan behar bezala justifikaturik merezimendu gehien aurkezten dituen izangaiari puntuazio handiena emango zaio, 10 puntu, eta gainerako izangaien puntuazioak balio horren arabera normalizatuko dira.

Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 40 puntu da.

Hautaproben azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 3. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 2. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F1913189