210. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SUNBILLA

Kontribuzio berezien aplikazioa Ramon Latasa karrikako obrak finantzatzeko. Behin betiko onespena

Sunbillako Udalak, 2019ko uztailaren 26an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen kontribuzio bereziak aplikatzeko espedientea honako obra hauetarako: “Hornidura, saneamendu eta euri uren sarea Ramon Latasa karrikan”.

Erabaki hori jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, Udal honetako iragarki-taulan eta 2019ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 7an, iragarkia argitaratuta, eta banan-banan jakinarazi zaie ukituei. Epe horretan alegazio bakarra aurkeztu da.

Sunbillako Udalak, 2019ko irailaren 20ko osoko bilkuran, gehiengo osoz, erabaki du alegazioak ebaztea eta behin betiko onestea kontribuzio berezi horien ezarpena eta arauketa. Jarraian ematen da erabakiaren testua, dagozkion ondorio juridikoak sor ditzan.

Era berean, subjektu pasiboei dagozkien behin-behineko banakako kuotak jakinaraziko zaizkie.

Kontribuzio bereziak. Sareak eta zoladura Ramon Latasa karrikan.

Sunbillako Udalak, 2019ko uztailaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen aho batez:

Lehena.–Hasiera batez onestea kontribuzio bereziak aplikatzeko espedientea hornidura sareak, saneamendua, euri uren sarea eta zoladura berritzeko Sunbillako Ramon Latasa karrikan.

Bigarrena.–Hasiera batean onestea kontribuzio bereziak ordenatzeko erabaki zehatza, honako eduki honekin:

a) Subjektu pasiboak.

Ramon Latasa karrikaren sareen eta zoladuraren berritzeak eragingo dien lursailetako jabe guztiak.

b) Zerga-oinarria.

Hornidura, saneamendu eta euri uren sareak berritzeaz ari garela, obren kostuaren %20, proiektuaren eta zuzendaritzaren eta perituen lanen ordainsariak barne, eta proiektua idatzi eta obrak zuzentzeko ordainsariei kenduta dirulaguntza eta exekuzio proiektuari dagokion BEZa. Bizilagunek, orotara, 4.635,13 euro ordainduko dituzte.

Zoladuraren berritzeaz ari garela, obren kostuaren %20, proiektuaren eta zuzendaritzaren eta perituen lanen ordainsariak barne, eta dirulaguntza kenduta. Bizilagunek, orotara, 2.634,15 euro ordainduko dituzte.

Udalak ordaindu behar duen zenbatekoa da gainerako 44.763,20 euroak.

Kopuru hori Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 112.3 artikuluari jarraituz finkatu da, aurreikuspen gisara, eta behar izanez gero aldatuko da, obrak bukatu eta benetako kostua ezagutu ondotik.

c) Banatzeko moduluak.

Sareak berritzea:

–Aurrekontuaren 1/3 (1.545,04 euro), lurzatiak karrikarekin muga egiten duen metro linealen proportzioan.

–Aurrekontuaren 1/3 (1.545,04 euro), lurzatiaren katastroko balioaren proportzioan.

–Aurrekontuaren 1/3 (1.545,04 euro), lurzatiaren azaleraren proportzioan.

Zoladura berritzea:

–Aurrekontuaren 1/3 (878,05 euro), lurzatiak karrikarekin muga egiten duen metro linealen proportzioan.

–Aurrekontuaren 1/3 (878,05 euro), lurzatiaren katastroko balioaren proportzioan.

–Aurrekontuaren 1/3 (878,05 euro), lurzatiaren azaleraren proportzioan.

d) Banakako kuotak.

Banakako kuotak, banaketa irizpideak aplikatzearen ondoriozkoak, espedientean jasotzen dira.

e) Ordaintzeko modua.

Eskudirutan, obrak bururatzen diren ekitaldi ekonomikoaren barnean, edota, gerorapenarekin, betiere kuota 520 eurotik goitikoa bada.

Zenbatekoaren gainerakoa gehienez ere 2 urteko epean ordaintzen ahal da, baina urtean 520 euro ordaindu behar dira gutxienez, korrituak aparte.

f) Aplikatu beharreko xedapenak.

Kobrantzarako, diru-bilketarako eta erabaki honetan espresuki aipatzen ez den guztirako, Kontribuzio berezien ordenantza, Ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Hirugarrena.–Zergadunen zerrenda onestea, baita banaketa moduluei zerga-oinarria aplikatzetik ateratzen diren bana-banako kuotak ere, zein bere finkari edo ukitutako jabeari dagokiola, betiere erabaki honetan onetsitako banaketa oinarrietatik ateratzen den moduan, espedientean jaso baitira.

Orobat, obrek ukitutako jabeek zergadunen elkarte administratiboak eratzen ahalko dituzte.

Laugarrena.–Onetsitako kontribuzioaren ondoriozko banakako kuotak eta erabaki hau banan-banan jakinaraztea onuradunei.

Bosgarrena.-Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hori guztia aditzera ematen da, eta ohartarazten erabaki horren kontra honako hauek para daitezkeela:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, Sunbillako Udaleko Osoko Bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo bertzenaz,

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean arlo bereko epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluak agintzen duenaren arabera.

c) Eta, hautara, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Sunbillan, 2019ko irailaren 20an.–Alkatea, Amets Inda Gorriarán.

Iragarkiaren kodea: L1913155