210. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABANILLAS

Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Cabanillasko Udalak, 2015eko irailaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza, 2015eko 219. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 4an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cabanillasen, 2019ko urriaren 1ean.–Alkatea, Gustavo Rodríguez Aguado.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa jasoz (haren bidez desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Titularrak.

Cabanillasen erroldatuta daudenen artean, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1. Desgaitasuna duten pertsona fisikoak, egoera hauetakoren batean badaude:

a) Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua dutenak.

Aipatutako eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C apartatuetan deskribatutako egoeraren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako apartatuetan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.

b) Begirik onenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso behar dute.

2. Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari laguntzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.

3. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta erabiliko da, bakar-bakarrik, baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. apartatuan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko baizik ez da erabiliko. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabili ahal izateko, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Balio epea.

Aparkatzeko txartelen balio epea honako hau izanen da: 5 urte. Titularra 18 urtetik beherakoa bada, balio epea 2 urtekoa izanen da gehienez.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarrean jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.

Gerta liteke txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusi behar izatea artikulu honetan aipatutako balio epea bete baino lehen. Horrelakoetan, desgaitasun maila berrikusteko egunera arte balio izanen du txartelak.

5. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak ematen ahalko zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik, horrek haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarrenean eta, orobat, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dutenean.

Osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira halako egoerak. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak balioztatu beharko du.

Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, mantentzen baldin badira hura emateko hasiera batean eskatzen ziren baldintzak.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Bi argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

–NANaren fotokopia.

–Udal erroldaren ziurtagiria.

–Iraungitako txartela, txartela berritu nahi denean.

–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean eta leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko begi-zorroztasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikusmen eremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek bete beharko dute.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak, beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari eskatzen ahalko dio eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela ziurtatzen duen txostena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak balioztatua.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. atalean aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1. Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte estatu osoan, baldin eta txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik edo lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatzen bada, eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta betiere agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunendako mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzeko eskubidea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2. Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta kasuetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-mahaian jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek hala eskatzen badio.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2. Eginbehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Gainera, legezko eta araubidezko xedapenetan ezarritako zigorrak jartzen ahalko dira.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deusezta nahiz aldi baterako ken daiteke interesdunei entzunaldia emateko espedientea tramitatu aurretik ere.

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den muga-egunera arte.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

I. ERANSKINA

Aparkatzeko txartelaren eskaera, desgaitasuna dutenentzat (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1912785